Pandemia
Izurrite berria dago gure artean. Izurri beltza bezain kutsakorra, legena bezain baztertzailea. Ez dakigu nola kutsatzen den, baina hemen da, gure artean. Kontrol barik zabaltzen ari da, gainera. Housek ere ez luke jakingo zelan aurre egin.
Birusa izan daiteke, edo bakterioa. Inork ez daki. Radar berezi batzuekin detektatzen dute, urrunera. Madrilen baino ez daukate antzemateko modua. Madrilen oso bizkorrak baitira.
Gaixoek oso itxura ona daukate. Inork ez luke esango kutsatuta daudenik. Madrilen bai, jakina. Gaixo batzuen osasunak ere oso ona dirudi. Baina kutsatuta daude. Izan liteke erradiazio batek kutsatu izana, hori ez dakigu. Gauza bakarra jakin litekeena da kutsatuta daudela.
Hain izurrite larria izanda, kutsatuak ez dituzte bakartzen toki berezietan, kalean dabiltza denok arriskuan jarriz! Lehen, behintzat, leproseriak eta lazaretoak zeuden legenardunak hartzeko, baina orain libre dabiltza. Ez dakit inor salbatuko den!
Bitartean, euron senideak kezkatuta gaude. Hain gutxi dakigu kutsaduraz, gu ere kutsatuta gauden beldur gara. Egia esan, bizimodu normala egin liteke kutsatuta egonez gero. Hori bai, inor ezin da hauteskundeetan aurkeztu, kargu publiko izatea oso txarra baita. Kutsagarria zeharo.
Umetan harrapatzera ibiltzen ginen. Bazegoen jolas berezi bat:gelditzen zenak ukitzen gintuenean, gu gelditu eta eskua gorputz-atal horretan jarrita eraman behar genuen. Hau ere berdina da: ukitu eta kutsatu.
Nik ez nekien kutsadurak pertsona ilegalak sortzen zituenik. Pentsatzen nuen eskubide zibil barik gelditzeko, lehengo epaile batek pertsona horri kendu behar zizkiola epaiketa baten ostean. Orain, modernitatearekin, ukituz gero, edota izena zerrenda betean idatziz gero, ilegala! Idatziaren magia, boterea.
Sortzez Birjinaren misterioa baino, sortzez kutsatuaren mugimendua errebindikatu behar dugu. Zikina izatearen plazera, bekatudun hobe, garbi, aratz eta garden baino.
Kutsatu barik dauden beste batzuk, bada, nik ikusten ditut eskuak zikin dituztela. Korrupzioz eta saldukeriaz zikin. Zer ote da hobea? Nik argi daukat!
Ez dakit sinpleegia den ala ez nire iritzia, baina gauza bat galdetuko dizuet: Azken urteotan zer abantaila ekarri digu Ezker abertzalekoak garenoi ETAk?? Hori da gakoa, nik ikusi dudana hauxe da: Euskal Herritarrok, ezker abertzaleko talde inportanteena zatitu, eta horren ondorioz ezker abertzalearen indarra gutxitu, eta gure artean iskanbilak sortu. Ez duzue uste ETA-ren garaia pasatu dela??