Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Irakurtzen erakutsi

Mikel Iturria 2019/06/16 20:30
Carlos Blanco Aguinaga eta Rafael Chirbes.

Irungo Brönte liburu-dendan egon nintzen ostegunean Ortizen liburua aurkezten. Eta aprobetxatu nuen Carlos Blanco Aguinagak Rafael Chirbesekin izandako harremanari buruz bi hitz esateko. Blanco Aguinagaren izena baitarama gaur egun Irungo liburutegiak (CBA).

Gogoan nuen Chirbesek aipatu zuela bien arteko harremana Harkaitz Canorekin Ernest Lluch Kultur Etxean izandako solasaldi batean, 2013ko azaroan.

Eta hori gogoan ostiral goizean berriro entzun nuen saioa. Beste behin.

Ea nork erakutsi zion irakurtzen galderari, gutxi gorabehera hauxe erantzun zuen:

«Eso me lo enseñó un señor de Irun que se llamaba Carlos Blanco Aguinaga. Yo lo quería mucho. Lo conocí ya tarde, pero para mí ha sido el único maestro que he tenido: ha sido el único que me ha enseñado a leer. Yo era muy proustiano ("me gusta porque me gusta") y él me disciplinó y me hizo ver que hay libros que dicen lo que dicen (y no lo que tú digas que dicen), que la literatura tiene un peso, que dentro de cada libro está la Historia, que los libros no se libran de su tiempo (...) y que en este mundo sólo puedes ser testigo o síntoma (...) O intentas ser testigo de tu tiempo y contarlo. O acabas siendo síntoma de tu tiempo y te ponen como ejemplo de lo que ocurrió».

Irundarra hil zenean, 2013ko irailean, lerro batzuk eskatu zizkion El País egunkariak Chirbesi eta hauxe idatzi zuen: Carlos Aguinaga, el sabio que me enseñó a leer.

Enseñar a leer, este apunte en castellano.

Javier Ortizen omenaldia Donostian

Mikel Iturria 2019/05/22 18:45
Maiatzaren 10ean eta 11n Egia Kultur Etxean egindako ekitaldien bideoak.

Homenaje a Javier Ortiz en Donostia, este apunte en castellano

Asteazkenean eta ostegunean bi laburpen jarri nituen hemen Egia Kultur Etxean Javier Ortizen omenez antolatutako bi ekitaldirenak: liburu aurkezpena (maiatzak 10) eta torturari buruzko mahai-ingurua (maiatzak 11).

Bideo osoak jada prest daude eta hementxe jarriko ditut bata bestearen atzetik

 

Bonus track moduan: Katakrak-en eginiko aurkezpenaren audioa.

Liburuari buruzko albiste gehiago:

«Javier Ortiz, talento y oficio de un periodista»: maiatza eta ekaineko aurkezpenen egutegia.

«Javier Ortiz, talento y oficio de un periodista»: maiatzeko loturak (audioak, elkarrizketak, eta abar).

«Javier Ortiz, talento y oficio de un periodista»: maiatzeko kontuak

Mikel Iturria 2019/05/19 20:25
Maiatzean izandako elkarrizketa eta ekitaldien errepasoa.

Hasiera-hasieratik eskerrak ematea tokatzen da: kasu egin didazuen kazetariei, ateak zabaldu dizkidazuen guneei, nirekin liburua aurkeztu duzuenoi, aurkezpenetan egon zaretenei eta liburua erosi duen jendeari.

Halere sorta jarri aurretik gauza bat esan nahi dut: onenak nahi ditugu gurekin, baina batzuetan beren agendak ezinezkoak dira. Presionatu egiten ditugu eta ez gara ohartzen presionatu baino zaindu behar ditugula. Kasu honetan, ez ere ezetz da. Eta inork ez dezala bere burua seinalatuta ikusi: orokorrean ari bainaiz.

Orain bai, egun hauetako kontakizuna. Baten bat falta bada, esan eta jarriko dut:

1.- Lehen elkarrizketa Euskadi Irratiko Amarauna irratsaioan izan zen maiatzaren 4an. Bertan kolaboratu nuen hainbat urtez eta beraiekin hasi nahi nuen bide hau. Elkarrizketa Unai Urreagak egin zidan, baina prestaketa-lanak Nagore Telleriak. Audioa hemen.

2.- Bigarren elkarrizketa Javier Vizcaínok egin zidan Onda Vascako Euskadi Hoy irratsaioan. Ortiz hainbat urtez aritu zen Vizcaínorekin irratian asteburuetan eta ondo ezagutzen zuten elkar. Maiatzaren 6an izan zen, goizeko 10:30ak aldera. Emaitza hauxe.

3.- Hirugarren elkarrizketa Kike Martín eta Félix Linares bikoteak egin zidan Radio Euskadiko Iflandia irratsaioan. Hau ere maiatzaren 6an, arratsaldeko 16:15 aldera. Emaitza hemen dago (11:07 minututik aurrera).

4.- Urtzi Urkizu nirekin jarri zen harremanetan astean zehar eta Berrian agertu zen artikulua maiatzaren 9an: Inoiz isildu ez zen kazetaria.

5.- Lehen boloa Bartzelonan izan nuen maiatzaren 9an: Pako Belmonte eta Maria Zaloña konpateroek (Javierren irakurleen ezizena) lagundu ninduten Ateneu Barcelonès-eko Tertúlia Borralleras-en. A ze tokia une honetan 4.000tik gora bazkide dituen Ateneua! Bernat Castany aritu zen gidatzaile lanetan eta bidea Felip Arterok zabaldu zidan. 30 bat lagun elkartu ginen.

Pakok idatziz utzi zuen kontatu nahi zuena: La magia permanente de Javier.

6.- Bigarren aurkezpena Bartzelonako Antinous liburu-dendan egin genuen. David Fernàndez ez zen iritsi (hegaldia atzeratu baitzen) eta Neus Tomàs kazetariarekin batera aritu nintzen. Aritz Galarraga eta Nacho Pato agurtzeko aukera izan nuen. Gustura geratu nintzen. 12 bat lagun bildu nituen bertan.

7.- Maiatzaren 10ean, goizean, Iñaki Urdanibiak idatzitako Javier Ortiz, la mirada insogne izeneko erreseina irakurtzeko aukera izan nuen.

8.- Gorka Bereziartuak liburua irakurri eta hauxe kaleratu zuen Argian duen blogean: Javier Ortiz, kazetari baten talentua eta ofizioa.

9.- Harri Fernández-ek ere elkarrizketatu ninduen astean zehar eta “Javier Ortiz tuvo la capacidad de convertirse en un clásico” argitaratu zuen Noticias de Gipuzkoan. Argazkilaria Iker Azurmendi izan zen.

Euskal Herriruntz. #JORperiodista @jortiznet pic.twitter.com/z1sh22TqMW

— Mikel Iturria (@iturri) 2019(e)ko maiatzaren 10(a)

10.- Nerea Lizarralderekin ere egon nintzen Artikutza tabernan. Argazki ganberroa berea da eta Irutxuloko Hitzan hauxe agertu zen: «Javier Ortiz irakurriz konturatzen zara zenbat egin dugun atzera».

11.- Maiatzaren 10ean Egia Kultur Etxean bizitutakoa barru-barruan daukat oraindik eta ez dakit zer esan. 100 lagun elkartu ginen eta a ze nolakoak! Love of 74 adiskideak hauxe idatzi zuen: Yo he venido aquí a hablar de su libro. Datozen egunetan bideoa ikusgai egongo da.

Tobacco Days liburu dendako Ines Garcia egon zen saltzaile lanetan eta 45 ale saldu zituela esan zidan. Poz-pozik biak.

Hurrengo egunean, maiatzaren 11n, ere beste hainbeste lagun torturari buruzko adituen hitzak entzuten eta antzezlana ikusten.

Bi egunetako bideoak hemen daude: Javier Ortizen omenaldia Donostian.

Esta tarde he tenido la oportunidad de escuchar a Paco Etxeberria, a Laura Pego y a Jorge del Cura sobre la tortura, guiados por @DaniAlvarezEiTB. Muchas gracias por la labor que estáis haciendo. Y como colofón, he podido ver “José K, torturado”. Mila esker @iturri pic.twitter.com/AG2CrYwxFc

— Maria Jauregi (@MJauregiLasa) 2019(e)ko maiatzaren 11(a)

12.- Beñat Zaldua Garako kazetariak ere idatzi zuen erreseina periodikoan: Ser periodista y poder seguir mirándose al espejo (ordainpekoa da).

.@iturri, @jklakasta y @anucita sobre Javier Ortiz. pic.twitter.com/ftj3TMVrwA

— katakrak · liburuak (@katakrak54) 2019(e)ko maiatzaren 15(a)

13.- Katakrak-en ez zuen Xirimiri I.ak jokatu. Aldiz, eguzkia, Pedro Sánchez, Pablo Iglesias eta Alberto Garzón denak gure kontra. Halere, 15 bat lagun animatu ziren Juan Kruz Lakasta eta Ruth Pérez Anucitak esan beharrekoak entzutera. Audioa entzugai Katakrak-eko webgunean: Soundcloud lotura.

14.- Maiatzaren 22an, goizeko 11ak aldera, El racó de pensar-en egongo naiz. Astero ordu erdiko atal hau egiten dute Mònica Terribasen El matí de Catalunya Ràdion. David Fernàndez hamabostean behin aritzen da bertan eta gonbidapena luzatu dio nire prentsa departamentuari. Hau da, niri ;-). Audioa entzungai jada.

15.- Salvador López Arnal elkarrizketa egin zidan Rebelión-entzat.

Birak ekainean izango du jarraipena.

Argazki batzuk beheko loturan ikusgai. Ikusten dena Egian atera zuen Juan González Andrés-ek.

«Javier Ortiz, talento y oficio de un periodista»: historias de mayo (este apunte en castellano).

Javier Ortiz: talentua eta ofizioa

Agur, Tia Sabina

Mikel Iturria 2019/05/07 22:20
90 urte zituela hil zen nire aitaren arreba. Ostiralean izan zen, maiatzaren 3an.

Proba batzuk egin behar zizkioten izebari pasa den ostiralean. Makalduta zebilen eta egoera korapilatu egin zen. Txori bat bezala hil zen arratsaldeko 16:00ak aldera.

Bera zen aitaren aldetik bizirik gelditzen zen izeba bakarra. Aurretik joan ziren Josetxo, Agustin, Joxepa eta Angel (aita).

Aldaka puskatu zuen azaroan. Betikoa: ez dago garbi puskatu eta erori ote zen edota erori eta hautsi ote zitzaion. Gauzak konplikatu diren bezala, lehen aukera dirudi.

Otsailaren 23an egon nintzen azken aldiz bere etxean. Amarekin joan nintzen. Beraiek beren gauzetaz aritzen ziren bitartean, lehengusu zaharrarekin solasean ni.

Halako batean, niri begiratzeko esan nien biei eta erretratu hau atera.

Tia Sabina eta nire ama

Izebari erakutsi nion eta zera esan zidan: «Jesus! ¡Qué pinta de atsua tengo!»

Ama eskuinekoa da eta jada hiru hilabete joanak ziren izeba aldaka puskatu zuenetik. Bizirik ikusi nuen azken aldia izan zen.

Ezin izan nuen hileta-elizkizunera hurbildu. Baina txikitako apaizak zioena bete zen. Don Inaziok askotan esaten zigun: «egunen batean, hemen apaiz beltza ikusiko duzue». Afrikakoa ei da. Esan didatenez, Tanzaniakoa.

Ruper Ordorikak musikatutako Tomellosoko poeta baten kantua jarriko diot agur moduan. Poeta Dionisio Cañas da eta poemaren jatorrizko izenburua «Cerca del cielo no se vive bien». Euskaraz, «Zerutik gertu ez da ondo egoten». Lurrean etzanda diskoan agertu zen.

Gugan bego, Tia Sabina.

Agur, Tía Sabina. Este apunte en castellano.

Menpekotasuna «dastatzen»

Mikel Iturria 2019/05/01 21:11
Gertuko pertsona bati idatzi nion duela bizpahiru aste. Ez zuen mezua erantzun. Harritu ninduen, baina pentsatu nuen laguna oporretan zela. Astelehen arratsaldean telefonoz hots egin nion. Ospitalean zegoen.

Azken hilabete hauetan gertatutakoak laburbildu zizkidan. Izorratuta zegoela, baina animoz ondo. Bisitak jasotzeko prest.

Autoa hartu eta Donostia Ospitalera igo nintzen.

Etzanda zegoen ohean, umoretsu. Proba batzuk egin eta emaitzen zain. Horren ondorioz, gorputzaren zati bat immobilizatuta zuen, egindako proba baten zehar kaltea.

Bistarekin ere arazoak zituen eta irakurtzeko zailtasunak. Horrek gehiago izorratzen zuen, irakurle porrokatua baita.

Telefonoz esan zizkidan bi gauza ditut buruan iltzatuta:

«Denok bizi beharko genuke menpeko bolada batez. Jakiteko egoera hori zer den. Pazientzia lantzeko ariketa bikaina da, besteak beste»

(...)

«Hasiera batean pentsatu nuen zergatik tokatu zait hau niri? Baina gaizki egindako galdera zen: zergatik ez zait horrelakorik tokatu behar ba niri?»

Adinean aurrera joana da adiskidea eta orain arte, zorionez, osasuntsu bizi izan da. Aitortu zidan ez zekiela zer zen benetako buruko min bat.

Gelan berarekin eta hura bisitatzera joandako pertsona batekin egon nintzen. Gero, gurpildun aulkia hartu eta buelta bat eman genuen bertako korridoreetan barna; azkenik, behera lagundu ninduten biek.

Bidean bezperako hauteskundeei buruz aritu ginen. 2001ko maiatzeko hauteskunde haiek (Ibarretxe vs Mayor Oreja & Redondo Terreros) ekarri genituen gogora.

Aldez aurretik, antzeko pentsamendua izan zuela berak. Hau da, ez zegoela hainbeste fatxa Espainian eta, zorionez, emaitzek hori berretsi zutela. Ultraeskuinaren aurkako erreakzioa gailendu zela.

Ez genuen askoz gehiago hitz egin horri buruz.

Kanpora atera ginen eta eguzkitan egon nahi zuen goxo-goxo bost minutuz bazen ere.

Hantxe utzi nuen zaintzailearekin.

Menpeko.

«Disfrutando» de la dependencia, este apunte en castellano

Ortizen izen ona

Mikel Iturria 2019/04/23 21:35
Hilabete honetako bi pasadizo jarraian.

Baga

Duela egun batzuk Alejandrorekin egin nuen topo auzoan. Ni etxerako bidean, bera ere bai. Galdetu zidan ea nola zihoazen liburuaren kontuak eta hainbat xehetasun eman nizkion.

Berak, berriz, gauza bitxi bat kontatu zidan. Etxean 1500 aleko liburutegi xumea (bere hitzetan) duela. Garai batean, gustuko zuela periodikoetako errekorteak hartu eta orrizain gisa erabiltzea.

Ba Alejandrok esan zidan Javier Ortizen 30en bat zutabe dituela beste hainbeste liburutan. Eta liburu horiek zabaltzerakoan, berrirakurtzen dituela Javierren artikuluak.

Bitxia bezain polita iruditu zitzaidan.

Biga

Pasa den asteazkenean Noticias de Gipuzkoa egunkarira hurbildu nintzen (etxetik 50 metrora baitago sarbidea). Hainbat lagunarekin egon nintzen eta tartean Eduardo Iribarren zuzendaria.

Eduardok kontatu zidan Juanma Molinero lankideak 2006ko maiatzean aholkua eskatu ziola Ortizi jakiteko nola idatzi editorialak (Noticias de Gipuzkoa 2005eko irailean sortutako egunkaria da eta, beraz, hilabete batzuk zeramatzan soilik kioskoetan). Lau puntu bidali zizkion Molinerori eta paperean zuen kopia Eduardok, mahaiaren albo batean, ondo gordeta.

Mezua ikusi nahi izanez gero, hemen duzue: Notas para escribir editoriales.

El prestigio de Javier, este apunte en castellano.

Javier Ortizen oharra / nota de Javier Ortiz

«Javier Ortiz, talento y oficio de un periodista»: maiatza eta ekaineko aurkezpenak

Mikel Iturria 2019/04/15 19:00
Javier Ortizen urtebetetze egunean liburuari buruzko hainbat xehetasun aurreratu genituen eta gaur esan dezakegu salgai dagoela jada eta noiz eta non egongo garen berau aurkezten maiatza eta ekainean zehar.

Liburuaren titulua «Javier Ortiz, talento y oficio de un periodista» da eta Akal argitaletxeak kaleratu du Foca Ediciones zigiluaren bidez, Jesús Espinori esker. 760 aleko tirada egin da eta bakoitza 19 eurotan jarriko da salgai. Nik egin dut testu aukeraketa eta Garbiñe Biurrun, David Fernàndez eta Isaac Rosak idatzitako Ortizen profil banak osatzen dute lana.

Garai bateko ETBko Pásalo programako aurkezleetako batek, Adela Gonzálezek, Ortizek bertan marraztutako hainbat biñeta jaso, bildu eta familiari bidali zizkigun. Horietako marrazki batzuk aukeratu ditugu libururako.

Era berean, Ricardo y Nacho bikoteak Javier hil zenean egindako ilustrazioa ageri da.  Webguneko azalean dagoena da.

Aurkezpen bira bat egingo dugu, batez ere, liburu-dendetan, aldarrikatu beharreko tokiak direlako. Donostiako omenaldia kultur etxe batean egingo dugu (ez ahaztu inoiz gertuko ekipamendu publikoen sarea: kultur etxeak, liburutegiak...) eta lehen ekitaldia Bartzelonako ateneo batean izango da.

Lurraldeak eta gertuko sare fisiko horiez gain, gustatuko litzaidake azpimarratzea liburu hau Internetek egin duela posible; hain zuzen ere, la Patera posta zerrendak, 2000ko iraila eta 2004ko apirila bitartean Ortizen inguruan sortutako irakurle komunitatea batu zuena. Internet eta bizitza ulertzeko aldarrikapena da, beraz.

Ni neu, Mikel Iturria, mahaian egongo naiz aurkezpen guztietan, maiatzaren 11ko ekitaldietan izan ezik, egun horretakoek ez baitute liburuarekin harreman zuzenik. Baina ez naiz bakarrik egongo: hainbat lagun izango ditut bidaide.

BARTZELONA

DONOSTIA

Donostia Kulturaren laguntzaz, maiatzaren 10ean eta 11n kazetariaren jaioterrian omenaldi bat antolatu dugu, Egia Kultur Etxean. Jarri diogun izenburua: Javier Ortiz, 10 urte Jamaikatik idazten.

Maiatzaren 24ko eguneratzea: Donostiako omenaldiko bideoak.

IRUÑEA

Maiatzaren 15ean, 19:00etan, Iruñeko Katakrakera goaz. Bertan Juan Kruz Lakasta eta Ruth Perez de Anucitarekin batera.

VALENTZIA

Ekainaren 4an, 19:00etan, Valentziako Bartleby Liburu-dendan egongo gara. Gurekin    José de Lamo konpateroa (*) eta Noa de la Torre egongo dira.

ALACANT

Ekainaren 6an, 20:15ean, Alacant-eko 80 Mundos Liburu-dendan egongo gara Mariano Sánchez Soler eta Eduard Aguilar bikoaren laguntzarekin.

MADRIL

Ekainaren 7an Madrilen egongo gara: Traficantes de Sueñosen dugu hitzordua  19:00etan. Isaac Rosa eta Jesús Espinorekin batera.

IRUN

BERRIA! Ekainaren 13an etxean aurkeztuko dut, Irunen: Brönte liburu-dendan iluntzeko 19:30ean. Nirekin batera egongo dira Iñaki Urdanibia eta Nerea Lizarralde.

BILBO

Ekainaren 14an, berriz, Bilbon egongo gara: Cámara liburu-dendan 19:30ean. Javier Vizcaíno eta Garbiñe Biurrun bikoak lagunduko gaitu.

SANTANDER

Azkenik, ekainaren 22an aurkezpena Santander aldean izango da, 19:30ean, La Voráginen. Paco Nadal anfitrioiarekin batera, Patri Manrique eta Javier Lezaola egongo dira bertan.

Hasieran esan bezala, hauxe da maiatza-ekaina bitarteko bira. Seguruenik, izen gehiago batuko zaizkigu eta aipatuko ditut. Udarako eta udazkenerako gonbidapen bana jaso dugu jada. Gurekin (nire posta elektronikoa dago bertan).

Biran elkar ikusiko dugulakoan, biba zuek!

* Konpateroa da La Patera posta zerrendako kideen artean erabiltzen genuen izenetako bat.

«Javier Ortiz, talento y oficio de un periodista»: presentaciones en mayo y junio, este apunte en castellano.

Maiatzaren 19ko eguneratzea: maiatzeko kronikak.

Tortura: Ion Arretxeren kontakizuna

Mikel Iturria 2019/04/07 11:20
Aste honetan Ion Arretxeren «Intxaurrondo, la sombra del nogal» liburua irakurri dut.

Tortura: lo que cuenta Ion Arretxe, este apunte en castellano.

Gasteizko parlamentuak onetsitako Polizia-abusuen legeak zeresan gehiago eman du bertan egondako zirkuagatik legeak berak esaten duenagatik baino. Ikusiko dugu zer nolako ibilbidea duen, Nafarroakoa Konstituzionalak atzera bota baitzuen.

Honek guztiak Ion Arretxeren «Intxaurrondo, la sombra del nogal» liburua irakurtzen harrapatu nau.

2015ekoa bada ere, garai hartan ez nuen sentitu liburuaren deiadarra. Orain, aldiz, irakurtzeko beharra nuen eta, egia esateko, latza izan da inpresioa.

Gehienok ezagutzen duzue Ion Arretxe, baina bi lerrotan laburbildu dezagun zergatik egin zen ezagun(ago): 1985ko azaroan, 21 urte zituenean, Guardia Zibila gauez etxean sartu eta atxilotuta eraman zuten Intxaurrondora. Lehendik inguruko ibai batera eraman zuten bertako ura dastatzera. Gorriak ikusiko zituen bidaia hasi berri zuen Arretxek.

Operazio berean beste hiru pertsona atxilotu zituzten. Horietako bat, Mikel Zabalza, hil egin zen (judizialki ezin esan "hil egin zuten"; baina denok badakigu zer gertatu zen). Haren andregaia, Idoia Aierbe, 2018ko abenduan zendu da.

30 urte behar izan zituen Arretxek 1985ean gertatutakoa liburu bihurtzeko.

Duela aste batzuk, aditu batek esan zidan erreparatzeko Intxaurrondoko gauetan guardia zibil batekin izandako elkarrizketen pasarteei. Arretxek dio guardia zibil horren betebeharra atxilotua esna mantentzea zela (aingeru guardakoa argotean). Ez zuen kolpatzen, berarekin hitz egiten zuen (neskei buruz, adibidez) eta saiatzen zen Ionen eskakizunak betetzen: xake taula bat, paper muturren bat eta hura margotzeko materiala, freskagarri edo kaferen bat eta abar.

Gaua horrela pasa ondoren, goizeko txandan sartzen ziren galdeketekin jarraitzen zutenak.

Bitxia da Arretxek kontatzeko erabilitako teknika: ez du dena ildo jarrai batean adierazten, garai bateko bestelako kontu batzuk tartekatzen baititu. Hau da, ildo nagusia Intxaurrondon eta Madrilen pasatako egunak dira, baina tartean bere lagunei buruz aritzen da, Errenteriako talde punkiei buruzko gauzak (Odio, Basura, Los Rumberos de Astigarraga... baina baita Aguraingo La Polla ere), heroinak bere inguruan egindako kalteak eta abar.

Etenak dituen kontakizun horrek hasiera batean deskolokatu egin ninduen, baina gero puntua harrapatu eta ohitu egin nintzen. Hori bai, kontrastean, epilogoko hari jarraituak hartzen duen indarra are izugarriagoa da.

Egonaldiko egun haietako batean, Galindoren bisita ez oso atsegina izan zuen: barrabiletatik heldu eta kolaboratzeko eskatu zion. Gogoratu behar da jenerala, Lasa eta Zabalaren hilketan inplikatua egoteagatik GALeko kide gisa, 71 urteko kartzela zigorrera kondenatua izan zela 2000. urtean. 2004ko udazkenean atera zen kartzelatik arritmia bat zela medio. Geroztik etxean dago.

Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, 2017ko abenduaren amaieran aurkeztu zuen Kriminologiaren Euskal Institutuak 1960-2014 urteen artean, Euskal Herrian torturaren eta tratu txarren inbestigazio proposamena (400dik gorako pdf lotura da). Laburpen exekutiboa 12 orrialdekoa da (pdf lotura hau ere). Paco Etxeberria, Carlos Martín Beristain eta Laura Pegok osatutako hirukoteak koordinatutako lanean, hainbat arlotako 55 profesionalek hartu zuten parte. 

Txostenak 4113 kasu zehazten ditu. Horiek dira denak? Ez. Adituek diote benetako kasuak bider 4 edo 5 biderkatu behar direla. Beraz, kopuru potoloak dira esku artean ditugunak.

Hau guztiau kontatzen dut, maiatzaren 11n, Donostiako Egia Kultur Etxean «José K, torturado» antzezlana taularatuko duelako Iván Hermes aktoreak iluntzeko 20:00etan. Javier Ortizek idatzitako testu bat du oinarri Carles Alfaro zuzendariak bigarren aldiz muntatutako antzezlanak.

Egunean bertan, antzezlanaren aurretik, torturari buruzko mahai-inguru bat antolatu da. Datozen egunetan emango dira xehetasun gehiago.

Bitartean entzun dezagun 2017ko martxoan hildako Ion Arretxeren testigantza hau Mikel Zabalzaren omenezko ekitaldi batean.

ETAk min handia egin dio herri honi, baina beraiek ez dute indarkeriaren monopolioa izan.

Bideoa: Theklan.

Kazetaritza eta boterea

Mikel Iturria 2019/03/31 10:20
Badirudi David Jiménez kazetariak argitaratuko duen liburuak hautsak harrotuko dituela. Madrilen hasi eta Gipuzkoan amaitzen den apuntea atera zait.

Wikipediaren arabera, David Jiménez 1990eko hamarkadaren erdialdean hasi zen bekadun moduan El Mundo egunkarian eta 1998an joan zen Asiara, periodikoarentzat korrespontsal gisa aritzera.

Handik bueltan, 2015eko apiriletik 2016ko maiatza bitartean, El Mundoko zuzendaria izan zen. Pedro J. Ramírez fundatzailea eta Casimiro García-Abadilloren ondoren eman zioten zuzendaritza Jiménezi.

Arraroa egin zitzaidan erredakzioan hain gutxi egondako bera bezalako kazetari bat hain egoera aldrebesean zegoen egunkariko zuzendari egitea.

Esan bezala, urtebete iraun zuen karguan, ondoren Pedro García Cuartangok hartu zuen lekukoa eta gero Francisco Rosell aukeratu zuten. Honek ez du oraingoz profilik Wikipedian eta ez dakit zenbat iraungo duen aulki elektrikoan.

Buelta gaitezen David Jiménezengana. A priori, zeresana emango duen liburua idatzi du, El director, Libros del K.O. argitaletxeak apirilaren 8an plazaratuko duena.

Aste honetan bertan aurrerapen bat agertu da El Confidencial agerkarian: Comprar un periodista no es posible, pero del alquiler podemos hablar (ezinezkoa da kazetari bat erostea, baina alokairuari buruz hitz egin dezakegu).

Argitaletxeak dio erredakzioko bizitza azaltzeaz gain, boterearekin izandako talkak kontatzen dituela.

Adibide moduan paragrafo hau kopiatuko dut hemen:

«Empecé a padecer el incordio de las llamadas de la élite económica del país, porque una vez te conocían podías estar seguro de que llamarían. Sus peticiones me parecieron bastante inocentes al principio. Borja Prado, el presidente de Endesa, de quien me habían advertido que era clave en mi supervivencia porque era «el hombre de los italianos en España», llamaba para pedir ser incluido en 'Vox Populi', la sección de las páginas de Opinión en la que sacábamos una foto tamaño carnet de personajes del día, con una flecha para arriba o abajo y un comentario elogioso o crítico sobre algo que hubieran hecho.»

Gerturatu dezagun fokua. Bitan egon naiz Donostiako Hipodromoan zaldi lasterketak ikusten. Horietako batean, etxerako bidean jada, eskaileretatik behera jendea ateratzeko zain, nire aurrean zegoen Gipuzkoako enpresa munduan ardura potoloak izandako pertsona bat. DVn negritak idazten dituen Joti Díaz kazetariarekin solasean ari zen. Burua biratu eta nire azpian zegoen emazteari pozarren tonu naifean zera esan zion: «Biloben izenak eskatu dizkit! (...) Bai, biharko kronikan jartzeko».

Horrelakoak gara gu. Horrelakoak dira beraiek ere.

Bitan jarrai

DV aipatzen dudala, ostegunean irakurri nuen Alberto Moyanoren kronika Foru Aldundian merezitako omenaldia jaso zuelako Raúl Guerra Garrido idazleak.

Artikulua irakurri eta argazkiak ikusi ondoren, konturatu nintzen Gipuzkoako EAJren kargu instituzionalik ez zegoela (memoriaz ari naiz). Soilik Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzaren izenean.

Ez dakit zer egon den tartean, baina hutsuneak nabarmenak ziren.

Larunbatean, goizeko kafea hartzen nuen bitartean, Noticias de Gipuzkoan «Gipuzkoa está más fortalecida» artikuluarekin egin nuen topo. Argazki oinari erreparatu nion:

Markel Olano y su equipo de gobierno (sic)

Bai, badakit albistea aurre-kanpainan kokatu beharra dagoela, baina esanguratsua egin zitzaidan «junto a su equipo de gobierno» esaldia.

Hau da, diputatu sozialistak ez daudela bere gobernu taldean.

Periodismo y poder, este apunte en castellano.

Apirilaren 1eko oharra: atzoko DVn Alberto Moyanok berak aipagai Guerra Garridoren omenaldi eguneko absentziak. EAJz gain, EH Bildurena ere apuntatzen du berak.

Etxegabetzeak Donostian

Mikel Iturria 2019/03/24 16:00
Sara Mesaren liburuxka bat irakurri nuen asteburuan. Etxerik gabeko Sevillako hogeitaka urteko emakume bat lagundu nahian bizitutako labirintoa kontatzen du idazleak. Aste honetan bertan Stop Kaleratzeak plataformak etxegabetze prozesu bat gelditu du Donostian.

Desahucios en San Sebastián, este apunte en castellano.

Etxerik gabekoak

Beti esan dut eskaleekin topo egiten duzunean zaila dela zer egin jakitea: txanpon batzuk botatzen badiezu, gaizki; ezer egin eta esan gabe pasatzen bazara, okerrago.

Udazken eta negu honetan askotan egin dut topo pertsona batekin Caixabank-ek auzoan duen kutxazain batean. Behin esan zidanaren arabera, urtebete baino gehiago zeraman kalean lotan.

Auzotik kanpo, erdialdean ere ikusi izan dut, beti bakarrik. Itxuraz sasoiko dago gizonezkoa, baina aterpe ezak asko izorratzen du pertsona eta auskalo nola dagoen benetan.

Aintzat hartzekoa iruditzen zait banketxeen mundu honetan kategoriak daudela eta, adibidez, Kutxabank-ek kutxazainak dituen espazioak itxi egiten dituela automatikoki gaueko 22:00ak edo 23:00ak aldera eta bertan ezin dela inor lotan geratu.

Urrian San Franciscon pasa nituen egun batzuk eta hainbeste etxegabeko pertsonekin egunero gurutzatzeak asko markatu ninduen.

Pasa den asteburuan Sara Mesa idazlearen Silencio administrativo. La pobreza en el laberinto burocrático liburuxka irakurri dut. Etxerik gabeko Sevillako hogeitaka urteko emakume bat lagundu nahian bizitutako labirintoa kontatzen du idazleak eta haren irakurketa gomendatzen dizuet. Argi eta garbi gelditzen baita gauza bat dela legeriak aipatzen dituen eskubideak eta beste bat erabat desberdina horren benetako aitortza (ekonomikoa, adibidez).

Sara Mesak berak El Paíseko Pobreza: Silencio administrativo artikuluan laburbiltzen du egoera.

Etxegabetzeak

Gehienok jakingo duzue 2019ko Donostiako Urrezko Danborra Rosa Garciari eman zitzaiola, Donostiako eta Gipuzkoako Stop Kaleratzeak elkarteko kideari.

Gogoratu behar da Donostia "etxegabetzerik gabeko hiria" dela 2015eko irailetik eta, horren ondorioz, fede oneko zordunen kasuan Udalak bitartekari izatera behartuta dagoela banketxe eta inbertsio funtsen aurrean.

Aste honetan plataformak egindako zaratagatik, besteak beste, geldiarazi dute Txomin, Bea eta bi seme-alaben etxegabetzea Benta Berrin.

Kafe bat hartzen ari ginela kontatu zidan zerbait, erdi ahopeka, Txominek asteartean. Periodikoren bat irakurtzen nengoen eta ez nion kasu handirik egin.

Handik bi egunera, berriz, hara non ikusten dudan argazki hau. Bea da ezkerrean eserita dagoena, Rosa Garciaren alboan. Txomin, berriz, atzealdean ageri da, arbola atzean duen gizon handi hori.

Argazkia: Irati Salsamendi (Irutxuloko Hitza)

Argazkia: Irati Salsamendi (Irutxuloko Hitza)

Bi paragrafo arazoa laburbiltzeko Irutxuloko Hitzatik hartuak:

"Plataformak jakinarazi duenez, familiak ezin izan zien aurre egin alokairuaren 778,02 euroko bost kuotari 2018an, izan ere, aita bajan egon da sei hilabetez, soldataren %60a kobratzen, eta kaleratu egin dute".

(...)

"Familiaren etxearen eta Benta Berriko babes ofizialeko beste hainbat etxeren azalera eskubidea Metrovacesa eta Vallhermoso promotoreei eman zien 90eko hamarkadan Eusko Jaurlaritzak, 75 urterako. 2016an Santander, BBVA, Caixa eta antzeko bankuen aktiboak kudeatzen dituen Testa Residencial-Socimi enpresarekin fusionatu ziren. Egun, Testa Residencial-Socimiren inbertitzaile nagusia Blackstone putre funtsa dela azaldu dute".

400dik gora etxebizitza omen ditu enpresa honek auzoan eta 2028tik aurrera arazoa handitu daiteke alokairuaren prezioa finkatzeko orduan amaituko baita Jaurlaritzak egiten dute tasatzaile lana, urbanizazio honi dagokionez. Plataforma beldur da muga hori gabe gora egitea prezioek.

Askori okurritzen zaigun galdera da nola buka dezakeen hainbeste etxebizitza publikoen kudeaketak putre funtsa baten esku.

Apirilaren 1eko oharra: erreportaje majoa Jorge Napalek Noticias de Gipuzkoan, Los buitres sobrevuelan Benta Berri.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter