Nola esaten dioten agur aitari bi lagunek
Atentzioa deitu dit Jon Iraundegik aitaren heriotzaren berri nola eman dion bere koadrila digitalari. Gizonaren argazkia paratu du bere fotologean, eta hiru esaldi labur lotu ditu: "Muchas gracias por todos los ánimos recibidos. El Aita falleció el jueves 11. Agur Aita".
Agur hori irakurri, aitaren erretratuari erreparatu eta ez dakizu zer esan (sentitzen duzula eta animo mezuak bidaltzeaz aparte).
Jonen aita hil zen egunean, urriaren 11n, aurkeztu zuen azken diskoa Irungo beste bizilagun batek, Jabier Muguruzak. Lanaren titulua "Konplizeak" da eta aitaren heriotzak utzitako hutsuneak markatu du grabazio prozesua.
Bertan badago Jabierrek idatzitako letra bat, honela dioena:
"Antxillesko arkupean
Eta hantxe nengoen ni
bakarrik, Antxillesko arkupean
aita gogora ekartzen
baita egun horretan ere
guztietan bezalaxe
hil zenetik, hain
bat batean, hain
latza izan zelarik guretzat,
ezustean izateagatik
eta hainbeste
maitatzeagatik
eta hainbeste
maitatzeagatik.
Eta trinketean gogoratzen nuen
pilotan, elkarrekin
eginak genituen
hogeita lau urte haietako
edozein egunetan
kantxan oldartzen,
berak zekien latzean. Ondoren
dutxan xaboia ematen
mugimendu delikatuan
indarra eta samurtasunaren
osatze harrigarri hura,
indarra eta samurtasunaren
osatze harrigarri hura.
Orduan, oroimenaren baitan
osorik sartua nintzela
berarekin bat egiten saiatu nintzen
artean aipatu gabe nizkion
kontu batzuk esaten: lehendabizi,
zenbat gogoratzen naizen berarekin
zein gaitza zaidan
haren hutsa, utzi gintuenetik,
baina bera, joanda bezala zegoen
egiazki urrun, beste nonbait
eta bapatean negarrari eman nion
baina aspaldi egiten ez nuen bezala,
ume abandonatuak egiten duen eran".
Juancar Landa Gainsbourg gainbegiratuz
Eguneratzea, 21:20etan:
Gaurko Noticias de Gipuzkoan eman dute honen berri. Bertan Juancarrek kontatzen du diskoa 2008ko martxoan argitaratuko duela.
Erakusleihoa programaren barruan, Ernest Lluch Kultur Etxean , Gainsbourg gainbegiratuz aurkeztuko du estreinakoz Juancar Landa (Jocanok) urriaren 18an. Lan horretan Dinbi Danba taldearen laguntza izango du. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da areto nagusian (Anoeta Estadioko 7. eta 8. ateen artean) eta sarrera doakoa izango da. Gonbidatu bereziak ere espero ditugu.
Egun hauetan Euskal Herrian kantaren bat boladan baldin bada hori Lau Teilatu da, EITBren bozgorailu guztietatik jaurtitzen diguten bertsioan. Ondo da artista horiek euskararen eremura ekartzea, ikusiko dugu beren publikoa ba ote datorren, baina pagatu beharreko prezioa garestiegia dela deritzot.
Askoz ere interesgarriagoa iruditzen zait Jocanok azken urtean egindako esfortzua: euskaratu egin ditu Serge Gainsbourg artista frantsesaren kanta batzuk eta musikari lagun koadrila politarekin grabatu egin ditu. Diskoa bukatu gabe dago oraindik eta ezin esan noiz eta norekin aterako den.
Hau da Jocanok euskaraz egin duen lehen diskoa. Erentxun eta Amaia Monteroren kasuan bezala, lan honetan abestu duten kantari gehienak gazteleraz abesten ohituak daude. Ez ditut kanta guztiak entzun, baina emaitza ederra izan dela esatera ausartuko naiz.
Gainsbourg gainbegiratuz
Juancarrek dio "2006an Serge Gainsbourg-en heriotzaren hamabosgarren urteurrena bete zenean, nire lagun gainsbourzaleak bildu nahi izan nituen kontzertu-omenaldia prestatzeko. Ez genuen nahikoa denborarik izan, baina nik aurrera egin nuen, proiektua handituz. Gainsbourg-en bertsioak entzunak nituen ingelesez, italieraz, gazteleraz (gutxi)… beraz, bagenuen euskaraz egiterik".
Urtebete eman dute itzulpen (Jose Anjel Landa), egokitzapen eta grabaketa prozesuetan. Juan Zulaika, Xulai, ingeniari eta ekoizlearen aginduetara, hamabost abesti grabatu dituzte: Gari, Mikel Aguirre (La Buena Vida), Diego Vasallo, Estanis (Natural Project), Saioa, Amaia, Rafa Berrio, Virginia, Txuma Murugarren, Luisa Etxenike, Jorge Carrero, Mikel Markez, Enrique Mingo, Sanchís, Giorgio Bassmatti, Ione Gabarain, Rosita eta Harriet. Beste musikari hauek ere hartu dute parte: Aitor Unanue, David Soriazu, Iñaki Huarte, Txeli, Agus, Joserra Senperena eta Javier Sun.
Hurrengo Erakusleihoak
Azaroaren 29an, musika garaikidea, elektronika eta bertsoak nahasten dituen Ornitorrinkus lana eskainiko dute Maialen Lujanbiok eta Judith Monterok gidatzen duten taldeak. Gainera, abenduaren 20an, Pablo Casares poeta donostiarrak irakurtaldi poetikoa eskainiko du.
ZeBehar du herriak
Mediku kaskarrek bezala soilik betiko errezetak ematen dituen jende gehiegi dago euskal aberian. Eta ni ez nago ados errezeta hauekin, ezta beste hauekin ere.
Tunelaren barruan murgildu gaituzten honetan, argi pizarra ematen duten proiektu batzuei egingo diegu kasu pixka bat. Polemika sanoa egon da azken egunetan 8. probintzian youtube edo euskaltube behar ote dugun kontuarekin. Biak behar ditugula uste dut nik, baina nirea iritzi arrunta da.
Haritzek abiatu zuen duela zenbait aste Euskaltube, youtube-ren euskal klona.
Pravda Txikiko nagusia ez dago klonen kontra, baina "zer irudituko litzaizueke hauek garatzen erabiltzen dugun denbora eta hosting-a zerbait berria, erabilgarria eta polita sortzen erabiliko bagenu?" bota zuen aurreko batean. Pentsakor geratu nintzen. Zer esan nahiko du Anak horrekin?
Atzo jakin nuen hitz horien zergatia. Bide horretatik jo baitu ZeBehar martxan jartzeko. Oinutsik faktoriaren lehen ekoizpena, "ideia sinplea da. Erabiltzaileak bere beharrak argitaratu eta beste erabiltzaileek lagundu diezaiokete erantzun lagungarriak bidaliz".
Behar asko ditugu-eta 8. probintzian bizi garenok. Zazpi probintzietan bizi direnekin batuz gero, hosting arazoak seguru.
Hitzak soberan daude
Vizcaínoren blogean ikusi nuen atzo bideo hau. Lasarte-Oriako alkate den Ana Urchueguía anderea ageri da bertan. 2007ko uztailean, Nikaraguako Somoto herrian hartutako irudiak omen dira. Sei minutura iristen ez den dokumentuan, Epoca aldizkariak eginiko akusazioak aipatzen ditu (baina Diagonal-en ere atera zen zerbait). Diru publikoak bidegabeki erabiltzea leporatzen diote.
Telepredikatzaile estiloan oinarritutako diskurtsoa maneiatzen du, Tina Turner latina baten zenbait zipriztinez.
Lehenengo bideoaren transkripzioa jarri dut pedradas-en, baina bigarrena are larriagoa iruditu zait: Urchueguíak "bere" diruak omen direnak banatzen ditu bertako elkarte eta erakundeen artean, kirol txapelketa baten garaikur banaketa izango balitz bezala.
To eta no. Kooperazioa.
Albisteak 20 hitzetan
Twitter boladan dagoenean, Davidi irakurri nion 20palabras egunkaria sortu zutela BAiresen. Jozulinek aipatutako Jordi Cebrian-en ahalegin literarioaz akordatu naiz.
Zakurraren ipurdira joateko gogoa
Atzoko apuntean idatzi nuen Free Burma eta gaur, berriz, freebatasuna da ezker abertzalearen ingurutik blogosferan abiatu den kanpaina. Technoratin badaramatza ordu batzuk hitz bilatuenen arteko lehen postuan.
Hannotek dio Públicon iragarri zuela Fernando Gareak horrelako operazio bat. Informazio horren azpiko komentario kritikoak (eta ez daude idatziak gaurko berotasunean) harritu egin naute. Adibide gisa bat kopiatuko dut hemen:
"Ahora resulta que Garea sigue escribiendo en El Mundo de Pedro J. ¿O es el diario del bloguero Escolar? Menuda alternativa de izquierdas que nos estáis dando, colegas. Espabilad un poco o no os vais a comer una rosca. Dejaros de faxes policiales y escribid de las cosas que nos importan a los jóvenes. ¡Viva la III República! ¡Libertad para el País Vasco!".
Arratsaldera arte ez naiz egon interneten arakatzen, baina goizean mundu errealean ibili naiz eta albisteak, Batasunako ustezko mahaikideen atxiloketak, nire inguruan ez du apenas oihartzunik izan. Nekatuta gaudela, alegia. Sarean begiratuta, kontrakoa dirudi. Bi errealitate daude? Edo lau katu gabiltza sarean?
Anderrek egin duena egiteko gogoa ematen du. Vespa hartu eta zakurraren ipurdira aldegitea.
Bide batez, gauza bera egitea eskatuko nioke the organizationi eta bake santuan bizitzen utzi nahi ez gaituen orori.
Free Burma edo gora Birmania askatuta
Gutxitan hartzen dut parte horrelako ekimenetan, baina gaur bai, gaur Birmanian gertatzen ari denaren aurka egitea erabaki dut mezu xume hau sarean jarriz.
Kanpainaren webgunea eta wikia.
Artesanoarenean ikusia.
Euskararen agerikotasuna
Arratsaldean ikusi nuen interneten Joseba Álvarez eta Oihana Agirre atxilotu zituela polizia espainiarrak.
Imanol Muruaren blogean irakurri nuen geroxeago, Efe agentziak zabaldutako informazioan, Joseba, Txillardegiren semea zela (eta horrela da). Aita aurkezterakoan, berriz, datu okerra dago albistean, Aralar-ekoa dela aipatzen duelako (begira Públicon). Txillardegiri Argian eginiko elkarrizketa luzea irakurri ez dutenaren seinale, dio Muruak.
Egia esateko Txillardegiren agurrak ez du oihartzun askorik izan, baina google-i galdetuz gero, hemen, hor eta han, ageri da gazteleraz albistea (denak komunikabide euskaldunak). Arazoa zein da? Euskadi Irratian bota zuela euskaraz?
Imanol Muruak aipatzen duen elkarrizketa astelehen gauean irakurri nuen eta adierazpen mamitsuak daude. Adibidez:
"Nafarroan ikusi dugun fenomenoa oso inportantea izan da nire ustez, eta espero dezagun bere ondorioak izango dituela. Patxi Zabaleta baino politikoagorik ez dago munduan, eta hala ere ez du ezer lortu. Ni horregatik atera naiz Aralarretik: horiek politika konbentzionala egin nahi dute, eta nik uste dut politika konbentzionala herri honetan oraindik ez dela posible. Dagoen egoera, espainolismoa dagoen bezala… Giro honetan, “nik informe bat pasako dizut, zuk niri beste informe bat ematen didazu eta guk, gure abildadearekin…”. Keba. Ez gaude horretan. Hori oso polita litzateke egoera normalizatu batean. Orduan bai, Patxi Zabaletaren estiloko jendea, oso jende ona da dudarik gabe, orduan posible izango litzateke".
Badago ere Imanol Muruak berak eginiko beste elkarrizketa luze bat sarean. Ezker abertzaleko beste beterano bati, Jose Luis Elkorori eginikoa. Hemen ere mami asko, baina euskaraz.
Jo encara no parlo català dio Peri Rossik
Baga
Cristina Peri-Rossi idazlea kanporatu dute Catalunyà Radiotik.
Biga
Kataluniako telebista eta irrati publikoaren Administrazio Kontseiluak (CCRTV) onetsitako printzipioen arabera, (3.2 puntua):
"Els locutors, conductors, entrevistadors i col•laboradors fixos, així com persones contractades per les empreses de la CCRTV (amb contracte laboral, mercantil o per obra determinada) utilitzaran sempre la llengua catalana quan estiguin en antena. L’ús d’altres llengües serà excepcional i motivat, recomanant sempre que sigui possible la traducció simultània".
Higa
Ez dakit zehatz-mehatz noiztik dagoen testua indarrean (webguneak dio 2006ko martxoan aldatu zituela printzipioak Administrazio Kontseiluak). Dirudienez, orain arte beste aldera begiratu dute, baina aurtengo uztailaren 17an katalanez mintzatzera derrigortzea berretsi zuen aipatu kontseiluak.
Laga
Peri Rossi solaskidea, beraz, kalera. Manifestu bat atera dute eta nahi duenak sina dezake helbide honetan. Kontutan hartzeko datua da Cristina 1974tik bizi dela Katalunian.
Espainiako erreinu pluralean gazteleraz jakitea derrigorrezkoa da, baina hizkuntza ko-ofizialak ez daude maila berean. Beraz, epaitegietara joz gero, Peri Rossik irabaziko du.
Boga
Jose Mari Pastorek erreportaje luzea sinatu zuen Berrian Kataluniako egungo egoerari buruz irailaren 22an. Berpiztu den burujabetzaren gaia zela-eta, Anna Gabriel Sabatek, CUP-aren bozeramaileak zera zioen: "Hauteskundeei begira sortutako maniobrak direla iruditzen zait, oihartzun mediatikoa lortu dutenak".
Sei
Begoña Erraztik bota zuen aurreko batean desobedientzia zibilaren bidea ez zuela baztertzen. Barrez hasi nintzen. Jaitsi zaitez lehendabizi auto ofizialetik, neska! Hauteskunde giroa hemen ere. Are gehiago Ibarretxek pasa den ostiralean esandakoarekin.
Zai
Gaur egungo Euskal Herrian halakorik ezinezkoa litzateke, euskararen egoerak ez duelako horrelakorik ahalbidetzen. Euskara eta gaztelera dira nire hizkuntzak, biak. Berdin maite ditut, gainera. Halere, ulertzen dut katalanek hartutako neurria.
Zoi
Jo encara no parlo català, parla-m’hi! Cristina, ez zaitut ulertzen.
Wikifarraren amaieran egon nintzen
Izenburu honekin ordu txikitan bukatu zela pentsatuko du norbaitek, baina, keba goiz etxeratu ginen.
Zer da wikifarra?
"Wikifarra %100 irekia dagoen topaketa bat da. Internet eta teknologiaren inguruan dabiltzan pertsonak bildu eta ondo pasatzeko egun baten moduan dago pentsatua". Bigarrena zen hau, lehenengoa, Arrasaten egin baitzen 2006ko otsailaren 23an.
Berandu eta ezer esan gabe agertu nintzen. Imanol Aizpuru artistaren Pan, circo y boogie boogie erakusketaren inaugurazioaren ondoren, afaldu eta Doka Kafe Antzokira hurbildu ginen.
Astean zehar gainetik begiratu nion wikifarrari eta ez nekien zehatz-mehatz plana zein zen. Han bertan egongo zirela pentsatzen nuen, baina afaltzera joanak ziren gu agertu ginenerako. Eskerrak afaldu ondoren handik pasa zirela Teketen, Etxenike (aspaldiko partez agurtu nuen), Arkaitz eta Gaztesareako kide bat (barkatu, baina ez nintzen izenarekin geratu). Badakit ere Haritz egon zela, baina lehenago aldegin zuen. Ez galdetu jende gehiago gerturatu ote zen.
Tragoren bat edo beste hartzeko aukera izan genuen, behintzat. Barre batzuk egin genituen ere. Dena oso lasai.
Portzierto, ni bezala, ezer esan gabe, Chris Coleman ere gerturatu zen. Berarekin batera talde teknikoko pare bat lagun. Gaur goizean, aspaldiko partez, kiniela egin dut. Realak Xerezen irabaziko duela jarri dut.