Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Errekaren beste aldea

Errekaren beste aldea

gabiria 2006/01/05 08:37

Zazpi Kaleetatik paseatzen ibili nintzen iaz, eta, kale horien amaierara heltzean, beti eta zazpi biderrez, harago begiratzen nuen, errekaz bestaldeko etxeetara, eta zubietatik zetozenei, beltz edo musulmanei. Ezin da ukatu: gure begiradek exotismoa aurkitu nahi izaten dute, eta, nik ere, kale horien amaierara heltzean, exotismoa bilatzen nuen begiekin, hanka-puntetan jarri eta bestaldean zer ikusiko ote nuen.

Exotismoa bilatzea da horrelako auzo batean egin daitekeen gauzarik errazena. Baina traidorerik handiena ez da ikusten duguna; ikusi nahi duguna da traizionatzen gaituena, zer esanik ez ikusi nahi ez duguna. Ezin errurik bota begiei, eta nik beltz edo musulmanengan jartzen nituen begiak, nire gogo traidoreak eurengana eramaten baitzituen, bestelako errealitaterik ez balego bezala errekaz bestaldeko munduan.

Zazpi Kaleetako kronikak idatzi bitartean, behin ere ez nuen zubirik zeharkatu. Fideltasun keinu bat izan zen, begien garbitasunaren aldeko keinu bat. Eta, baita ere, beldurra. Beldurra, Zazpi Kaleak ezagutzea erraza delako, guztiok ditugulako geure Zazpi Kaleak, eta ez delako zaila errealismo magiko bat sortzea kale horien bueltan. Baina Bilbo Zaharrak eta San Frantziskok ez dute horrelako kronikarik onartzen. Ezin da begi berberekin joan errekaren bestaldera, eta, hori egitea posible balitz ere, ez daukat batere gogorik betaurreko berberekin joateko. Zubia zeharkatuta, lehenengo inpresioa da ez dela erraza izango Bilbo Zaharreko inguruari buruz idaztea. Beldurragatik izango da beharbada, ondo ezagutzen ez dugunaz hitz egitean sortzen den beldurragatik. Oroitzapenak dira ekilibrista honen sarea, baina orain biluzik nator: ez daukat oroitzapenik auzo horri buruz; hutsaren gainetik ibiliko naiz paseatzen, eta igual hutsera jausiko naiz. Eta begiek exotismoa erakusten badidate ere, ez diet sinistuko: pentsatuko dut neu naizela traidorea, neuk eraman ditudala begiak horrantz, eta ez dagoela exotismorik horrelako auzo batean. Beharbada hitz berriak asmatu beharko genituzke erreken bestaldeko auzoak definitzeko.

etiketak: Bertan Bilbo
patxi  lurra
patxi lurra dio:
2006/01/05 20:49

Berba barriak errekaz bestaldeko auzoak izendatzeko, Ezkerraldeko horiek (Gora Solokoetxe! Gora Eskumaldea!), dinozu.

Gaur etxean jaso dot Azkunaren neska-mutilek argitaratzen daben "Bilbao" hilabetekaria, eta berton "Bilbi"-ri buruzko erreportajetxoa dakarte. Berba barriak? Eurek "Bilboko Soho-a" erabili dabe, batik bat Maiatzaren2-Hernani-Marzana inguru "txik" hori izendatzeko.

PD Arabako Sojo, Artziniega ondoan.

Patxi
Patxi dio:
2006/01/05 21:00

Ederra!

Eneko
Eneko dio:
2006/01/09 02:11

Zorte on pasiadetan!

Laguntza bapez, hau alperra; baina jarraitu baino ez bada, jarraituko zaitugu errekaren beste aldean ere, bai horixe!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.