Itzultzaile eta protagonista
Azken aldiko sentsazioa da, lehenago ezagutzen ez nuena. Sentsazio deserosoa, kontraesanez betea, ulertu arren ez zaidana buruan ondo kabitzen. Ulertzen dut, zelan ez, gure merkatu txikerrak bozgorailuak behar izatea, bestela ere oihartzun gutxi izaten baitu literaturak, eta gurean luxua delako atera duzun liburu berriari buruzko elkarrizketak emateko gogorik ez izatea. Baina ez dut esan liburu berri hori zuk idatzitakoa denik. Nire zalantzak ez dira norberak sortu duen liburuari buruzkoak, ezpada beste hizkuntza batetik itzuli duzun liburuari buruzkoak. Lehenengo eta behin, argi gera bedi ez daukadala inongo zalantzarik egin beharrekoa dela hori, eta ez naiz hasiko teilatuaren kontra harriak botatzen, ez daukat-eta horretarako motiborik. Nire zalantza nagusia, artikulu honetan, ez da promozioa auzitan jartzea, baizik eta itzultzailearen figurari buruzko galdera soil batzuk aireratzea.
Itzultzailea, definizio guztien arabera, ezkutuan geratu beharreko norbait da: denok onartuko dugu itzultzailearen eskua ez dela nabaritu behar itzulpen-testu batean. Ahalik eta fidelen jaso behar du liburuaren autoreak esan zuena, esan zuen moduan eta esan zuen testuinguruan. Hori da bere lana: ezkutuan geratzea eta inork ez jakitea euskaraz (adibidez) irakurtzen ari den liburu hori itzulpena denik.
Errespetatzen dut itzultzaile bakoitzak hartzen duen erabakia, baina nik, "Peter Pan" obraren itzulpena argitaratu berritan, ez daukat beste ezer gehiago esateko, liburuan agertzen den itzulpena baino. Merkatuari mesedea egitearren, ematen ari naiz eta emango ditut elkarrizketak, baina ez zerbait interesgarria dudalako kontatzeko, ze nik, itzultzaile ikusezin beharko nukeen honek, egin dudan gauza bakarra liburua euskarara ekartzea izan da. Zer esanik ez itzultzailearen izena liburuaren azalean agertzeaz, beste inon egiten ez den moduan. Xehetasun txikiak dira, baina deseroso sentitzeko ez da gehiago behar.
Teknologia berriek ez naute maite
Eta eskerrak propaganda egiten diedan.
Aurreko batean, Skype programari buruz egin nuen berba blog honetan, Skyperatuta nengoela eta gustura nenbilela batzuekin eta besteekin telefonoz hizketan, baina telefonorik ordaindu barik.
Gero, justu barikuan, Bloglinesi buruz aritu nintzen, zelako inbento itzela den Bloglines eta blablabla.
Eta Skype pikutara joan zitzaidan egun batean, lagun batekin berba egin gura eta ezin nuenean. Nik entzuten nuen, baina berak ni ez. Txorradatxoren bat ukitzea izango da, baina ez naiz gai konpontzeko, eta hemen nago, Skype itzel hori instalatuta baina erabili ezinda.
Eta Skyperen traizioak ez nau hainbeste larritzen, baina Bloglinesek asteburu honetan egin didanak ez dauka izenik. Oraindik puñala bizkarretik kendu ezinda nabil, hain izan da jokaldi zikina.
Zapatuan ahalegindu nintzen Bloglinesen sartzen, baina ez zidan uzten. Atzo, berriz, sartu nintzen bai, baina sorpresa ederra hartu nuen, ikustean erregistratuta nituen 90 blogetatik 25 baino ez zeudela han. Onenak falta ziren, gainera.
Uste nuen euren arazoa izango zela eta gaurko konponduta izango nuela, baina keba. Eta orain nabil hanka mozten dietenei moduan: igartzen dut kili-kilia, baina ezin dut azkura egin. Nahi dut jakin ze gauza berri argitaratu den blogetan, baina ez dakit nora jo, eta banan-banan jo behar dut Eibar.org-en edo Goienaren gunera, edo, bestela, akordatu eta beren-beregi jo behar dut Bloggerreko gustuko blogetara, edo Gaztelumendirenera edo Sarean blogera, edo Obabatxue ederrera, esate baterako. Koñazo galanta, banan-banan ibiltze hau.
Zorionez, badugu Aurki ere, eta horri esker berriro harpidetu ahal izan naiz zenbait blogetara. Ederto dabil eta sistema Bloglinesen antzekoa da, baina euskarazko mezuak baino ez ditu hartzen (edo hori uste dut), eta Bloglinesen ingelesezko eta gaztelaniazko baten bat ere baneukan.
Beraz, Aurkirekin ibiliko naiz hemendik aurrera, Bloglinesen arazoa ez bada konpontzen. Ea teknologia honek apur bat gehiago maite nauen... propaganda behintzat egin diot eta!
Blog honetako lehenengo argazkia
Joxe Aranzabalek irakatsi dit argazkiak editatzen, eta bere blogean frogatxo bat egin ostean, hemen dago nire blogeko lehenengo argazkia, Elgetan egiten ari garen Blogarien I. BeSTan ateratakoa eta bertan editatutakoa. Zuzenean, beraz! Hemen, mahaiaren bueltan, Olegario Makarrovski, Elena Laka, Joxe Aranzabal, Xabier Mendiguren, Iturri, Eneko Astigarraga, Mikel Larreategi, Gari Araolaza, Iban Arantzabal, Maite Rementeria eta beste zenbait, ezagutzen ez ditudanak. Oier Gorosabel eta Iban Zaldua ere hemendik dabiltza, baina oraindik ez naiz eurekin egon.
Gainera, telebista, argazkilariak... hau da hau famaren pisua jasan beharra!
Maite Rementeriak, gainera, diseinu berria prestatu dit, ezin ederragoa, eta laster jarriko dugu, lorito laranjaren ordez. Egon adi eta ikusiko duzue ze polita den diseinu berri hori. Eskerrik asko Maite!
Domekan BeSTa dugu Elgetan
Domeka honetan, ni ere hantxe izango naiz, zelan ez. Elgetako Espaloian antolatu den BeSTan, lagun blogarien artean gustura.
Aurretik, goizean goiz, bozka eman eta, euririk egiten ez badu behintzat, mendira, ia astebururo legez. Astean zehar lan asko izaten dut, larregi askotan, eta mendiko txango hori izaten da arnasa estu baina gustura hartzeko aukeretako bat, gorputz, buru eta -esango nuke- arimarentzat sekulako ihesbidea. Baina hori, euririk egiten ez badu edo euri apurtxo bat egiten badu. Antza, baina, euria botako du domekan, ostarteekin.
Eta gero Elgetara.
Behin bozkatu dugunez egun horretan, zergatik ez bigarren aldiz? Horrela izango balitz, nik Patxitraperori emango nioke botoa. Ea nork duen bere energia, umorea, ilusioa, ekimenerako gogoa, ikuspuntu goxoa, kritikarako dohaina eta gogoratzen ez ditudan beste hainbeste ezaugarri! Eta, gainera, ez bi eta ez lau, bost blog ditu! Patxitrapero, Begietatik, Harrapatu!, Mundua aldrebes eta sortu duen azkena, Telebista.
Beste hamaika blog ere aipatuko nituzke, niretzat behintzat gozagarriak direnak eta Bloglinesi esker hortxe ditudanak beti eskuragarri, txukun-txukun. Ezagutzen ez duzuenontzat, programa hori kristona da. Kanpotik ikusita, eta barkatuko didate teknofiloek astakeriaren bat esaten badut, oso mekanismo sinplekoa dirudi, baina gero sekulako zerbitzua ematen du. Doakoa da gainera, eta, bertan, bakoitzak bere gustuko blogak sartzen ditu, gero ez ibiltzeko blogez blog interneten batek eta besteak zer idatzi duten jakiteko. Ez: Bloglines-ekin, berak abisatzen dizu nork zer idatzi duen.
Baina ez ditut aipatuko. Domekan esango diet eurei, eta kito. Batzuek badakite gustura irakurtzen ditudala euren blogak, eta ez ditut berriro lorez jantziko. Beste blogari batzuk, berriz, ez ditut pertsonalki ezagutzen, eta Elgetan bertan esango diet.
Hantxe izango naiz, argazki kamera alboan dudala. Eta nire blogerako albiste zoriontsua: Joxe Aranzabalek argazkiak editatzen irakatsiko dit. Astelehenetik aurrera, beraz, argazkiak ere ikusiko dituzue blog honetan, testuak apaintzeko.
Existitu ez, eta hantxe
Metroz joan nintzen Batasunak Sopelan eman zuen mitinera, tarteka pentsatuz Acebesek, bere logikarik logikoena erabilita, sarritan aipatzen duela zelan, Batasuna legez kanpo dagoenez, ez dela existitzen eta, beraz, guztiz ezinezkoa dela talde horrek mitin bat edo manifestazio bat antolatzea, existitzen ez denak ezin duelako (fisikoki, kuantikoki, psikikoki eta, are gutxiago, politikoki) ezer antolatu, ezta briska partida bat ere.
Lehengo asteetako manifestazioen aurrekariak kontuan hartuta, Sopelakoan ere arriskua zegoen mitina bertan behera geratzeko. "Plazan egin nahi dute", abisatu zidaten, "baina arazoak egon daitezke, eta, orduan, areto batean egingo lukete". Batasunak ez du alferrik ikasi, ordea, legea sortu daitekeela bai, baina legeari aurre egiteko zirrikituak ere aurki daitezkeela. Areago: aurkitu egin behar direla.
Pentsamendu fantasmagoriko horiekin joan nintzen, eta imajinatzen nuen "ez den" jende hori guztia plazan, eta "ez diren" Jone Goirizelaia eta Arnaldo Otegi berbetan, ozta-ozta diren mikrofonoen aurrean. Horrelaxe joan nintzen. Sopelako udaletxeko plazara heltzean, ordu laurden falta zen mitina hasteko, eta nire pentsamendua betetzear zegoela zirudien, oso jende gutxi baitzegoen plazan, 30 bat lagun. Tabernara joan-etorria egin ostean, berriz, jende gehiago topatu nuen, eta hitzaldia hasterako (minutu batzuk berandu), plazan 200 lagunetik gora egongo ziren, 300 akaso. Sekula ez naiz lar ona izan holako kalkuluetarako.
Hasi baino lehen, Zuberoako kantuak bozgorailuetan, goxo eta apal. Jendea taldetxoetan lasai berbetan. Koadernoa atera eta, segituan, neska bat etorri zitzaidan: "Kazetaria zara?". Hasi zaitez azaltzen kolaboratzailea baino ez zarela: "Bai. Berriatik nator". "Ah...", neskak, "katalana zinela uste nuen". Hara! Sekula horrelakorik entzun gabe, zalantzan geratu nintzen, piropoa ala iraina zen jakin ezinda. Galdetu nion, baina neskak barretxoa egin zidan. Ulertu nuen: piropoa, behintzat, ez zen. EAEko hauteskundeetan El Punt egunkariko berriemaile zebilela esan zidan gero.
Aurrean, telebistako sei kamera. Argazkilari mordoa. Goirizelaia eta Otegi ere han aurrean, jendearekin solasean. Nire alboan, gizon batek, Otegiri buruz, gaztelaniaz: "Hezurretan dago". Nik betiko antzera ikusi nuen, argal ez behintzat. Beste talde batean, andre batek, Goirizelaiari buruz: "Ederra da; oso ederra".
Saioa hasi aurretik, tradizioak agintzen duen moduan, bertsolari batek ale bi bota zituen: "Gu, legalenak, ilegal gara" esan zuen lehenengo bertsoko puntuetako batean, eta "gure herriak behar duena, burujabe izatea", bigarren bertsoaren amaieran.
Segituan, Goirizelaia izan zen oholtzan agertu zen lehenengo hizlaria, jendearen txaloen artean. Bitxia zen Sopelakoa: plaza non zegoen ez nekienez, gazte mendizaleen bila hasi nintzen, eurei jarraitzeko plazaraino. Baina kontua da Sopelan, Batasunaren jarraitzaile gazteek, uztartu egiten dituztela mendizale eta surflari arropak, eta makinatxo bat gazte zebilen mendiko prakekin eta Billabong kamisetekin, eta, zelan ez, EHSFren sudaderarekin (ez da Euskal Herrietako Suomiarren Federazioa, ez Sozialdemokratena, ez Sorginena... lasai Acebes!).
Goirizelaia mitina ematen ari zen bitartean, alboan neukan bikotea sutu egin zen. Aralar hartu zuten hizpide, eta sekulakoak eta bi esan zituzten haien aurka. Poztu egin ziren Goirizelaiak esan zuenean gainontzeko taldeak, Aralar barne, urduri daudela: "Urduri ez... oso urduri!", egin zuen oihu nire albokoak, eta jendeak irribarre konplizea egin zion, burua atzerantz jiratuta.
Gero Otegi igo zen atrilera, eta ia berez piztu zuen jendearen animoa. Haraxeago, neska batek ukondoarekin jo zion besteari, eta barreka hasi ziren biak. Otegiren sex-appealaren kontua ez da, ez, mitoa. Baina, batez ere, hizlari trebea da. Erritmoa, ahotsaren tonua, galdera erretorikoak, ikuslearenganako keinuak... badaki zer duen esku artean. Konturatu zenean hitzaldiaren hasiera motelegia, politikoegia, betikoegia ari zela izaten, tonuz aldatu, hiruzpalau txiste egin ("orain komunistekin gaudenez, Fidel Castrok bezala egingo dut, eta beste ordu bi jarraituko dut hizketan") eta jendeak barre batean erantzun zion. Elgoibarkoak badaki ze lanbide den hau.
Amaitzeko, EHAKren aldeko boto eskaera, txalaparta, Eusko Gudariak, gora batzuk eta luncha. Zoragarriak gaztaz betetako kroketak. Pastela ere, ahoa urtzeko modukoa. Patata tortilla probatu barik joan nintzen, holako arrakasta izan zuen. Erroskilak, muxuka jateko modukoak.
Gero, metroa hartu eta, etxera bueltatzean, Zapaterori entzun nion esaten ezin dela "badaezpadako" neurririk hartu EHAKren kontra. San Gilek eraso, EHAK eta Batasuna gauza bera direla eta, beraz, jende hori ez dela existitzen. Ez dudana ulertzen da, ez badira existitzen, zelan egiten dituzten holako kroketa goxoak.
Harategizar (II)
Gau gosez begiratu diot erlojuari, baina seiak ere ez ziren. Hanka bat sartu dut Kebabean, baina zalantzan geratu naiz, ez ote dudan denbora gehiegi pasatu beharko han, eta ez ote den tipo okrea moskeatuko, pentsatuz zer egiten dudan hainbeste denbora (batek daki noiz ixten duen Kebaba) poleo menta batekin. Hori pentsatu dut, baina okre jauna begira nuen, eta, beraz, hanka atera dut. Bururatu zait hobe zela katedralaren aurreko banku batean jartzea, eta handik bijilatzea. Baina pentsatu dut hiru ordu plazan jarrita, poleo mentarik gabe, luze egingo zitzaidala. Eta hanka Kebabean sartu dut, eta bestea ere atzetik joan zaio.
Gizon okreak ez du ezer esan, baina pentsatu du: "aupa". Eta nik ere ez dut ezer esan, baina antzeko zerbait pentsatu dut. Begira geratu zait, eta nik, pentsamenduarekin, esan diot "poleo menta", eta, begira-begira eta ahoa zabaldu barik, erantzun dit ez daukala, eta zerbeza bat atera dit, justu gutxien nahi nuena.
"Zertara etorri zara, gafas?", galdetu dit, pentsamenduarekin. Lotsatuta, konturatu naiz ezin niola esan pentsamenduarekin-, "zu jarraitzera, Kebaba ixten duzunean"; eta esan diot, esan barik jakina, "perutar bat jarraitzera". Txarto begiratu nau, oso txarto. Bere pentsamendurik ilunenarekin, esan dit: "hemen ez dago perutarrik". Eta gehitu du: "perutarrak kalean daude, hemen ez. Perutarrek ez dute kebabik jaten".
Eta kalera irten naiz edan nahi ez nuen zerbeza edan barik, eta ez zait asko kostatu perutar bat aurkitzea. Jarraitu egin dut, eskaparateen aurretik eta kale izkinetatik. Jarraitu dut ibai ertzetik eta auzo beltzetatik. Jarraitu dut, eta, hamaika bueltaren ostean, Harategizarrera bueltatu da, lokutoriora. Eta, lokutoriotik, Peruraino joan da. Eta jarraitu dut, baina fronteran, polizia batek, paperak eskatu dizkit. Eta nik ez neukan.
"Peruk polita dirudi fronteratik", aitortu diot, pentsamenduarekin, Kebabeko okreari.
Apirila Santutxun
Letrak pozik dabiltza Santutxun, apirila heldu eta euren inguruko ekitaldiak ugaldu direla eta:
- Bihar, apirilaren 13an, 20:00etan, Joxe Aranzabal egongo da berbetan Txurdinagako AEK euskaltegian, Medikuak esan dit minbizia dudala liburua hizpide hartuta.
- Apirilaren 27an, 20:00etan, hileko azken asteazken guztietan bezala, Irakurlearen Tartea izango dugu Txurdinagako AEK euskaltegian. Oraingoan, ipuin liburu bat: Hamabost zauri. Eta liburuaren idazlea, Karmele Jaio gasteiztarra, gure artean izango da, zelan ez.
- Apirilaren 29an, 20:00etan, antzerkia eta literatura eskutik etorriko zaizkigu: Henry Bengoa inventarium, Kandido Urangak antzeztutako bakarrizketa. Santa Martan (Karmelo ikastola, Karmeloko eskaileretan).
Gorrotoa kontserban
Blanca Torquemada izeneko andra bat etorri ei zan Aste Santuan oporretan Euskal Herriko kostaldera, eta, bide batez, erabagi eban gida turistiko bat idatzi behar ebala ABCrako.
Literaturaz ondo hornituta, Euskal Herriko bazterrak deskubritzera jatorku Blanca. Gure mundu iluna, gure herrietako kale siniestroak, ikurrina bakartiak udaletxeetan, berdel bila datozen kamioi irlandarrak (nongoak ostantzean?), plenoetan hegaz egiten daben mikrofonoak... azken baten, Euskal Herria. Ondarru, azken reduktoa.
Artikulu antologikoa, Humboldt barri honena. Zer dinot Humboldt? Lancre barri honena!... Lancre? Bai zera! Torquemada! Blanca Torquemada!
Oraina, iragana eta geroa, podiumean
Argi dago: gaur egungo txirrindularitzan, erlojuaren kontrako 9 kilometro erabakigarriagoak dira lineako 727 kilometro baino.
Esaldi moduan polit geratzen da, baina tranposo samarra ere bada, ze, esate baterako, atzoko goizeko sektorean (Altsasu-Arantzazu, 93 kilometro) Danilo Di Lucak ihes egin eta Davide Rebellini atera zizkion 4 segundoak erabakigarriak izan ziren Liquigas taldeko ilehoriak itzulia eskuratzeko. Tarte hori hartu izan ez balu, eta erlojuaren kontra Rebellinek Di Lucari segundo bat jan ziola kontuan hartuta, une honetan Rebellin izango litzateke irabazlea.
Esaldi borobila, beraz. Baina esaldi borobil gehienen antzera, apur bat gezurtia. Apur bat baino ez, hala ere. Ze, azkenean, egia da bakarkako lanean erabaki dela itzulia, eta egia da bakarkako lanak atera duela Aitor Osa podiumetik. Hasieratik genekien Ibixaren espezialitatea ez dela erlojuaren kontrako lana, baina egunak aurrera joan ahala, bagenuen esperantza izpi bat, behinik behin podiumerako. Baina horretarako, atzoko kronikan esan genuen moduan, tarte handiagoa behar zuen Osak, eta, horretarako, Arantzazun aldea atera behar zien gainontzekoei. Baina esatea gauza bat da, eta beste bat oso desberdina errepidean lehiatu behar izatea. Itziartarrak nahikoa eta sobera egin du. Itzel ibili da itzulian, eta atzo indartsuena zela esan nuen moduan, gaur hori zuzendu eta bigarren indartsuena izan zela diot, ezin delako ziklista baten neurria hartu berea ez den espezialitate baten arabera.
Danilo Di Lucak merezi izan du
Beraz, nire ustez, Osa bigarren indartsuena izan zen. Duda barik, Di Luca (29 urte) izan da onena. Ez bakarrik sailkapenari begiratuta. Bestela ere bai. Gehien merezi zuenak irabazi du itzulia, erregularrenak. Datu txiki bat dago hori frogatzeko: etapaz etapa lortu dituen postuak:
- 1. etapan (Zarautz), irabazle. Talde txiki baten arteko esprinta.
- 2. etapan (La Lejana), bosgarren. "Mendiko" etapa, amaiera mendatean. Segundo bi galdu Osarekiko.
- 3. etapan (Gasteiz), bosgarren. Esprint handia.
- 4. etapan (Altsasu), bigarren. Esprint handia.
- 5a. etapan (Arantzazu), hirugarren. "Mendiko" etapa, amaiera mendatean. Segundo bat irabazi Osarekiko.
- 5b. etapan (Oñati), laugarren. Erlojuaren kontrakoa. Segundo bat galdu Rebellinekiko eta hamabost irabazi Osarekiko.
Etapa guztietan lehenengo bosten artean sartu da! Ikaragarria da hori! Alde guztietan ondo moldatu da italiarra, berdin esprint handietan, txikietan, mendiko etapetan eta erlojuaren kontrakoan. Bai, erregulartasunaren saria irabazi du, baina ez etapaz etapa pilatutako puntu soilekin lortzen dena: erregulartasuna berezkoa du txirrindulari honek, eta, postuak ezezik, denbora onak lortu ditu etapa guztietan. Inoiz ez du denbora askorik galdu. Rebellinek, aldiz, 4 segundo galdu zituen Arantzazun atzo, eta kito. Bereak egin zuen. Di Luca maisu ibili da Itzulian, egon behar zuen lekuan beti, adi beti, tentsioan eta, batez ere, indartsu. Ze, indartsu ez bazaude, alferrik da.
Aitor Osa, bikain
Aitor Osak, berriz, ez du ezer ere txarto egin:
- 1. etapan, hamaseigarren. Di Lucaren denbora berean.
- 2. etapan, bigarren. Segundo bi irabazi Di Luca eta Rebellinekiko.
- 3. etapan, hogeita hirugarren. Di Lucaren denbora berean.
- 4. etapan, hamaikagarren. Di Lucaren denbora berean.
- 5a. etapan, laugarren. Segundo bat galdu Di Lucarekiko.
- 5b. etapan, hamargarren. Hamabost segundo galdu Di Lucarekiko, hamasei Rebellinekiko eta hemeretzi Contadorrekiko.
Erlojuaren kontrakoa albo batera utzita, beraz, onena. Eta erlojuaren kontrako lanean ere, ederto ibili zen itziartarra, sekula egin duen bakarkakorik onenetakoan. Ez zen bere terrenoa eta hasieratik genekien hori. Berak ere bai, eta La Lejanan lider jarri zenean ere argi esan zuen zail izango zuela.
Podiuma, baina, piztia traidorea da: Aitor Osa ezin izan da hiru aukeratuen artean sartu, 9 kilometroren gorabeheran. Gainera, Aitorren (eta Di Lucaren) alde esan beharko da bera irten denerako euria ari zuela, eta hori, atzokoaren moduko zirkuitu tekniko batean, oztopo handiegia da. Indarra balitz kontua, tira; baina atzo teknika behar zen, eta euria tartean sartzen denean eta kontuz ibili behar denean, teknika ez da nahikoa irabazteko.
Podiuma da txirrindularitzaren Historia (horrela, letra handiekin) idazten duena. Txirrindularitzaren Historia ez da idazten hiru eguneko lidergoarekin, ez La Lejanako bigarren postuarekin. Historia garaipenekin idazten da, eta, zoritxarrez, hurrengo urtean irabazlea gogoratuko dugu, baina laugarrena nekez. Sikiera Aitor bigarren geratu izan balitz! Rebellinek baino gehiago, behintzat, merezi zuen!
Alberto Contador, etorkizun izugarriko mutila
Alberto Contadorri buruz ere egin beharko dugu berba, zelan ez. Eta pozik gainera. Pozik, sinpatia diodalako madrildarrari. Zaila da sinpatiarik ez izatea: pasatu duena pasatuta, puntaren puntan dagoela ikusteak pozez betetzen nau, gogorarazten didalako zenbaterainokoa izan daitekeen pertsona baten barne-indarra. Eta, gainera, ziklismoaren epika berpizten duelako, hogeitabi urterekin. Eta etorkizunean handia, oso handia izan daitekeen karrerista baten aurrean gaudelako. Beldurgarria izan daiteke bizitza, are beldurgarriagoa heriotza; baina hunkigarria da jendeak zelako indarrez eusten dion bizi nahiari eta bizi beharrari. Gogoratzen gara, era berean, Lance Armstrongekin edo, beste maila batean eta hurbilagokoa delako, Joxe Aranzabalekin. Edo Xabier Usabiagarekin, edo Unai Paredesekin, edo... Armstrongek eta Aranzabalek minbizia gainditu dute. Usabiagak eta Paredesek (ETBko esataria eta afizionatuetako Serbitzu taldeko -uste dut orain beste izen bat dutela- zuzendari laguna, hurrenez hurren), bihotz arazoengatik utzi behar izan zuten txirrindularitza, baina bizitzen jarraitzen dute. Contadorrek buruko arazo bat gainditu du: kabernoma izeneko gaixotasun zitala.
Iazko Asturiasko Itzulian, karreran zihoala, jausi egin zen bat-batean. Ez estropezu edo laban eginda, ezpada buruan kabernoma zikin hura martxan hasi zitzaiolako. Konortea galduta jausi zen, eta konbultsio ikaragarriak izan zituen, kamerek dena hartzen zuten bitartean. Irudi lazgarri haiek munduko bazter guztietara heldu ziren. Burmuineko zain bat handitu egin zitzaion, eta horrek odol isuria ekarri zion. Segituan, hil ala biziko ebakuntza egin behar izan zioten bost orduz; handik bost egunera, arazo bera izan zuen, eta beste ebakuntza luze bat egin zioten. Medikuek esan zioten zail izango zuela bizikleta berriz hartzeko. Atzo, mutila berbetan egon zen telebistan, eta esan zuen bere beldurra ez zela bizikletan berriz hastea, baizik eta bizitza normala egin ahal izatea. Izan ere, hori ere arriskuan zegoen. Betiko txarto geratzeko arrisku handiegia zuen.
Denborarekin, apurka-apurka osatu egin da, eta aurten ikaragarri ari da, denboraldi hasieratik. Australiako Down Under Tourrean etapa bat irabazi zuen, Paris-Nizan protagonista handia izan zen eta eroriko baten erruz garaipenerako aukera barik geratu zen, Valentziako Itzulian mendatean amaitzen zen etapa bat bertan behera utzi zutelako ez zuen irabazteko aukerarik izan, eta Kataluniako Setmana irabazi zuen, etapa bat barne. Hala ere, Setmana ez dago UCI Pro Tourren barruan, eta han ez zen egon Euskal Herriko Itzuliko mailarik. Hemen hirugarren geratzea eta, batez ere, atzo erlojuaren kontra lortu zuen garaipen zoragarria dira txirrindulari gaztearen lorpenik garrantzitsuenak, bizitzan izan duen lorpena kontuan hartzen ez badugu.
Itzuli honetan izan duen akats bakarra La Lejanako helmugan izan zuen, 19 segundo galdu zituen eta. Igotzailea izanda, denbora gehiegi zen hori. Zorionez, atzo argi erakutsi zuen erlojuaren kontra ere itzela dela, eta etapa lortzeaz gain (Libertyren itzulia salbatu zuen, horrenbestez) podiumean ere sartu zen.
Orain, baina, etorkizuna berea da. Astiro joan beharko du aurrerantz, baina argi dagoena da aste bateko itzulietan ederto moldatzen dela, eta denbora gutxi barru lehia ederrak ikusi ahal izango ditugu Contador, Valverde, Cunego eta abarren artean.
Davide Rebellin, isilik baina akatsik gabe
Davide Rebellin, berriz, udaberri guztietako lorea da. 33 urte ditu, eta palmares handia dauka atzetik. Itzuli honetan beti egon da aurrean, akats bakar bat ere egin barik. Bakarra, zerbait esatearren, atzo Arantzazuko igoeran galdu zituen 4 segundoak. Horren erruz ez zuen itzulia irabazi. Baina, berriz diot, Osak baino gehiago ez du merezi izan. Indartsu egon da, beti aurrean, baina destakatu barik. Osak, aldiz, erasoak jo ditu eta beti ikusi da bere maillota. Lehenengo etapako Garate mendatean agertu zen batez ere, Osak erasoa jo zuenean. Esandakoak esanda, baina, horrek ez dio meriturik kentzen Rebellini.
Udaberriko klasikoak gustatzen zaizkio, eta orain Amstel Gold Race, Flecha Valona eta Liege-Bastogne-Liege prestatuko ditu. Karrera horiek telebistatik jarraitzen badituzue, seguru han ere ikusiko duzuela Rebellin, aurre-aurrean eta gerra ematen.
Atzoko sektore biak
CSC taldko Jens Voigt alemaniarrak irabazi zuen goizeko etapa, Altsasu-Arantzu, euripean. Voigtek hiru etapa ditu Euskal Herriko Itzulian, eta hirurak dira azken etapako goizeko sektorekoak: 1998an Hernanin, 2004an Lazkoan eta atzo Arantzazun. Espezialista da, beraz, horrelako etapa esplosibo eta urdurietan. 33 urterekin, 37 garaipen ditu alemaniarrak.
Atzetik, Andoni Aranaga eta David Latasaren arteko lehia ikusi ahal izan genuen, mendiko sailkapena nork irabaziko. Azkenean, Latasa nafarrak beste taldekide batekin egin zuen ihes Aranagaren ondotik, eta horrela lortu zuen mendiko maillota, Aranaga punturik gabe geratzen baitzen mendateetan (lehenengo ihes eginda zihoan Voigt pasatzen zen, gero Latasa eta gero bere taldekide Blanco). Estrategia ona erabili zuen Comunitat Valencianako zuzendaria den Vicente Beldak, eta borroka polita eskaini zuten Kaikurekin. Azkenean, bistan denez, UCI Pro Tourren ez dauden taldeek ikuskizun ederra eman dute.
Arantzazura helduta, berriz, Di Lucak egin zuen eraso tropelean, eta 18 segundora ere jarri zen, harik eta, azkenean, Aitor Osa atzetik irten zen arte. Sekulako emozioa bizi ostean, Di Lucak segundo bat jan zion Osari, eta lau Rebellin, Contador eta konpainiari.
Arrastian, berriz, erlojuaren kontrako proba gogorra: 9,3 kilometro Oñatitik, baina barruak uzteko moduko igoera batekin eta zoru arriskutsuarekin, goiz osoan euria bota zuelako eta, amaiera aldera, berriz hasi zelako.
Lehenengo marka ona Angel Viciosok jarri zuen: 13:58. Gero Oscar Pereiro etorri zen, eta 13:54ra jaitsi zuen marka. Ostean, sektorea irabazteko faboritoa heldu zen, Bobby Julich, eta 13:48. Bazirudien marka hori ezin izango zela ondu. Oraindik zenbait korredore falta ziren irteteko, baina Julichen denbora hobetuko zuenik... Eta bai: Alberto Contador izan zen. Julichena sekulako denbora bazen ere, madrildarrak 5 segundo kendu zizkion, eta bera ere konturatu zen galanta egin zuela, ze, helmuga zeharkatu ostean, denboren markagailura begiratu eta konturatu zenean zer egin zuen, garaipen keinua irten zitzaion barrutik. Eta ziklistek horrelako keinuak egiten dituztenean, ikusleak ere nahiko argi jakin dezake garaipena berarentzat izango dela.
Gonbidatutako taldeen alde
Horien alde esan behar da borroka handia egin dutela eta eskertzekoa dela, benetan. Zoritxarrez, Kaiku sari barik geratu da, baina lehenengo etapan Serranok jo zuen erasoa, bigarrenean Bruk eta Aranagak, hirugarrenean Oarbeaskoak, laugarrenean Aranagak eta bosgarreneko goizekoan, berriz, Aranaga berriro ere borrokan mendiko sailkapenaren alde.
Comunitat Valenciana ere, zoragarri. Gainera, txirrindularitza eskoletan irakasteko moduko estrategiak erabili dituzte, eta mota guztietako saioak egin dituzte: bosteko taldean hiru ziklista sartu dituzte, txirrindulariak binaka eskapatu dira tropeletik... denetarik egin dute, eta, azkenean, saria: mendiko sailkapena, David Latasarentzat.
Relaxek ere lortu du saritxoa, eta ez da gutxi, egon den lehiarekin: Iban Mayoz donostiarrak tarteko helmugen saria lortu du, lehenengo etapan ihes eginda egon ostean.
Hurrengo karreretara eta hurrengo urtera begira
Hilabete bi barru, beste karrera handi bat izango dugu, UCI Pro Tourren ez dagoen arren: Euskal Bizikleta. Ekainaren 1ean hasiko da, ibilbide erakargarriarekin eta Roberto Herasen ondorengoa nor izango den jakiteko irrikarekin.
- 1. etapa (ekainak 1): Eibar-Sopelana. Zailtasunik gabea.
- 2. etapa (ekainak 2): Sopelana-Tolosa. Etapa gogorra, gorabeheratsua. Guztira zazpi igoera izango ditu, azkenak Alkiza (helmugatik 10 kilometrora) eta Hernialde (3 kilometrora).
- 3. etapa (ekainak 3): Tolosa-Oroko Santutegia. Goian amaituko da, aurretik beste sei mendate igo ostean, tartean Urkiola.
- 4a. etapa (ekainak 4): Murgia-Abadiño. Zailtasun handirik gabea.
- 4b. etapa (ekainak 4): Elorrio-Abadiño. 14,9 kilometroko erlojuaren kontrako erabakigarria.
- 5. etapa (ekainak 5): Iurreta-Arrate. Hainbeste maite dugun etapa hori, ikusgarria beti. Zazpi mendate igo beharko dituzte, tartean Ixua bi aldiz.
Eta hurrengo urtera begira, berriz, hauxe izango da 2006ko Euskal Herriko Itzuliaren ibilbidea (mendateak zehazteke daude):
- 1. etapa: Irun-Irun. Erlaitz mendatetik pasatuko da, ziurrenik zirkuito eran antolatuko den etapan.
- 2. etapa: Irun-Segura. Gogorra izango omen da.
- 3. etapa: Segura-Lerin. Amaiera 800 metroko aldats gogorrean izango du.
- 4. etapa: Lerin-Gasteiz. Antza, Herreratik.
- 5a. etapa: Gasteiz-Zalla. Etapa labur baina gogorra egiteko asmoa dute.
- 5b. etapa: Zalla-Zalla. Erlojuaren kontrakoa: oraindik erabaki barik 16 edo 12 kilometrokoa izango den. 23 edo 25 kilometroko aukera ere badute, baina ez da hain ziurra.
Amaitzeko, sailkapen orokorra eta sari nagusiak:
SAILKAPEN OROKORRA
- 1. DI LUCA, Danilo..........18:13:53
- 2. REBELLIN, Davide................3 segundora
- 3. CONTADOR, Alberto.............11
- 4. OSA, Aitor.......................14
- 5. JULICH, Bobby...................18
- 6. PEREIRO, Oscar..................24
- 7. BOOGERD, Michael..............25
- 8. ROGERS, Michael................26
- 9. CUNEGO, Damiano..............27
- 10. SERRANO, Ricardo.............29
MENDIKO SAILKAPENA
- 1. LATASA, David.........29 puntu
- 2. ARANAGA, Andoni....24
- 3. VOIGT, Jens.............18
TARTEKO HELMUGAK
- 1. MAYOZ, Iban.........13 puntu
- 2. POILVET, Benoît......11
- 3. VOIGT, Jens............9
ERREGULARTASUNA
- 1. DI LUCA, Danilo................99 puntu
- 2. VALVERDE, Alejandro..........66
- 3. MARTIN PERDIGUERO, M.A....65
- 4. OSA, Aitor......................45
- 5. CUNEGO, Damiano.............41
TALDEKA
- 1. Liberty Seguros - Würth Team........54:44:00
- 2. Rabobank.........................................7 segundora
- 3. Discovery Chanel Pro Cycling Team.......1:08
Beraz, besterik ez. Eskerrik asko kronika hau jarraitu duzuen guztioi eta animoak eman dizkidazuenoi. Karrera zoragarria bizi izan dugu eta lehia ederraren zapore goxoarekin geratu gara, pozik, oso pozik.
Gaur erabakiko da itzulia
Erraz, oso erraz nagusitu zen atzo Alejandro Valverde, bigarrenez aurtengo Itzulian. Guztira, lau ditu Euskal Herriko Itzulietan: bat duela urte bi, bestea iaz eta, momentuz, bi aurten. Mutil honek edozein unetan harritu gaitzake, eta horregatik utzi dut "momentuz" zuhur hori, gaurko etapa bikoitza baino ez denean falta karreristen festa hau amaitzeko. Aurten, berriz, sei garaipen ditu atzokoarekin.
Gasteiztik Altsasura egin zuen atzo tropelak. Espero zen moduan, ihesaldi batek egin zuen bidearen zatirik nagusiena buruan. Hasieran bost txirrindulari ziren, tartean Andoni Aranaga. Esan beharra ote dago ze taldetakoa den azpeitiarra? Aber... bai! nork esan du? zuk? jakina ba: Kaikukoa! A zelako itzulia egiten ari diren! Txapela kentzekoa. Egunero-egunero hor, lau etapa eta lau ziklista, duten guztia ematen. Pena bakarra da garaipenik ez dutela lortu, baina hori bai: egunero egon dira podiumean sariren bat jasotzen. Ez bada tarteko helmugen saria, mendikoa, baina beti hor.
Une honetan bertan, Andoni Aranaga bera mendiko saria ari da disputatzen, David Latasa iruinseme jatorrarekin. Puntu bakarreko aldea dute, eta seguruenik gaurko etapako Aztiria mendatean erabakiko dute auzia. Gero beste mendate bi daude, baina pentsatzekoa da oilarren arteko borroka hasia izango dela ordurako, eta zailago izango dute puntuak lortzea Asentzion eta, zer esanik ez, Arantzazun.
Haizea, protagonista
Hasieran, beraz, bost iheslari zihoazen. Baina tropeletik beste bi irten ziren. Eta ze taldetakoak izango eta, Kaikuren moduan, UCI Pro Tourren ez dagoen beste talde aktibo batekoak biak: Comunitat Valencianakoak, zehazki. Hereneguneko ihesaldian, bost ziklistatik hiru talde horretakoak ziren. Atzo, bik ihes egin tropeletik eta biak talde berekoak. Gauza kuriosoak ikusten ari gara Itzuli honetan, ez direnak egunero ikusten gaur eguneko txirrindularitzan.
Bi txirrindulari horietako bat, hain zuzen ere, David Latasa zen. Zazpiko taldea sortu zen aurrean, beraz, eta tarte handia lortu zuten pelotoiarekiko, 5 minututik gorakoa. Orduan, liderraren Illes Balears eta Perdigueroren Phonak hasi ziren tiratzen, eta ez zuten inongo arazorik izan ihesaldia bertan behera uzteko. Hala ere, etaparen amaiera aldeko erritmo biziak eta Sakanako haizeak tropela moztu zuen birritan edo hirutan, eta, helikopterotik hartuta, irudi politak ikusi genituen: Phonak blokean tiratzen, eta sasi-abanikoak pelotoiaren erdialdean. Pena, benetako abanikorik ez zela egon, emozio gehiago izateko. Ze, egia esan, atzokoa trantsizioko etapa izan zen, Gasteizkoa baino askoz ere gehiago. Itzuliko motelena ere bai, nahiz eta, normalean, Euskal Herriko Itzulian Nafarroara heltzen diren etapetan beti izaten den saltsa interesgarririk.
Valverderen nagusitasuna
Etapa amaitzeko bost kilometro falta zirela, Vinokourovek eta Lovkvistek egin zuten alde, eta emozioa jarri zuten arren, ez ziren urrunera heldu.
Azkenean, Altsasun sartuta, Valverdek aise lortu zuen garaipena, Di Lucaren eta Perdigueroren aurretik. Esprinta nahiko atzetik hasi zuen Valverdek, taldekide barik inguruan, izan ere, Valverderen taldeak badu zeregin garrantzitsuagorik: Osaren lidergoa babestea da euren betebehar nagusia, indarrak esprintetan gastatu barik. Gainera, Valverdek ez du taldekiderik behar. Di Luca, Perdiguero, Pineau eta konpainiaren atzean jartzen da, itxuraz lar atzean, eta holako batean, azeri, kolpea jotzen du. Gasteizen ozta-ozta irabazi zion Lombardi zaharrari, baina atzo lasai-lasai atzera begiratzeko denbora ere izan zuen. Helmugan, besoak altxatu beharrean, besoak zabal-zabalik jarrita sartu zen, niri hainbeste gustatzen zaidan moduan. Zoritxarrez, oraindik ez dut ikasi blogean argazkiak jartzen, baina hemen ikus dezakezue zelan heldu zen murtziarra. Hori bai: argazkiak jartzen ikasten dudanean, ez dizuet bakerik emango, eta artikulu guztiak publikatuko ditut argazkiarekin.
Gaurko etapa bikoitza
Etapa esprintean amaituta, sailkapen nagusiak bere horretan jarraitzen du, eta gaur arrastian jakin ahal izango dugu nork idatziko duen bere izena Itzuliaren historian.
Hasteko, Altsasutik Oñatira doan 93 kilometroko etapa laburra dugu. Nik ilusio handia dut etapa horrekin, baina badakigu askotan ilusioak zapuztuta geratzen direla horrelakoetan: pentsatzen dugu gerra polita egongo dela, eta gero konturatzen gara azken mendateraino inork ez duela erasorik jotzen. Eta azken mendatean ere, azken kilometroetan.
Zer gerta daiteke goizeko sektore honetan? Ez dakit, baina, gutxienez, pentsatzekoa da oso bizia eta azkarra izango dela. Illes Balearsek erritmo handia jarri beharko du, kontrarioen erasoak saihesteko. Horrek esan nahi du erasoak egon daitezkeela, edo hori pentsatu nahi dut, ikuskizunaren onerako. Eta, jotzekotan, ezin da Oñatiraino itxaron, ze Arantzazun faboritoen taldea apurtzea ez da erraza izango. Arantzazu luzea da, baina maldarik gogorrenak hasieran ditu. Beraz, jotzekotan, Asentzion jo beharko litzateke erasoa. Esate baterako, Saunier Duval taldeak baditu zenbait ziklista oso ondo kokatuta sailkapenean (Rodriguez 7 segundora eta Zaballa eta Piepoli 14 segundora), igotzaile onak direnak baina erlojuaren kontra ez hain onak. Beraz, horiek behintzat erasoak jo beharko dituzte bata bestearen atzetik. McGee, Julich, Rogers eta Moncoutie ere saiatu beharko dira, aldea murrizteko eta arratsaldean lasaiago ibili ahal izateko. Baina, esan bezala, gauza bat da sofan lasai dagoen ikusleak nahi duena, eta beste bat zuzendari eta karreristek nahi dutena.
Kontua da arrastian erabakiko dela itzulia, erlojuaren kontrakoan; eta faboritoek ez dute indarrik alferrik bota nahiko, jakinda 9 kilometroko bakarkakoan askoz ere min gehiago egin daitekeela 93 kilometroko lineako etapan baino. Beraz, beldur naiz txirrindulariak ez ote diren elkarri begira joango Oñatiraino, eta, behin Arantzazuko magalera helduta, ez ote den benetako borroka bertan hasiko, helmugatik hurbil.
Beste kontu bat da eguraldiarena. Euriarekin, batzuk ez dira asko arriskatuko jaitsieretan. Denboraldi osoa dago aurretik, eta ziklisten esperantzak bizirik daude oraindik. Asko eta asko Girora begira daude, eta ez dute denboraldia pikutara bota nahi. Aitor Osak egoera hori aprobetxatu dezake, ausart jokatzen badu. Txirrindularitzan, ez dago gauza ederragorik liderra erasoa jotzen ikustea baino. Zoragarria izango litzateke.
Eta, esan bezala, arrastian, bakarkako erabakigarria. 9,3 kilometro Oñatiko kale eta auzoetatik. Diotenez, zirkuito teknikoa prestatu dute, ez hainbeste indarrean oinarritutakoa. Faboritoak? Buff... Iaz, Lazkaoko zirkuituan, aldeak oso-oso txikiak izan ziren: Julichek irabazi zuen, segundo bateko aldearekin bigarrenarekiko, eta aurten 20 segundora dago. Rogers hirugarren geratu zen, baina hau ere 20 segundora dago aurten. Menchov laugarren geratu zen (eta itzulia irabazi zuen), eta adi honekin, 7 segundora baino ez dago eta. David Etxebarria izan zen zortzigarren, eta orain 20 segundora dago. Eta horrela jarrai dezakegu.
Gauza bat argi dago: Aitor Osa izango da azkena irteten. Denen erreferentziak izango ditu. Jendea (eta milaka batzuk egongo dira Oñatin) berarekin dago. Indartsuena bera da. Maillot horia darama. Hegoak izango ditu.
Aupa Aitor, txapeldun!