Kurtso amaiera
Kurtso amaierak beti berdinak dira; badirudi mundua amaituko dela, eta horregatik dena oso ondo lotuta eta itxita laga behar dela. Opor usaina edonon, ikasleak eta gu nekatuta. Oso sentsazio berezia. Zer edo zer amaitzen zaigula, hurrengo ikasturtea ez dela berdina izango. Ez dakit beste behar batzuetan antzeko ezer pasatuko den; gurean bai, behintzat. Batez ere, nire moduko jendearendako. Kontratua amaitu, eta sekula ez dakigu kurtso osoan izan ditugun ikasleak eta lankideak ostera ere kusiko ditugun, egin ditugun lagunak mantenduko ditugun, lan horretan jarraituko dugun....
Kurtso amaierak badauka bere puntu nostalgikoa. Esan beharra daukat, estresak, zorionez edo zoritxarrez, nostalgiari ez diola bide larregi ematen. Edo nostalgia automobilean zein trenean etxera noala agertzen zaidala, urte guztiko kontuak burura ekarriz. Ez naiz berriro ere kezkatuko ikasle horren ezintasunaz, berriro ez dut izango buruan beste hark eskatutako liburu zerrenda, ez dut atzera ere azterketen emaitzen gainean jardungo; ez behintzat kurtso honetan eta egoera honetan.
Laster pasatuko zaigu, nekatuegi gaudelako eta oporrak nostalgiarik barik bizi ditugulako. Baina kurtsoa amaitzen dudan bakoitzean, galera sentsazioa nagusitzen zait barruan, berriro gertatuko ez den zerbaiten aurrean nagoela, eta zalantza nagusitzen da. Etorkizunean zabaltzen den amildegia da, Udazkenaren ziurgabetasuna, neguaren duda.
Mª Dolores Pradera
Badakit nire gustu musikalak bereziak direna; ez naizena kanon askotan sartzen. Horregatik, beharbada, ez zait gustatzen gaur egunean ikaragarri zabaldu den joera hori: musika alde guztietan: jartzen duten musika ia inoiz ez delako nire gustukoa; edota ia inoiz ez dutelako kointziditzen momentu horretan gustura entzungo nukeena eta jarrita dagoena. Raritia naiz, zer egingo diogu, bada?
Gustu musikal bereziak bezain eklektikoak ditut: Erdi Aroko musika, zein punka; Kantautoreak zein musika barrokoa; etnikoa zein soula
Hauen artean Mª Dolores Pradera dago. Gaztetxotik dut gogoko, irratian-eta entzun nuenetik La flor de la canela. Geroago, gurasoen etxean kasette bikoitz bat agertu zen zuzeneko kontzertu batekoa. Ia gastatu arte jarri genuen, eta kantu guztiak ikasi nizkion.
Pasa den zapatuan Durangon jo zuen, eta nik ezin nuen aukera galdu. Animatu eta joan ginen poz-pozik; hori bai, plana zen Durangon zer edo zer afaltzea. Orduan etorri ziren galderak eta barreak. Pare bat lagunekin elkartu nintzen: batak esan nionean nora gindoazen, haluzinatu aurpegia jarri, zoroei moduan begiratuta, bere artean pentsatu zuen Leire oinguen zihero zoratu yaku; eta aurpegira barre egin zidan. Besteak ia zer kantatzen zuen galdetu, eta ia daukan adinarekin play-back-en ez ote zuen kantatuko. Lagun horiek ez ziren eibartarrak, jakina. Eibartar batek askoz naturalago onartzen du Mª Dolores Pradera, rantxerak-eta gure herrian indar handia daukatelako, eta inori ez zaiolako arraroa egiten horrelako baten kontzertura joatea.
Topaketa hauen ostean aurreiritziz beteta iritsi ginen Landako gunera. Pentsatzen genuen gazteenak izango ginela, eta bakarrak. Baina, ez. 35 urtetik gorako jende dezente zegoen, uste genuena baino askoz gehiago. Eta bera? Play-back-a? Bai, zera! Aurten 83 urte bete behar ditu, eta oso-oso ondo dago, kantu pila bat abestu zituen, ahotsa indartsu dauka, bera ere zalu dabil, sasoian, eta betiko moduan dotore.
Soineko urdin luze arin bat jantzita agertu zen, bere betiko muiñoa zuela. Beti bezala hainbat xal, pontxo, zapi handi, fular zeuzkan, kantuaren arabera janzteko. Nire koadrilakoa da! Manilako mantoi bat atera zuen, zoragarria! Kantuak betikoak izan ziren, bakarra ez nuen ezagutzen; hortaz, kantuan ibili ginen. Primeran! Musikariak ere asko gustatu zitzaizkidan kantu bakoitzean posizio bat hartu, eta berarekin koreografia txikitxo bat egiten zutelako. Babestu moduan egiten zuten batzuetan, besteetan urrundu. Ederto ematen zuen.
Oso gustura irten ginen. Ikuskizun ona, edozeinek disfrutatzeko modukoa. Penaz gelditu nintzen gero aurrez ikusitako lagunak ez nituelako ostean ikusi. Pare bat gauzatxo neuzkan esateko: batetik, aurreiritziz beteta daudela, eta kalitatezko gauzak estimatzen ere jakin behar dela.Eta bestetik, Hain gogorrak izan barik samurtasun pixka bat eduki behar dela, euren modernitate eta artasunari kalterik ez dielako egingo. Ez da hala?
Arazoendako konponbidea
Duela urte asko futbolera izan nintzen, baina erretzaile ohiei gertatzen zaien moduan, orain ezin dut jasan. Ez dakit zer gertatu zitzaidan, bina gustuko nuena, tortura bihurtu zitzaidan. Harrezkero, futbolari ez diot jaramon handirik egiten, baina; hala ere, ezinbestean jakitun nago zer gertatzen zaien Errealari eta Athletici; baita Eibarri ere. Ezinezkoa da horri ihes egitea, hortaz oso ondo informatuta nago.Eibarren kasuan lehengo eskuko informazioa daukat, bertako jokalari bat ikasle baitut.
Lehenengo mailako ekipo bietako jokalari eta zaletuak kaka dariola daude. Denboraldi desastrosoa egin, eta orain mirariaren zain. Jokalariei, tira, baina zaleak hain txarto egotea! Erridikulua da. Jokalariak mertzenarioak dira, diru truke jokatzen dute, eta beste batek egoera hobea eskainiz gero, alde. Edozein langilek egingo lukeen moduan, baina nominan zero gehiagorekin.
Batzuek futbola berezia dela diote, horrelako pasiorik beste kirolak sortzen ez dutela. Hori ere gezurra da. Estatu Batuetan, esateko, futbolak ez du holakorik eragiten, eta beste toki batzuetan ere gertatzen da. Beraz, hori mito bat da.
Zergatik ez daukate indar hori beste kirol batzuek? Nire ustez diruagatik da. Publizitate handia egiten da, komunikabideetan behi eta berrik kontatzen digute Josetxok min hartu duela ezkerreko orkatilan, Juantxok gripea duela...Liburuekin gauza bera gertatuko balitz askoz ere irakurle gehiago egongo lirateke. Seguru.
Eta asteburu honetaz, zer esan? Jendea haserretu egingo zait, baina uste dut komenigarria litzatekeela denak bigarren mailara jaitsiko balira. Bai. Onuragarria izango litzateke gizartearentzat. Orain dena futbolarekin estaltzen da. Jende askoren ardura bakarra da. Hori dela eta, jaitsiz gero horietako askok beste gauza batzuetan jarriko lukete interesa; eta , beharbada, arazo askoren konpontzeko eman behar diren lehengo urratsak emango lirateke. Beharbada, agian, apika, auskalo.
Inor ez dadila haserretu, jaitsiz gero, ez da ezer gertatzen. Er furbo e azí.
Orkideak
Etxea landarez beteta daukat, ikaragarri gustatzen zait edozein tokiri ematen dioten bizitasuna. Aspaldion, askotxo hil zaizkit eta benetako pena ematen didate. Baina nire etxeko erregina orkidea da. Orain urtebete erosi nuen, nahiko merke gainera. Orkideek badaukate zerbait berezia, delikatuak dira, oso ederrak, dotoreak.
Etxez aldatu nintzenean, neure buruari ondo-etorria emateko-edo, beste orkidea bat erosi nuen, baina hilabetera hil zitzaidan. Iazkoarekin kontu handiz ibili nintzen. Loreak ihartzen hasi zitzaizkionean, inausi eta ondo-ondo zaindu nuen. Izango da hilabete luzea konturatu nintzela inausitako adarretan pinportatxo batzuk irten zitzaizkiola. Urduri, egunero begiratzen zion ia zelan zeuden. Orain hamar bat egun loratu zitzaidan. Hona hemen erretratua:
Ez dakizue zelako poza hartu nuen! Edozein loratzen denean pozten naiz, baina orkidearena triunfotzat hartu dut. Hain da polita!
Batzuek euren umeei egingo dizkiete erretratuak, nik nireei:
Pinportatxuak:
Bat, dagoeneko, loratu da. Ez daukat baina, erretraturik. Lortzen dudanean jarriko dut.
Orain beste erronka bat daukat. Erdi hilda daukadan landarea berpiztea. Tokiz aldatu eta bide onean doala dirudi. Edertzen bada, testimonio grafiko eta guzti kontatuko dut.
L'examen de Français
Jai réussi lexamen de deuxième année de français à lécole de langues dEibar. Je suis très heureuse parce que le résultat ca été bon.
Je voudrais étudier plus en plus pour pouvoir parler et lire en français.
Si je finis un jour le français je reprendrais langlais. Et quand je finisse les deux, à lécole dEibar il y aura des cours ditaliano, et je létudierais.
Cest si beau rêver!
(Ez baduzue ulertu, frantseseko 2. maila gainditu dudala diot! Oso pozik nago, eta espero dut gero eta gehiago jakitea)
Sandaliak
Zapatak ikaragarri gustatzen zaizkit. Denak ditut gogoko. Zapatilak, botak, zapatak, abarketak, esklaboak, abarkak, botinak, txapinak, zuekoak, bailarinak, pisamierdak, txankletak, kanperak, saloi zapatak, txarlot itxurakoak, mokasinak, inglesak, sandaliak
Hau guztiau egia bada ere, ezin ditut horretako asko jantzi, oin bereziak ditudalako: behatz potoloa luzeegia;beste behatzak txikiak eta lotsatiak; oinbularra altuegia; oinazpiko arkua handiegia Gaztetxotan plantillak erabili nituen, eta oraindik ere, zapata batzuk ez zaizkit ganoraz egokitzen. Lastima!
Oinetakoak txikitu arte erabiltzen ditut, asko kostatzen zait nire oinera egitea, eta hori lortu dudanean, altxorrik preziatuenak dira.
Baina denen artean gehien maite ditudanak sandaliak dira. Askatasun sentsazio ikaragarria ematen didate. Asko kostatzen zait galtzetinak kentzea (hauek ere asko maite ditut-eta). Hori bai, behin liberatuz gero, hotzak akabatzen egongo naiz goiz eta gauez, baina eguerdi-arratsaldetan disfrutatzen jarraituko dut.
Modaren esklaboak garenez, badakit horterada hutsa dela sandaliak eta galtzetinak janztea, tamalez. Hala ere, nik inoiz probatu dut, eta egia esateko, oso-oso erosoa da. Gozada bat! Egin proba: fraile-sandaliak galtzetin politak, fresko egiten duen udako goiz batean, eta gero kontatu! Modan jartzeko modukoa izan liteke! Gauza txarragoak jantzi izan ditugu, gero!
Atzo jantzi nituen lehenengoz sandaliok, eta eguraldiak laguntzen badigu urrira arte ez ditut kenduko. Hori zoriona! Behatzak libre eta gustura ibiliko dira, ni fresko eta eroso, eta galtza-galtzetin-galtzerdi gutxiago garbitzeko. Gainera oin arraro hauek asko gustatzen zaizkit, ederrak dira, eta orain luzitzeko aukera dut. Ez dago sandalia baino gauza hoberik!
Pasiñua
Aste honek disgustuak baiño ez deskuz ekarri: emakume bi hilda, su-etena apurtuta, G-8kuak aldaketa klimatikuan kontra ezer be ez egitteko asmorik, de Juana kartzelara, atxiloketak Biarnuan, Bagdaden hainbat hildako, Libanon erasuak,
Aspertu naiz, higoindu naiz teleberrixetan eskintzen deskuen realidadiakin. Nahikua sufritzen dogu, blogian penak, gaitzespenak, hasarriak, amorruak botatzeko. Lora eder bat jarri nahi dot, esperantzia be badaguala aitzera emoteko, eta kalian gauza gehixago be gertzen dirala esateko. Eguerdikua kontatuko dot:
Automobillera nindoiala, ordubixak aldera, eguzkixak gogor jotzen zeban, eta batzueri pasiñuak be eragitten zetsen; bai horraittiok! Bidebarrixetako autobus geltokixan onduan pareja gazte bat zeguan. Nerabiak, baltzez jantzitta, punkarra samar, alkarreri emoten aspaldixan ikusi dodan laztanik luze, bero eta haundixena.
Nere artian pentsau dot euretako bat autobusian aillegau barri zeguala, aspaldixan elkar ikusi barik egongo zirala, eta hortik zetorrela pasiño desenfrenau hori (ez dot esan, baiña ixa karreteran zeguazen).
Pasatzen hasi, eta ez dau, ba, mutillak atzamarra etara! Jakiña, neskia askatu barik! Auto-stop egitten zeguazen! Dedo egitten! Kotxerik pasau ez, eta barriro be ekin detse beste musu luze bateri! Hain intensua izan da, hainbat automobil pasau, eta atzamarrik ez dabe etara!
Ni kotxia sartu eta jo ta fuego segitzen zeben. Hori sasoia, hori! Maniobrak egitten eta ni enbidixaz. Ze ondo zeguazen! Zelako pasiñua! Juan naiz eta hantxe laga dittut, eguzkipian, bat eginda, bero-bero
Eta ni biharrera, enbidixatan, pentsauaz astion gogorren sentidu dodana ernegua eta etsipena izan dirala, eta ez desiua eta lillura! Ai!
Matilde maitatzeko moduak
Eibartarren zerrendan:www.eibar.org mezu hari luuuziari jarraittu ezkero, hainbatek jakingo dau plana genkala ikuskizuna ikustera juateko. Egin genduan, eta hamentxe, berandu, baiña nire sensaziñuak, danak atsegiñak.
Elgetako planak biribil-biribil urten zeban: Konpañia bikaña, afari ona, espektakulo edarra, alkarrizketa interesgarrixa. Ze gehixago eskatu leikixo zapatu gaba bateri? (Bai, baten bateri etorriko jako burura amaiera hobia, baiña ligatziana daguan moduan egonda, hobe gai hori ahaztutzia) Halako gabak gutxi izaten dira; eta , bihar bada, horregaittik apreziatzen dittut hain beste.
Konpañia bikaña: Elenak konbokau, Iturrik, Maitek, Asierrek, Xabierrek, Ibanek eta nik baietza emonda, zer hoberik? Nik ez nekan dudia ondo pasau bihar nebala. Argi dakat beti esango dodala baietz, badaezpada be Afari bikaña: Maite ez zan afarira aillegau, baiña Julenek gurekin afaldu eban. Tira, musikarixak be bai, baiña mahai biribillian tar-tar-tar jardun et jardun ibili giñan blogarixok. Oso ondo afaltzen da Espaloian, eta ez da koipia emotiarren.
Espektakulo edarra: Txuma asko gustatzen jata, eta espektakuluan sartutako kantak lehenguan dira. Ipoña edarra, kantuak tartian txertatuta, oso ondo ezkonduta, bihar politta eginda. Asko gustau jatan.
Alkarrizketa interesgarrixa: Ohittuta gagoz alkarrekin berba egitten, birtualki bada be. Gaixak, nahibeste; hurrengo egunian hauteskundiak, gaiñera! Narrutzeko hainbat persona, garuntzeko hainbat gai. Tarbernarixak pentsau zeban ez genkala etxerik, juaten ez giñalako. Azkenian hiruretan egin genduan ospa!
Eibar.org-ko arauak errespetau egin ziran: musu saiua comme il faut izan zan, bihar dan moduan! Iturrik eta bixok saludatzeko antiojuak kendu genduazen, txoke egitten dabelako. Beste batek ez zeskun musurik emon eta berriro sartu eragin genduan tabernan gure musuak erreklamatzeko. Hamen ez da ezer barkatzen! Despedidako musuetan esan neike konturatu nintzala batek oso usai ona zekala, kolonia on-ona eta suabia erabiltzen dabela. Ez dot esango zein dan, hurrenguan zuek deskubritzeko.
Dana ondo, dana barre. Hurrengua noiz ete da? Zain nago
Kantu afariko koplak
Euskal Jaiko kantua afarixan Hanka motxak bertso eskolakuak kantau zittuen koplak dira hónek. Ez jakuen larregi aittu, horregaittik, baimena eskatu, letria ostu, eta hamen dakazuez guztiok.
1
Kaixo, zer moduz zaudete?
Gu gara Hanka motxak (ber)
Benenoz beteta datoz
Gure mingain zorrotzak
2
Koplak ekarri ditugu
Zuek alaitu nahian (ber)
Esateko asko dugu
Hauteskunde garaian
3
Euskaldunak isiltzeko
Lege denak aldatu(ber)
Ba, ausartzen ba zarete
Gu ilegalizatu
4
Arriolak lan egin du Danok gara testigu (ber)
Arnasten dugun haizea
Berak ekartzen digu
5
Hauteskundeak baino lehen
Amaitu du guztia (ber)
Ez dalako ona gauzak
Gerorako uztia
6
Coliseo zabaldu du
Ze glamour, ze nibela (ber)
Baina entzun dugu nahiko
Erraaz betetzen dela
7
Alfa desagertu eta
Corte Inglesa jaio. (ber)
Alkateari Katxuliren
Antz oixkat hartzen zaio
8
Etxe zaharrak bota eta
Gora jaso berriak
Eta erosteko dirurik
Ba ote du herriak?
9
Hamaika zahar egoitza
ta denak berrituta (ber)
Gaztetxe bakarra, berriz,
Eta okupatuta
10
Arazo horretarako
Irtenbidea, hara! (ber)
Pikoloak bota eta
Bertan biziko gara
11
Eskilara mekanikoz
Herria josi digu (ber)
Martxa honetan ibiltzen
Ahaztu behar zaigu
12
Umore pixkat jartzea
Lortuko ahal dugu hori? (ber)
Besarkada bat aurkeztu
ezin zaretenoi
13
Hementxe agurtzen gara
Gu gara Hanka motxak
Petalo baino arantza
Gehiagoko larrosak.
Ikusiko dozue, ironixia kiloka erabilli eben. Hori bai, mikrua erabiltzen be ikasi bihar dabe! Baiña gatxena egin dabe.
Kuadrilla galantak igo eban oholtzara. Tartian, neska bat koruan. Espero deigun aurrera egittia era hurrenguan be pipardun bertsuekin gozatzia.
Pandemia
Izurrite berria dago gure artean. Izurri beltza bezain kutsakorra, legena bezain baztertzailea. Ez dakigu nola kutsatzen den, baina hemen da, gure artean. Kontrol barik zabaltzen ari da, gainera. Housek ere ez luke jakingo zelan aurre egin.
Birusa izan daiteke, edo bakterioa. Inork ez daki. Radar berezi batzuekin detektatzen dute, urrunera. Madrilen baino ez daukate antzemateko modua. Madrilen oso bizkorrak baitira.
Gaixoek oso itxura ona daukate. Inork ez luke esango kutsatuta daudenik. Madrilen bai, jakina. Gaixo batzuen osasunak ere oso ona dirudi. Baina kutsatuta daude. Izan liteke erradiazio batek kutsatu izana, hori ez dakigu. Gauza bakarra jakin litekeena da kutsatuta daudela.
Hain izurrite larria izanda, kutsatuak ez dituzte bakartzen toki berezietan, kalean dabiltza denok arriskuan jarriz! Lehen, behintzat, leproseriak eta lazaretoak zeuden legenardunak hartzeko, baina orain libre dabiltza. Ez dakit inor salbatuko den!
Bitartean, euron senideak kezkatuta gaude. Hain gutxi dakigu kutsaduraz, gu ere kutsatuta gauden beldur gara. Egia esan, bizimodu normala egin liteke kutsatuta egonez gero. Hori bai, inor ezin da hauteskundeetan aurkeztu, kargu publiko izatea oso txarra baita. Kutsagarria zeharo.
Umetan harrapatzera ibiltzen ginen. Bazegoen jolas berezi bat:gelditzen zenak ukitzen gintuenean, gu gelditu eta eskua gorputz-atal horretan jarrita eraman behar genuen. Hau ere berdina da: ukitu eta kutsatu.
Nik ez nekien kutsadurak pertsona ilegalak sortzen zituenik. Pentsatzen nuen eskubide zibil barik gelditzeko, lehengo epaile batek pertsona horri kendu behar zizkiola epaiketa baten ostean. Orain, modernitatearekin, ukituz gero, edota izena zerrenda betean idatziz gero, ilegala! Idatziaren magia, boterea.
Sortzez Birjinaren misterioa baino, sortzez kutsatuaren mugimendua errebindikatu behar dugu. Zikina izatearen plazera, bekatudun hobe, garbi, aratz eta garden baino.
Kutsatu barik dauden beste batzuk, bada, nik ikusten ditut eskuak zikin dituztela. Korrupzioz eta saldukeriaz zikin. Zer ote da hobea? Nik argi daukat!