Idazleak hitzen sorreran
Urtzi Urrutikoetxeak elkarrizketa egin zion Ibon Sarasolari duela aste pare bat, Gararen Mugalari gehigarrian. Bide batez, eta ez naiz nekatuko hau eskatzen: noizko gehigarri horren edizio digitala, orain arte argitaratutako guztiekin? Elkarrizketak, Esti Ezkerraren artikuluak, Patxi Zubizarretaren hausnarketak, kritikak, Jimu Iturralderen azken orrikoak... gauza on larregi, ahanzturan galduta uzteko.
Hona hemen elkarrizketa hartan Ibon Sarasolak esandako gauza interesgarri batzuk, hitz berriak sortzean idazleek izan behar luketen garrantziaz:
"Nik argi eta garbi daukat, hitzak sortzeko okerrenak filologoak dira, hitzak idazleek sortu behar dituzte. Ez mahai batean bilduta, "ea hitz hau...", baizik eta idazten ari direnean, hitzak testuetan jaiotzen eta bizitzen dira, ez hiztegietan".
"Hitzen sorreran Akademiak ez du ezer pintatzen, hori idazleen lana da, idazten dutenean. Baina aukeratzerakoan ere idazleek egon behar dute. Ez idazleek bakarrik beharbada, filologoek esango dute hitzaren zuzentasunaz eta ez dakit zer, baina hitza ezin da zuzentasunaren arabera bakarrik hartu".
Eta gai hori lotzen du idazleek Euskaltzaindian duten presentzia faltarekin:
"Momentu honetan Euskaltzaindiak zerbait badin badauka faltan, idazleak ditu. Historian lehen aldiz, azken hogei urteetan ez ditu puntako idazleak (...). Gaur egun denok dakigu zein diren idazle onak, azken 10-20 urtean idazle horietako bakar bat ez dago Euskaltzaindian. Eta hori oso larria iruditzen zait. Azkenean akademia batek ezin ditu hitzak onartu alde literarioa kontuan hartu gabe, filologikoa bakarrik hartuta".
Alde batetik konforme nago Sarasolarekin. Euskaltzaindia idazle faltan dago. Beste alde batetik dio idazleak asmatu behar dituztela berbak. Horrekin ez nago hain ados. Idazleak zein hiztunak, baina batez ere hiztunak, ahozkoa baita oinarria.
Gero, asmatutakoan, Eskaltzaindiakoaek esango digute berba hori ez dela zuzena, eta ez dutela sartuko, hiztun eta idazle guztiok erabiltzen dugunean. Enfin!