Bonbardaketak
Gernikako bonbardaketa oso presente egon izan da beti gure etxean, ama Mariangelesek bizi izan zuelako. Askotan kontatzen zigun zelan gertatu zen, zer egin zuten eta zelako angustia pasatu zuten.
Mariangeles Muruetako neska gazte bat zen, lehengusinaren etxean lanean, Gernikan. Bonbardaketa hasi zenean ez dakit non zegoen, baina esaten zigunaren arabera noraezean ibili ziren, eta azkenean Lumora joan eta bertako elizako kanpandorrera igo zuten, han seguruago egongo zirelakoan. Bertan zekizkiten errezo guztiak egin zituzten, euren azkena zelakoan.
Bonbak nola botatzen zituzten, eta ondoren hegazkinak baxu-baxu jendea metrailatzen. Amaitu zenean, familiaren bila: ezer gertatu ote zitzaien. Zorionez, denek onik irten zuten.
Denborarekin, Eibarrera ezkondu zen eta gure ama izan zuen. Gure amak ere bonbardaketaren ondorioak jasan zituen eskolan: Formación del espiritu nacional-en maistrak esan zien: Los rojos bonbardearon Gernika. Bera altxatu eta ezetz esan zion, ama bertan izan zuela eta alemanak izan zirela. Jakina, zuzeneko lekukotasunak ez zuen ezertarako balio izan, eta zigortu egin zuten.
Durangoko bonbardaketan ama Virginia etxe barik laga zuten. Kale Barrian bizi zen alargundu berri bere zortzi seme-alabekin txikienak lau hilabete zeuzkan. Ahalegindu naiz jakiten non zeuden bonbardaketa egunean; baina Durangon ez egon arren, euren etxea txikitu eta ospa egitera behartu zituzten. Ezin dut imajinatu zer izan litekeen horrela gelditzea: goian zerua, behean lurra. Horiek ziren emakumeak!
Atzo bete ziren 70 urte Eibar bonbardatu eta erre zutenetik. Eibar ere txikituta gelditu zen. Oraindik pagatzen ari gara ondorioak!
Nire etxean argi-patioa dago, baina ezker aldekook baino eza daukagu. Beti bitxia egin izan zait. Bertan bizitzen jarri eta denbora batera jakin nuen bonbardaketan bonba bat erori zela gure etxean, ezker aldean. Berreraiki zutenean, patioa egitea erabaki zuten (lagun/etsai batek dio bigarren bonba nirekin erori zaiela)
Jakin nuenean, zirrara berezi bat sentitu nuen. Zirkulua itxi zela iruditu zitzaidan, amamekin lotzen ninduela kointzidentzia horrek. Badakit tontakeria dela, baina eurek ez badaude ere, eta denbora pasatu bada ere, begitantzen zait orain 70 urte gertatu zena presente dagoela, ondorioak hemen daudela. Nire iraganak eta orainak bat egiten dutela patio xume batean.
Aupa, Luis
EZ da gustiz testuala naizela, kamara digitalik ez dakadala baiño! Gaiñera, erretratuak kargatzeko arazuak dakadaz. Ikastarua bihar!:-)
Patixua, nahiko zikiña eta zatarra da. Igual lotsia be erakustia!