Plazako oroitzapen urduriak
Josu Martinez Olegarioa ehun eta bi saltsatan sartuta dabil, ez baita alferrik ikus-entzunezkoetako ikasle, akordeoi-jole promesa, gitarra-jole hertziano, larrujolearen semen, bertsolari ohi, idazle nagi, Santutxuko gazte (zinez diot hori lan nekeza dela, gauzak dauden moduan egonda), jotica-kantari porrokatu, blogari arrakastatsu eta kazetari udatiarra. Eta, gainera, astelehenero edo ia, bertsolaritzari buruzko artikuluak argitaratzen ditu Gararen azken orrian.
San Silbestre egunean deitu zidan, urtarrilaren 2ko alerako artikulua behar zuela eta ea elkarrizketa bat egingo zidan, ni ere gaztetan ibili bainintzen bertso-saltsan sartuta, hori larregitan aipatzen ez badut ere.
Artikulua idatzi zuen, beraz, eta hemen jarriko dut gaur. Espazio faltagatik, bertsolaritzaren historiarentzat batere garrantzitsuak ez diren baina nire oroitzapenerako ederrak diren mila kontu geratu ziren sartu gabe, baina berdin dio: ze bertsolari eskasa nintzen ikusteko ez da hau baino askoz ere artikulu luzeagoa behar.
Soil-soilik gauzatxo bat: elkarrizketan kabitu ezinda geratu ziren izen batzuk gogoratu nahi nituzke, nirekin egin zuten lanaren esker onean. Eta zerrenda horretan daude, artikuluan aipatutakoez gain, Anizeto Ajuriagogeaskoa, Jon Enbeita, Kepa Urrutikoetxea, Unai Ormaetxea eta Mikel Urdangarin. Lehenengo hirurak, irakasle izan nituelako; azken biak, Arkaitz Estiballesekin batera, nirekin ibili zirelako egin nituen plazarik handienetan (uler bedi: 50 bat entzule).
Hemen, bada, artikulua:
--------------
Sasoi batean plazaz plaza ibili zen Galdakaoko idazlea, Arkaitz Estiballes bertso-lagun zuela
Julen Gabiria: «Ekilibristak dira bertsolariak. Beti soka gainean dantzan»
Hiru minuturoko maiztasunaz Julen Gabiriak buruaz ezetz egin eta hala dio elkarrizketak iraun bitartean, «baina nik oso txarto pasatzen nuen oholtza gainean, nik banekien momenturo noraino hel nintekeen bertsotan eta ez zen urrunegi». Esaldia bukatuta ordea, hiru minutuko maiztasunaz begiak apur bat itxi eta ahaztu izan balitzaio bezala eransten du, «Izan ere ekilibristak dira bertsolariak, beti soka hauskor baten gainean dantzan dabiltza, batzutan poesiatik gertu eta besteetan ostioietik. Beti arriskuan».
Izan ere, idazle izan aurretik bertsotan aritu zen hainbat urtez Julen. «Nik hamar bat urte nituenean Jon Lopategi ikastolara etortzean sartu nintzen lehenengoz bertso munduan».
Giro hartan murgilduta, denborarekin bat-bateko saioak etorri zitzaizkion galdakaoztarrari eta honezkero hiru minutu pasa direnez hala adierazi du, «Nik ordea, oso txarto pasatzen nuen jendaurrean. Erraldoia iruditzen zitzaidan Markinako plazan egindako saio baten imajina bat daukat gogoan adibidez. Aritz Lopategi zebilen kantuan eta ni haren atzean eserita, hankak dardarka. Haren bertso itzelen ostean zer esan behar nuen ba nik?».
Oroitzapen politak ere gordetzen ditu hala ere, «Kanpantxuko barnetegira joan ginen behin, nik hamahiru bat urte nituela. Han zeuden Aritz Lopategi, Igor Elortza, Unai Iturriaga Holako jende abilaren artean pribilegiatua sentitzen nintzen ni, baina behatzaile pribilegiatua, ez bertsolaria. Bada, gogoan dut puntuka zebiltzala denak "ai" errimarekin. Batek "bai" esango zuen, hurrengoak "alai" . Ni taldetik aparte nenbilen, neure rollora. Orduan, kantuan zebilen bat trabatuta gelditu zen eta nik bazterretik "bonsai" bota nuen. Ez zait ahaztuko artean txiki txikia zen Igorren aurpegia, "tipo hau jenio bat da" zioen begirada harritu bat bota zidan behetik gora».
Beste hiru minutu pasa dira eta berriro tokatzen da, «Baina nik banekien noraino hel nintekeen» esan du idazleak. Horregatik, Jon Lopategik txapelketa garrantzitsu batera aurkeztera animatu zuenean, Julenek ezezkoa eman zion. Ordutik aurrera, inguruko herrietako saioetara, ekitaldi politikoetara eta omenaldietara mugatu zen bere bertso jarduna, ia beti Arkaitz Estiballes lagun zuela.
Egun baten ordea, Julen nekatu egin zen eta oraindik oso gazte zela, jendaurrean kantatzeari utzi zion. «Ongietorri, euskararen aldeko ekitaldi eta abar errutinarioek asko erretzen badute, ni batez ere nerbioek erre ninduten. Eta horren sakoneko arrazoia pentsatzen hasita, perfekzio nahia da, bertsotan nik ezin nuen perfekzio puntu hori lortu eta horregatik hasi nintzen bertso idatziak idazten eta beranduago, errima eta doinua ahaztuta, neurri bako testuak egitera, literatura egitera».
Geroztik, bertso jarriak idatzi izan ditu eta Bertso Eskolako irakasle ere izan da. «Baina ni, batez ere bertsozalea naiz», azaldu du. Esate baterako, 1997ko Txapelketa Nagusian saio guztietarako bonoa erosi eta ez omen zuen bat ere galdu, «Larunbatean saioa Getxon bazegoen eta biharamunean Iruñean, batetik bestera zuzenean nindoan, kotxean lo eginda».
Oraindik ere sufritzen omen du besteak bertsotan aditzean, «Perfekzio nahi hori da oso txarto pasatzen dut», errepikatu du buruaz ezetz eginez. Esaldia bukatuta ordea, apur bat begiak itxi eta ahaztu izan balitzaio bezala erantsi du, «Izan ere ekilibristak dira bertsolariak, beti soka hauskor baten gainean dantzan, batzutan poesiatik gertu eta besteetan ostioietik. Beti arriskuan».
Josu MARTINEZ
otezina aoksaegogairuja, enbeita, kepa,... oroitzapenak... Atzera be ez nator zugaz ados,ona bait zinen, zara Gabiria.