Kurtso amaiera
Kurtso amaierak beti berdinak dira; badirudi mundua amaituko dela, eta horregatik dena oso ondo lotuta eta itxita laga behar dela. Opor usaina edonon, ikasleak eta gu nekatuta. Oso sentsazio berezia. Zer edo zer amaitzen zaigula, hurrengo ikasturtea ez dela berdina izango. Ez dakit beste behar batzuetan antzeko ezer pasatuko den; gurean bai, behintzat. Batez ere, nire moduko jendearendako. Kontratua amaitu, eta sekula ez dakigu kurtso osoan izan ditugun ikasleak eta lankideak ostera ere kusiko ditugun, egin ditugun lagunak mantenduko ditugun, lan horretan jarraituko dugun....
Kurtso amaierak badauka bere puntu nostalgikoa. Esan beharra daukat, estresak, zorionez edo zoritxarrez, nostalgiari ez diola bide larregi ematen. Edo nostalgia automobilean zein trenean etxera noala agertzen zaidala, urte guztiko kontuak burura ekarriz. Ez naiz berriro ere kezkatuko ikasle horren ezintasunaz, berriro ez dut izango buruan beste hark eskatutako liburu zerrenda, ez dut atzera ere azterketen emaitzen gainean jardungo; ez behintzat kurtso honetan eta egoera honetan.
Laster pasatuko zaigu, nekatuegi gaudelako eta oporrak nostalgiarik barik bizi ditugulako. Baina kurtsoa amaitzen dudan bakoitzean, galera sentsazioa nagusitzen zait barruan, berriro gertatuko ez den zerbaiten aurrean nagoela, eta zalantza nagusitzen da. Etorkizunean zabaltzen den amildegia da, Udazkenaren ziurgabetasuna, neguaren duda.