Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Gaur erabakiko da itzulia

Gaur erabakiko da itzulia

gabiria 2005/04/08 09:09

Erraz, oso erraz nagusitu zen atzo Alejandro Valverde, bigarrenez aurtengo Itzulian. Guztira, lau ditu Euskal Herriko Itzulietan: bat duela urte bi, bestea iaz eta, momentuz, bi aurten. Mutil honek edozein unetan harritu gaitzake, eta horregatik utzi dut "momentuz" zuhur hori, gaurko etapa bikoitza baino ez denean falta karreristen festa hau amaitzeko. Aurten, berriz, sei garaipen ditu atzokoarekin.

Gasteiztik Altsasura egin zuen atzo tropelak. Espero zen moduan, ihesaldi batek egin zuen bidearen zatirik nagusiena buruan. Hasieran bost txirrindulari ziren, tartean Andoni Aranaga. Esan beharra ote dago ze taldetakoa den azpeitiarra? Aber... bai! nork esan du? zuk? jakina ba: Kaikukoa! A zelako itzulia egiten ari diren! Txapela kentzekoa. Egunero-egunero hor, lau etapa eta lau ziklista, duten guztia ematen. Pena bakarra da garaipenik ez dutela lortu, baina hori bai: egunero egon dira podiumean sariren bat jasotzen. Ez bada tarteko helmugen saria, mendikoa, baina beti hor.

Une honetan bertan, Andoni Aranaga bera mendiko saria ari da disputatzen, David Latasa iruinseme jatorrarekin. Puntu bakarreko aldea dute, eta seguruenik gaurko etapako Aztiria mendatean erabakiko dute auzia. Gero beste mendate bi daude, baina pentsatzekoa da oilarren arteko borroka hasia izango dela ordurako, eta zailago izango dute puntuak lortzea Asentzion eta, zer esanik ez, Arantzazun.

Haizea, protagonista

Hasieran, beraz, bost iheslari zihoazen. Baina tropeletik beste bi irten ziren. Eta ze taldetakoak izango eta, Kaikuren moduan, UCI Pro Tourren ez dagoen beste talde aktibo batekoak biak: Comunitat Valencianakoak, zehazki. Hereneguneko ihesaldian, bost ziklistatik hiru talde horretakoak ziren. Atzo, bik ihes egin tropeletik eta biak talde berekoak. Gauza kuriosoak ikusten ari gara Itzuli honetan, ez direnak egunero ikusten gaur eguneko txirrindularitzan.

Bi txirrindulari horietako bat, hain zuzen ere, David Latasa zen. Zazpiko taldea sortu zen aurrean, beraz, eta tarte handia lortu zuten pelotoiarekiko, 5 minututik gorakoa. Orduan, liderraren Illes Balears eta Perdigueroren Phonak hasi ziren tiratzen, eta ez zuten inongo arazorik izan ihesaldia bertan behera uzteko. Hala ere, etaparen amaiera aldeko erritmo biziak eta Sakanako haizeak tropela moztu zuen birritan edo hirutan, eta, helikopterotik hartuta, irudi politak ikusi genituen: Phonak blokean tiratzen, eta sasi-abanikoak pelotoiaren erdialdean. Pena, benetako abanikorik ez zela egon, emozio gehiago izateko. Ze, egia esan, atzokoa trantsizioko etapa izan zen, Gasteizkoa baino askoz ere gehiago. Itzuliko motelena ere bai, nahiz eta, normalean, Euskal Herriko Itzulian Nafarroara heltzen diren etapetan beti izaten den saltsa interesgarririk.

Valverderen nagusitasuna

Etapa amaitzeko bost kilometro falta zirela, Vinokourovek eta Lovkvistek egin zuten alde, eta emozioa jarri zuten arren, ez ziren urrunera heldu.

Azkenean, Altsasun sartuta, Valverdek aise lortu zuen garaipena, Di Lucaren eta Perdigueroren aurretik. Esprinta nahiko atzetik hasi zuen Valverdek, taldekide barik inguruan, izan ere, Valverderen taldeak badu zeregin garrantzitsuagorik: Osaren lidergoa babestea da euren betebehar nagusia, indarrak esprintetan gastatu barik. Gainera, Valverdek ez du taldekiderik behar. Di Luca, Perdiguero, Pineau eta konpainiaren atzean jartzen da, itxuraz lar atzean, eta holako batean, azeri, kolpea jotzen du. Gasteizen ozta-ozta irabazi zion Lombardi zaharrari, baina atzo lasai-lasai atzera begiratzeko denbora ere izan zuen. Helmugan, besoak altxatu beharrean, besoak zabal-zabalik jarrita sartu zen, niri hainbeste gustatzen zaidan moduan. Zoritxarrez, oraindik ez dut ikasi blogean argazkiak jartzen, baina hemen ikus dezakezue zelan heldu zen murtziarra. Hori bai: argazkiak jartzen ikasten dudanean, ez dizuet bakerik emango, eta artikulu guztiak publikatuko ditut argazkiarekin.

Gaurko etapa bikoitza

Etapa esprintean amaituta, sailkapen nagusiak bere horretan jarraitzen du, eta gaur arrastian jakin ahal izango dugu nork idatziko duen bere izena Itzuliaren historian.

Hasteko, Altsasutik Oñatira doan 93 kilometroko etapa laburra dugu. Nik ilusio handia dut etapa horrekin, baina badakigu askotan ilusioak zapuztuta geratzen direla horrelakoetan: pentsatzen dugu gerra polita egongo dela, eta gero konturatzen gara azken mendateraino inork ez duela erasorik jotzen. Eta azken mendatean ere, azken kilometroetan.

Zer gerta daiteke goizeko sektore honetan? Ez dakit, baina, gutxienez, pentsatzekoa da oso bizia eta azkarra izango dela. Illes Balearsek erritmo handia jarri beharko du, kontrarioen erasoak saihesteko. Horrek esan nahi du erasoak egon daitezkeela, edo hori pentsatu nahi dut, ikuskizunaren onerako. Eta, jotzekotan, ezin da Oñatiraino itxaron, ze Arantzazun faboritoen taldea apurtzea ez da erraza izango. Arantzazu luzea da, baina maldarik gogorrenak hasieran ditu. Beraz, jotzekotan, Asentzion jo beharko litzateke erasoa. Esate baterako, Saunier Duval taldeak baditu zenbait ziklista oso ondo kokatuta sailkapenean (Rodriguez 7 segundora eta Zaballa eta Piepoli 14 segundora), igotzaile onak direnak baina erlojuaren kontra ez hain onak. Beraz, horiek behintzat erasoak jo beharko dituzte bata bestearen atzetik. McGee, Julich, Rogers eta Moncoutie ere saiatu beharko dira, aldea murrizteko eta arratsaldean lasaiago ibili ahal izateko. Baina, esan bezala, gauza bat da sofan lasai dagoen ikusleak nahi duena, eta beste bat zuzendari eta karreristek nahi dutena.

Kontua da arrastian erabakiko dela itzulia, erlojuaren kontrakoan; eta faboritoek ez dute indarrik alferrik bota nahiko, jakinda 9 kilometroko bakarkakoan askoz ere min gehiago egin daitekeela 93 kilometroko lineako etapan baino. Beraz, beldur naiz txirrindulariak ez ote diren elkarri begira joango Oñatiraino, eta, behin Arantzazuko magalera helduta, ez ote den benetako borroka bertan hasiko, helmugatik hurbil.

Beste kontu bat da eguraldiarena. Euriarekin, batzuk ez dira asko arriskatuko jaitsieretan. Denboraldi osoa dago aurretik, eta ziklisten esperantzak bizirik daude oraindik. Asko eta asko Girora begira daude, eta ez dute denboraldia pikutara bota nahi. Aitor Osak egoera hori aprobetxatu dezake, ausart jokatzen badu. Txirrindularitzan, ez dago gauza ederragorik liderra erasoa jotzen ikustea baino. Zoragarria izango litzateke.

Eta, esan bezala, arrastian, bakarkako erabakigarria. 9,3 kilometro Oñatiko kale eta auzoetatik. Diotenez, zirkuito teknikoa prestatu dute, ez hainbeste indarrean oinarritutakoa. Faboritoak? Buff... Iaz, Lazkaoko zirkuituan, aldeak oso-oso txikiak izan ziren: Julichek irabazi zuen, segundo bateko aldearekin bigarrenarekiko, eta aurten 20 segundora dago. Rogers hirugarren geratu zen, baina hau ere 20 segundora dago aurten. Menchov laugarren geratu zen (eta itzulia irabazi zuen), eta adi honekin, 7 segundora baino ez dago eta. David Etxebarria izan zen zortzigarren, eta orain 20 segundora dago. Eta horrela jarrai dezakegu.

Gauza bat argi dago: Aitor Osa izango da azkena irteten. Denen erreferentziak izango ditu. Jendea (eta milaka batzuk egongo dira Oñatin) berarekin dago. Indartsuena bera da. Maillot horia darama. Hegoak izango ditu.

Aupa Aitor, txapeldun!

etiketak: Ziklismoa
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.