Liburutegi Nazionala ez da sortuko
Duela egun batzuk, Eusko Jaurlaritzan liburuzain eta dokumentalista batzuentzat egindako liburuklik-en aurkezpenean Antonio Riverak, Eusko Jaurlaritzako Kultura saileko sailburuordeak, honako hau esan zigun: “liburutegi nazionala ez da sortuko.” Proiektuaren aurkezpena Frantziska Pulgar eta Antonio Riverak egin zuten. Aurkezpena egin ondoren, galderen txandari ekin genion. Galdera ugari sortu ziren, oso interesgarriak, hala nola, zeintzuk izango diren proiektu horren arduradunak, zer egingo den agiriak ez bikoizteko, edo hirukoizteko, jatorrizko irudiak non gordeko diren, agirien kontserbazioa bermatuta dagoen, irudi digitalizatuen jabetza norena den.
Eta nola ez, nik neuk aprobetxatu nuen aukera galdetzeko ea egitasmo interesgarri hau (liburuklik), eta etorkizunean sortu daitezkeen antzerako egitasmoak kudeatzeko zergatik ez duten sortzen erakunde orokor bat, hots LIBURUTEGI NAZIONALA. Ezbairik gabe erakunde horri baitagokio antzerako egitasmoak aurrera eramateko.
Erantzuna zuzena izan zen. Sozialistek jaurlaritza ailegatzean mahaia gainean zeukaten Liburutegi Nazionala sortzeko txostena gelditu egin zuten. Eta ez daukatela asmorik erakunde hori sortzeko. Egun, erakunde hori sortzea ez baitu zentsurik. Beste arrazoi batzuen artean, Eusko Jaurlaritzako Kulturako saileko sailburuordeak horrelako batzuk komentatu zizkigun: Euskadin administrazio orokorrak, hau da Eusko Jaurlaritzak ez dauzkala antzinako funts bibliografikoak, egun eraikin bat horretarako egitea ez duela merezi, egun paperezko ondarea jasotzea jokoz kanpo dagoela…
Ez dakit nondik atera zuen Liburutegi Nazionalaren irudi tradizional hori. Joana Albret taldeak, eta nik neuk pentsatzen dugun Liburutegi Nazionala horrek ez dauka inondik inora helburutzat produktu tradizional horiek soilik aurrera eramatea. Areago, guk pentsatzen dugun Liburutegi Nazionala, XXI. mendearekin bat datorren erakundearen eginbeharrak gai aurrera eramango dituena da, eta ez eraikin tradizionala. Hain zuzen ere, orain aurkeztutako egitasmo xarmantasun hori, liburuklik, aurrera eramango zukeen erakunde izan zitekeena.
Gauzak horrela, liburuklik proiektuaren aurrean ere etorkizunari begira hamaika zalantza dauzkagu:
- Orain bai, dirua dago aurrera eramateko, egitasmo hau sozialisten harribitxia delako, baina urteak pasa ahala, etekin politikoa atera ondoren, zeinek jarraituko du proiektu honekin?
o Horretarako aurrekontu tinko eduki behar zuen, eta horretarako onena zen, erakunde baten azpian uztea. Liburutegi Nazionalaren azpian uztea, baina horretarako sortuta izan beharko zukeen.
o Liburuklik egitasmoak Aurreko proiektu erraldoi batzuen bidea eramango duelakoan nago, ONDARENETekoa kasu, EAJko kapritxoa izan zena, egun ilunpean dagoena.
Inondik inora, Liburutegi Nazionala sortu arte, jai daukagu. Urteak igaro ahala orain aurkeztutako egitasmoa hutsaren hurrengoan geratuko delakogan gara.
Berriro diot, zer edo zer funtsezkoa egiteko, ezinbestekoa da estruktura tinkoa sortzea. Ezinbestekoa da Euskal Herrirako erakunde sendo bat sortzea dokumentazio eremua koordinatua eramateko. Hori sortu arte, etorriko diren politikoen mende izango garelakoan nago. Bakoitzak lau urtetako etekina aterako dute, eta gero gerokoa.
Gerardo Luzuriaga
Sozialistek asmatuta zegoena berriro asmatzen dute
Jakin aldizkariaren 160 zenbakian, 44 orrialdean, duela lau urte (2007an), EUSKAL LIBURUTEGI DIGITALAREN aipamena jaso nuen, www.euskadinet/LiburutegiDigitala duela lau urte horrela deskribatu nuen: “Antso Jakituna Fundazioak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, 3.000 izenburu inguru bildu ditu liburutegi digitalean. Kultura sailak aurreneko urratsak eman ditu Euskal Liburutegi Digitala sortzeko bidean. Alde horretatik, hitzarmen bat sinatu du Gasteizko Antso Jakituna Fundazioarekin, zeinak ia 3.000 monografiaz osaturiko funts digitalizatuta dauden liburuen artean 1.800 euskaraz idatzitako eskuizkribuak direla. XV. menditik 1934ra arteko dokumentuak aurki daitezke liburutegi digitalean. Bilaketa-metodo erraza bezain osoa dauka. Lan bakoitzaren fitxak haren ezaugarriak –deskribapen fisikoa, hizkuntza, oharrak… - jasotzen ditu, eta, gainera, bilaketak honako eremuetan egin daitezke: izenburua, egilea, edizioaren urtea… “
SUSTATUN 2004an, duela 7 urte honako hau argitaratu zuten: “Antso Jakituna Fundazioak euskal ondarearen liburutegi digitala sortu du. Antso Jakituna Fundazioak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, 3.000 izenburu inguru bildu ditu liburutegi digitalean; 800.000 irudi ere ikus daitezke sarean. Euskal ondare bibliografikoa helaraztea du helburu ekimenak”
Egun, 2011n, duela urte dexente Euskal Liburutegi Digitalari buruzkoa esan zutena jarraitzen dute errepikatzen:
- Euskal Liburutegi Digitala (www.liburuklik.euskadi.net) hiru mila titulu inguru eta 350.000 irudi baino gehiagorekin sortu da.
Luistxok 2004 urtean idatzi zuen moduan, egun ere, liburutegi digital bati Euskal Liburutegi Digitala jarraitzen dio deitzen gobernuak. Agian Nafarroako Liburutegi Digitala (Binadi) ez da euskal liburutegi digitala, edo Koldo Mitxelena, edo Bizkaiko Foru Aldundikoa?
Benetan beste aukera bat galdu dugu proiektu bateratua eta koordinatua izateko. Ezbairik gabe liburutegi digital hau beste liburutegi digitala baita, eta ez Euskal Liburutegi Digitala. Proiektu honek ezaugarri tekniko berri batzuk, Loiolako funts bibliografikoak eta izen aproposaz gain ez dauka ezer berririk. Aukera paregabekorik galdu dugu, Liburutegi Nazionala sortu arte jai daukagulakoan nago.
Gerardo Luzuriaga
Ez nator bat Celaárekin
Duela hilabete batzuk Jaurlaritza egiten ari zen euskarazko Dekretuari buruz idatzi nuen blog batzuetan. Mezu horretan azpimarratu nuen honako ideia hau: hemendik aurrera ikasle gutxik ikasiko zutela A eta B ereduetan, D ereduaren mesedetan.
Ezuste handia hartu dut Dekretuaren zirriborroan hori ere aldatu dutela ikustean: orain B ereduan ikasiko dutenek euskarazko titulua ere lortuko dute. Akabo Dekretuak zeukan alderdi on bakarra. Kasu honetan batzuentzat garrantzitsuena ez ta titulua lortzea, baizik eta hizkuntza erabiltzea, eta tamalez Euskal Herrian tituludun izateak ez du bermatzen erabilera.
Denbora eduki duenentzat eta mezua zentzu osoa eduki dezan, aipatutako mezua ere errepikatuko dut.
Ez da ezer berri esatea hizkuntzari dagokionez herri berezi batean bizi garela. Logikoa da pentsatzea D ereduan batxilergoa egin dutenek EGAren baliokidea den titulua egiaztatzeko beharrik ez izatea. Areago, logikoa da pentsatzea unibertsitateko titulua euskaraz atera dutenek ere azterketarik ez edukitzea, eta EGAdunak izatea.
Proiektu horri alderdi onak ikusten dizkiot. Hemendik aurrera gutxik ikasiko baitute A eta B ereduetan, D ereduaren mesedetan.
Beste aldetik, alderdi txarrak pilatzen zaizkit. Oraingo egoerari erreparatuz gero, ez dut uste administrazioak aipatutako euskarazko dekretua abian jartzea irtenbidea izango denik. Alde batetik baieztatuta baitago D ereduan ikasten dituzten ikasle askok ez daukatela mailarik euskara lantzeko. Euskal Herria, tamalez, hizkuntzari dagokionez ez da herri arrunta. Badakigu ikastetxeetako eta unibertsitateetako ikasle gehienek euskarazko maila ona dutela, eta gaitasuna daukatela hizkuntza horretan edozein gai lantzeko, baina, beste aldetik badakigu hainbat ikaslek aurrekoek beste urte ikasten igaro arren, gaitasuna ez dutela bereganatzen eta batez ere euskara erraz ahazten dutela.
<p>Honen gainean Administrazioan eskarmentua daukagu 3. HE eta 4. HE atera dituzten langileekin. Gehienek ez dute oztopo handirik eduki goi-maila horiek lortzeko; baina erabileraren kopuruari erreparatuz gero hutsaren hurrengoa izan dela esan dezakegu. Maila horiek lortzea baitzen, hain zuzen ere, Administrazioan lanpostu finkoa ateratzeko ezinbesteko baldintza, eta hortaz, ikasteko helburua maila horiek lortzea izan da eta ez euskara jakitea eta erabiltzea
Ez nator bat Celaak eta Urgellek diotenarekin: “ikasketak euskaraz egin dituztenei hizkuntzaren ezagutza egiaztatzeko titulazioa eskatzea ez da premiazkoa, eta gainera diskriminatzailea da. Ikasle horiei ez zaie antzeko probarik eskatzen gazteleraren ezagutza frogatzeko”.
Agian ailegatuko da eguna, non Euskal Herrian gaztelaniazko ezagutza frogak egingo diren, baina horretarako ohiko azterketa guztiak euskaraz izan beharko lirateke, eta egun ez gaude egoera horretan. Garai horri heldu arte, azterketa guztiak euskaraz egingo duten garaia, alegia, hona hemen nire proposamena: Hizkuntz Eskakizunei, EGAri, eta gaiontzeko tituluei garrantzia ez ematea, eta gutxienez 3. Hizkuntz Eskakizuna eta 4. Hizkuntz Eskakizuna duten lanpostuak lortzeko azterketak euskaraz egitea. Gainontzeko irtenbideak orain bezala jarraitzeko aitzakiak direlakoan nago.
Dena den arestian esan dudan moduan aurrerapausoren bat ikusten dut dekretu honetan, A eta B ereduak desagertuko baitira, lana aurkitzeko mesedetan soilik bada ere.
Gerardo Luzuriaga
Gerardo Luzuriagarekin berbetan
Joana Albret Mintegiaren helburu nagusia liburutegietan euskararen erabilera bultzatzea izan da.
Euskadiko Liburutegiari buruz... ez sortzeak ez nau kezkatzen, ea zein motatako liburutegia sortuko duten, berriz, bai.
Espainiako eeta Frantziako ereduetatik at funtzionatzeko ezinbestekotzat jotzen dut politikaren bitartez lortzea.
Dokumentazio ikasketak euskal unibertsitateetan sartzeko bidea ikertzen gaude...
http://www.unibertsitatea.net/blogak/inguma
Selektibitatearen azterketen akatsei buruz
Duela egun batzuk jakin genuen Kimika azterketan akats larria zegoela, gaur ezagutu dugu Industria teknologiako proban ere akatsak agertu direla. Akatsak denok egiten ditugu, eta jarraituko ditugu egiten. Kasu honetan, nire ustez, akatsen zergatia da lotsagarriena, gaztelaniatik euskarara itzuli izanagatik izan baitira aipatutako akatsak. Eta hori egun, erabat gaindituta izan beharko litzateke. Itzulpena beharrezkoa izatekotan euskaratik gaztelaniara izan beharko litzateke.
Bitxia izan da, niretzat behintzat, ikustea soilik 10etik 6k selektibitatearen azterketa euskaraz egin duela, dena den gehingoa da. Baina, inondik ere, ez nuen pentsatzen oraindik ikasleen %40k gaztelania hutsean egiten duela. 30 urte iragan ondoren eta oraindik horrela. Noizko aldaketa?
Eta bigarrena, larriena: afera honek agerian utzi du gaztelaniazko itzulpenen mende jarraitzen dugula. Noiz arte?
EHUk dena aitortu du, ondo, konponbide egokiak jartzen ere saiatu da, ondo; baina arazoa sustraian dago, garaia da honen gaineko kontuetan euskarari lehentasuna emateko. Ezbairik gabe, administrazioak berriro kale egin du!
Kasu honetan ere ikasle euskaldunak izan dira berriro kaltetuak. Nola neurtu alferrik galdutako denbora, buruan bueltaka ibili ziren ideiak eta urduria? Gaztelaniaz egindakoei saritu diete, gaizki erantzun zuten erdaldunei ez baizieten aintzat hartu.
Gerardo Luzuriaga
Euskadiko Liburutegia noizko?
Baten batek daki zeredozer Euskadiko Liburutegiaren Legeari buruz edo Euskadiko Liburutegiaren egoitzari buruz? PSEK Jaurlaritzan darama bi urte hauetan bi afer horien gainean oso gutzi entzun da. Ezbairik gabe Kultura Sailen arduradunek agendan edukiko dituzten bi gai izango dira; alde batetik, 11/2007 Legeak baitio Euskadiko Liburutegia sortzeko epea 2010ko maiatzean betetzen zuela, hortaz data hori baino lehenago erakunde horrek abian izan behar zuen; eta bigarrenik, ezinbestekoa baita Euskal Herriaren sistema bibliotekarioa antolatzeko.
Hortaz, nire kezka ez da sortuko den ala ez. Badakigu egun batean behartuta daudela sortzera. Baizik eta, egun batean esnatzerakoan prentsan entzutea Euskadiko Liburutegia sortuta badago!. Horrela egun batetik bestera, ezustean, bapatean. Jakina ez zen izango Euskadiko Liburutegia, baizik eta Euskadiko Liburutegi Digitala. Baina, zeinek bereiztuko du? Mundu horretan iblitzen garenok, bai. Baina, gaientzekoak? zaila. Eta azken finean orain bezala edo orain baino okerrago ibiliko ginatekeen. Hainbeste urte horren erakundearen zain eta baliteke erbia katu bihurtzea. ERNE!
Hurrengo bi urte hauetan hamaika kontu ikusiko dugulakoan nago. Presaz eta azkar saiatuko direlako legeak eta egitasmoak ateratzen. Lan azkarra, lan alferra.
Gerardo Luzuriaga
Jose Antonio Arana Martixa
Ezagutu nuen Jose Antonio euskara ez nekienean, garai hartan ere harremanak gozoak eta erosoak izan ziren. Zer esanik ez, gerokoak aukera eduki dugunean euskaraz egiteko. Euskaltzain osoa eta Azkue Bibliotekaren batzordeko buru izan arren, erraza zen niretzat, euskaldunberrirentzat erosotasuna lortzea. Izan ere, beti tratatu ninduen benetako konfiantzarekin. Lagun bat izan da.
Jakintsua zen Jose Antonio, arlo ugari landu ditu, (hamaika liburu idatzi ditu) bereziki liburu arloan, asko eta asko utzi badigu ere idatzita, askoz gehiago eraman du bere buruan. Polita izan da entzutea hamaika pasadizo. Euskal liburuen historia, eta euskal idazleen historia zehatz mehatz ezagutzen zuen gizona joan zaigu.
Gerardo Luzuriaga
Nafarroako Liburutegia
Lehenik eta behin zorionak nafarroi, liburuzainoi, politikoei eta administrazioari. Behingoz pozarren nago. Nafarroako Liburutegi Nagusia eta Filmoteka abian jarri delako, eta 19.000 metro koadro erabili dutelako egitasmo kultural baterako.
Iritziak iritzi, akatsak akats, oinarrizkoa bermatuta dago. Badakit irakurri dudalako akats larriekin hasiko dela funtzionatzen. Ez da seinale ona horrela hastea, gaizki hasten dena… Honez gero egunkari batzuek proiektu honen gabeziak azaldu dituzte (izena, lekutan, pertsonal eskasa, kanpoko langileak edo ETTko langileak…). Eta egia esateko garrantzi handiko gabeziak dira. Garrantzitsuenetariko bat pertsonalena da, profesional gutxiekin jarri dute martxan. Inori ez zaio bururatzen teknologia aldetik, makinen aldetik azken muturreko ospitala sortzea profesionalen kopuru urriaz. Zergatik bai egitasmo kulturala? Ea denbora iragan ahala konbentzitzeko gai garen!
Tristura bakarra da San Francisco Libururutegiari agur esatea. Ziur nago nafar asko triste samar izango direla.
Dena den, aurreko guztia egia izan arren, oraindik poza tristura ez da bihurtu. Izan gaitezen baikorrak, eta joan gaitezen giza baliabide gehiago eskatzen, eta behar duen guztia atotzen. Ia 26 milioi euroko gastuak izan dira. 1.245.000 dokumentu har ditzake bere baitan eraikin berriak.
Euskadin antzerako proiektu egin ezean badaukagu euskal funts-bibliografikoak non gorde. Ea eraikuntza berri honek balio duen kulturari dagokionez euskal herriko proiektuak elkarren artean sortzeko eta ekiteko.
Gerardo Luzuriaga
Tabakalera, Tabakaos, Euskal Liburutegia
DonostiakoTabakalerako KuGa (Kultura Garaikide Zentroa) izena proposatu nuen Ford enpresa Kuga izeneko modeloari jarri baino lehen. Urte dezente iragan dute!
Arrakasta handia ez nuen eduki, nahiz eta leku batzuetan erreparatu bazioten ere izen horri: Harrikadak blogean, Sustatun; baina hemen ere, Estatuko hiri askotan dagoen izen arrunta (Tabacalera) jarri zioten erakunde berri horri. Non eta Donostian! Lastima alua!
Hauek izan ziren KuGa izenaren aldeko argudio batzuk: Eraikuntza hori (KuGa) kultura bisualean espezializaturiko gunea izango denez, Kultura Garaikidearen esparruan murgilduta denez, (zinema, telebista, arte, diseinua, musika) , Arte Eraikuntza Iraultzaile eta Modernoaren egoitza izanez. Zer hobeto “KuGa” izena baino.
Orain blogetan (Harrikadak, Mikel Iturria) eta egunkarietan (Berria, Anjel Lertxundi) TABAKAOS izena ikusi dudanean barre egiteko gogorik etorri zait.
Mezuari kutsu baikorra ematearren, berriro proposatzen dut TABAKALERA EUSKAL LIBURUTEGI NAZIONALArako uztea. Soilik Euskal Liburutegirako, edo behintzat erakunde horrek izan behar du eraikuntzaren kudeatzailea, eta menturaz espazio libre geratzen bada, beste proiektuek horren menpekoak izan beharko lukete.
Noiz, eta non bestela, pentsatzen dugu sortzea nazioartean izan daitekeen ikur kulturala? eta Euskal Herrirako hain premiazkoa dena?
Gerardo Luzuriaga
Eusko Legebiltzarreko erakusketa
Eusko Legebiltzarreko Lehendakariak "Euskara, jalgi hadi plazara" erakusketa bisitatzera gonbidatu gaitu.
Jakingo duzuenez, euskaraz inprimatutako lehen lan idatzia Beñat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545) eta beste euskal liburu interesgarri batzuk ikusgai daude.
Eusko Legebiltzarrak Liburu arloan ari garenentzat bisita berezia antolatu du MARTXOAREN 3an, 11etan, ostegunean, Eusko Legebiltzarreko egoitzan. Xabier Kintanak bisita gidatuko du.
Bisita etortzekotan abisatu beharko zenukete 945-004161 telefonoan edo prensa.protocolo@parlam.euskadi.net helbide honetan.
Gerardo Luzuriaga