Teknologia berriek ez naute maite
Eta eskerrak propaganda egiten diedan.
Aurreko batean, Skype programari buruz egin nuen berba blog honetan, Skyperatuta nengoela eta gustura nenbilela batzuekin eta besteekin telefonoz hizketan, baina telefonorik ordaindu barik.
Gero, justu barikuan, Bloglinesi buruz aritu nintzen, zelako inbento itzela den Bloglines eta blablabla.
Eta Skype pikutara joan zitzaidan egun batean, lagun batekin berba egin gura eta ezin nuenean. Nik entzuten nuen, baina berak ni ez. Txorradatxoren bat ukitzea izango da, baina ez naiz gai konpontzeko, eta hemen nago, Skype itzel hori instalatuta baina erabili ezinda.
Eta Skyperen traizioak ez nau hainbeste larritzen, baina Bloglinesek asteburu honetan egin didanak ez dauka izenik. Oraindik puñala bizkarretik kendu ezinda nabil, hain izan da jokaldi zikina.
Zapatuan ahalegindu nintzen Bloglinesen sartzen, baina ez zidan uzten. Atzo, berriz, sartu nintzen bai, baina sorpresa ederra hartu nuen, ikustean erregistratuta nituen 90 blogetatik 25 baino ez zeudela han. Onenak falta ziren, gainera.
Uste nuen euren arazoa izango zela eta gaurko konponduta izango nuela, baina keba. Eta orain nabil hanka mozten dietenei moduan: igartzen dut kili-kilia, baina ezin dut azkura egin. Nahi dut jakin ze gauza berri argitaratu den blogetan, baina ez dakit nora jo, eta banan-banan jo behar dut Eibar.org-en edo Goienaren gunera, edo, bestela, akordatu eta beren-beregi jo behar dut Bloggerreko gustuko blogetara, edo Gaztelumendirenera edo Sarean blogera, edo Obabatxue ederrera, esate baterako. Koñazo galanta, banan-banan ibiltze hau.
Zorionez, badugu Aurki ere, eta horri esker berriro harpidetu ahal izan naiz zenbait blogetara. Ederto dabil eta sistema Bloglinesen antzekoa da, baina euskarazko mezuak baino ez ditu hartzen (edo hori uste dut), eta Bloglinesen ingelesezko eta gaztelaniazko baten bat ere baneukan.
Beraz, Aurkirekin ibiliko naiz hemendik aurrera, Bloglinesen arazoa ez bada konpontzen. Ea teknologia honek apur bat gehiago maite nauen... propaganda behintzat egin diot eta!
Ez, ez da hori, Gari.
Nik dena bistan izaten dut beti, mezu berririk ez duten blogak ere bai. Une honetan bertan, "Mostrar todo" funtzioa aktibatuta daukat, baina 25 feed agertzen zaizkit bakarrik.
Hala ere, badut esperantza txiki bat: ahalegintzen naiz lehengo feed horiek berriro sartzen, eta ez dit uzten, ez zaizkit agertzen zerrendan. Pentsatu nahi dut horrek esan nahi duela nire zerrendak badakiela ni harpidetuta nagoela blog horietara. Eta hori horrela balitz, akaso bihar edo etzi agertuko zaizkit nire blog guztiak... Pentsatu nahi dut.
Bestela, beste zerrenda bat sortuko dut Bloglinesen, lehen nituen blogekin.
Edozelan ere, eskerrik asko.