Maiatzaren Lehena
Maiatzaren Lehena bakoitzak gauza batekin lotuko du. Informatiboetan langileon eguna dela esango digute, eurak beharginak izango ez balira bezala. Batzuendako jaunartze eguna, eta ia gehienondako jai egun atsegina.
Langileon eguna errebindikaziorako eguna izan beharko litzateke, baina atzoko manifestazioei begiratuta, ez dirudi horrela hartzen dugunik. Edo bestela langile gutxi dago, edo egoera onean, edo
Alde batetik zein da behargin? Aldatu dira mende hasierako kontzeptuak: proletalgoa, burgesia Klase kontzientzia desegin egin da. Beste alde batetik, mileuristak izan arren, hipotekarekin itota badaude ere, ondo hezita (bere adiera gogorrean) gaude; protestatu, zertarako?
Eta arazorik handiena, sindikatuetan daukagun konfiantza falta. Noren alde egiten du sindikatuak arazo baten aurrean? Behargin finkoaren alde. Prekarietatea sufritzen dutenekin ez da inor gogoratzen. Hitzarmen kolektiboa eztabaidatzerakoan behin-behineko kontratua daukatenak ez du inork aintzat hartzen. Berba handitan esango dute, baina errealitatean ez dugu balio, hutsaren hurrengoa gara; azkenean, sindikatua langileek egiten dute, askotan egoera hobean dauden beharginek.
Horregatik, eskatuko nieke aldarrikapen hutsetan ez lagatzeko euren jarduna, eta euren negoziazioetan tartetxo bat egiteko txartoen daudenei. Maiatzaren Batean kaleak beteta ikusi nahi badituzte, behintzat.