Koldo Izagirre Santutxun (Bilbo)
Gaur, 20:00etan, Koldo Izagirre izango dugu Santutxun, Sua nahi, Mr. Churchill? (Susa) narrazio-bildumari buruz berbetan.
Egilearekin lau berba egiteko aukera paregabea eta Bilbo inguruan literaturaz gozatzeko modu ezin hobea.
Ordua: 20:00
Lekua: AEKren euskaltegia, Txurdinagan
Kalea: Arbidea 21
Galdu barik heltzeko mapa eta argibideak:
(Hurbildu mapa + teklari emanez, edo urrundu - teklarekin. Egin klik txintxeten gainean, Irakurlearen Tartera heltzeko jarraitu behar duzun ibilbidea ikusteko)
Metroz joanez gero, irten Santutxun, Zabalbideko irteeratik. Kalean gora egin, errepide nagusira heldu arte. Errepidea zeharkatu (goian, zebrabidea; behean, lurpeko pasagunea), eskailera batzuk igo eta Txurdinagan agertuko zarete. Lehenengo kalea eskumatarantz hartu, aldats behera. Hantxe bertan dago, parke baten ondoan, AEKren euskaltegia.
Plazako oroitzapen urduriak
Josu Martinez Olegarioa ehun eta bi saltsatan sartuta dabil, ez baita alferrik ikus-entzunezkoetako ikasle, akordeoi-jole promesa, gitarra-jole hertziano, larrujolearen semen, bertsolari ohi, idazle nagi, Santutxuko gazte (zinez diot hori lan nekeza dela, gauzak dauden moduan egonda), jotica-kantari porrokatu, blogari arrakastatsu eta kazetari udatiarra. Eta, gainera, astelehenero edo ia, bertsolaritzari buruzko artikuluak argitaratzen ditu Gararen azken orrian.
San Silbestre egunean deitu zidan, urtarrilaren 2ko alerako artikulua behar zuela eta ea elkarrizketa bat egingo zidan, ni ere gaztetan ibili bainintzen bertso-saltsan sartuta, hori larregitan aipatzen ez badut ere.
Artikulua idatzi zuen, beraz, eta hemen jarriko dut gaur. Espazio faltagatik, bertsolaritzaren historiarentzat batere garrantzitsuak ez diren baina nire oroitzapenerako ederrak diren mila kontu geratu ziren sartu gabe, baina berdin dio: ze bertsolari eskasa nintzen ikusteko ez da hau baino askoz ere artikulu luzeagoa behar.
Soil-soilik gauzatxo bat: elkarrizketan kabitu ezinda geratu ziren izen batzuk gogoratu nahi nituzke, nirekin egin zuten lanaren esker onean. Eta zerrenda horretan daude, artikuluan aipatutakoez gain, Anizeto Ajuriagogeaskoa, Jon Enbeita, Kepa Urrutikoetxea, Unai Ormaetxea eta Mikel Urdangarin. Lehenengo hirurak, irakasle izan nituelako; azken biak, Arkaitz Estiballesekin batera, nirekin ibili zirelako egin nituen plazarik handienetan (uler bedi: 50 bat entzule).
Hemen, bada, artikulua:
--------------
Sasoi batean plazaz plaza ibili zen Galdakaoko idazlea, Arkaitz Estiballes bertso-lagun zuela
Julen Gabiria: «Ekilibristak dira bertsolariak. Beti soka gainean dantzan»
Hiru minuturoko maiztasunaz Julen Gabiriak buruaz ezetz egin eta hala dio elkarrizketak iraun bitartean, «baina nik oso txarto pasatzen nuen oholtza gainean, nik banekien momenturo noraino hel nintekeen bertsotan eta ez zen urrunegi». Esaldia bukatuta ordea, hiru minutuko maiztasunaz begiak apur bat itxi eta ahaztu izan balitzaio bezala eransten du, «Izan ere ekilibristak dira bertsolariak, beti soka hauskor baten gainean dantzan dabiltza, batzutan poesiatik gertu eta besteetan ostioietik. Beti arriskuan».
Izan ere, idazle izan aurretik bertsotan aritu zen hainbat urtez Julen. «Nik hamar bat urte nituenean Jon Lopategi ikastolara etortzean sartu nintzen lehenengoz bertso munduan».
Giro hartan murgilduta, denborarekin bat-bateko saioak etorri zitzaizkion galdakaoztarrari eta honezkero hiru minutu pasa direnez hala adierazi du, «Nik ordea, oso txarto pasatzen nuen jendaurrean. Erraldoia iruditzen zitzaidan Markinako plazan egindako saio baten imajina bat daukat gogoan adibidez. Aritz Lopategi zebilen kantuan eta ni haren atzean eserita, hankak dardarka. Haren bertso itzelen ostean zer esan behar nuen ba nik?».
Oroitzapen politak ere gordetzen ditu hala ere, «Kanpantxuko barnetegira joan ginen behin, nik hamahiru bat urte nituela. Han zeuden Aritz Lopategi, Igor Elortza, Unai Iturriaga Holako jende abilaren artean pribilegiatua sentitzen nintzen ni, baina behatzaile pribilegiatua, ez bertsolaria. Bada, gogoan dut puntuka zebiltzala denak "ai" errimarekin. Batek "bai" esango zuen, hurrengoak "alai" . Ni taldetik aparte nenbilen, neure rollora. Orduan, kantuan zebilen bat trabatuta gelditu zen eta nik bazterretik "bonsai" bota nuen. Ez zait ahaztuko artean txiki txikia zen Igorren aurpegia, "tipo hau jenio bat da" zioen begirada harritu bat bota zidan behetik gora».
Beste hiru minutu pasa dira eta berriro tokatzen da, «Baina nik banekien noraino hel nintekeen» esan du idazleak. Horregatik, Jon Lopategik txapelketa garrantzitsu batera aurkeztera animatu zuenean, Julenek ezezkoa eman zion. Ordutik aurrera, inguruko herrietako saioetara, ekitaldi politikoetara eta omenaldietara mugatu zen bere bertso jarduna, ia beti Arkaitz Estiballes lagun zuela.
Egun baten ordea, Julen nekatu egin zen eta oraindik oso gazte zela, jendaurrean kantatzeari utzi zion. «Ongietorri, euskararen aldeko ekitaldi eta abar errutinarioek asko erretzen badute, ni batez ere nerbioek erre ninduten. Eta horren sakoneko arrazoia pentsatzen hasita, perfekzio nahia da, bertsotan nik ezin nuen perfekzio puntu hori lortu eta horregatik hasi nintzen bertso idatziak idazten eta beranduago, errima eta doinua ahaztuta, neurri bako testuak egitera, literatura egitera».
Geroztik, bertso jarriak idatzi izan ditu eta Bertso Eskolako irakasle ere izan da. «Baina ni, batez ere bertsozalea naiz», azaldu du. Esate baterako, 1997ko Txapelketa Nagusian saio guztietarako bonoa erosi eta ez omen zuen bat ere galdu, «Larunbatean saioa Getxon bazegoen eta biharamunean Iruñean, batetik bestera zuzenean nindoan, kotxean lo eginda».
Oraindik ere sufritzen omen du besteak bertsotan aditzean, «Perfekzio nahi hori da oso txarto pasatzen dut», errepikatu du buruaz ezetz eginez. Esaldia bukatuta ordea, apur bat begiak itxi eta ahaztu izan balitzaio bezala erantsi du, «Izan ere ekilibristak dira bertsolariak, beti soka hauskor baten gainean dantzan, batzutan poesiatik gertu eta besteetan ostioietik. Beti arriskuan».
Josu MARTINEZ
Lizardi, beste bat zulora
Aritzak, liburu-dendei buruzko informazioan dudan Eztarri Sakonak, abisua pasatu dit: Deustuko Lizardi liburu-denda gaur zarratuko dute. Verdesen itxieraren berri ere berak eman zidan, bide batez esateko.
Atzo arrastian pasatu nintzen handik eta bai, gaur dute azken eguna, eta igartzen zen: denda handia izanagatik, hustu samar zegoen, baina oraindik ere liburu interesgarriak han-hemenka. Batez ere, euskarazko liburu zaharrak eskuratzeko modua aurkituko duzue gaur joanez gero: Elkar argitaletxearen literatura sailaren hasierako edizio haiek, Erein aspaldikoak, Susa hasiberriak, Literatura Unibertsaleko aurrenekoak... oraindik ere perlak daude Lizardiko apaletan. Erdaretako literaturan, berriz, libururik onenak salduta daude, antza, baina eskuratzeko moduko ale eder batzuk geratzen dira oraindik.
Eztarri Sakonak esan didanez, iturri ona baita Aritza, arrazoi nagusi bi egon dira dendak pertsiana jaisteko: batetik, lokalaren jabeak alokairua dezente igo du eta dendaren arduradunek ezin izan dute kopuru hori ordaindu; bestetik, testu-liburuen denboraldia ez omen da ona izan, Lizardi ezin izan delako lehiatu prezio merkeagoak eskaintzen dituzten merkataritza gune handiekin.
Baina iruditzen zait beste zerbaitek ere huts egin duela, eta bitxia da: Lizardi nahiko leku onean dago kokatuta, Deustuko Unibertsitatetik oso gertu, baina hango ikasle euskaldun gehienek ezagutu ere ez dute egiten, eta ez euren erruz hain zuzen. Iruditzen zait Lizardikoek ez dutela asmatu euren burua saltzen eta garai berrietara egokitzen, esate baterako, unibertsitateko ikasleentzako erakargarria izan zitekeen materialean espezializatuz. Ez espezializazioan ez euren buruei buruzko irudia saltzeko orduan, Lizardik eta taldekide dituen Kirikiño eta Lauaxeta liburu-dendek ez dute asmatu, eta hor ere egon daiteke itxiera honen arrazoietako bat. Baina beharbada asko esatea da, eta ni (aitortzen dut) ezjakintasunetik ari naiz berbetan.
Edonola ere, arrazoiak arrazoi eta taktikak taktika, beste liburu-denda bat itxiko dute gaur, eta hori beti da esanguratsua, beti da zerbaiten adierazle, eta beti da galera kulturarentzat.
Joan nahi baduzue, Heliodoro de la Torre kalean dago. Hemen duzue mapa:
Cantalojas (I)
Badakizu ez zoazela paradisura, hori hasieratik dakizu. Baina seinaleak ikusten dituzu han eta hemen, eta alerta jartzen zaituzte, ohartarazi egiten zaituzte, "kontuz: paradisua". Bila ari zarenean, seinaleak nonahi agertzen dira. Ikusi nahi direnean, ikusten dira. Zabalburu plazatik hasita, lehenengo seinalea segituan agertzen da: El Paraíso izeneko arropa-denda handi eta zahar bat. Baina ez dakizu ze klasetako seinalea den: ez dakizu dendako kartela serio ari zaizun, ez dakizu gizakien koloreak nahastu eta errealitatea aurpegira botatzen dizun auzoa benetako paradisutzat daukan kartelak; ala broma beltza ote den, eta kartel horrek gorpuztu nahi ote duen sekula ezagutu ez duen zerbait, kobazuloetan mamutak pintatzen zituzten moduan, horrela erakarri egingo zituztelakoan. Ez dakizu erantzuna zein den, baina gaur broma beltzaren alde egingo zenuke.
Laster agertuko zaizu lehenengo denda afrikarra, Cantalojas zubira heldu baino lehen. Sustraituta bezala daude beltzak barruan, emakume bat aulkian jarrita eta neskato bat lurrean jolasten; haraxeago gizon bat, lurrean hura ere. Hirurak hantxe, hogei metro karratuko Afrika batean, kakahuete-zakuz inguratuta, izena jartzen ere asmatuko ez zenukeen fruten artean. Barruan usain bustia dago, euria lurraren arrakaletatik ihesean doanean bezalakoa, usain etsia. Egizu alde Afrikatik, gero Afrika txikiago batean eta lurrean jarrita amaitzeko. Etsipen horrek usainen bat sortu behar du derrigorrez: besapeena edo hankena, baina usainen bat derrigor. Nonbaiten irakurri nuen sustraietatik hurbilago sentitzearren jartzen direla afrikarrak lurrean, atzerrian daudenean.
Gero Cantalojas zubia dator, eta apur bat harago Linaje taberna izandakoa: izenak dioen moduan, garai batean etorritako langile espainiarren leinua, familia, askazia, sustraiak gogoratzeko sortu zen taberna hori. Metro batzuk harago, berriz, The roots taberna beltza, sustraiak berriz ere. Ez dira horiek izango herriminaren seinale bakarrak, seguru nago. Izan ere, sustraiak ez ahazteko inbentatu ziren emigranteak.
Idazleak hitzen sorreran
Urtzi Urrutikoetxeak elkarrizketa egin zion Ibon Sarasolari duela aste pare bat, Gararen Mugalari gehigarrian. Bide batez, eta ez naiz nekatuko hau eskatzen: noizko gehigarri horren edizio digitala, orain arte argitaratutako guztiekin? Elkarrizketak, Esti Ezkerraren artikuluak, Patxi Zubizarretaren hausnarketak, kritikak, Jimu Iturralderen azken orrikoak... gauza on larregi, ahanzturan galduta uzteko.
Hona hemen elkarrizketa hartan Ibon Sarasolak esandako gauza interesgarri batzuk, hitz berriak sortzean idazleek izan behar luketen garrantziaz:
"Nik argi eta garbi daukat, hitzak sortzeko okerrenak filologoak dira, hitzak idazleek sortu behar dituzte. Ez mahai batean bilduta, "ea hitz hau...", baizik eta idazten ari direnean, hitzak testuetan jaiotzen eta bizitzen dira, ez hiztegietan".
"Hitzen sorreran Akademiak ez du ezer pintatzen, hori idazleen lana da, idazten dutenean. Baina aukeratzerakoan ere idazleek egon behar dute. Ez idazleek bakarrik beharbada, filologoek esango dute hitzaren zuzentasunaz eta ez dakit zer, baina hitza ezin da zuzentasunaren arabera bakarrik hartu".
Eta gai hori lotzen du idazleek Euskaltzaindian duten presentzia faltarekin:
"Momentu honetan Euskaltzaindiak zerbait badin badauka faltan, idazleak ditu. Historian lehen aldiz, azken hogei urteetan ez ditu puntako idazleak (...). Gaur egun denok dakigu zein diren idazle onak, azken 10-20 urtean idazle horietako bakar bat ez dago Euskaltzaindian. Eta hori oso larria iruditzen zait. Azkenean akademia batek ezin ditu hitzak onartu alde literarioa kontuan hartu gabe, filologikoa bakarrik hartuta".
Angel Zelaieta, Arestiz haratago
Angel Zelaieta: «Behar beste hegan ez egin izanaren sentsazioa daukat»
Bilboko Zazpi Kaleetako etxean hartu gaitu Angel Zelaietak, egongela epelean. Liburuak, koadroak, argazkiak... zukua ondo ateratako bizitza baten testigantzak apaletan. Gabriel Arestiren laguna izan zelako eta haren biografiarik osatuena idatzi duelako ezagutzen du jende gehienak, baina "Txikitok" baditu beste mila kontu ere. Liburu lodietan ez kabitzeko modukoak. Hiru ordu pasatu ditugu berarekin, eta labur geratu gara.
Mallabian (Bizkaia) jaio zinen, 1940an. Zelan gogoratzen duzu haurtzaroa?
Nire jaiotetxea nobelara eraman du Saizarbitoriak: "Hambre" da nire etxea.
"Bihotz bi. Gerrako kronikak" liburuan agertzen den Hambre bera?
Hori da. Nire jaiotetxea Eibartik gertu zegoen, berez Mallabia izan arren. Aitak pentsatu zuen ezkontzerakoan tabernatxoa ipintzea bidegurutze batean, eta etxe berria egiten hasi ziren. Garai hartan, teilatua ipintzean, montxorra emateko ohitura zegoen, baina amamak ez zien afaririk ematen lanean zebiltzan harginei, eta haiek "Hambre" izena jarri zioten etxeari.
Zelako giroa bizi zenuen?
Gerraosteko giroa jaso nuen. Aita tradizionalista zen, erregimenekoa, moderatua. Ama, berriz, abertzalea zen familiaz; baina familia zatitua zuen: bere aitaren aldetik abertzaleak ziren, baina osaba bat frankista zuen... Harexekin izan nuen lehenengo enfrentamendua; egun batean, esan zidan: "Entzun joat euskararekin-eta habilela". Eta nik: "Bai". Handik erreka bat pasatzen zen, eta erantzun zidan: "Hori, eta hor behean doan ura, berdina dituk". Eta nik bota nion: "Zeuk zeure andreari izandako kariñoa ere horrelaxe joango da!". Okerra ni!
Urteak pasatu, eta seminariora joan zinen. Zelan hartu zenuen erabaki hori?
Nire lehengusu bat, ni baino zaharxeagoa, seminariora joan zen. Entzutea zeukan listoa eta santua zela, hau da, abadetzarako moduko pertsona. Eta, haren adibideagatik, nik ere seminariora joatea erabaki nuen. Nire ume denboran, Erramu Egunean erramu sortak eramaten ziren elizara, ahalik eta dotoreenak. Gure artean konpetentzia egoten zen, ea nork zeraman sortarik ederrena. Bada, handik urteetara, baserritar batek esan zidan Erramu Egun haietako batean etxean ez zidatela ganorazko erramurik egin eta haserretu egin nintzela: "Bada abade joango naiz!" esan omen nuen. Ez naiz akordatzen baina...
Euskararekiko kontzientzia pizten al zen seminarioan?
Seminarioko ikasleengan oso bizkor sortzen zen euskara eta herri kontzientzia, eskoletan baino askoz ere gehiago. Oso konplexua izango litzateke azaltzea hori zelan egiten zen, irakasle gehienak frankistak baitziren. Derioko Seminarioan garrantzia izan zuten Don Pablo Bilbao Aristegik eta haren ingurukoek, Real Sociedad Bascongada de Amigos del País taldekoek edo. Frankista zen, Yon Etxaidek "frankista euskaltzale" deitzen zituen horietakoa. Baina seminario barruan, intelektualki indartsuenak europeistak ziren. Seminarioan, bazkalorduan, denbora-tarte batez zerbait irakurtzen zen beti. Esate baterako, ni Montserraten egona naiz, eta han Biblia irakurtzen zen tarte horretan; katalanez, baina Biblia. Bada, seminarioan, besteak beste, irakurtzen zen "Los vascos en la pesca de la ballena". Irakasle haiek europeistak ziren, oso modernoak. Pentsa: guk Godoten esperoan antzeztu genuen Derion, liburua gaztelaniaz argitaratu baino lehen.
Xabier Amurizak ederto kontatzen ditu Derioko urte haiek, "Enaz banaz" liburuan. Batera ibiliko zineten, ezta?
Bai, bai, kideak ginen: Amuriza, Abel Muniategi, Juan Mari Arregi, Imanol Olabarria, Josu Naberan, Juanjo Pujana, Jabier Fresnedo Txintxurreta... kumaldi berekoak ginen. Eta liada handia sortu zen Mixel Labegerieren diskoarekin: lan hura atera zenean, eztanda moduko bat izan zen, eta letrak multikopistaz ugaritzen eta banatzen hasi ginen. Sekulako istilua sortu zen, jazarri egin gintuzten eta Pujana eta Txintxu seminariotik bota zituzten. Baina ez ginen bloke uniboko bat. Amurizak, esate baterako, ez du inoiz oroimen gozorik agertzen Deriorekin: berak asko sufritu zuen. Egia esan, gu baino militanteagoa ere izango zen.
Zein izan zen gazteek seminariora sartu zenuten elementu berritzailea?
Euskara, euskal literatura, euskal kantak... uste dut hori izan zela indartsuena. Baina horrekin batera, giro ikonoklasta generiko bat zegoela esango nuke: uniformea kentzea, sotanarik gabe ibiltzea... indarrean zeuden bizimodu formal guztien aurkako borroka orokorra zen hura. Baina ez askoz ere gehiago.
1966an, Gurpidek abade egin zintuen.
Gaur esango nuke, bromatan, seminariotik bota egin nahi nindutela baina nik amaitu egin nahi nuela. Jon Lopategik dio fraide sartzea erraza zela, baina irtetea zaila! Nik amaitu egin nahi nuen, eta hantxe geratu nintzen. Gero, hori bai, gutako batzuk inmigrazio-guneetara bota gintuzten, zigortuta: Olabarria Trianora, Arregi Gallartara eta ni Etxebarriko San Antoniora, leku obreroetara. Ordurako marxismoa indarrean zegoen, eta gogoan dut Bruselara joan nintzela katekesi kurtso bat egitera, eta bueltan, Parisen, Marxen eta Leninen liburuak hartu eta etxera kargatuta bueltatu nintzela. Marxistak ginen, marxistak!
Inoiz aipatu duzunez, zure ideia «nazionalista arrazistengatik» bidali zintuzten Etxebarrira.
Eurek pentsatuko zuten gu oso abertzale eta euskaltzaleak ginela, eta etorkinak ezagutu behar genituela. Baina gu ordurako marxista eginda geunden eta nik ez nuen horregatik sufritu.
Desterruan gustura?
Ez dut esango plazer bat izan zenik, baina ez nuen hartu zigor jasanezin bezala. Gutxienez lanean ari nintzen. Eta euskararen kontua ere bazegoen, non eta San Antonion: bost umek egin zuten jaunartzea euskaraz auzo hartan. Pentsatzen hasi, eta konturatzen zara guk, baserritarrak izanda, euskara San Antonioraino eraman dugula, edo ikastoletara, euskararik ez zegoen lekura.
Amatiñok hauxe dio zuri buruz: "Bazuen bere inguruko hainbatek ez zuen euskal sustrairik eta, ondorioz, bazituen beste zenbaiti falta zitzaizkion patxada eta perspektiba".
Hori esan du, e! Pozten naiz... Askotan pentsatu izan dut neuk ere hortaz. Anaitasuna aldizkaria errepasatzen dudanean, konturatzen naiz banituela kanpoko eragin batzuk: esate baterako, Mondragoen ateratzen zuten Trabajo y Unión aldizkaria. Haiek inportantzia handia ematen zioten produkzioari, ondo egindako lan ekonomikoari, lan horren ondorio sozialei... eta, noizean behin, Anaitasunan eragin hori islatzen nuen. Ikusten nuen, baita ere, burgesia handiak bere ardurak-eta agertzen zituela orduko periodikoetan, eta ardura horiek ere sartzen nituen Anaitasunan. Horren arrazoia izan daiteke nire baserriko ume denbora ez zela guztiz ohikoa izan: ni tabernakoa naiz; beti zegoen norbait inguruan, eta horrek perspektiba anitza ematen dizu, modu batean edo bestean berba egiteko talentua. Beharbada horregatik izango nuen perspektiba hori.
Soziologikoki hurbilago zaude baserri girotik, Gabriel Arestiren girotik baino.
Bai... baina, ideologikoki, Aresti nahiko ezagutu nuen eta eragin handia egin zidan. Esango nuke azken aldi honetan Euskal Herriak eman duen pertsonarik humanoena izan dela, zentzurik zabalenean. Berak ez du modu batean edo bestean jokatzen katolikoa delako edo abertzalea delako edo sozialista delako... lehenengo eta behin gizona da.
66an ezagutu zenuen, Eibarren.
Egia esan, Derion geundenean ere ezagutzen genuen, bere artikuluengatik. Itxaroten egoten ginen, ea Arestik zer idatziko zuen eta norekin sartuko zen. Sinpatia handia genion. Baina, bai, pertsonalki Eibarren ezagutu nuen, Juanito San Martinen etxean. Juanito bisitatzera joan nintzen, eta zoriak nahi izan zuen han egotea Gabriel ere. Hirurok batera afaldu genuen; eurak biak gorbatadunak ziren, eta, afaltzen geundela, diskutitzen hasi ziren, oso bero: "la ostia", "cojones" eta horrela. Sekula horrelakorik entzun gabe nengoen gorbatadun bati! Gero harreman handia izan genuen. Gertatu zen emazteak lagun egin zirela, eta horrek asko eragin zuen gure adiskidetasuna indartzeko.
Gaur konpromisoaren ispilutzat hartzen da Aresti. Uste duzu berak zeukan konpromisoa gaurko idazleen artean ere existitzen dela?
Ez dut uste. Badago zintzotasuna edo egiatasuna, hori bai. Horretan, Arestiren pareko egiten da egungo idazle bat ere. Arestik "beti paratuko naiz gizonaren alde" dioenean, egia ari da esaten, baina seguruenik hori baino sakonago doa: ez da soilik klase sozialen borrokan geratzen. Arestik egiazko gizona aipatzen zuenean, baserritar batek ondo ulertuko luke zer esan nahi zuen: zintzoa den gizona, momentua ailegatutakoan portatzen dakiena; uste dut hori zela Arestiren gizona. Ez langilea, langile gisa: langileak, langile izate hutsagatik, ez zeukan aparteko arrazoirik berarentzat. Zentzu horretan, uste dut gaurko idazleak arestiarragoak direla, neurri batean.
Zuri buruz berba egiten denean, beti agertzen zara Arestiren itzalpean. Zelan eramaten da norberak izena izan eta beti inoren izenaren azpian agertze hori?
Ezagutzen dut hori, eta nolabaiteko txirotasuna sentitzen da. Gainera, irakasle lanean ibili naizenez, horrek ordu asko kendu dizkit, eta ez dut izan indar nahikorik beste gauza batzuetan aritzeko. Kontzientzia hori badaukat: txirotasun sentsazio hori; hortxe gelditu izana, behar beste ez hegan egitea. Ez dit aparteko lotsarik ematen, baina hortxe gelditu naiz, eta tira.
1969tik 1972ra bitartean, Anaitasuna aldizkariko zuzendaria izan zinen.
Anaitasunak krisi ekonomikoa zeukan eta, gainera, ez zen gazteengana heltzen. Josu Arenazak deitu zigun, esateko indar berria eman behar zitzaiola, eta nire izena eman zuten zuzendari izateko. Imanol Berriatua zegoen, urteak zeramatzan hor. Hasi ginen bada, eta Imanolek euskara batuaren auzian sartu gintuen. Nik idazten nuen "ekarri dabe", eta argitaratzen zen "ekarri dute"... eta esaten nuen: zer da "ekarri dute"? Imanolek den-dena zuzentzen zuen. Idazteko makinarekin artikulu guztiak pasatzen zituen berriro, dena euskara batuan jartzeko. Letek zioen moduan, "euskara berritua", jokoa eginez Berriatua abizenarekin. Gero joaten zen inprentara eta berriro zuzentzen zuen dena: akatsik gabe eta batasunarekin atera nahi zuen aldizkaria. Aresti eta Mitxelenaren artikuluak ere zuzentzen zituen!
Ilusioz beteriko garaia...
Ikuspegi berria zen, portaera berria: laizismoa, feminismoa, obreroen gauzak, zinema... Buru-belarri sartu ginen, pasio handiarekin. Eztanda izan zen: jende gaztea gure alde jarri zen, bilerak egiten ziren herrietan dirua biltzeko... Inprentatik ateratzen nintzenean, 2.000 ale-edo eramaten nituen gainean, eta iruditzen zitzaidan Le Monde zela hura. Jendeak maná berria balitz bezala hartu zuen, sinesmen handiarekin.
Etsaiak ere izango zenituzten, baina.
Kontrakoek Agur aldizkaria atera zuten, oso modu bortitzean. Iruditzen zitzaien batuaren atzean beste mundu bat zegoela, mundu laikoagoa, obreristagoa, gazteagoa... Bestetik, jende askok uste zuen ETA VI.ekoak ginela, baina ospe hori izan bagenuen ere, ahalegindu ginen harremanak izaten mundu guztiarekin, hau da, euskaltzale, abertzale eta horiekin. Atxiloketa, istilu eta abarrei buruzko albiste gutxi ateratzen genuen aldizkarian, baina ez zen zentsuragatik, baizik eta zuhurtziagatik, besteak ere gainean genituen eta.
Zelan amaitu zen abentura hura?
Hiru urte egon nintzen aldizkariaren buruan: urte gutxi, baina beroak. Azken aldian frikzio batzuk izan nituen: ofizialki zuzendaria nintzen arren, fisikoki ez nengoen zuzendaritzan. Aldizkariak eskuetatik ihes egin zidan, eta gero frantziskotarrak etorri eta aldizkariaz jabetu ziren. Orduan, aldizkaria erlijiora bueltatu zen; erlijio militante berrira, baina erlijiora azken batean. 1972an, desagertu berri den Verdes liburu-dendan hasi zinen lanean. Urtebete baino ez nuen egin...
Baina urtebete inportantea: Atxaga zugana joan zen "Borobila eta puntua" antzerki-lana erakustera. Literaturaren munduan sartzeko Atxagak jo zuen lehenengo atea zu izan zinen.
Bai... zuk eta beste batzuek halako inportantzia bat ematen diozue horri, baina ni bitarteko hutsa izan nintzen, besterik ez. Hantxe nengoen, eta eman egin zidan. Gero nik lan horri buruzko informazioa publikatu nuen aldizkarian eta Gabrieli eman nion Atxagaren lana, besterik gabe.
Eta handik gutxira irakasle hasi zinen.
Bai, 73an. Julita Berrojalbizek deitu ninduen Lauron lan egiteko. Julitak ikastolen mobida sortu eta indartu zuen Bilbon gerra ostean, eta Anaitasunakoek deitu ninduten bezala deitu ninduen berak: euskaltzale fama nuen, euskaraz egin eta idazten nuen... horregatik deitu ninduen.
Hala ere, kuriosoa da, zu marxista izanda...
Bai, nik uste dut hark bazekiela zerbait. Zerbait jakin behar zuen...
Baina marxista bat EAJren ikonoa den ikastolan!
Munduan asko lez, artaburuak oskolez... Bilbon, ikastolak sortzen hasi zirenean, gurasoak bi taldetan zatitu ziren, istilurik gabe: batzuk Begoñazpira joan ziren. Hori eskola katolikoa da eta zuzendaria ere elizak aukeratzen du. Gainontzeko gurasoek kooperatiba bat egin zuten Lauron, kooperatiba autonomoa: gainetik ez dago ez eliza ez inor. Laurok fama dauka, eta soziologikoki ere jendea maila batekoa da, lehen batez ere. Orain beste ikastolen antzekoa dela esango nuke.
Oraintsu jubilatu zara. Zer eman dizu irakaskuntzak?
Unamuno eskolara zihoanean, maisuak esaten omen zien: "¡Me vais a matar!", eta Unamunok zioen: "No se daba cuenta de que nosotros le dábamos la vida". Nire kasuan ere horrela da. Ematen dizkizute burukominak ere, baina esperientzia atseginak asko. Banakaren batek baino ez du egiten euskaraz bere borondatez, baina nik ez dut aparteko kezkarik horrekin: ez badute egiten, ez naiz euren atzetik ibiliko. Eurentzat oso gogorra da euskaraz egitea eskolan, beste leku guztietan gaztelaniaz egiten badute; ez da bakarrik hizkuntza bat, sentimendu guztiak baizik.
Kontatzeko duzun guztiarekin, ez zara animatuko zerbait idaztera?
Nik zuek miresten zaituztet, narratzaileak eta poetak; niretzat oso zaila da idaztea, Arestik zioen moduan, "eskritore" moduan. Artikuluxka batzuk egiten ditut noizean behin, baina hori ez da eskritore lana... Inbitazioa eskertzen dizut, baina zaila egiten zait. Indar handia behar da. Une honetan, idaztea oso gauza serioa da: ez da soilik denbora eta jakintza behar; indarra ere behar da.
--------------
Gaur egungo kokapen politikoa
Marxismoa pixka bat ezagutu izan dut, baina ez dut uste marxista konfesionala naizenik. Ez, ez naiz. Eta, zahartu ahala, konturatzen naiz liberalak, ekonomian duten zentzuan, gaztetan baino kontu gehiagorekin hartzen ditudala orain. Pio Barojak zioen dirua egitearen goseak humanismo gehiago egin duela, humanista guztiek baino. Beste alde batetik, une honetan hurbiltasuna daukat presoekin.
Verdes
Lehen, Verdes oso handia zen: hor argitaratu ziren Lauaxeta, Lizardi... Ni hasi nintzenean, inprentak bizirik jarraitzen zuen, baina bisita-txartelak baino ez ziren egiten. Bertako seme-alabak, bai, ezagutu nituen: alaba Elorriora ezkondu zen; txakur zalea zen eta txakurrak hezten zituen. Istripu bat egon zen Picos de Europan eta berari deitu zioten, txakurrekin joan zedin. Eta helikopteroan joan eta hil egin zen emakume hori. Haren alaba Anne Igartiburu da: Anne Igartiburu Verdes.
Abadetza uzteko arrazoiak
Zergatik utzi nuen? Ez dakit serioski hartu ote nuen ere... Hots, hartuta ere, Sacerdos in aeternum hartu nuen, eta ezin izan dut utzi... Kuestioa da Maribel Zamakona ezagutu nuela, ezagutu ninduela... Izugarria, zu! Laikotasunera itzuli nintzen; Aita Santuaren onespenarekin ezkondu, eta Ahoztar eta Amagoia seme-alabak izan ditugu.
Etorkinak
Saiatu naiz laizismoaren alde eta duda orokor baten alde lan egiten. Askok nitaz duten oroitzapena da euskalduna nintzela, euskara eta euskal literatura maite nituela... baina, ezkondu nintzenean, emaztearen etxean Avilako familia bat zegoen ostatu hartuta, eta horixe da nire beste aldeetako bat: etorkinekin harremana izan dudala eta oraindik ere badudala. Beti izan dut gogotxoa erdaldun jendearen artean ere agertzeko, euren artean borrokatzeko.
Nortasun agiria
Angel Zelaieta Gisasola 1940an jaio zen, Mallabian (Bizkaia). Derioko Seminariotik pasatu eta, 1966an, abade egin zen. Filologia eta Teologia ikasketak egin zituen, eta oraintsu arte irakasle aritu da Lauro ikastolan. Lehenago, Anaitasuna aldizkariko zuzendari eta Verdes liburu-dendako behargina ere izan zen, eta zenbait saiakera idatzi zituen. Berak idatzia da Arestiren biografiarik osatuena, Gabriel Aresti. Biografia (Susa, 2000). Azken aldian, armarrietako latinezko esaldiak ikertzen ari da.
Alfonbrapea
Lagun batek esan dit txarto nabilela, komentatu diodanean 26 atal idatziko ditudala Bilbo Zaharra eta San Frantzisko auzoei buruz. Esan dit atal gehiegi direla auzoon berri emateko, aski direla bost hitz dena laburbiltzeko: beltzak, mairuak, ijitoak, putak eta ikasleak, bota dit errenkadan. Baina Deustuko kafetegi batean geunden, zerbezarik garestiena hartzen, eta hori oso urrun dago Bilbo Zaharretik. Esan dit gezurra dirudiela, ea ez naizen gogoratzen soziologia ikasi genuen garaiaz, han bertan, jesuiten unibertsitatean. Akordatu naiz Arestiren poema harekin, "Zer da hori? Seinalatu zenuten leihotik. / Deustuko eskola. Jesuitena. / Ez, hangoa. Egurrezko etxe haek. / Ijitoak, esan nuen lotsaturik". Nik ere lotsa sentitu dut; laguna ozenegi ari zen hizketan, eta zerbeza arin edan dut, aurpegia nonbaiten sartu behar eta edalontziak babestuko ninduelakoan. Ea ez ote naizen gogoratzen zer den soziologikoki interesgarria eta zer ez. Burua ezker-eskuin mugitu dut, ez naizela gogoratzen. Ya, esan du, entzun ondo: soziologikoki interesgarriagoa da Indautxu, Basarrate, Errekalde, Altamira adibidez. Auzo txinatarra interesgarria da, bai, zirkuan ligrea interesgarria den moduan; badakizu, erdia lehoia, erdia tigrea. Ligrea interesgarria da, esan dit, bitxia eta sinesgaitza delako, baina ez zoologia eta etologiarako lar esanguratsua delako. Bada, auzo horietara begira jarrita, berdin: San Frantzisko ispilu unibertsala da, bota dit; bazterkeria eta injustizia arrastoren bat ematen den munduko edozein hiritan berdin-berdin topatuko duzun errealitatea.
Gero kexatu egin da, zerbeza bero zegoelako. Bera bezalako bilbotar garbiak izendatzeko bost modu okurritu zaizkit, baina ez dizkiot esan. Zerbeza kendu diot eta hiru tragotan edan dut, protestarik gabe. "26 egingo ditut" esan diot, soziologiaz ahaztuta, harrotuta. "Eta hurrengoa neuk pagatuko dizut", bota diot gero, "alfonbrapeko taberna batean". Ez du ulertu. Bilbotar garbiek sekula ez duzue ulertzen alfonbrapearena. Lar ohituta zaudete alfonbraren gainean bizitzen, bilbotar zuriok.
Zer da euskal zinema?
Blog honetan eta Xabierrenean nahikoa lore bota dizkiogu Jose Mari Goenaga zinegile ordiziarraren "Sintonía" laburmetraiari, ondo merezita gainera.
Aurrekoan, elkarrizketa egin zioten Berrian, eta hortik ataltxo bat aukeratu dut, interesgarria iruditu zait eta. Sarritan galdetu izan da zer den euskal zinema, edo, beste modu batez esanda eta zinemaren esparrutik irtenda, kultur produkzioan zeri jar dakiokeen eusko labelaren etiketa eta zeri ezin zaion jarri.
Bada, Goenagak argi dauka, zinemari dagokionean:
"Zinema-sormen bakoitza gauza askoren isla da, eta gure lanetan bizipenen arrastoa geratzen da. Hortaz, gure-gurea den ingurunearen isla ere badago. Euskal zinema hemen ekoizten den guztia da nire ustez. Hemen gertatzen dena erakusten ez duen zuzendari baten lana ere hemengoa da, Euskal Herrian ekoiztua bada betiere, erakutsi nahi ez izate hori ere zerbaiten isla baita. Batzuetan euskaraz sortzen da, eta besteetan beste hizkuntzatan, baina hori ere hemengo errealitate baten isla da".
Ramona
Ostiralean hil zen Ramona komandantea, gidarietako bat izan zena 1994ko urtarrilaren 1ean zapatistek San Cristobal de las Casas hartu zutenean.
Richard Weeks pintorearen "Comandanta Ramona" lana.
Hitz potolo asko aurkituko dituzu egunotan han eta hemen Ramonari buruz, ez naiz ni denak biltzen hasiko. Elena Poniatowskak motzean laburbildu zuen Ramonaren figura: "existe o casi no existe, es intangible. Ramona tiene el encanto de su falta de rostro y de su estatura de zacatito tierno, de musgo al pie del árbol, de niño de la calle". Izan ere, txikia zen Ramona, bai: diotenez, negoziazio mahaian jarrita, hankekin ez zuen lurra ukitzen. Negoziazio mahai hartan lurra gehien sentitzen zuena bera zen baina.
Borrokan sartu aurretik, jostun ona zen, eta berak egiten zituen soinean zeramatzan huipilak. Zapatismoa indarra hartzen hasi zenean, galdetu zioten zergatik sartu behar ziren borrokan, gizonez gain, emakumeak eta umeak ere. Tzotzil hizkuntzan erantzun zuen, eta gogoratu zuen zelan, jostuna zenean, hiru urte ematen zituen huipil eder horietako bat egiten, eta zelan, basotik San Cristobalera jaisten zenean soineko horiek saltzera, lau sos miserable ordaintzen zizkietela hangoek.
Ramonaren jostun garaia aipatuta, Evo Moralesekin gogoratu naiz, eta bere jertsearen inguruan esan direnekin, kontrako beste argumenturik ez dutenek horrelakoak nabarmendu behar dituzte eta.
Zorionez, atzo Manuel Rivasen artikulu bat aurkitu nuen El Paisen, eta, bertan, esaldi bat: "En lugar de camuflarse, Evo Morales va vestido de Evo Morales y al mismo tiempo de presidente electo de una democracia con NBI (Necesidades Básicas Insatisfechas)".
Politikariek itxura hori ematen dute gaur egun: bat eta bakarra direla ematen du, kamuflaje hutsean dabiltza denak. Arropetan, hitzetan eta jokaeretan dute kamuflajea. Eta eskertzen da, noizean behin, euren identitatea jertse batekin edo huipil batekin erakusten duten pertsonak agertzea eszenan. Izan ere, ez dute arrazoirik diotenek Ramona pasamontañas baten atzean ezkutatzen zela: Ramona ez zen ezkutatzen. Erakutsi egiten zen.
Errekaren beste aldea
Zazpi Kaleetatik paseatzen ibili nintzen iaz, eta, kale horien amaierara heltzean, beti eta zazpi biderrez, harago begiratzen nuen, errekaz bestaldeko etxeetara, eta zubietatik zetozenei, beltz edo musulmanei. Ezin da ukatu: gure begiradek exotismoa aurkitu nahi izaten dute, eta, nik ere, kale horien amaierara heltzean, exotismoa bilatzen nuen begiekin, hanka-puntetan jarri eta bestaldean zer ikusiko ote nuen.
Exotismoa bilatzea da horrelako auzo batean egin daitekeen gauzarik errazena. Baina traidorerik handiena ez da ikusten duguna; ikusi nahi duguna da traizionatzen gaituena, zer esanik ez ikusi nahi ez duguna. Ezin errurik bota begiei, eta nik beltz edo musulmanengan jartzen nituen begiak, nire gogo traidoreak eurengana eramaten baitzituen, bestelako errealitaterik ez balego bezala errekaz bestaldeko munduan.
Zazpi Kaleetako kronikak idatzi bitartean, behin ere ez nuen zubirik zeharkatu. Fideltasun keinu bat izan zen, begien garbitasunaren aldeko keinu bat. Eta, baita ere, beldurra. Beldurra, Zazpi Kaleak ezagutzea erraza delako, guztiok ditugulako geure Zazpi Kaleak, eta ez delako zaila errealismo magiko bat sortzea kale horien bueltan. Baina Bilbo Zaharrak eta San Frantziskok ez dute horrelako kronikarik onartzen. Ezin da begi berberekin joan errekaren bestaldera, eta, hori egitea posible balitz ere, ez daukat batere gogorik betaurreko berberekin joateko. Zubia zeharkatuta, lehenengo inpresioa da ez dela erraza izango Bilbo Zaharreko inguruari buruz idaztea. Beldurragatik izango da beharbada, ondo ezagutzen ez dugunaz hitz egitean sortzen den beldurragatik. Oroitzapenak dira ekilibrista honen sarea, baina orain biluzik nator: ez daukat oroitzapenik auzo horri buruz; hutsaren gainetik ibiliko naiz paseatzen, eta igual hutsera jausiko naiz. Eta begiek exotismoa erakusten badidate ere, ez diet sinistuko: pentsatuko dut neu naizela traidorea, neuk eraman ditudala begiak horrantz, eta ez dagoela exotismorik horrelako auzo batean. Beharbada hitz berriak asmatu beharko genituzke erreken bestaldeko auzoak definitzeko.