Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Konplize gehiago

Konplize gehiago

Mikel Iturria 2007/11/01 18:00

Asteazken gauean Irunen egon ginen Jabier Muguruzaren disko berriaren aurkezpenean. Ez zuen aukeratu sarreragile makala: Pablo Guerrero musikari eta poeta beteranoa.

Jabierrek aurkeztu zuen Pablo (toki askotan irakurri genuen Herrero: gero eta espiritu akritikoarekin egiten ditugu gauzak). Gizon lasaia, isila, barnerakoia. Bi laguntzaile apartak ekarri zituen: Luis Mendo (Suburbano) eta Nacho Sáenz de Tejada (El País-en urtetan idatzi izan ditu musika-kritikak). Erreferente bat da Espainiako kantautoreentzat eta bere lanak merezi du nik orain arte egin diodan kasu apurra baino askoz gehiago. Plata da azken diskoa.

Jabier bi musikari konplizeekin azaldu zen: Angel Unzu gitarrista eta Mireia Otzerinjauregi abeslaria. Aurreko diskoan estreinatu zen hirukoa eta elkarrekin egindako bidea nabari da eszenatokian.

Diskoari hasiera ematen dion "Dena bukatzean", Xabier Leteren kantuarekin abiatu zen bidaia, Joseba Sarrionandiak idatzitako "Norbere akaberari buruzko mintzaldia" jarraitzeko. Aurreko laneko "Bizitza bizitza da", Atxagak idatzitako letra puska abestu zuten eta Nosoträsh taldeko bateria eta letragile Covadonga de Silvaren "No quedan tantas tardes" kantari iritsi zitzaion txanda. Zapla dio: "no sólo me interesan las personas / también hay otras cosas en el mundo". Diskoan Luz Casali eskainitako kanta da. Zergatik? Honengatik.

Ama izaten omen da eskusoinua gehiago jo behar duela esaten dioena, baina txantxa egin zuen atzo Jabierrek: "gaur Unzuk eskatu dit". Kanta sorta jorratu zuen akordeioa albo batera utzi gabe: Kirmen Uriberen "Maite zaitut, ez"; Inazio Mujika Iraolaren "Liskar suharra"; "Benino edo Benito" abestu behar zuela azaldu bezain pronto, emakume batek nire atzean, "¡ayquebonita!". Izugarri ondo, hemen ere, Mireia Otzerinjauregi.

"Antxillesko arkupean" aitaren heriotzaren ondoren konposatutakoa da. Letra berehala atera omen zitzaion, ez ordea musika. Abisatu zigun amonaren jaiotetxean elkartzeko ohitura duela familiak, Antxilles baserrian. Jabier eta Angel geratu ziren bakarrik kanta egiteko. Duquendek egin du introa diskorako.

"Irene" kantarekin bideoklipa egin dute Barbara Goenaga aktoresarekin. (Azaroaren 5eko oharra: letragilea Leire Bilbao dela ez dut jarri). Gero, txantxa egin zuen Jabierrek, jakin nahi baitzuen bis eskaerarik egongo ote zen (Pablori ez genion eskatu-eta). Nartzisismo erasotzat jo zuen ateraldia, baina barreak nagusitu ziren publikoaren artean. Muguruzaren lanetan ezinbesteko bihurtu den Iñaki Irazuren "Ertz maitea" izan zen azkena, diskoan Martirio ikonoklastarekin grabaturikoa.

Bisa, berriz, Atxagaren "Mazisi Okeita Denbele". Musikari guztiak txalo artean eszenatokira ekarriaz bukatu zen emanaldia.

"Zenbat lan, Jabier, zenbat lan" apuntatu nuen libretatxoan. Eta talentua gehitzen dut hemen. Eta aurrera jarraitzeko derrigorrezko egoskortasuna. Eta gauza on asko gehiago.

Uste dut konplize gehiago egongo direla azaroaren 6an, Madrilen; 8an, Donostian; 9an, Bilbon (bietan Kiko Venenorekin); 16an, Bartzelonan; 17an, Zaragozan; 30ean, Zornotzan…

Eguneratzea, azaroak 4: igandero Noticias de Gipuzkoan sinatzen duen kolaborazioa aprobetxatu du Jabierrek Irungo elkarte batean egindako kontzertuaren osteko afarian, kanpotarren harridura nabarmentzeko.

En castellano

etiketak:
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter