Ramona
Ostiralean hil zen Ramona komandantea, gidarietako bat izan zena 1994ko urtarrilaren 1ean zapatistek San Cristobal de las Casas hartu zutenean.
Richard Weeks pintorearen "Comandanta Ramona" lana.
Hitz potolo asko aurkituko dituzu egunotan han eta hemen Ramonari buruz, ez naiz ni denak biltzen hasiko. Elena Poniatowskak motzean laburbildu zuen Ramonaren figura: "existe o casi no existe, es intangible. Ramona tiene el encanto de su falta de rostro y de su estatura de zacatito tierno, de musgo al pie del árbol, de niño de la calle". Izan ere, txikia zen Ramona, bai: diotenez, negoziazio mahaian jarrita, hankekin ez zuen lurra ukitzen. Negoziazio mahai hartan lurra gehien sentitzen zuena bera zen baina.
Borrokan sartu aurretik, jostun ona zen, eta berak egiten zituen soinean zeramatzan huipilak. Zapatismoa indarra hartzen hasi zenean, galdetu zioten zergatik sartu behar ziren borrokan, gizonez gain, emakumeak eta umeak ere. Tzotzil hizkuntzan erantzun zuen, eta gogoratu zuen zelan, jostuna zenean, hiru urte ematen zituen huipil eder horietako bat egiten, eta zelan, basotik San Cristobalera jaisten zenean soineko horiek saltzera, lau sos miserable ordaintzen zizkietela hangoek.
Ramonaren jostun garaia aipatuta, Evo Moralesekin gogoratu naiz, eta bere jertsearen inguruan esan direnekin, kontrako beste argumenturik ez dutenek horrelakoak nabarmendu behar dituzte eta.
Zorionez, atzo Manuel Rivasen artikulu bat aurkitu nuen El Paisen, eta, bertan, esaldi bat: "En lugar de camuflarse, Evo Morales va vestido de Evo Morales y al mismo tiempo de presidente electo de una democracia con NBI (Necesidades Básicas Insatisfechas)".
Politikariek itxura hori ematen dute gaur egun: bat eta bakarra direla ematen du, kamuflaje hutsean dabiltza denak. Arropetan, hitzetan eta jokaeretan dute kamuflajea. Eta eskertzen da, noizean behin, euren identitatea jertse batekin edo huipil batekin erakusten duten pertsonak agertzea eszenan. Izan ere, ez dute arrazoirik diotenek Ramona pasamontañas baten atzean ezkutatzen zela: Ramona ez zen ezkutatzen. Erakutsi egiten zen.
"Ahots apalez inork baino ozenago oihukatzeko gai izan zinelako". (Nagore Amondarain, zapatuko egunkarian)
Eder-ederra, Nagore. Ikasteko modukoa, zinez, Ramona andereñoa.