Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola

Artistaren definizioa

gabiria 2005/03/10 13:03

Maider Lopez (Donostia, 1975) artistari elkarrizketa egin diote gaur hainbat egunkaritan, Veneziako Bienalera gonbidatu dutelako. Baina elkarrizketa guztietatik, Ainara Gorostitzuk Berrian egindakoa gustatu zait niri gehien, gogoetarako aukera gehiena horrek ematen duela iruditzen zaidalako.

Artearen eta publikoaren arteko harremanaz ari da Maider Lopez, eta detaile interesgarriak botatzen ditu airera, norbaitek harrapatu nahi baditu:

Publikoak garrantzi handia du zure obran. Hari begira egiten duzu lan?

Ez, baina publikoa beharrezkoa da pieza horrek zentzua izan dezan. Interesen arabera sortzen dira ideiak, lan batek eramaten nau beste batera. Baina beste batzuetan kasualitatez gertatzen da, horiek dira niri gehien gustatzen zaizkidanak: oporretan hondartzatik bueltatu, eta bat-batean ikusten duzu ideia emango dizun zerbait. Hori gertatzen zait izan nahi ez dudan momentuan ere artista naizelako. Horrela sortu da udan egingo dudan Proyecto coches.

(...)

Horrelakoetan jendea konturatzen al da interbentzio artistiko bat dela?

Batzuek ulertzen dute, eta beste asko haserretu egiten dira. Beste batzuek diote ni ez naizela inor artista naizen edo ez esateko; nik erantzuten diet, ona edo txarra baina artista naizela, psikologo bat karrera amaitzean psikologoa den bezala.

-----------------------------------------------------------------------------------

Beltzez markatu dudan lehenengo esaldia da aspaldian artista bat zer den definitzeko entzun dudan onena. Esaldia huts-hutsean ezin dugunez testuingurutik atera, barkatuko didazue atrebentzia: negritaz dagoen lehenengo esaldi hori nolabait borobildu egingo dut (beti ere aurretik Maider Lopezek esandakoak erabiliz), nola-halako esaldi antologiko bat sortzeko. Niri, behintzat, ezin hobea iruditzen zait artistaren definizio hau:

"Ideiak etortzen zaizkit, artista izan nahi ez dudan momentuan ere artista naizelako"

Itzela. Ez dut Maider Lopezen obrarik ikusi, baina seguru nago Veneziako Bienalekoek arrazoiak soberan izango dituztela donostiar gazte hau artearen gertakari handi horretara gonbidatzeko. Seguru nago artista handia dela.

Bide batez: definizio horrek balioko ote du behingoagatik Patxitraperok artistatzat har dezan bere burua?

Hitzaldia Deustun

gabiria 2005/03/09 12:33

Gaur arrastian, 20:00etan, hitzaldia emango dut Deustuko Bidarte Kultur Etxean. Gaia Han goitik itsasoa ikusten da nobela izango da.

Irakurri ez baduzue ere, lasai joan: nire burua ezagututa, liburuari buruz berbetan hasi bai, baina batek daki non amaituko dugun.

Dendarikale (II)

gabiria 2005/03/09 08:12

Zure atzean, ahots bat gailendu da beste guztien artetik. Ez zara jiratu: nahiago izan duzu imajinatu.

Emakumeak esan du: "Nik beti pentsatu dut gauza bat, eta arrazoi dut: kamioiak geratzen diren lekuan, ondo jaten da beti". Koadernoa atera duzu. Holako esaldiak botatzen dituzten emakumeak hizketan ari direnean, koadernoa atera behar da beti. Pentsatu duzu arrastiak itxura ona hartu duela bat-batean, zoologikora edo museora doan antropologoaren harrokeria berarekin. Lotsagarri samarra ere bada koaderno batekin joatea degustazioetara, eta emakumeek esaten dituztenak jasotzea bertan, errealitatetik mila kilometrora biziko bazina bezala eta, astean behin, mundu errealera jaisteko beharra izango bazenu moduan. Zalantzak etorri zaizkizu orduan, baina ez duzu koadernoa itxi. Emakumeak esan du: "Eta ondo jan genuen, baina gero Portugalera sartu ginen, eta hortxe hasi zen abentura: egun horretatik aurrera, potitoak jaten pasatu genituen oporrak". Jarraitu du gero: "eta egin kontu asko bidaiatutakoak garela, ze birritan egon gara Saloun; baina, benetan: niri ez eman Portugalgo janaririk, ze oka egingo dizut gainean". Andre batek erantzun dio: "bakailao ona omen dago Portugalen". Emakumeak erantzun dio: "ba gaur da eguna" (talk-showak ikusten dituzten emakumeei ikaragarri gustatzen zaie txorakeria hori esatea), "gaur da eguna nire semeak bakailao bat ikusi eta oka egiten duena". Zehaztu du: "txuletoiak bai, hori gustatzen zaio". Esan du: "ezta, Jaime?". Umea, harrotu eta mozolokeriak esaten hasi da, degustazioko emakumeen eta, bereziki, bere amaren bozkariorako. Esan du amak: "eskolara ere potito bat eramaten du, badaezpadan". Mutikoa puztu egin da: "eskolan ez digute idi-txuletarik ematen. Kabroi hutsak dira".

Azkenean atzerantz begiratu behar izan duzu, halako elkarrizketa bat ze freak motaren ahotik irten daitekeen imajinatu ezinda. Eurek ere lasaitu ederra hartu dute, jakitean ze freak mota den euren elkarrizketak koaderno batean apuntatzen ari dena.

Skyperatuta nago

gabiria 2005/03/07 09:15

Barikuan instalatu nuen Skype, eta pauso bat gehiago eman dut erabateko teknosexualizaziora. Eibarreko lagunei hainbeste bider entzun diedanez berbetan honako eta haragoko programei buruz, azkenean... taka! ni ere zakura.

Skype zer den? Sinple-sinple esanda, ordenagailutik hitz egiteko programa. Telefonoz hitz egiten den moduan, baina ordenagailutik. Eta, boteprontoan, hiru-lau ezaugarri nabarmen dituena:

  • Doakoa da, bai programa jaistea eta bai deiak egitea
  • Soinu kalitate itzela dauka, telefonoak baino hobea
  • Messenger erako txat-a ere badauka telefonoarekin batera
  • Aldi berean, 5 pertsonarekin ere egon zaitezke berbetan

Hori, momentuz deskubritu dudana. Erabili ahala joango naiz beste bertute batzuk aurkitzen, edo beste huts batzuk.

Bada, barikuan instalatu eta berbetan hasi nintzen jendearekin. Lehenengo, mikrofonodun kasko horietako batzuk erosi nituen (7 euro, hori da Skype instalatzeak duen kostu osoa: kaskoena) alboko informatika dendan. Gero, programa instalatu eta soinuaren inguruko lau gauzatxo konfiguratu nituen.

Hasieran, hamaika saio egin nituen: Gari Araolazari deitu nion, baina kaka morralean: entzun, ederto entzuten nion, baina ezin nion berba egin. Ez zidan entzuten. Beraz, Garik berba egiten zidan, eta nik txat bidez erantzuten nion. Zoramena izan zen, batez ere berarentzat. Baina ez zuen pazientzia galdu. Biba zu, Gari!

Tartean Eneko Astigarragari eta Patxi Gaztelumendiri ere deitu nien, baina keba. Eta azkenean, han eta hemen saltseatzen ibili ostean, Gariri deitu nion berriro, eta Eibar-Bilbo konexioa lortu genuen, Houston eta Endeavour Transbordadorearen arteko konexioa lortzen denean bezain pozik:

-Bai, Julen?
-Gari...
-Bai?
-Gari, entzuten dozu?
-Ederto gainera!

Pauso txiki bat gizonarentzat, baina erraldoiaren jauzia humanitatearentzat: Julen Gabiria alperrontzia teknosexurantz hegaz!!

Gero Garirekin, Enekorekin, Josu Azpillagarekin eta Patxi Gaztelumendirekin egin nuen berba, zelako kalitatearekin gainera.

Norbaitek deitu nahi badit, julengabiria da Skypen dudan erabiltzaile izena.

Arnasa hartzera noa

gabiria 2005/03/03 11:25

Batzuek galdetu didate zer gertatu zitzaidan joandako barikuan, blog honetan ezer ez argitaratzeko. Erantzuna sinplea da: gorputzak kito! oihukatu zidala.

Aspaldi ikasi nuen gorputzari kasu egin behar niola, lan handiko bolada batean gaixotu egin nintzenean. Baina kotxearekin bezala gertatzen zait batzuetan gorputzarekin: nire kotxea izaki kuriosoa da, eta gure arteko komunikazio perfektua lortu da urteen poderioz. Ez daukat ideiarik ere motor kontuei buruz, baina kotxeak soinu arraroren bat egiten badu, gutxi gorabehera badakit zer izan daitekeen. Ura izaten da beti. Eta eskerrak, ze hori baino ez dakit egiten: ura aldatzea (txikitan perikito bat izan genuen etxean, eta hortxe trebatu nintzen ur-aldaketa kontuetan). Derrepente aire beroa jarri eta botatzen ez badu, ura falta zaio. Larregi berotzen bada, ura falta zaio. Beti falta zaio ura, eta beti botatzen diot. Horrela zaintzen dut kotxea, beste barik.

Eta gorputzarekin ere antzeko zerbait izaten da, baina diferentzia batekin: ura beharrean, atsedena eta kirola behar izaten dituela gorputzak. Baina gutxiegi ematen diot batetik zein bestetik: azken aldian, atseden askorik ez dut hartu ("Drogarik gabe, atsedenik ez", zelan zen hura?), eta kirola ere nahi baino gutxiago.

Aurrekoan, medikuarenean egon nintzen. Galdetu zidan: "¿haces deporte?", eta azken boladan ezetz. Hasteko gogoa dudala, baina une honetan ezin. Gero esan zidan: "¿duermes lo suficiente?", eta ezetz erantzun nion. Egia esan, loarena kontu erlatiboa da: "lo nahikoa egitea" zer da? Edozelan ere, ezetz erantzun nion, erlatibotasunak albo batera utzita. Bada, medikuak esan zidan: "ez zait ardura kirolik egiten ez baduzu. Astirik ez baduzu, lasai: ez egin kirolik. Baina lo bai: hori, gutxienez, egin. Lo nahikoa egiten baduzu, zure gorputza gai izango da indarra berreskuratzeko".

Eta esango didazue hori Pernandoren egia dela eta ea orain arte ez nekien. Bai, banekien. Baina ahaztu egiten zait batzuetan! Eta aste honetan aplikatu dut lezioa: ez naiz ibili goizeko orduetan idazten. Lo egin dut eta ahaztu egin naiz obligazioez eta debozioez. Eta askoz ere hobeto nago, deskantsatuago. Pernandoren egia, berriz ere.

Hori, gorputzari dagokionez. Buruari dagokionez ere osasun apur bat behar da, eta denbora gutxi izan dut benetan barrutik irteten zaizkidan gauzak idazteko. Blog honetan joan dira horietako gehienak, baina beste proiektu luzeago batzuk ere heldu zaizkit, eta horiekin hasteko gogotsu nago. Burua beti bor-borrean izaten da, eta niretzat suplizioa da ideiak kaskoan utzi beharra, denbora faltagatik.

Hori dela eta, blog honek arnasa hartuko du eta beste erritmo batean sartuko da. Hasieran uste nuen Basque Press Format-a (BPF) emango niola, hau da, astelehenetan jai, baina gero pentsatu dut hori ere lotura bat dela, ze astelehen batean blogean idazteko gogoa badut, zer egin behar dut? asteartera arte aguantatu? Beraz, blogak erritmo lasaiagoa hartuko du hemendik aurrera, zehaztu barik noiz idatziko dudan. Honek ez du esan nahi erabat isilik egongo naizenik: asteazkenetan Bertan Bilbo izango duzue, hori seguru. Hortik aurrera, batek daki. Beharbada asteren batean bost egunetan idatziko dut, eta igual beste aste batean birritan edo behin bakarrik. Idazteko denboraren arabera. Ze gogoa, idazteko gogoa, ez zait joan. Alde horretatik, ez duzue bakerik izango oraindik.

Bien bitartean, eskerrik asko pantailaren atzean egon zareten, zaudeten eta egongo zareten guztioi, zuen animoengatik. Blogintza, batzuetan, basamortuan predikatzea bezala izaten da, eta eskertzen da zuen oihartzuna heltzen denean gugana. Laster arte, beraz. Ondo-ondo lo egin.

Dendarikale (I)

gabiria 2005/03/02 09:04

Degustazio bat da leku bat zeinetan ama-alabek inon baino antz handiagoa hartzen duten. Ikus ditzakezu kalean batera, eta ez zara konturatuko antza dutela. Ez zara konturatuko ama eta alaba direla ere. Baina degustaziora sartzen dira eta ikusiko dituzu berba larregi egiten, elkar trabatzeraino; edo berba gutxiegi egiten, belarrietan min egiteraino.

Amak laurogeita hamar urtetik gora ditu, onenak emanda dago. Alaba, berriz, alferrik galduta dago. Onenak ematera heldu barik, alferrik galduta. Eskuak handituta ditu, gorri-gorri, ilea koipetuta, eta katiluari begiratzen dio ispilu bati begiratuko balio bezala, ulertu ezinik. Berrogeita hamar bat urte ditu. Ez dute elkarrekin berbarik egiten, alabak uste duelako ama gorra dela, eta amak uste duelako alaba mutua dela. Beti pentsatu dute horrela izan dela, eta ahaleginik ere ez dute egin kontrakoa frogatzeko. Alabak txoriek bezala edaten du kafea, amak purrustadaka; alabak behera begiratzen du etengabe, amak bizi-bizi inguruetara. Alabak zigarroa piztu du eta apenas den gai atzamarren puntatxoarekin eusteko. Kafe kikara ezpainetara hurbildu eta tantatxoren bat edaten du, txori-txori, eta beti, hutsik egin barik, kafez eta txistuz osatutako haritxo bat geratzen zaio zintzilik ezpainen eta katiluaren artean. Gero zigarroari zupada bat eman eta errautsa kafera jausten zaio, baina ez da konturatzen edo berdin zaio, eta edan egiten du, eta berriz ere haritxoa.

Inon baino antz handiagoa dute degustazioan ama-alabek. Berba gehiegi edo berba gutxiegi egiten dutelako, adibidez. Eta amak, bat-batean, alabari begiratu eta galdetu dio: "hiltzen naizenean norekin etorriko zara hona?". Alabak kafeari begiratu dio, ispiluan erantzunen bat aurkitu nahian. Baina ez dio erantzun, begiratu ere ez dio egin. Amak esan dio: "nire antza duzu, gero eta handiagoa". Gero kalera irten dira, eta ez zait iruditu ama-alabak zirenik ere.

Joxe Aranzabal Bilbon

gabiria 2005/03/01 09:56

Joxe Aranzabalek "Medikuak esan dit minbizia dudala" liburua aurkeztuko du bihar, Bilbon.

Eguna: Martxoaren 2a, asteazkena
Ordua: 20:00
Lekua: Likiniano liburudenda (Erronda 12, Zazpi Kaleak)

Aranzabalek diapositibak erabiliko ditu, minbizia zelan gainditu duen erakusteko.

Fatima

gabiria 2005/02/28 11:10

Azken egunotan asko ari gara berbetan Joxe Aranzabali buruz. Merezita, inork merezi badu. Gaur bertan Etiam ere aritu da Joxeri buruz, ohi duen goxotasunarekin.

Nik ere asko dut esateko Joxeri buruz, eta denak gauza onak. Durangoko Azokan etorri zitzaidan, ni Elkarreko estandean liburuak sinatzen ari nintzela, eta orduan ezagutu nuen. Gero, Gabonen bueltan, egun-pasa egin genuen Elorrion, egun ederra zinez. Paseoa Elorrioko auzoetatik, bazkaria Espaloian, ibilbide literarioa Intxorta ingurutik, tertulia goxoa Esteñibarren, eta, amaitzeko, basurdea ikusi genuen Kanpazarren. Joxek galdetzen zuen ea zeren premonizioa ote zen basurde hura. Elkarren zerikusirik ez daukaten arren, adiskidetasun on baten premonizioa izango zen, duda barik. Biok dakigu hori horrela dela.

Joxek Sustatun mezu haiek idatzi zituenean, nik ere pantailaren beste aldetik irakurri nituen, hunkituta. Kikilduta. Isilik. Artean, mezu haietako batean, irakurri nuen Fatima arrebak hezur-muina eman ziola, mini-alotransplantea eginez. Garai hartan hunkitu egin nintzen, betiko moduan. Eta Fatima izena hortxe geratu zen, baina ahaztu ere egin zitzaidan gero.

Harik eta Joxe ezagutu nuen arte. Gabonetako egun hartan Elorriora joan nintzenean, arrastia Esteñibarren pasatu genuen, Mikelekin eta Fatimarekin batera. Eta ez nintzen konturatu. Ez nintzen gogoratu Fatima hura zela hezur-muina eta bizitza eman ziona Joxeri. Geroztik, Joxek arreba txikiaren odola dauka. Lehen A+ zeukan eta orain O- dauka.

Joandako ostegunean, Elkar argitaletxeko Lander Irizarrek Medikuak esan dit minbizia dudala liburua bidali zidan etxera. Afalostean irakurri nuen, di-da. Ez gara ezkutatzen hasiko malkotan izan nituela begiak denbora luzez. Baina kontua da orduan gogoratu nintzela nork eman zion dena Joxeri: Esteñibar etxeko andreak. Konturatu nintzen berari esker ari garela orain denok liburu honi buruz berba egiten, eta berari esker ari garela Joxeren liburu aurkezpenetara joaten. Berari esker eta Begori esker eta Mireni esker eta Mikeli esker eta Aitorri esker eta Idoiari esker eta... zenbat eta zenbat jenderi esker izan dudan aukera Joxe ezagutzeko! Ez baita dena medikuntzaren miraria, ez baita dena odol kontua: hor daude Joxeren adorea eta emaztearen irribarrea eta alabaren arnasa beroa Joxeren lepoan, eta mahastiak eta senideen babesa.

Horregatik, ostiralean, Elorrioko liburu aurkezpenean, Joxeri sinadura eskatu nion, baina Mireni ere bai, alabatxoari. Iruditzen zitzaidalako berari esker eta beste jende askori esker dagoela Joxe hemen, eta ez zaidalako bururatzen eskerrik asko esateko beste modurik. Modu bakarra bururatzen zait: eurei denei eskerrak ematea, benetan.

Den-denei, egin duten guztiagatik, bihotzez, eskerrik asko eta besarkada handi bat.

Markako ipurdiak

gabiria 2005/02/24 10:24

Duela aste pare bat gazte batzuk ikusi nituen, eta zer pentsa eman zidaten. Berez, gazteak ikusten eta gazteekin egoten ohituta nago, eta alde horretatik ezer gutxik harritu behar ninduke. Baina ez. Harritu ninduten, eta ia-ia farola bat jo nuen eurei begira egoteagatik.

Nire etxe ondoan aterpeko galeria bat dago, kalea baino apur bat gorago. Ea hobeto azaltzen dudan: lehenengo solairuaren altueran dagoen galeria bat da, aterpea duena. Bertan, denda batzuk daude, eta balkoi antzeko bat galeriaren luzera osoan, kalera begiratzen duena.

Herriko talde batzuek balkoi luze horretan zintzilikatzen dituzte euren pankartak, dela presoena, dela gazte mugimenduena, dena delakoarena. Beti egoten da pankartaren bat han.

Beste alde batetik, gazteek galeria hori erabiltzen dute bariku eta zapatu arrastietan, bertan egoteko, besterik gabe, bertan. Bestela ere ez dute aukera handirik astia beste zerbaitetan pasatzeko, hori ere egia da, egiarik nagusiena eta bariku eta zapatu arrastiak modu horretan pasatzearen arrazoi behinena. Baina, edozelan ere, irrikarik gabe ikusten ditut nik gazte asko. Baina hori beste kontu bat da, eta beste artikuluren baterako gaia, esate baterako institutuetan hurbiltzen zaizkidan gazte askoren fama-goseari buruzko artikuluren baterako gaia. Baina goazen harira: hortxe pasatzen dituzte arrastiak.

Baina horrek ez ninduen harritu. Harritu ninduena da, zelan gazteek, aukeratu ostean galeria horretako ze izkinatan jarriko ziren (lurrean, han ez baitago bankurik), egin zuten niri sekula burutik pasatuko ez zitzaidan gauza bat. Kontua da galeria horretako zorua zikin dagoela, hori ere kalea baita azken batean. Euria ere ari zuen eta, aterpea izan arren, sartuko zen ur apurren bat, eta dena kakaztu. Eta gazteek han jarri nahi, eta ez da kontua edonon jartzeagatik zure Pepe Jeansak edo Libertoak edo Dieselak zikintzea. Zure markako ipurditxoa zikintzea ez da kontua. Ez da kontua, ez.

Eta, esate baterako, gazteei bururatu zitzaien han eskegitako pankartetako bat hartu eta sofarako erabiltzea. Eta, pentsatu eta egin, preso dauden herriko gazte batzuei buruzko pankarta arrankatu eta gainean jarri ziren. Euren ipurdiak ez zikintzeko, ipurdia aurpegian jarri zieten herriko beste gazte batzuei. Eta lasai hasi ziren pipak jaten.

Mutil bat eta neska bi, gazteak, irrika handirik gabekoak, moda-modakoak.

Artekale (eta III)

gabiria 2005/02/23 08:55

Iraganaz ere mintza gaitezke luze. Gogora ditzakegu antzinako larunbatak, larunbatetako bazkalosteak, 45 pezeta ordaindu eta autobus zahar hura hartzen genuen garaietako larunbatak adibidez. Har dezagun, esate baterako, antzinako Artekale hura, eta saia gaitezen imajinatzen zenbat edo ze gutxi aldatu den. Galde diezaiogun geure buruari non geratu den labirintoa iruditzen zitzaigun Bilbo hura, eta erantzuna etsigarria izango da beti: "hortxe, zapaltzen ari zaren Bilbo horretan bertan, hortxe dago lehengo labirintoa". Okerrena hori da: ingurura begiratu eta ez dudala antzinako labirintorik aurkitzen Zazpi Kaleetan. Okerrena da pentsatzea hiria zertxobait aldatu dela, baina batez ere gu, gu aldatu garela ikaragarri, eta jada ez garela kapaz zazpi kale ziztrinetan galtzeko. Orain nahita ere ez gara galtzen. Ezin galdu, begietan benda bat jarri eta norbaitek bueltak ematen badizkigu ere.

Beste gauza asko ere ez ditugu egiten orain. Ez gara etortzen larunbat bazkalosteetan arropa erostera, ez dugu gurinezko bollorik jaten, autobusak ere ez dira lehen bezain kaskarrak eta merkeak. Lehen harritu egiten ginen, amak labirintoan orientatzeko gaitasuna zuelako eta aitak beti zekielako kotxean hara eta hona heltzen. Orain, ondo edo txarto, guk ere egiten dugu hori, eta kaleak leku berean daude, dena dago leku berean, gu izan ezik.

Eta Artekaletik paseoan goazela, ezer ez da garai batekoa. Nahita ere ezin dugu aurkitu txikitako begirada harritu hura, eta badirudi labirintoan galduta geratu dela larunbat bazkalosteetako garai hura, Bilbo hura, ume hura. Iragan hura. Gaur, Artekaletik paseoan goazela, iraganeko arrastoak agertzen zaizkigu han-hemen: oihal-dendaren bat, mostradore handikoa, zaharra; aspaldi hildako farmazia baten kartela, ezer gutxi. Eta, halako batean, "Tarot Carmen". Eskuak irakurtzen dizkizute 6 euroren truke. Baina nik ez dut etorkizuna jakin nahi. Nik iragana jakin nahi dut.

Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.