Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Alfonbrapea

gabiria 2006/01/12 09:07

Lagun batek esan dit txarto nabilela, komentatu diodanean 26 atal idatziko ditudala Bilbo Zaharra eta San Frantzisko auzoei buruz. Esan dit atal gehiegi direla auzoon berri emateko, aski direla bost hitz dena laburbiltzeko: beltzak, mairuak, ijitoak, putak eta ikasleak, bota dit errenkadan. Baina Deustuko kafetegi batean geunden, zerbezarik garestiena hartzen, eta hori oso urrun dago Bilbo Zaharretik. Esan dit gezurra dirudiela, ea ez naizen gogoratzen soziologia ikasi genuen garaiaz, han bertan, jesuiten unibertsitatean. Akordatu naiz Arestiren poema harekin, "Zer da hori? Seinalatu zenuten leihotik. / Deustuko eskola. Jesuitena. / Ez, hangoa. Egurrezko etxe haek. / Ijitoak, esan nuen lotsaturik". Nik ere lotsa sentitu dut; laguna ozenegi ari zen hizketan, eta zerbeza arin edan dut, aurpegia nonbaiten sartu behar eta edalontziak babestuko ninduelakoan. Ea ez ote naizen gogoratzen zer den soziologikoki interesgarria eta zer ez. Burua ezker-eskuin mugitu dut, ez naizela gogoratzen. Ya, esan du, entzun ondo: soziologikoki interesgarriagoa da Indautxu, Basarrate, Errekalde, Altamira adibidez. Auzo txinatarra interesgarria da, bai, zirkuan ligrea interesgarria den moduan; badakizu, erdia lehoia, erdia tigrea. Ligrea interesgarria da, esan dit, bitxia eta sinesgaitza delako, baina ez zoologia eta etologiarako lar esanguratsua delako. Bada, auzo horietara begira jarrita, berdin: San Frantzisko ispilu unibertsala da, bota dit; bazterkeria eta injustizia arrastoren bat ematen den munduko edozein hiritan berdin-berdin topatuko duzun errealitatea.

Gero kexatu egin da, zerbeza bero zegoelako. Bera bezalako bilbotar garbiak izendatzeko bost modu okurritu zaizkit, baina ez dizkiot esan. Zerbeza kendu diot eta hiru tragotan edan dut, protestarik gabe. "26 egingo ditut" esan diot, soziologiaz ahaztuta, harrotuta. "Eta hurrengoa neuk pagatuko dizut", bota diot gero, "alfonbrapeko taberna batean". Ez du ulertu. Bilbotar garbiek sekula ez duzue ulertzen alfonbrapearena. Lar ohituta zaudete alfonbraren gainean bizitzen, bilbotar zuriok.

etiketak: Bertan Bilbo
mahen
mahen dio:
2006/01/13 16:34

Neu ez naz Bilbotar garbia, baina alfonbraren gainian bizi naz, baita neure inguruko ia guztiek gainian dira eta izan dira beti, zuk Julen barne. Eta zer? Geure errua al da? Ala badago norbait, alfonbra gainian jaiota, borondatez harenpera doana?

Alfonbraren gainean bizitzeak edo Bilbotar garbia izateak eztau mundua aztertzeko pertsona baten gaitasuna neurtzen, hori argi dekot, ezta pertsona horren ekimen edo borondatea gidatzen.

Neu askotan pastan naz dinozun partetik, eta beharbada 26 atal ein beharko dituzuz baina baten behintzat kalean ikusten dana kontau beharko dozu, eta kale hoietan norabide edo zeregin konkreturik gabeko beltz, mairu eta ijitoak ikusten dira. Eta ezdakit bazterkeria eta injustizia aurkitzen dan San Frantziskon, baina beste gauza sinpleago pare bat be aurkitzen direzela ezango neuke nik.

Eta egie: Zerbeza beroa ezin leike hartu.

patxi lurra
patxi lurra dio:
2006/01/12 16:31

Alfonbra ganekoak izendatzeko, geu guztiok izendatzeko: "Primermundistak" edo "Lehenmundistak". Adibidez: "Lehenmundista zara gero, harroputz halakoa!".

satortzulo
satortzulo dio:
2006/01/12 14:15

zaharra zara bilbo... oinak ur beltzetan loreak bañeran kantatzen zuen garik

duela gutxi ruperrek bere webean J.L. Borges-en testu hauxe argitaratu du:

“He encontrado días pasados una curiosa confirmación de que lo verdaderamente nativo suele y puede prescindir del color local, encontré esta confirmación en "La Historia de la declinación y caída del Imperio Romano" de Gibbon. Gibbon observa que en el libro árabe por excelencia, en el Alcorán, no hay camellos; yo creo que si hubiera alguna duda sobre la autenticidad del Alcorán, bastaría esta ausencia de camellos para probar que es árabe. Fue escrito por Mahoma, y Mahoma, como árabe, no tenía por qué saber que los camellos eran especialmente árabes, eran para él parte de la realidad, no tenía por qué distinguirlos; en cambio, un falsario, un turista, un nacionalista árabe, lo primero que hubiera hecho es prodigar camellos, caravanas de camellos en cada página; pero Mahoma, como árabe, estaba tranquilo: sabía que podía ser árabe sin camellos .”

biak datozkit gogora zurea leituta (zorrotza bezain egokia)

Magabila
Magabila dio:
2006/01/15 14:39

Ez ote gehiegitxo Julen?

Lehenengo aldiz Bilbo ikusi nuenean jasotako sentsazioa zerbeza beroarekin parekatuko nuke.

Aparrari buruz idaztea beti izan ohi da aspergarria.

Azpikoari heldu behar zaio, horrek alkoholizatzen baikaitu.

Hogeita sei... ea marka horretara iristea lortzen duan.

http://donostialdetik.blogspot.com

Julen
Julen dio:
2006/01/13 20:18

Artikulu hauek Deian argitaratzen dira. Egunkari horretako irakurleei erakutsi nahi diet alfonbrapean dagoen kaka eta ekimen ederrak (bai, horrelakoak ere badaude), eta horregatik deitzen diet "bilbotar garbi", pertsona batzuk (Deiako irakurle izan zein Garako irakurle izan) kapazak direlako auzo baten ezaugarriak 5 hitzetan laburbiltzeko. Eta bai: 5 ezaugarri horiek egon badaude, existitzen dira; baina beste errealitate batzuk ere badaude, eta horretan saiatuko naiz ni. Bost horiek agertuko dira, noski; baina beste batzuk ere bai. Lortuko dudan edo ez, ikusiko dugu...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.