Existitu ez, eta hantxe
Metroz joan nintzen Batasunak Sopelan eman zuen mitinera, tarteka pentsatuz Acebesek, bere logikarik logikoena erabilita, sarritan aipatzen duela zelan, Batasuna legez kanpo dagoenez, ez dela existitzen eta, beraz, guztiz ezinezkoa dela talde horrek mitin bat edo manifestazio bat antolatzea, existitzen ez denak ezin duelako (fisikoki, kuantikoki, psikikoki eta, are gutxiago, politikoki) ezer antolatu, ezta briska partida bat ere.
Lehengo asteetako manifestazioen aurrekariak kontuan hartuta, Sopelakoan ere arriskua zegoen mitina bertan behera geratzeko. "Plazan egin nahi dute", abisatu zidaten, "baina arazoak egon daitezke, eta, orduan, areto batean egingo lukete". Batasunak ez du alferrik ikasi, ordea, legea sortu daitekeela bai, baina legeari aurre egiteko zirrikituak ere aurki daitezkeela. Areago: aurkitu egin behar direla.
Pentsamendu fantasmagoriko horiekin joan nintzen, eta imajinatzen nuen "ez den" jende hori guztia plazan, eta "ez diren" Jone Goirizelaia eta Arnaldo Otegi berbetan, ozta-ozta diren mikrofonoen aurrean. Horrelaxe joan nintzen. Sopelako udaletxeko plazara heltzean, ordu laurden falta zen mitina hasteko, eta nire pentsamendua betetzear zegoela zirudien, oso jende gutxi baitzegoen plazan, 30 bat lagun. Tabernara joan-etorria egin ostean, berriz, jende gehiago topatu nuen, eta hitzaldia hasterako (minutu batzuk berandu), plazan 200 lagunetik gora egongo ziren, 300 akaso. Sekula ez naiz lar ona izan holako kalkuluetarako.
Hasi baino lehen, Zuberoako kantuak bozgorailuetan, goxo eta apal. Jendea taldetxoetan lasai berbetan. Koadernoa atera eta, segituan, neska bat etorri zitzaidan: "Kazetaria zara?". Hasi zaitez azaltzen kolaboratzailea baino ez zarela: "Bai. Berriatik nator". "Ah...", neskak, "katalana zinela uste nuen". Hara! Sekula horrelakorik entzun gabe, zalantzan geratu nintzen, piropoa ala iraina zen jakin ezinda. Galdetu nion, baina neskak barretxoa egin zidan. Ulertu nuen: piropoa, behintzat, ez zen. EAEko hauteskundeetan El Punt egunkariko berriemaile zebilela esan zidan gero.
Aurrean, telebistako sei kamera. Argazkilari mordoa. Goirizelaia eta Otegi ere han aurrean, jendearekin solasean. Nire alboan, gizon batek, Otegiri buruz, gaztelaniaz: "Hezurretan dago". Nik betiko antzera ikusi nuen, argal ez behintzat. Beste talde batean, andre batek, Goirizelaiari buruz: "Ederra da; oso ederra".
Saioa hasi aurretik, tradizioak agintzen duen moduan, bertsolari batek ale bi bota zituen: "Gu, legalenak, ilegal gara" esan zuen lehenengo bertsoko puntuetako batean, eta "gure herriak behar duena, burujabe izatea", bigarren bertsoaren amaieran.
Segituan, Goirizelaia izan zen oholtzan agertu zen lehenengo hizlaria, jendearen txaloen artean. Bitxia zen Sopelakoa: plaza non zegoen ez nekienez, gazte mendizaleen bila hasi nintzen, eurei jarraitzeko plazaraino. Baina kontua da Sopelan, Batasunaren jarraitzaile gazteek, uztartu egiten dituztela mendizale eta surflari arropak, eta makinatxo bat gazte zebilen mendiko prakekin eta Billabong kamisetekin, eta, zelan ez, EHSFren sudaderarekin (ez da Euskal Herrietako Suomiarren Federazioa, ez Sozialdemokratena, ez Sorginena... lasai Acebes!).
Goirizelaia mitina ematen ari zen bitartean, alboan neukan bikotea sutu egin zen. Aralar hartu zuten hizpide, eta sekulakoak eta bi esan zituzten haien aurka. Poztu egin ziren Goirizelaiak esan zuenean gainontzeko taldeak, Aralar barne, urduri daudela: "Urduri ez... oso urduri!", egin zuen oihu nire albokoak, eta jendeak irribarre konplizea egin zion, burua atzerantz jiratuta.
Gero Otegi igo zen atrilera, eta ia berez piztu zuen jendearen animoa. Haraxeago, neska batek ukondoarekin jo zion besteari, eta barreka hasi ziren biak. Otegiren sex-appealaren kontua ez da, ez, mitoa. Baina, batez ere, hizlari trebea da. Erritmoa, ahotsaren tonua, galdera erretorikoak, ikuslearenganako keinuak... badaki zer duen esku artean. Konturatu zenean hitzaldiaren hasiera motelegia, politikoegia, betikoegia ari zela izaten, tonuz aldatu, hiruzpalau txiste egin ("orain komunistekin gaudenez, Fidel Castrok bezala egingo dut, eta beste ordu bi jarraituko dut hizketan") eta jendeak barre batean erantzun zion. Elgoibarkoak badaki ze lanbide den hau.
Amaitzeko, EHAKren aldeko boto eskaera, txalaparta, Eusko Gudariak, gora batzuk eta luncha. Zoragarriak gaztaz betetako kroketak. Pastela ere, ahoa urtzeko modukoa. Patata tortilla probatu barik joan nintzen, holako arrakasta izan zuen. Erroskilak, muxuka jateko modukoak.
Gero, metroa hartu eta, etxera bueltatzean, Zapaterori entzun nion esaten ezin dela "badaezpadako" neurririk hartu EHAKren kontra. San Gilek eraso, EHAK eta Batasuna gauza bera direla eta, beraz, jende hori ez dela existitzen. Ez dudana ulertzen da, ez badira existitzen, zelan egiten dituzten holako kroketa goxoak.
Eta Herrikotako tortila? Pan tumaca ta guzti? ummmmmmmmmmm