Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Cantalojas (I)

Cantalojas (I)

gabiria 2006/01/19 07:52

Badakizu ez zoazela paradisura, hori hasieratik dakizu. Baina seinaleak ikusten dituzu han eta hemen, eta alerta jartzen zaituzte, ohartarazi egiten zaituzte, "kontuz: paradisua". Bila ari zarenean, seinaleak nonahi agertzen dira. Ikusi nahi direnean, ikusten dira. Zabalburu plazatik hasita, lehenengo seinalea segituan agertzen da: El Paraíso izeneko arropa-denda handi eta zahar bat. Baina ez dakizu ze klasetako seinalea den: ez dakizu dendako kartela serio ari zaizun, ez dakizu gizakien koloreak nahastu eta errealitatea aurpegira botatzen dizun auzoa benetako paradisutzat daukan kartelak; ala broma beltza ote den, eta kartel horrek gorpuztu nahi ote duen sekula ezagutu ez duen zerbait, kobazuloetan mamutak pintatzen zituzten moduan, horrela erakarri egingo zituztelakoan. Ez dakizu erantzuna zein den, baina gaur broma beltzaren alde egingo zenuke.

Laster agertuko zaizu lehenengo denda afrikarra, Cantalojas zubira heldu baino lehen. Sustraituta bezala daude beltzak barruan, emakume bat aulkian jarrita eta neskato bat lurrean jolasten; haraxeago gizon bat, lurrean hura ere. Hirurak hantxe, hogei metro karratuko Afrika batean, kakahuete-zakuz inguratuta, izena jartzen ere asmatuko ez zenukeen fruten artean. Barruan usain bustia dago, euria lurraren arrakaletatik ihesean doanean bezalakoa, usain etsia. Egizu alde Afrikatik, gero Afrika txikiago batean eta lurrean jarrita amaitzeko. Etsipen horrek usainen bat sortu behar du derrigorrez: besapeena edo hankena, baina usainen bat derrigor. Nonbaiten irakurri nuen sustraietatik hurbilago sentitzearren jartzen direla afrikarrak lurrean, atzerrian daudenean.

Gero Cantalojas zubia dator, eta apur bat harago Linaje taberna izandakoa: izenak dioen moduan, garai batean etorritako langile espainiarren leinua, familia, askazia, sustraiak gogoratzeko sortu zen taberna hori. Metro batzuk harago, berriz, The roots taberna beltza, sustraiak berriz ere. Ez dira horiek izango herriminaren seinale bakarrak, seguru nago. Izan ere, sustraiak ez ahazteko inbentatu ziren emigranteak.

etiketak: Bertan Bilbo
mahen
mahen dio:
2006/01/19 21:27

Jesukristoren adina. Gorantza goaz... Zorionak airibag!!!!!!!

Aritz
Aritz dio:
2006/01/20 03:27

ZORIONAK JULEN!!!!!!!!!

Jozulin
Jozulin dio:
2006/01/19 15:49

Ederra, Giulienetto. Ederra.

biribil
biribil dio:
2006/01/19 16:48

kanta batean herriko batek hala zioen: "Y si sentis tristeza cuando mires para atras no te olvides que el camino es pal que viene y pal que va. No te olvides del pago si te vas pa’ la ciudad. Cuanti mas lejos te vayas, mas te tenes que acordar."

patxi  lurra
patxi lurra dio:
2006/01/19 20:25

Harira-edo badatoz hurrengo berbak, Paddy Rekaldek "Bilbo dub kronikak" liburuan idatzitako "Las Cortes" eta "Paradisuak" kapituluetatik ataratakoak:

"Ez dakit han ikusi duen honen guztiaren irteera, amets egiten duen ihesa, edo Cantalojasko zubitik, trenbidearen gainean, handik behera salto egiteko aukera".

"Paradisua ez duzu inon topatuko. Noizbehinkako momentuetan baino ez duzu gozatuko, momentu gutxi, oso gutxi batzuetan baino ez".

Etiam
Etiam dio:
2006/01/19 20:25

Opari ederra egin diguzuna, baina gaur zuri tokatzen jatzu jasotzia.

Lagun batek esan dit esan diola gaur Julenen urtebetetze eguna dela.

ZORIONAK!!! eta muxu handi handi bat.

Patxi
Patxi dio:
2006/01/19 11:25

Julen, musika hutsa! Ederra oso.

mahen
mahen dio:
2006/01/19 11:57

ondo, Julen, ondo. Ederto.

leire
leire dio:
2006/01/19 14:40

Aupa, Julen!

Tagzania hain gustokua izanda, zelan ez dozu mapatxo bat jarri? edo erretreturen bat? Batez be, nun daguan ez dakigunondako, idea bat egitteko. Artikulua ilustrau, gizon!

Julen
Julen dio:
2006/01/19 15:09

Arrazoia, Leire. Ipini dut.

Hurbildu mapa ezkerreko eskalako + teklari sakatuta, eta hobeto ikusiko duzue non kokatzen den gaurko atala.

Eta txintxeten gainean klik eginda, leku horiek zeintzuk diren jakingo duzue.

Jozulin
Jozulin dio:
2006/01/20 21:41

Txorizonak Giulenetto!

Julen
Julen dio:
2006/01/20 11:42

Eskerrik asko denei!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.