Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Oraina, iragana eta geroa, podiumean

Oraina, iragana eta geroa, podiumean

Julen Gabiria 2005/04/09 12:12

Argi dago: gaur egungo txirrindularitzan, erlojuaren kontrako 9 kilometro erabakigarriagoak dira lineako 727 kilometro baino.

Esaldi moduan polit geratzen da, baina tranposo samarra ere bada, ze, esate baterako, atzoko goizeko sektorean (Altsasu-Arantzazu, 93 kilometro) Danilo Di Lucak ihes egin eta Davide Rebellini atera zizkion 4 segundoak erabakigarriak izan ziren Liquigas taldeko ilehoriak itzulia eskuratzeko. Tarte hori hartu izan ez balu, eta erlojuaren kontra Rebellinek Di Lucari segundo bat jan ziola kontuan hartuta, une honetan Rebellin izango litzateke irabazlea.

Esaldi borobila, beraz. Baina esaldi borobil gehienen antzera, apur bat gezurtia. Apur bat baino ez, hala ere. Ze, azkenean, egia da bakarkako lanean erabaki dela itzulia, eta egia da bakarkako lanak atera duela Aitor Osa podiumetik. Hasieratik genekien Ibixaren espezialitatea ez dela erlojuaren kontrako lana, baina egunak aurrera joan ahala, bagenuen esperantza izpi bat, behinik behin podiumerako. Baina horretarako, atzoko kronikan esan genuen moduan, tarte handiagoa behar zuen Osak, eta, horretarako, Arantzazun aldea atera behar zien gainontzekoei. Baina esatea gauza bat da, eta beste bat oso desberdina errepidean lehiatu behar izatea. Itziartarrak nahikoa eta sobera egin du. Itzel ibili da itzulian, eta atzo indartsuena zela esan nuen moduan, gaur hori zuzendu eta bigarren indartsuena izan zela diot, ezin delako ziklista baten neurria hartu berea ez den espezialitate baten arabera.

Danilo Di Lucak merezi izan du

Beraz, nire ustez, Osa bigarren indartsuena izan zen. Duda barik, Di Luca (29 urte) izan da onena. Ez bakarrik sailkapenari begiratuta. Bestela ere bai. Gehien merezi zuenak irabazi du itzulia, erregularrenak. Datu txiki bat dago hori frogatzeko: etapaz etapa lortu dituen postuak:

  • 1. etapan (Zarautz), irabazle. Talde txiki baten arteko esprinta.
  • 2. etapan (La Lejana), bosgarren. "Mendiko" etapa, amaiera mendatean. Segundo bi galdu Osarekiko.
  • 3. etapan (Gasteiz), bosgarren. Esprint handia.
  • 4. etapan (Altsasu), bigarren. Esprint handia.
  • 5a. etapan (Arantzazu), hirugarren. "Mendiko" etapa, amaiera mendatean. Segundo bat irabazi Osarekiko.
  • 5b. etapan (Oñati), laugarren. Erlojuaren kontrakoa. Segundo bat galdu Rebellinekiko eta hamabost irabazi Osarekiko.

Etapa guztietan lehenengo bosten artean sartu da! Ikaragarria da hori! Alde guztietan ondo moldatu da italiarra, berdin esprint handietan, txikietan, mendiko etapetan eta erlojuaren kontrakoan. Bai, erregulartasunaren saria irabazi du, baina ez etapaz etapa pilatutako puntu soilekin lortzen dena: erregulartasuna berezkoa du txirrindulari honek, eta, postuak ezezik, denbora onak lortu ditu etapa guztietan. Inoiz ez du denbora askorik galdu. Rebellinek, aldiz, 4 segundo galdu zituen Arantzazun atzo, eta kito. Bereak egin zuen. Di Luca maisu ibili da Itzulian, egon behar zuen lekuan beti, adi beti, tentsioan eta, batez ere, indartsu. Ze, indartsu ez bazaude, alferrik da.

Aitor Osa, bikain

Aitor Osak, berriz, ez du ezer ere txarto egin:

  • 1. etapan, hamaseigarren. Di Lucaren denbora berean.
  • 2. etapan, bigarren. Segundo bi irabazi Di Luca eta Rebellinekiko.
  • 3. etapan, hogeita hirugarren. Di Lucaren denbora berean.
  • 4. etapan, hamaikagarren. Di Lucaren denbora berean.
  • 5a. etapan, laugarren. Segundo bat galdu Di Lucarekiko.
  • 5b. etapan, hamargarren. Hamabost segundo galdu Di Lucarekiko, hamasei Rebellinekiko eta hemeretzi Contadorrekiko.

Erlojuaren kontrakoa albo batera utzita, beraz, onena. Eta erlojuaren kontrako lanean ere, ederto ibili zen itziartarra, sekula egin duen bakarkakorik onenetakoan. Ez zen bere terrenoa eta hasieratik genekien hori. Berak ere bai, eta La Lejanan lider jarri zenean ere argi esan zuen zail izango zuela.

Podiuma, baina, piztia traidorea da: Aitor Osa ezin izan da hiru aukeratuen artean sartu, 9 kilometroren gorabeheran. Gainera, Aitorren (eta Di Lucaren) alde esan beharko da bera irten denerako euria ari zuela, eta hori, atzokoaren moduko zirkuitu tekniko batean, oztopo handiegia da. Indarra balitz kontua, tira; baina atzo teknika behar zen, eta euria tartean sartzen denean eta kontuz ibili behar denean, teknika ez da nahikoa irabazteko.

Podiuma da txirrindularitzaren Historia (horrela, letra handiekin) idazten duena. Txirrindularitzaren Historia ez da idazten hiru eguneko lidergoarekin, ez La Lejanako bigarren postuarekin. Historia garaipenekin idazten da, eta, zoritxarrez, hurrengo urtean irabazlea gogoratuko dugu, baina laugarrena nekez. Sikiera Aitor bigarren geratu izan balitz! Rebellinek baino gehiago, behintzat, merezi zuen!

Alberto Contador, etorkizun izugarriko mutila

Alberto Contadorri buruz ere egin beharko dugu berba, zelan ez. Eta pozik gainera. Pozik, sinpatia diodalako madrildarrari. Zaila da sinpatiarik ez izatea: pasatu duena pasatuta, puntaren puntan dagoela ikusteak pozez betetzen nau, gogorarazten didalako zenbaterainokoa izan daitekeen pertsona baten barne-indarra. Eta, gainera, ziklismoaren epika berpizten duelako, hogeitabi urterekin. Eta etorkizunean handia, oso handia izan daitekeen karrerista baten aurrean gaudelako. Beldurgarria izan daiteke bizitza, are beldurgarriagoa heriotza; baina hunkigarria da jendeak zelako indarrez eusten dion bizi nahiari eta bizi beharrari. Gogoratzen gara, era berean, Lance Armstrongekin edo, beste maila batean eta hurbilagokoa delako, Joxe Aranzabalekin. Edo Xabier Usabiagarekin, edo Unai Paredesekin, edo... Armstrongek eta Aranzabalek minbizia gainditu dute. Usabiagak eta Paredesek (ETBko esataria eta afizionatuetako Serbitzu taldeko -uste dut orain beste izen bat dutela- zuzendari laguna, hurrenez hurren), bihotz arazoengatik utzi behar izan zuten txirrindularitza, baina bizitzen jarraitzen dute. Contadorrek buruko arazo bat gainditu du: kabernoma izeneko gaixotasun zitala.

Iazko Asturiasko Itzulian, karreran zihoala, jausi egin zen bat-batean. Ez estropezu edo laban eginda, ezpada buruan kabernoma zikin hura martxan hasi zitzaiolako. Konortea galduta jausi zen, eta konbultsio ikaragarriak izan zituen, kamerek dena hartzen zuten bitartean. Irudi lazgarri haiek munduko bazter guztietara heldu ziren. Burmuineko zain bat handitu egin zitzaion, eta horrek odol isuria ekarri zion. Segituan, hil ala biziko ebakuntza egin behar izan zioten bost orduz; handik bost egunera, arazo bera izan zuen, eta beste ebakuntza luze bat egin zioten. Medikuek esan zioten zail izango zuela bizikleta berriz hartzeko. Atzo, mutila berbetan egon zen telebistan, eta esan zuen bere beldurra ez zela bizikletan berriz hastea, baizik eta bizitza normala egin ahal izatea. Izan ere, hori ere arriskuan zegoen. Betiko txarto geratzeko arrisku handiegia zuen.

Denborarekin, apurka-apurka osatu egin da, eta aurten ikaragarri ari da, denboraldi hasieratik. Australiako Down Under Tourrean etapa bat irabazi zuen, Paris-Nizan protagonista handia izan zen eta eroriko baten erruz garaipenerako aukera barik geratu zen, Valentziako Itzulian mendatean amaitzen zen etapa bat bertan behera utzi zutelako ez zuen irabazteko aukerarik izan, eta Kataluniako Setmana irabazi zuen, etapa bat barne. Hala ere, Setmana ez dago UCI Pro Tourren barruan, eta han ez zen egon Euskal Herriko Itzuliko mailarik. Hemen hirugarren geratzea eta, batez ere, atzo erlojuaren kontra lortu zuen garaipen zoragarria dira txirrindulari gaztearen lorpenik garrantzitsuenak, bizitzan izan duen lorpena kontuan hartzen ez badugu.

Itzuli honetan izan duen akats bakarra La Lejanako helmugan izan zuen, 19 segundo galdu zituen eta. Igotzailea izanda, denbora gehiegi zen hori. Zorionez, atzo argi erakutsi zuen erlojuaren kontra ere itzela dela, eta etapa lortzeaz gain (Libertyren itzulia salbatu zuen, horrenbestez) podiumean ere sartu zen.

Orain, baina, etorkizuna berea da. Astiro joan beharko du aurrerantz, baina argi dagoena da aste bateko itzulietan ederto moldatzen dela, eta denbora gutxi barru lehia ederrak ikusi ahal izango ditugu Contador, Valverde, Cunego eta abarren artean.

Davide Rebellin, isilik baina akatsik gabe

Davide Rebellin, berriz, udaberri guztietako lorea da. 33 urte ditu, eta palmares handia dauka atzetik. Itzuli honetan beti egon da aurrean, akats bakar bat ere egin barik. Bakarra, zerbait esatearren, atzo Arantzazuko igoeran galdu zituen 4 segundoak. Horren erruz ez zuen itzulia irabazi. Baina, berriz diot, Osak baino gehiago ez du merezi izan. Indartsu egon da, beti aurrean, baina destakatu barik. Osak, aldiz, erasoak jo ditu eta beti ikusi da bere maillota. Lehenengo etapako Garate mendatean agertu zen batez ere, Osak erasoa jo zuenean. Esandakoak esanda, baina, horrek ez dio meriturik kentzen Rebellini.

Udaberriko klasikoak gustatzen zaizkio, eta orain Amstel Gold Race, Flecha Valona eta Liege-Bastogne-Liege prestatuko ditu. Karrera horiek telebistatik jarraitzen badituzue, seguru han ere ikusiko duzuela Rebellin, aurre-aurrean eta gerra ematen.

Atzoko sektore biak

CSC taldko Jens Voigt alemaniarrak irabazi zuen goizeko etapa, Altsasu-Arantzu, euripean. Voigtek hiru etapa ditu Euskal Herriko Itzulian, eta hirurak dira azken etapako goizeko sektorekoak: 1998an Hernanin, 2004an Lazkoan eta atzo Arantzazun. Espezialista da, beraz, horrelako etapa esplosibo eta urdurietan. 33 urterekin, 37 garaipen ditu alemaniarrak.

Atzetik, Andoni Aranaga eta David Latasaren arteko lehia ikusi ahal izan genuen, mendiko sailkapena nork irabaziko. Azkenean, Latasa nafarrak beste taldekide batekin egin zuen ihes Aranagaren ondotik, eta horrela lortu zuen mendiko maillota, Aranaga punturik gabe geratzen baitzen mendateetan (lehenengo ihes eginda zihoan Voigt pasatzen zen, gero Latasa eta gero bere taldekide Blanco). Estrategia ona erabili zuen Comunitat Valencianako zuzendaria den Vicente Beldak, eta borroka polita eskaini zuten Kaikurekin. Azkenean, bistan denez, UCI Pro Tourren ez dauden taldeek ikuskizun ederra eman dute.

Arantzazura helduta, berriz, Di Lucak egin zuen eraso tropelean, eta 18 segundora ere jarri zen, harik eta, azkenean, Aitor Osa atzetik irten zen arte. Sekulako emozioa bizi ostean, Di Lucak segundo bat jan zion Osari, eta lau Rebellin, Contador eta konpainiari.

Arrastian, berriz, erlojuaren kontrako proba gogorra: 9,3 kilometro Oñatitik, baina barruak uzteko moduko igoera batekin eta zoru arriskutsuarekin, goiz osoan euria bota zuelako eta, amaiera aldera, berriz hasi zelako.

Lehenengo marka ona Angel Viciosok jarri zuen: 13:58. Gero Oscar Pereiro etorri zen, eta 13:54ra jaitsi zuen marka. Ostean, sektorea irabazteko faboritoa heldu zen, Bobby Julich, eta 13:48. Bazirudien marka hori ezin izango zela ondu. Oraindik zenbait korredore falta ziren irteteko, baina Julichen denbora hobetuko zuenik... Eta bai: Alberto Contador izan zen. Julichena sekulako denbora bazen ere, madrildarrak 5 segundo kendu zizkion, eta bera ere konturatu zen galanta egin zuela, ze, helmuga zeharkatu ostean, denboren markagailura begiratu eta konturatu zenean zer egin zuen, garaipen keinua irten zitzaion barrutik. Eta ziklistek horrelako keinuak egiten dituztenean, ikusleak ere nahiko argi jakin dezake garaipena berarentzat izango dela.

Gonbidatutako taldeen alde

Horien alde esan behar da borroka handia egin dutela eta eskertzekoa dela, benetan. Zoritxarrez, Kaiku sari barik geratu da, baina lehenengo etapan Serranok jo zuen erasoa, bigarrenean Bruk eta Aranagak, hirugarrenean Oarbeaskoak, laugarrenean Aranagak eta bosgarreneko goizekoan, berriz, Aranaga berriro ere borrokan mendiko sailkapenaren alde.

Comunitat Valenciana ere, zoragarri. Gainera, txirrindularitza eskoletan irakasteko moduko estrategiak erabili dituzte, eta mota guztietako saioak egin dituzte: bosteko taldean hiru ziklista sartu dituzte, txirrindulariak binaka eskapatu dira tropeletik... denetarik egin dute, eta, azkenean, saria: mendiko sailkapena, David Latasarentzat.

Relaxek ere lortu du saritxoa, eta ez da gutxi, egon den lehiarekin: Iban Mayoz donostiarrak tarteko helmugen saria lortu du, lehenengo etapan ihes eginda egon ostean.

Hurrengo karreretara eta hurrengo urtera begira

Hilabete bi barru, beste karrera handi bat izango dugu, UCI Pro Tourren ez dagoen arren: Euskal Bizikleta. Ekainaren 1ean hasiko da, ibilbide erakargarriarekin eta Roberto Herasen ondorengoa nor izango den jakiteko irrikarekin.

  • 1. etapa (ekainak 1): Eibar-Sopelana. Zailtasunik gabea.
  • 2. etapa (ekainak 2): Sopelana-Tolosa. Etapa gogorra, gorabeheratsua. Guztira zazpi igoera izango ditu, azkenak Alkiza (helmugatik 10 kilometrora) eta Hernialde (3 kilometrora).
  • 3. etapa (ekainak 3): Tolosa-Oroko Santutegia. Goian amaituko da, aurretik beste sei mendate igo ostean, tartean Urkiola.
  • 4a. etapa (ekainak 4): Murgia-Abadiño. Zailtasun handirik gabea.
  • 4b. etapa (ekainak 4): Elorrio-Abadiño. 14,9 kilometroko erlojuaren kontrako erabakigarria.
  • 5. etapa (ekainak 5): Iurreta-Arrate. Hainbeste maite dugun etapa hori, ikusgarria beti. Zazpi mendate igo beharko dituzte, tartean Ixua bi aldiz.

Eta hurrengo urtera begira, berriz, hauxe izango da 2006ko Euskal Herriko Itzuliaren ibilbidea (mendateak zehazteke daude):

  • 1. etapa: Irun-Irun. Erlaitz mendatetik pasatuko da, ziurrenik zirkuito eran antolatuko den etapan.
  • 2. etapa: Irun-Segura. Gogorra izango omen da.
  • 3. etapa: Segura-Lerin. Amaiera 800 metroko aldats gogorrean izango du.
  • 4. etapa: Lerin-Gasteiz. Antza, Herreratik.
  • 5a. etapa: Gasteiz-Zalla. Etapa labur baina gogorra egiteko asmoa dute.
  • 5b. etapa: Zalla-Zalla. Erlojuaren kontrakoa: oraindik erabaki barik 16 edo 12 kilometrokoa izango den. 23 edo 25 kilometroko aukera ere badute, baina ez da hain ziurra.

Amaitzeko, sailkapen orokorra eta sari nagusiak:

SAILKAPEN OROKORRA

  • 1. DI LUCA, Danilo..........18:13:53
  • 2. REBELLIN, Davide................3 segundora
  • 3. CONTADOR, Alberto.............11
  • 4. OSA, Aitor.......................14
  • 5. JULICH, Bobby...................18
  • 6. PEREIRO, Oscar..................24
  • 7. BOOGERD, Michael..............25
  • 8. ROGERS, Michael................26
  • 9. CUNEGO, Damiano..............27
  • 10. SERRANO, Ricardo.............29

MENDIKO SAILKAPENA

  • 1. LATASA, David.........29 puntu
  • 2. ARANAGA, Andoni....24
  • 3. VOIGT, Jens.............18

TARTEKO HELMUGAK

  • 1. MAYOZ, Iban.........13 puntu
  • 2. POILVET, Benoît......11
  • 3. VOIGT, Jens............9

ERREGULARTASUNA

  • 1. DI LUCA, Danilo................99 puntu
  • 2. VALVERDE, Alejandro..........66
  • 3. MARTIN PERDIGUERO, M.A....65
  • 4. OSA, Aitor......................45
  • 5. CUNEGO, Damiano.............41

TALDEKA

  • 1. Liberty Seguros - Würth Team........54:44:00
  • 2. Rabobank.........................................7 segundora
  • 3. Discovery Chanel Pro Cycling Team.......1:08

Beraz, besterik ez. Eskerrik asko kronika hau jarraitu duzuen guztioi eta animoak eman dizkidazuenoi. Karrera zoragarria bizi izan dugu eta lehia ederraren zapore goxoarekin geratu gara, pozik, oso pozik.

etiketak:
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.