España va bien, Euskadi también!!!
Osteguneko Berrian agertu zen iragarki honek harritu ninduen: "Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzak hurrengo lanpostuak betetzeko langileak behar ditu (…) bekaduna". Periodikoaren hamaikagarren orrialdean zetorren. Noiztik bekaduna da langilea? Noiztik betetzen du lanpostu bat? (bai, praktikan horrela izaten da askotan, baina deialdia egiterakoan aitortzea ere!) Bi zutabetan dago iragarkia eta lehenengoan kazetari lanpostua da eskaintzen dena, gainera.
Egokiagoa iruditzen zait Berria bekak 2007 deialdia agertzeko modua. 9 beka daude jokuan eta aukeratutakoek dirulaguntzak jasoko dituzte (6.000 euro kazetaritza-arloan eta 8.000 euro zuzenketa-itzulpengintzan).
Laster lanpostua izateko pagatu egin beharko dela idatzi behar nuen, baina hori jada gertatzen ari dela esango nuke.
Pasa den maiatzean Donostiako Udalak antolatu zuen enplegu feriaren bosgarren edizioa. 3000 enplegu eskaini omen ziren (Irutxuloko Hitzan, berriz, 2.200 lanpostu eskaintzen zituztela dio: "horietatik, aldi baterako 1.500 lanpostu Port Aventurak eta lanaldi luzeagoko 85 lanpostu Ibermaticak"). Lehen loturan klikatuz gero, irakurriko duzue kazetariak diola aurreko urteetan lanpostuen % 30a betetzen zela (erreparatu datuari).
Gertuko pertsona bat joan zen elkarrizketa bat egitera. Banku edo aseguru zerbitzuak (ez naiz ondo gogoratzen) eskaintzen dituen enpresa batek egin zion lan-eskaintza: 300 euro hileko eta kontratu merkantila. Hortik aurrera, salmenten arabera. 300 euroak aipatu zizkiotenean deskonektatu egin zuen, noski.
Okerrena udal agintarien tonu triunfalista izan zen (hauteskundeak pasata zeuden jada, maiatzaren 27an, eta agerpena ekainaren hasieran egin zuen Ramosek): topaketetara 2500 lagun hurbildu omen ziren eta horietatik 750ek egin ei zuten elkarrizketaren bat. Elkarrizketatutakoen 2/3ek lan eskaintza bat jasoko zutela adierazi zuen zinegotziak.
Ez zuen azaldu, baina, nolakoak ziren jasotako eskaintzak. Denak nire ezagunak izandakoaren antzekoak?
"España va bien, Euskadi también". Crisis? What crisis?
Ali Zebboudj-en heriotza
Julen Iturbek baikortasunari buruz idatzitako testua eta Javier Vizcaínoren kontrapunto pesimista (berak pesimismoa eta ezkortasuna bereizten ditu) nituen gogoan gaur goizean, 2006ko maiatzean ezagutu nuen gizon on bat hil egin dutela jakin dudanean.
Mundua hobetzen zuen horietako pertsona bat zen Ali Zebboudj, Alimentation Générale dokumentalaren protagonista. Chantal Briet zinema zuzendariak kamera paratu zuen Alik Epinay sur Seine herrian zuen ultramarino dendan eta ibilbide polita egin duen filma da emaitza.
Chantalek Donostian eman zuen prentsaurrekoaren berri topatu dut komunikabidetan. Ruth Perez de Anucitak sinaturikoan zera dio zuzendariak Alirengatik:
"Él hacía integración inversa: es un árabe que integra a las abuelas francesas que acuden a su tienda. Fue un marco extraordinario".
"La única condición que puso Ali para colaborar fue que no se utilizaran los clichés y los tópicos que suelen rodear a la periferia. Es decir, una película opuesta a las teorías del ministro Sarkozy".
Hilketaren berri gehiago jakiteko Ali Zebboudj poignardé jarri dut googlen eta, dirudienez, beste auzotar gaixo batek garbitu du. Aliren zain omen zegoen gizona eta, hilabeteko oporraldiaren bueltan, denda zabaltzera zihoanean labankadaka erasotu du.
Eskuinekoa da Ali (ezkerrekoa Salem Bedredine da): argazkiaren eskubideak Donostia Kultura.
Altzako iluntze hartaz akordatu naiz gero. Egun hartan, filma bota ondoren, giro ezin hobean, Jabierri aita ospitaleratu zutela esan niola (handik gutxira hil zen).
Topikoak baztertuta, Aliri egin diezaiokedan omenaldirik onena "Alimentation Générale" film hunkigarriaren berri sarean zabaltzea da. Egon naiz begiratzen youtuben eta soinu banda osatzen duen kanta bat topatu dut soilik, "Rien ne change":
Allocine.com webgunean dokumentalaren bost zati hauek daude:
1 (auzoko umeak gozokeriei begira)
2 (barregarria, arazoak kanporatzeko sistema bitxia)
3 (igogailua izorratu eta zortzigarren pisuan bizi den amona)
4 (break-a dantzatzen duen mutikoa)
5 (betiko bezero batzuen elkarrizketa)
Berriemaile bereziak
Su-etenaren bukaera amorragarriak eta maiatzeko hauteskunde ostean betiko (gustuko ez? Hautatu nahi duzuna: ortodoxoa, ofiziala, historikoa...) ezker abertzaleak udaletxe batzuetan agintea hartzeak, ekarri du Madrilen egoitza duten zenbait komunikabidek berriemaile bereziak gurera bidaltzea. Eta arazoa da horietako batzuk Gaza edo Afganistanera doazen aire berberarekin azaltzen direla hemendik.
Hernani
Aipatu udaletako bat Hernani da. Marian Betialarrangoitia kazetaria da alkate berria pasa den ekainetik. Udalbatza EAE-ANVko beste zazpi zinegotzik gehi PSE-PSOEko hiruk, EAJ-PNVko bik, EAko bik eta EB-Aralar zein PPko banak osatzen dute. Horrelako panoramarekin, beste aukera, PP tarteko, ezinezkoa zirudien.
Abuztuko oporren bueltan, Argia aldizkariaren 2100 zenbakiak Mikel Asurmendik alkatearekin izandako elkarrizketa dakar. Ez dut oso-osorik irakurri, baina bai hona ekarri nahi dudala ondorengo galdera-erantzuna.
Mikel Asurmendi: El Paíseko El silencio de Hernani izeneko erreportajeak bereganatu du jendearen arreta. "En Hernani no existe una cultura de la paz, ni de pluralismo. Ni libertad de expresión. La guerra no ha acabado" irakurri dugu.
Marian Beitialarrangoitia: Hori bera esan dezaket nik, azken lau urteetan ezker abertzalea udaletik kanpo egon delako. Hauek [El País eta Jesús Rodríguez kazetaria] Hernanira etorri dira hernaniarrek adarrak eta buztana balituzte bezala. Errespetuz etorri ordez, ikusi ez duena kontatzeko borondatez etorri da kazetaria. Pertsona hau duela hamaika urte egon zen herrian, herritar askok lagundu zion herria ezagutzen, eta ordainez Territorio Comanche izeneko artikulua idatzi zuen, herria hala-moduz jarri zuen. Esperientzia txar haren ondoren, inork gutxik hitz egin du berarekin orain. Areago, erreportajean aipatu dituen lau pertsonen esanak zalantzazkoak dira. Berarekin hitz egin zuten bi kexatu dira, beren ahotan jarri duena manipulatuta dagoela salatu dute prentsan. Nik esan omen nuen esaldia, bakarra, gezurra da. Gezurrak ibilbide motza du, beti ez zaio gezurrari erantzun behar, denborak gauzak bere tokian jartzen ditu.
Ondarroa
Aurten soilik Arrantzale Egunean egon nintzen Ondarroan. Osaba egun batzuk lehenago hil zenez, normalean jaietan pasatzen ditudan hiruzpalau egunak ez nituen bertan pasa.
Giroa lasaia bazegoen ere, tentsio gehiegi dago kalean. Bizkaiko Aldundiak aukeratutako jestorak hartu du udalaren gobernua, baina horrek ez ditu gehiengo absolutua lortu duten EAE-ANVkoen animoak baretu.
Nik ez dut ikusi, baina Iñaki Anasagastik kontatzen duenagatik, aurten ere eskegi dute herrian the organizationen aldeko pankarta. Inoiz ez zait gustatu horrelako parafernaliarik (gorrotagarria zinez) eta zaila egiten zait beste aldera begiratzea (Iñakiren blogean batek justifikatzen du kartelak inori ez diola kalte egiten eta herriaren nahia dela argudiatuz; kalte ez dakit, baina hori herriaren nahia dela...)
Anasagastik Esther Solabarrieta emaztea du jestoran. Agian ondo legoke beraiek ere irakurtzea El Paísek pasa den ekainean argitaraturiko beste erreportaje bat aitzakiatzat hartuz, Jose Felix Azurmendik Ondarroari buruz idatzitakoak.
Impresión! erakusketaren inaugurazioa
Bihar, abuztuaren 31n, inauguratuko dugu Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean Impresión!. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da erakusketa aretoan (sarrera Anoeta Estadioko 7 eta 8 ateen artean).
Ordu horretan Few & far between dvd-a emitituko da. Chris Mulhernen bideo honek AEBetako Ekialdeko kostaldean (Filadelfia, besteak beste) dagoen skater eszenaren berri ematen du.
Irailaren 22rarte egunero bisita daiteke erakusketa, jai-egunetan izan ezik, ondorengo ordu hauetan: 16:00etatik 20:30etara astelehenetik ostiralera; 17:00etatik 21:00etara larunbatetan.
Argazkiak, serigrafiak, x-izpiak, pintura
... eta sticker-art
Artistak
Javi Cobo, Alex Mosterin, Unai Pascual, Naiara Goikotxea, Juanma Fernández, Toño Geosk8, Xabier Ilarregi, Joseba Cortazar gehi Francisco Chávez peruarra.
Mikel Arbizak koordinaturiko ekimenak jarraipena emango dio iaz kultur etxean antolatutako Parafernalia: cultura skate bildumari. Oraingoan ere, Street Zinemarekin batera skateboarding munduarekin lotutako artisten erakusketa bat egin da.
Feedburner, bloglines, statcounter...
Processblack jaunak gaztelerazko blogean utzitako erantzun batetik abiatzen da gaurko hau.
Feedburner
Miguelek dio blog baten harpidedun kopuruaren berri zehatza izateko modurik eraginkorrena feedburner erabiltzea dela, besteak beste agregatzaile ezberdinetan harpidetutako jendea hartzen baitu kontutan (bloglines-ek lehen zuen hegemonia galdu egin du). Alta eman dut zerbitzu berri horretan eta ikusiko dut zerbait atera daitekeen hortik (ziur zer edo zer gaizki egin dudala eta atera daitekeen etekinaren herena ere ez diodala ateratzen!)
Bloglines
Bloglines agregatzaileaz ari naizela, atzo jaso nuen jarioan bertsio berriaren notizia. Jada hasi dira euskal geekak beta bertsioari buruzko iritziak plazaratzen. Besteak beste Ikteroak eta Teketen.
Nik faltan botatzen dudana da irakurritako albiste bat kontserban gordeta edukitzeko aukera. Hau da, batzutan asteak edukitzen ditut nik aktibatuta zenbait albiste, del.icio.us-era edo zakarrontzira botatzeko zain. Eta orain ez dut aukera hori ikusten bertsio berrian (kontrakoa, orain klikatuz gero, irakurri duzula esan nahi baitu eta desagertu egiten da).
Statcounter
Blogaren trafikoa ikusteko statcounter erabiltzen nuen. Joan den astean antibirusaren epea bukatzear nuela-eta, Kaspersky (Kaspersky Internet Security 6) instalatu nuen eta geroztik ezin ditut kontsultatu estatistikak. Zerbait ezabatu al dut? Ez dut irtenbiderik topatzen. Norbaitek badu laguntzerik? Fororen batean saiatu naiz, baina abuztuan gaude eta ez dut topatu erantzunik oraindik.
Gainera, Kasperskyren bertsio hori erosi ondoren, 7.a ingelesez prest dutela konturatu nintzen. Kaguenlasoria!
In fraganti
Ostegun arratsaldean in fraganti harrapatu ninduen Haritz Rodriguez-ek.
Atzo gauean irakurri nuen elkarrizketa eta gustatu zait emaitza.
Hala ere, badago akats bat paperean zuzendu ezin dena eta edizio digitalean datorren aste hasieran-edo konponduko dena: ez ditut 200 harpidedun gaztelerazko blogean, 20 baizik.
Eskerrak Haritzi nitaz akordatzeagatik eta eskerrak ere edizio digitalean agertzen ez diren argazkien egileari, Argazki Press-eko Juan Carlos Ruizi.
Ez badakizu zer den Gaur 8 klikatu hemen.
Loretopetik (XVI) Reala, Praileaitz eta kirol etika
Irutxuloko Hitzan abuztuaren 24an argitaratutakoa.
Ondarroan egon nintzen ostiralean Arrantzale Eguna ospatzen. Athletic zale amorratu diren pare bat lagunek gelditu ninduten kalean, Realak kategoria galdu zuela-eta doluminak emateko. Pozik ziren beraiek ni zirikatuz, zer egingo diogu ba.
Larunbatean aurkeztu zen Reala Anoetako zelaian. Webgune ofizialak dio 3000 zale hurbildu zirela goizeko 10:30etan, baina beste zenbait komunikabidek erdira jaitsi zuten kopurua. Dena den, asko zirela iruditzen zait, zalegoa pozez txoratzen ez dagoela aintzat hartuz. Kalean jendeak komentatzen dituenak entzutea baino ez dago-eta (azido urikoa ondo baduzue, sartu txuri urdinen aktualitatea jarraitzen duten interneteko foroetan).
Ate joka dugu denboraldi ofiziala eta aspaldiko partez 2. Mailan gaude. Entrenatzaile berria eta plantillaren osaketari dagokionez azken ukituak zehazteke oraindik. Itxura guztien arabera, ez da sorpresa asko egongo, baina abuztuaren bukaera arte itxoin beharko da. Denboraldi aurrean apenas ikusi dugun pulamentuzko ezer, gazte batzuek tokia hartzeko prest daudela (Carlos Martínez nafarra, adibidez: ez al dago gipuzkoar adoretsurik ala?) eta zaleek pazientzia poto handia beharko dugula igandean arratsaldeko 7:00etan hasiko den sufrikarioari aurre egiteko.
Athletic alde batera utzita, inbidiaz ikusten dut Osasunak azken denboraldi hauetan izan duen bilakaera. Garai batean haiek guri begira egoten ziren bezala, kontrakoa egin beharko genuke guk oraingoan. Hau da, komeni zaigu aztertzea nola egin dituzten gauzak Taxoaren azken urte hauetan. Futbolean, bizitza modernoaren beste alorretan bezala, dena azkar doa eta lo geratuz gero, zezenak harrapatzen zaitu. Eta hori gertatu zaigu txuri-urdinei.
Udan jakin dugu, berriz, Construcciones Amenabar izango dela bigarren babesle (lehenengoa Belca izango da). Ondo dago hemengo enpresek bertako klubetan dirua inbertitzea, baina badago aintzat hartzeko datu bat. Luistxo Fernandez blogariari irakurri diodanez, Amenabar da Debako Sasiola harrobia ustiatzen duena eta han bertan dago Praileaitz kobazuloa, Paleolitiko garaiko pinturak dituena eta ustiaketaren ondorio larriak paira ditzakeen aztarnategia. Sesioa dago honen inguruan eta, zenbait adituren arabera, zalantzazkoa da Eusko Jaurlaritzak argitara emandako dekretua nahikoa ote den gure ondarea behar den bezala babesteko. Futbolean ondo dago harrobia lantzea, baina Amenabarrek Sasiola babestea eskertuko nuke nik (eta ez bakarrik Reala).
Realarekin batera aritzekoa da 2. Mailan Granada 74 talde berria. Liga horretan aritzeko plaza erosi omen dio Murtzia Hiriari. Espainiako Futbol Federazioa, FIFA eta UEFA lagun, kontra azaldu da, kirol etikaren aurkakoa ei baita. Hori entzun dut irratian eta barrez lehertzen nago oraindik.
Buelta gehiegi telefono zenbaki bat topatzeko
Demagun oporren azken astean zaudela (honetan jada lanean nago, zoritxarrez). Liburu bat irakurtzen ari zaren bitartean, orrialde batzuk akasdunak direla konturatu zara gauean.
Hurrengo goizean gogoratu zara gauekoaz eta pasa den astean eman zizuten tiketa aurkitu duzu mahaiaren kaxoian. Tiketan ez du liburudendaren telefonorik jartzen (Aste Nagusia da eta jakin nahi duzu ordutegia). Elkar megadenda soilik eta Donostian duten liburudendetako baten helbidea (Bergara kalea 6). Buelta eman diozu tiketari: elkar.com eta logoa errepikatzen ditu behin eta berriz.
Zuk, baina, ordenagailua itzali berri duzu eta nahiago ez piztea. Garai bateko medioetara jo duzu telefonoaren bila: paperezko orrialde zuriak. Elkar jartzen duen orrialdera jo, baina bertan bakarrik Elkarlanean SL ageri da, Portuetxeko telefonoa. Hori ez duzu behar. Liburudenda eta Librería sarreretan ere ez dago ezer. Megadenda izango da? Ez, hori ere ez. Albo batera utzi dituzu orrialde zuriak.
Probatu paperezko orrialde horiak. Liburudendak atala 372. orrialdean dago, baina han ere ez da azaltzen Elkar megadenden berri. Euskal Kulturgintza SA bai, baina nik liburudendako telefono zuzena behar dut.
Dei baten truke informazioa ematen duten telefono zenbakiak ahaztuta ditut (eta gainera ez diet beraiei deitu nahi). Ez dago beste erremediorik: ordenagailua piztu beharko da.
Ordenagailua piztu eta sarean sartu naiz. Elkar.com jarri diot Google-i. Liburuak, CDak eta beste kultur produktuak saltzeko orrialdea ateratzen zait, baina hor ez da bat-batean ikusten non arraio dagoen megadendei buruzko informazioa. Beheko aldean 1998-2007 Elkar Megadenda; dioen atalaren gainean jarrita Nor gara agertu zait. Eta hortxe bai, hortxe badago Bergara kaleko dendaren telefono zenbakia.
Egun batzuk pasa dira hori gertatu zitzaidanetik eta pasa den astean emandako urrats guztiak errepikatzen ari nintzela pentsatu dut telefonoak ez direla Telefónicaren orrialdetan agertuko beste enpresa batekin kontratatu zutelako telekomunikazio zerbitzua. Baina hori ez da horrela: sarean Páginas Blancas bilatu dut Googlen eta bertan Elkar megadenda jarri eta hamalau emaitza atera zaizkit.
Ez dut uste ezer gaizki egin dudanik (oporren amaieraren sindromepean nago eta zalantza dut oraindik), baina arraroa dirudi Euskal Herrian hain sare zabala duen liburudenda kateko telefono zenbaki ziztrin bat topatzeko hainbeste buelta eman beharra.
Gauzaren bat edo beste dute hobetzeko, bezero ez digitalak bereganatu nahi badituzte bederen. Adibidez, liburudenda bakoitzaren telefono zenbakia jartzea tiketean.
Oharra: Hau txorakeri bat da. Serioagoa Hatxeri atzo gertatutakoa. Bordelera joan zen preso dagoen lagun bat bisitatzera. 423 kilometro alferrik. Animo, Hatxe.
Tio Migel
Arratsaldeko 8:00etan emango diogu gaur azken agurra. 71 urterekin alde egin du amaren anaia ezkongabeak. Gauza gutxi behar zuen ondo egoteko. Horietako bat ehiza: basurdeak akabatzeko batidetan txakurrak eraman izan ditu urteetan. 14 edo 15 urterekin hasi zen lanean Porcelanasen eta bertan jubilatu zen. Lana besterik egiten ez zekien belaunaldi bateko kide, Usategietako lagunek ondorengo bertsoa jarri dute hilberrian:
Beti alai umore onez
zinen toki guztietan
hutsune handi bat utzi duzu
gure zelai hauetan
hamaika ordu pasa dituzu
gurekin Usategietan
Migel Barraka itxaron lasai
hor goiko parajetan.
Astelehen arratsaldean hil egin zen eta gaur arte ezin izan dugu enterratu (atzo jai-eguna zelako). Tanatoriotik pasa direnen artetik, bere lagun min batek esandako hitzekin geratuko naiz. Diurtxiok laurogei urteak beti ditu jada eta on puska da. Malkoak begietan zituela zera esan zion:
"Aski gorra hintzen Miel, baina hi baino gorragua etorri dek".
Diurtxio txapela buruan eta zotza ezpainetan erdi ezkutuan erdi agerian zuela joan egin zen.
Niri, berriz, haur garaiko heroi bat joan egin zait. Aio, osaba. Agur Barrakako Migel.
Ajoblanco eta Pepe Ribas
Kanpoan pasatako egunak alde batera utzita, hasi beharko dugu zer edo zer jartzen blogean. Kontu asko joan dira aste hauetan: tourra eta dopinga, El Jueves eta printzeen azala, hamalaugarren itsas ontzia oparitu diotela erregeari, Nafarroako show penagarria… kontu asko.
Gauza horiek guztiak alde batera utzita liburu bat aipatuko dut. Hannot-i esker izan dut José Ribasi eginiko elkarrizketa honen berri:
Ajoblanco aldizkariaren zuzendariak, Los 70 a destajo. Ajoblanco y Libertad liburua argitaratu du udaberrian, 70. hamarkadaren kronika pertsonala. Donostian egon zen uztailaren hasieran, baina pasa egin zitzaidan haren egonaldi laburra.
Ekimen potoloa da (zazpi urteko lana omen eta ia 600 orrialde). Oraindik ez naiz erdira iritsi, baina Ribasen eginahalak merezi due irakurraldia. Izan ere, 90. hamarkadan (bigarren etapan) gustura jarraitzen bainuen aldizkaria (uste dut José Luis Sampedro maisuari eginiko elkarrizketagatik deskubritu nuela 1992an edo 1993an). 1999an pertsiana jaitsi zuten eta pista galdu nion Ribasi.
Nafarroan gertaturikoa burura etorri zait liburuaren 146. orrialdean ageri den Ricardo Mella idazle libertarioaren esaldi hau irakurritakoan. Parlamentu burgesaren kontrako opuskulu batean jasotzen ei da:
"La actividad política cuando implica delegación de nuestra responsabilidad y soberanía es perniciosa porque los hombres que se meten en la vida política se acordarán de cualquier cosa menos de los intereses de sus representados".
Egileari eginiko elkarrizketa batzuk eta liburuari buruzko zenbait aipamen biltzen dira atal honetan. Etorkizunari buruz zera dio El Cultural aldizkarian: "Transformada la clase obrera española en clase media, el proletariado actual son los inmigrantes. Cuando tomen conciencia plena de las condiciones en las que sobreviven viviremos situaciones dramáticas".
Askotan entzun dut Ajoblanco berpiztu daitekeela eta Ribasek dio azken elkarrizketa honetan 2008an baino lehen itzul daitekeela interneten. Ikusiko dugu, denbora gutxi falta baita.