Itzultzaile eta protagonista
Azken aldiko sentsazioa da, lehenago ezagutzen ez nuena. Sentsazio deserosoa, kontraesanez betea, ulertu arren ez zaidana buruan ondo kabitzen. Ulertzen dut, zelan ez, gure merkatu txikerrak bozgorailuak behar izatea, bestela ere oihartzun gutxi izaten baitu literaturak, eta gurean luxua delako atera duzun liburu berriari buruzko elkarrizketak emateko gogorik ez izatea. Baina ez dut esan liburu berri hori zuk idatzitakoa denik. Nire zalantzak ez dira norberak sortu duen liburuari buruzkoak, ezpada beste hizkuntza batetik itzuli duzun liburuari buruzkoak. Lehenengo eta behin, argi gera bedi ez daukadala inongo zalantzarik egin beharrekoa dela hori, eta ez naiz hasiko teilatuaren kontra harriak botatzen, ez daukat-eta horretarako motiborik. Nire zalantza nagusia, artikulu honetan, ez da promozioa auzitan jartzea, baizik eta itzultzailearen figurari buruzko galdera soil batzuk aireratzea.
Itzultzailea, definizio guztien arabera, ezkutuan geratu beharreko norbait da: denok onartuko dugu itzultzailearen eskua ez dela nabaritu behar itzulpen-testu batean. Ahalik eta fidelen jaso behar du liburuaren autoreak esan zuena, esan zuen moduan eta esan zuen testuinguruan. Hori da bere lana: ezkutuan geratzea eta inork ez jakitea euskaraz (adibidez) irakurtzen ari den liburu hori itzulpena denik.
Errespetatzen dut itzultzaile bakoitzak hartzen duen erabakia, baina nik, "Peter Pan" obraren itzulpena argitaratu berritan, ez daukat beste ezer gehiago esateko, liburuan agertzen den itzulpena baino. Merkatuari mesedea egitearren, ematen ari naiz eta emango ditut elkarrizketak, baina ez zerbait interesgarria dudalako kontatzeko, ze nik, itzultzaile ikusezin beharko nukeen honek, egin dudan gauza bakarra liburua euskarara ekartzea izan da. Zer esanik ez itzultzailearen izena liburuaren azalean agertzeaz, beste inon egiten ez den moduan. Xehetasun txikiak dira, baina deseroso sentitzeko ez da gehiago behar.
Agian hizkuntza normalizatuetan hala behar luke baina gurean, nik behintzat, begiratu egiten dut itzultzailearen izena. Gurea bezalako hizkuntzan itzultzaileak "bermea" eman behar dio itzulpenari. Izan ere, itzulpen bakoitzeko irakurri behar izan dugu... Euskara normalizatzen dugunean (!?) begiratuko dugu zein den itzultzailea eta eztabaida izango da Urliak zelako "usain" berezia ematen dion itzulpenari edo Sandiaren erlatiboak luzeegiak direla.