POETEN UHARAN. Sorgin orratza.
Trikuharrian
Gauerdian ilargi betez
sorgin hegadaz bilduta
aire xuxurlaren xeraz
aldareko opari neu
trikuharriaren magia
lauza takarrean luze
sabai izarniatuari so
asaben arnasaz ase
mundura bainintz jaio.
Iparrorratz
Hartz Txikia zohardian
ipar izarraren jagole,
ipurtargi ilara bi alboetan
xendaren zedarri ñir-ñir,
sentipen sorgindua arnas
bidezidorretik noa ibiltari
bizi-minaren infinitura so.
Ameslariarena
Garai liluragarriak datoz
txaloak keinuak begiradak
esku-emate musu besarkada
bihurtuko ahal egun batez.
Egun kilikagarriak datoz
dena izar, lore, dena argi
kidetza bizilege oparoz
irribarrea izanen opari
.
Barne zirrituan
amets zaidana
utopiarik gozoena
kontatzen dudana
Amets
Parapentean txori
sakana guriari so
gogoeta izartegian
mundu berri batez
egin nuen amets
lur hartzean baina
beti bezain zurt
aurkitu nintzen.
Kutsatu
Egin lagunartea
zure bizi-lege
ez gara gu geu
geurez salbatzen
irria non
zoaz hara
kutsa zaitez.
irribarrea dario pozari
kutsakorra da irribarrea
Hor nonbait
Mila gezurren egia
mila egien gezurra
edo
egia den gezurra
gezurra den egia
dioguna
diotena
dirudiena
dena
zitekeena
isla
besterik ez da
ispilua
Zikloa
Udaberriak zer ekarriko
joan zen negua
udako bizipoz goria
loratu zuen udaberriak
utopien sumendia izan zen uda
udazkeneko uzta-esperantzan
ametsak ondu zituen udagoienak
iraupen arnas patxadatsuan
negua zen berriro.
Hitzak hitz
Trostan
oldean
hitzak
jarioan
datoz
mezuak
noiz
gauzatuko
promesa lizunak
gaur
behar luke
bihar.
Orain eta lehen
Tximeleta ezpainetan
lili joria nintzaien
abaraska kantoietan
lagunarte loraldian
trenkatu egin ninduten
gorrinak jo zuenean
zu hor eta ni hemen
orain nahiz lehen.
Hegira igo nauzu
Hegira egiten dut tarteka
oroitzapenen zidorretan
hegira begiak hegan
nostalgiaren zirrituetan
Bizitakoa oroimenean
galdutakoa gazi-gozo
dudanarekin bakean
biharamuna zait bizipoz
Atzoa
joana
Oraina
dudana
Geroa
esperantza.
Gizakia
Paradisuan sugea
sagar ederrenak harra
uzta oparoan gorrina
den orotan izurritea
herioa mutatuko balitz
betirako ginateke bizi.
Ametsen zuzia
Heroien itzala babes
ipar-izar leiala bidelagun
izartegia bihozmin-gordailu
zuhaizpeko lagunartea arnas
zaldien zurdei helduz lauhazkan
antzinatetik ditugu urratuta orpoak.
mendiarteko hormetan atzaparka
hartua dugu goialdeko lautada
han urrutiko gailurrean dakusagu
argitu nahi dugun arbasoen itzala
pausoa egokitu dugu
nekatuta arren bidean
oasietan gelditu gabe
gurea ez baita abentura
bai ametsen egunabarra.
Biharamuna
Barraskilo ibilian
begiak sutauts
txitxar ahotsa
gazte laukotea
argitsu zetorkien gaua
eguzkia lotaratzean
morfeo dute orain deika
argi-pirrinta lanbrotsuan
zorioneko bixamonak.
Fedez
Motozerra asko kamustu genuen
harrizko basoa bota ahaleginean,
aizkorarekin ahalegindu ginen gero
arboladia hezetu zela ustean,
segamakinaz aritu gara azkenez
basoa garbituz bidea erraztekotan,
geroa marrazten darraigu orain
geroan sinesten duen herria baikara.
Bada gerorik
Nork daki izakiaren kodea
denak du jarraipena
formen aldakuntza
besterik ez da heriotza
ustelak zein errautsak
berea dute bizitza.
Zein bide luzea
Urrutietatik gatoz
gure antzinako hitz
euskarri eta zedarrietatik
uholdearen aparretan
itsasbeherako tiran
negu beltzean itsumandoka
eguzki galdan argi gose
egin dugu bide
Ilinti uste gintuzten
sutauts ginelakoan zeuden
txingarrek zirauten baina
putz egin genuen
garrek argitu zuten gaua
aire eta trikiti gara
herren nahi gintuztenentzat
irrintzi zorrotz
mutu bilakatu ordez.
Ez gara mando pausora atxiki
lauhazkan gara zurdei helduta.
V
ADIO
Adio sorgin-orratz
korritu dituzu koloretsu
errekasto eta urmaelak
geldian edo ibilian
aldiz txukun aldiz trakets
bukatu zaizu hegada
Ez diozu aski dela
berarekin baitakar
udaberria neguak
Loratzen dakienarentzat
beti da udaberri
biziaro zaio urtaro oro.
Poeten uharan
Lurreko kondenatuak
Gargantuaren aho-zuloak irentsi gintuen
jopu aurkitu ginen eguneroko zidorretan.
Elkartzea zitzaigun lehoi izateko legamia
bilbe irentsezina izanen munstroaren eztarrian.
Azaldu ziren arratoi-burutxoak
mamurtu zuten ukabil gotorra.
Zatiketaren madarikazioa daramagu
mamuaren erraietan digerituak darraigu.
Sailor
Esadazu marinela
ur handiok zer diren
leihotik ez baitut nik
itsasoa ikusten
Itsasoaz galdez nator
bateltxoa non ote
zeru marra urdinean
arrats batez galdu zen.
Zera
Txantxangorria kukuaren beldur
kartzelako murruaz itsu
airezko hesian preso
hala ere zoriontsu
maitemindua
Maitasuna
maria handian
heltzen diogun zera
To eta no
Zu eta ni
parea zein bi
sutan bi karobi
Nirea zurea
amona agurea
nolako parea.
Kate motzean
Piparpotean presotu
haur kilker-jolasa,
mugi den orori tiro
eskopeta hobbya,
artea omen gerra
gerrartea bakea.
ADNan ote gizakiak
harrapari sena
Hegada librean ustez
gizakia bera da
kalibre oroko perdigoiz
ehiztari ehizatua.
Portu
Haur oroitzapenen itsasoan
bare haserre edo kirri
amaren irribarrea zait itsasargi
bere presentzia estatxa lotgarri
kai segurua baitzen beti.
Txioak
Txio sinfonia zen basoa
ernari zetorren udaberria
fiu-fiuka dei minak
bakardadea bete ahaleginean
fiu batek txistu besteak
hara non duo berri bat
txori-kantu emanaldia
ortzadar kantaria zubi
arboladi berria bizipoz
bi zirenak bikoa orain
adar bera dute aterpe
urtaro oro zaie udaberri.
Lilia
Nork ez du isileko lorategitxoa
non begiak betetzen dizkion lilia.
Urratsez urrats
Zizelka harkaitzean
lumaz papiroan
arkatz zirriborroka
tinta irristan
idatz-makinaren sinfonia
ordenagailuaren kiribilak
mobilaren labirintoa
letren festak darraiko
Rara avis
Tximeleta mimetizatua
lorez lore hegan,
haize-errota talaiaria
arnasbidea nondik,
nork zer arrantzale
burutapenen kulunkan,
esploratzaile nekaezina
giza zirrikituen oihanean,
ortzadarrean ameslari
zubi bila beti
irakurlea
rara avis
Biluzik
Biluzia da berez
gizakiaren jantzi naturala,
hotzak janztera behartu geroztik
ugaltze organoak estigmatizatuta
arkano bihurtu zitzaion gorputza,
probatokiz probatoki dabil orain
jolas-lehia ahaleginean
jantzita arren biluz jarraituko beldur.
Horma hau
Han goian gailurra
maldaz gora beti
horma bat oztopo.
Harri biluzian gorantz
ekaitzak ekaitz
trepeta oroz ekinean
bibak-a tarteka arnas.
Amilarazi nahi gaituzte
baina bertikalean darraigu
ez baitugu rappel asmorik.
Birusa
Baso eta itsasoko zurrumurruak
ahotsak apaltzen dituen lez
bakoitza bere oskolean bilduta
komunikabideen erpin honetan
oihartzuna besterik ez ote hitzak.
Inkomunikazioa
gizartearen birusa.
Pandemia
Zuloan gorde zen kilkerra
sastrakan ezkutatu sugea
ihesean ikusi nuen azeria
adarretan zegoen salbu txoria
neu nintzen mamu zitzaiena
Ekaitzak inarrosi zituen kaleak
hurkoa bi metrora ere arrisku
etxe zuloetan gorde ginen
ia egunsenti garbia noiz
gure ahalen ezinean preso.
Gizakia bera ote birusa.
Egon da ederrik
Hitz isileko poemak
irribarrea kate-begi
balkoiak itsasargi
tximeleta leihoz-leiho
urrunekoa hurko
eskuak txalaparta
besoak mezulari.
Ez da onik gabeko gaitzik
itxaropena kutsakorra izaki
ezin esan dena gaitza izan denik
denok utzi baikaitu bizi-min.
POETEN UHARA. Sorgin Orratza
Miru zuria
Ekaitzak astintzen zuen basoa
borbor zegoen sumendia
galernak jota itsasoa
Pardoko Miruaren erpeak zio
Hiru gazte heriotza deika
hiru ama Saindu Zuriaren atean
bizitza-izpirik ote mokoan usoak
Morroi bat soilik agertu zitzaien
arrosario bana zen erantzuna
Herriak eten zuen urkamendiko soka
Aldaize
Egunsentia eguerdia ilunabarra gaua
Herio-pipia du
jaio berriak
ernari dago ustela
udaberria uda udazkena negua
jaio eta hil
izakiak bailira
zibilizazioak
zikloen kiribila
Ezkilak
Maduinak jo zuen
egunsenti amestuan
izan da kanpai hotsik
geroztikako bizi zidorretan
garren dilinda goria darantzut
hauts-lurren ezkon bezperan.
Galdezka
Zoria
goikoa
borondatea
patua
misterioa
erabakia
halabeharra
fetitxeak
askatasuna
kasualitatea
herentzia
erantzukizuna
erantzunik gabeko
galdera koktela.
Izan zirenak
Suziriak noizbehinka
gogoratze koloretsuan
gorazarre handikiz argituz
ezinaren edo lotsaren gaua
Izan edo izen
harri burdin zur
hilondoko loratuak
ahanzturaren egonean
ospea izan zuten haien
estatuak.
Bidez
Negu beltzean preso
etorkizunaren hegian
egunsenti argiko
udaberria dut akuilu
Sarri dut mehatxu
sega soslai beltza
baikor dakusat baina
itxaropena ostertzean
Bidertzean amildegia
arriskutsu zain
barnera soa zait
segurtasun zedarri
Ze udaberritan
nintzen jaio
ze urtarotan hilko
ze inporta zaio.
Goaz
Han zeunden
bertan nintzen
bila genbiltzan
elkartu ginen
Ezti ziren
zure ezpainak
sirop eneak
gozoz berdinak
Begiz bat
lehen unean
eskuz esku
geroz bidea
Joanean goaz
asmo berean
bitan bat
gure bidean.
POETEN UHARAN. 40
Kale-kantoiz kale-kantoi
pauso oro bidezidor
noranzkoa ez beti argi
nondikakoa zalantzati
horrela ohi gara ibili.
HEGADAN
Kanpinaro
Udaberria
biziberritze ahala
erditze pozkorra
Karabana
uda ametsa
eguzkiaro erritoa.
Banintz
Ur tanta
lorean rappelari,
euri mardula
uzta ernamuin,
elur maluta
bihotzen zabu,
errekasto tirtirina
sinfonia barea,
joaneko ibaia
errunaldi paradisu,
itsaso bristadatsua
edonorako bidezidor,
ai banintz
Biluz
Osorik biluz
behar genuke izan,
ferekak eskaini
xeraz gozatzeko,
ez litzake dena isila
ezta ortzadar izanen,
baina gure ametsetan
tximeleta lebilke.
Eroa
Bada adin bat non
beti itzulian zauden
itzulerarik gabeko bueltan
borroka askotan ibiliko
tropen lerrotik jada bazter
barkamen premiarik gabe.
Ez dizu itxurak ardura
lokatza askotan arren
ez inoren ez inor etsai
arnasestuka pausoan
umilean buruzut halere
ze axola eroa zinen
edo zoro zauden.
Non zira
Ametsen zurrunbiloan
liluratu ninduzun
alderrai nabil orain
kale arteko noraezean
garrasika harrabotsean
eta zu hor nonbait
ni hemen maitale zurtz
Kukuka
Egia eta gezurra
zirimolan nahasi,
habia du egiak
ahoberoaren laidoan,
azala zimurtzen du
irribarrezko gezurrak,
ezkutuka egia
geldiezina gezurra,
egia eta gezurra
taiarik gabe murmur,
ulua balaku
hots isilen burrunban
egia eta gezurra
Arren
Denok bizi gara
txoria udaberrian lez
alboko norbaiti
norbere barrenera
alderrai baikina
uneoro deika
berea baitu gizakiak
nola eguzkiak geriza
bakardadea eta ezina.
Dantzalagun
Beti du gu bakoitzak
trikitia baltsa edo rocka
biltzen gaituen soinuren bat
edozein urtaroz zein eguraldiz
dantza-kide bati helduta bizi gara
eromeneko bizitzako erromeria honetan.
Aske
Zooko animalia
tabu sarean hazia
labirintoan ustez aske
pentsu bila esklabo
beti morrontzan
kaiolan errun gintuzten
bertan ikasi hegan
motzean beti
zeru urdinean baikinen
ametsean hegazka
askatasuna
nork bere baitan
ala
oparia akuran.
Begiek irri
Irribarrea loratu zitzaion
kokoteko bortitza eman zidan gero,
komisariako sikario-irria.
Bizipoz-mitxoletak zaizkit
lagunarteko ezpain gorriak
krabelin uzta jendartekoak.
Geroa dugu eginkizun
bizipoz koloretsua arnas
urtaro oro dadin udaberri.
Talismana
Ezinaren utopiak
ezjakinaren galderak
eternitatea irrits
gizakia
arrazoidun heinean
jainkoak sortu zituen
irtenbidea zelakoan
BIDAIAK 98. Holanda
Zaila da herri batean lurraldea eta herritarrak bereiztea, biak baitaude elkar lotuta, hain sakona baita baten bestearekiko eragina. Edozein herriko puzzlea osatzea da zaila, konplikatua, are gehiago bidaiari baten zatiekin osa daitekena, hain baita bakuna definizioz ere pasekoa den bidaiariaren ikuspuntua. Lur berde lauen ostean, itsasertzeko muna garai sendo gotorren ostean, haize-erroten ostean, lur landuen ostean, kanalen ostean... gizakia dago. Ohitura eta jokabide zenbait ikus daiteke, baina ezer gutxi gehiago, ikusitakoak hausnarketarako bidea ematen badu ere. Gizadiaz kutsatuta dago gizakia, gizadia gizakiaz. Zer dago begiz ikusi dugunaren ostean edo sakonean: dike bat, lur-harri hesi, behi aldra, tulipan soro, belartza, landetxe, eta abarrak baino askoz gehiago dago egon. Gure giza inguruko gizarte honetan, gizakia dagoela esango didate, baina guk ikusi dugun holandar herri horren ostean eta sakonean zer dago?. Zer da Holandaren muina eta anima?. Zerk bereizten du Holanda beste herriengandik ikusten ditugun azaleko berezitasunez harantzago?.
Holandaz eta holandarrez hitz eginen dut hain azaletik ezagutu baditut ere biak. Pontifikatu gabe, ikusi dudana kontatu, agian iritziren bat bota ere.
Blogerako berrirakurtzean, pentsatzen dut gaur egun ez ginateke harrituko deigarriak egin zitzaizkigun hainbat xehetasunekin, aurrerapauso asko eman delako Euskal Herrian.
Holandarra
Oso jende zentziloa da. Guk dotoreagoa, harroxkoa uste genuen. Hainbeste etorkin egoteak gogarazten ote holandarrei etorkin izan direla beraiek ere hainbat erbesteko herritan?.
Jantzian eta kaledietan ez ezik etxe-bueltan ere txukuna eta apaina da holandarra.
Ameslaria ere izanen da. Lautadan bizi dira, lur zabaletan, baina basoa eta mendia maite dute, ikus bestela nolako jendetza dabilen hegoaldeko Alemaniarekiko mugatako mendixketan, edo Holanda erdiguneko basoetan.
Adeitsua zerbait galdetu ezkero, alaia eta irribarretsua denda eta saltokietan, ez bakarrik bezeroa zarelako. Dirudien bezain gozoa ote da holandarra?.
Ezer gutxi egin daiteke ausardiarik gabe, lurraldearekin egin dutenak erakusten du ausarta dela holandarra.
Irudimenezkoa. Etxeak begiratu besterik ez dago.
Lasaia. Bizikleta du ibilgailu nagusia. Ibiltari lasaia da basoetan.
Topikoak, betikoak, ikustea espero duzuna:
Holanda ezaguna dugu, ez egunotan hain gaurkoa egin zaigun futbolagatik soilik. Badira zenbait gauza Holandan topiko zaizkigunak, hor darraite, baina uste genuena baino bitxiagoak gertatu zaizkigu.
- Haizerrotak. Ez dugu irudikatzen Holanda haize-errotarik gabe, eta hala da izan, baina gorde egin dituzte, berreraiki, zaindu, ez ditzute hondatzen utzi. Kinderdijk herritxoan dozenaka aurkitzen dituzuenean zure aurreiritziek erabat zart egiten dute. Haizez eta urez baliatzen dira. Aspaldikoak dira, berritu berriak gehienak.
- Kanalak. Espero dituzu, nork ez du entzun Amsterdameko kanalei buruzkoa?. Baina ez dago kanalak handik edo hemendik zeharkatuko ez duen herririk. Ez dago bere kanala izango ez duen lurralderik, txikienak ere badu berea. Dena baita ubidea eta erretena. Denak urez beteak. Sarritan galdetzen genion elkarri ureztatzeko azpiegiturak diren ala drainadura sarea den, urari itsasoraino bidea emateko teknika agian: seguruenik zeregin biak betetzen dute. Bada herririk, Gietoorm ez da bakarra, etxeak urez-kanalez inguratuta daudenak.
- Polderrak edo lurrari lapurtutako, irabazitako, lurrak. Baina ezusteak harrapatzen zaitu itsasertzean egonik itsasorik ez ikustean, gizakiak jasotako muna sendo berdeek itsasotik banatzen zaituelako. Platera bezain lauak direla esateak ez da naikoa, plater atxala esan beharko litzake: plater atxala baino oraindik zapalagoak dira lurrok.
- Dikeak. Muna sendo garai berdeak dira itsasertzekoak. Beste mota batetakoak espero genituen, harrizko harresiak, baina gaina behintzat lurrezkoa da, berde dago eta sarri artaldeen bazkaleku dira. Bada bat izugarri erraldoia, zirraragarria, 31 kilometroko luzera du, Enkhuizen eta Leystad elkartzen ditu edo, zehatzago, hiri bien artean dagoen Zuhizerdeer golko edo barne itsasoa bitan zatitzen du. Bada gorago beste dike bat, 30 kilometrokoa hau ere: sarreran edo hasieran bertan ixten du golkoa edo barne itsasoa; itsasontziei uzten die sarrera esklusen bidez. Egun batean barne itsas hau lur lehorra izanen da, nekazari lur laua.
Luzeenak dira bi horiek, ez, baina, bakarrak: dikea edo muna, esklusa eta zubiak edonongo ikusgaia dira Holandan. Motzak eta txikiak batzuk, luzeak eta garaiak beste asko, injinerutza lan izugarria behar izan dutenak denak: harrigarriak.
Urez inguratutako lurra izanik, dena irla eta irlatxo, golko eta lurmutur, dena kanal eta ibai, ferrya erabili gabe errepidez ibil daiteke Holandako lurralde osoan: zubiek eta dikeek lotzen dute urak bildutako lur multzo oro.
- Zubiak. Hainbeste kanal izanik, asko izan behar zubiak ere. Altxatzen diren zubiak. Autodun zein txirrindulari, lasaitasun osoz hartzen dute errepidea horma batez bezala itxita, belauntziari bidea emateko. Gureetan ez da trenbidearekin halako patxadarik hartu, zubiak egin ditugu trenbide gainetik.
- Esklusak. Denok dakigu zer diren. Deneko ikusgaia dituzu Holandan, zoazela zoazen tokira. Batzuk ikaragarriak dira Oosterscheldekoa adibidez.
- Tulipanak. Holanda osoan espero dituzu tulipana, baina hiruzpalau lurraldera mugatzen da soilik tulipan uzta, itsasoari jandako zenbait lurretan hain zuzen. Loran dauden kolore ezberdineko sail amaigabeak, izugarri politak.
- Gazta. Gaztak ez dizu huts egiten, tamainaz gustuz eta pisuz, mota guztietako gazta aurkituko baituzu. Herriko balantza aurkituko duzu hainbat herritan: eraikuntza ederra, handia, udaletxearen parekoa edo ederragoa askotan, non garai batean pisatzen ziren inguruko gazta denak. Hainbeste behi eta ardi aurkitzea da espero ez duzuna. Dena da belardi, dena da behi, dena artalde: gazta egiteko behar da esnea, baina hainbeste!. Nik esanen nuke jai dutela gure baserritarrak kupoari buruz borrokatzen direnean. Madril edo Ajuria Enea baino aliatu kementsuago eta indartsuagoa beharko dute holandar nekazariekin lehiatzeko.
- Bizikletak. Badakigu holandarrak bizikleta dutela lokomozio tresna. Baina hainbeste bizikleta!. Kokoteraino gelditzen zara. Inguratu, bildu eta menderatu egiten zaituzte, denetatik ateratzen zaizkizu, ez ausartu bere bidegorrietan sartzen. Jaun eta jabe dira galtzadan ere: bizikleta da kalean ibiltzeko eskubidea duen lehena, ondoren autoa eta azkenik oinezkoa.
- Janzkera. Nork ez du ikusi argazki edo koadroren bat non holandar emakumeren bat agertzen den adartxo zuriak bezalako irtentxoak dituen buruko zapiekin: modelo hori ez da jadanik ikusten. Badirudi janzkerak berdindu gaituela planetako biztanle zuri gehiena: modek edo jantzigileen interesek erabat uniformatu du mendebaleko biztanleria. Baina badira gutxienez bizpahiru herri oraindik bai gizonezkoak baina batez ere zenbait emakume ikus daiteken bertako jantziekin: Marked, Staphorst edo Urk esaterako; hain bere egunerokotasunean ikusirik, oinez, bizikletaz nahiz autoz, gazte zein adinekoak, galdetzen diozu zeure buruari folklore edo turismokeria ote den, ala oraindik bere hartan jarraitzen duten berenez.
Zertzeladak
- Lautada. Europan ibilia denak, edo telebistan arreta jarri duenak badaki laua dela Europako erdigunea. Baina azkenerako ia aspergarria gertatzen zaizu lautada. Hain monotonoa, hain beti bera; muino-min edo kare-harrimin jartzen zaitu. Hemen ez da kare-harrizko paisaiarik aurkitzen Sakana, Durangaldea edo Oinatin bezala, hemen ez da lurpeko erreken murmurioa entzuten gureetako pagadi edo hariztietan lez. Azkenerako biluzik bezala sentitzen zara, bildu-gunerik gabe, lurralde biluzia bailitzan. Holandarrak agian itota aurkituko lukete bere burua gure euskal mendi-zulo edo bailara mendiz inguratutakoetan. Badira basoak Holandan, zainduak, altxor bezala miretsiak, nora milaka hurreratzen diren: De Hoge Veluwe naturgunea, edo Hegoeldeko Alemaniarekiko mugetako tontorrak: aisialdi gune bitxiak bilakatzen dira beraientzat guretzat ohizko baso edo muino soilak liratekeenak.
- Ordutegia. Goiz asten da bizitza. Gu gure orduetan hasi ginen, gureetarako nahiko goiz, baina lehen egunean jabetu ginen berandu genbiltzala: harrezkero zazpietan hasi ginen jaikitzen baina azkenak izan ohi ginen kanpin eta inguruetan.
Asteburuetan berriz ez dute ordurik jaikitzeko. Arras berandu jaikitzen zirela antzematen genien. Gogoko dute ohea lanera joan behar ez denean.
- Txukuntasuna. Etxe inguruak, kaleak, granja inguruak... Aspaldi egin zuten hemen gure herrietan ari den berrikuntza lana.
- Banderak. Bandera zaleak dira holandarrak. Bandera asko ikusten da etxaurretan, eta etxe orok du bandera jartzeko gako eta gailua, horman, ate kontra edo atari dotorean.
- Laranja kolorea. Bandera zaleak dira, baina laranja kolorea da bere ikurra, guk futbolarien jantzitik ezagutzen genuena; jai-giro guztietan nabarmentzen da laranja koloreko bandera: Nimegan izan zen lehen ezustea, hainbat herritan ikusi dugu gero ikuskizun laranja.
- Nekazaritza. Bada industria-gunerik, Roterdanekoa nagusi, baina herri nekazaria da batez ere. Belartzak, behiak, ardiak, zaldiak, zainzuriak hegoaldean, tarteka negutegiak...
- Jana. Etxetik kanpo bazkaltzen dute eguerdian. Lanean tartetxo bat hartzen dute mokadutxoa jateko. Gozo-gauza kafesnearekin izan ohi da askorena, gehiengoarena. Baita beste jakiren bat ere. Txerriki asko jaten da. Dendako saltzaile zenbait kalera ateratzen da, eta kale-kontra batean jaten du bere mokadua. Taberna eta saltokietako jatetxeak ere mukuru egon ohi dira eguerdiko ordu horietan.
- Jakia. Denetik dago bai dendetan bai saltokietan. Bai ortuari freskoa bai poteetan gordetakoa. Fruta asko eta ona.
- Zainzuriak. Norbaitek uste badu Erribera dela nagusi zainzuri ekoizpenean, doala Holandako hegoaldera, kolokan jarriko zaio iritzia.
- Adreilua. Adreilua da nagusi eraikuntzan. Adreilu berdintsuko saila batzuetan, adreilu konbinaketa eta erabilera ezberdinez dotorea bestetan. Harririk ez baina badute nonbait adreilugintzarako lur egokia. Baina zergatik ez ote dituzte teilak erabiltzen etxe estalki lez arbel-harriaren ordez?. Estetika soilik ala kultura?. Adreiluaren erreinua: adreiluzkoak dira kale zoruak ere zenbait herritan.
- Etxebizitzak. Adreilua da nagusi etxegintzan. Ez baitago mendirik, beraz harririk ere. Noizbehinka ikusi ohi da harrobi itxurakoa bat, baina lurzoruan hondoratuz ateratzen dute harea. Zurezko egitura maite dute, eta gorde egiten dute egitura hori, gorde eta erakutsi begi-bistan utziz zura, halako itxura bitxia emanez etxeei. Zergatik ez ote dute zementurik erabiltzen etxegintzan. Agian zementua egiteko harririk ez dutelako, ala bere etxegintza filosofian adreilua maitagarriagoa dutelako, edo beroagoa delako erdiko tarte zabala utziz. Mila galdera eta misterio ditu herri batek ibiltariarentzat.
Etxe txikiak dira, hiri handietakoak ere. Lehen solairua dute soilik. Askok, batez ere antzinakoenak, bere hartan iraun duten kale zaharretakoak, lurzoru gaineko solairua dute soilik. Txikiak dira eta denek dute aurrean lorategia.
- Etxaurreak. Lorategiak dira. Austriakoak bezain finak eta dotoreak ez diren arren erabat zainduak daude etxe-bueltok. Deigarriak dita landetxe inguruak: txukunak eta garbiak, simaur eta lokatzarik edo lurgorri zapalduko tarterik gabeko berdeguneak dira korta inguruak.
- Errenazimenduko fatxadak. Batez ere Alemaniakoak gogoratzen genituen. Ezustekoa izan dira Holandan. Ez genituen espero. Ez behintzat hainbeste. Izan, ohizkoak dira: puntazorrotzak, triangelu luzearen formakoak, osteko teilatua estaliz. Albotik begiratuz, edo goragotik beste eraikuntza garaiago batetik, halako itxura ezberdina dute, frontisa itsusiagoa da albotik begiratuta aurretik ikusita baino, teilatua agerian geratzen baizaie: harmonikoak dira fatxadok aurretik, albotik ez.
- Leihoen barrutikako karela. Kaleko begiluzeen barruranzko soa oztopatzeko, barrukoen kanpoalderakoa babesteko, dotoretasunagatik soilik agian, auskalo zerk mamitutako kulturaren eraginez, barruko leiho ertzak, sarri kristalak eurak, bitxikeriez dotoretuta daude. Museo edo erakusketa dirudite. Erabat zainduta daude. Era guztiko zerikusia dago. Dotorezia nabarmenaz, batzuk, arrunkeriez zenbait. Bitxikeriak edo artelanak askotan, egunoroko etxeko lanabesak hurrengo, jostailuak edo eskulanak, loreak soilik sarri, pitxikeriaz beteta daude, baina kinkila-denda itxuran erori gabe. Harridura eta ikusmira Hegoaldetik goazenontzat.
- Ate-gainak. Barruko sarrera edo gorako mailadia argitzeko, sarrerako ate orok du gainean kristalezko tartea: zabala batzuk, estua besteak. Argindarrik ez zegoenean etxera sarrerak argitzeko teknika seguruenik. Dotoretuta dute gehienek delako kristal ingurua, oparo batzuk, xume besteak, badira kristal soilekoak ere. Bertako etxeen bitxikeria bat da.
- Stadhuis edo udaletxeak. Herriko eraikuntza dotoreenak dira gehienetan, denean ohi denez. Herri hazietan edo hiriburuetan, harrizkoak. Batzuk dotoreagoak, xumeagoak besteak, bai kanpotik bai barrutik, bertakoagoak batzuk, bertako petoak ia denak: denek dute harmailadi bikoitza, baina ez aurrera, atetik kalera zuzenean joz, alboetara baizik espaloiaren luzerara, espaloiarekin bere bide berean elkartuz: azken hau litzake berezitasun nagusia.
- Kariloiak. Ez da herririk, udaletxeko dorreak ez bada elizaren batekoak, kariloirik izango ez duenik. Bada 50 kanpaitxotik gorakorik ere. Nimegan kalean jarri dute zutabe batean kariloia eskultura bailitzan, arrunt xamarra eskultura lez baina soinu goxokoa. Goxoa da ordu oso laurden zein erdietan kariloi musika entzutea. Kalez kale zabiltzanean, kafetegiren baten aurrean zerbait hartuz zaudenean, kariloi hots atsegina duzu lagun ordulaurdenero. Beraiek normaltasunez entzuten dute guretzat zerbait berria dena, agian kariloi sonarik eza litzateke beraientzat ezustekoa. Aurkitzen ote hutsune hori guretara datozenean?.
- Kalediak. Aspaldikoak dituzte gureetan orain ari garen berrikuntza eta txukuntze lanak. Bitxikeria da guretzat kaleetako txukuntasuna. Zer ote diote gureetako lurreko paperteria eta zikinkeria ikusten dutenean. Beraiek ere ez dira hain begiratuak. Garbitu egiten dituzte kale eta bazterrak, hor dago batez ere ezberdintasuna. Ikusi ditugu garbitzailea oraindik pasa gabeko tarte zikinak, papereztatu eta plastikoztatuak ere. Baina orokorrean aldea ateratzen digute txukuntasun eta garbitasunean.
- Plazak. Ez dira deigarriak. Ez dira karratuak. Ez dirudite herriko muina direnik, ezta herria bere inguruan bizi denik ere, Alemanian, zein Europako herri gehienetan ikusi dugun bezala. Saltoki kalea, gehienetan oinezkoena, da hemen herriaren bilgunea. Sarri plaza baino kale zabalago bat da, plaza deritzotena.
- Elizak. Protestanteak dira gehienak. Katolikoak izanak, sinesmen berrira birmoldatuak. Adreiluzkoak, nola ez. Ezin dugu ezer askorik esan, gehienak itxita daude eta, baita elizkizun orduetan ere: eliztarrak barruan daude, elizako abestiak edo sermoia entzuten duzu kanpotik, baina itxita dago ate oro, inork alde egin ez dezan, edo begiluzerik sar ez dadin. Elizkizunaren ondorengo tartetxoa erabil dezakezu eliza ikus ahal izateko, baina arin egin beharko ikustaldia, apaizak dirua zenbatu ondoren hertsiko baitu atea. Sarrera ordaindu behar da zabalik daudenak ikusteko. Erakusketaren bat dute askok. Ikusi ditugunei buruz hitz egin dezakegu: barrutik zuriz pintatuak, lehio gotiko luze, zabal eta beira argi soilekoak, eliza argiak beraz. Halako argitasun sentipen bitxia sortarazten dute.
- Kanpinak. Ugariak dira. Ingurura hurbilduz, herrira edo zonaldera, ondo iragarrita daude. Aspaldikoa da kanpina Holandan: zorua belar trinkoa da, maiz ebakitzen dutena, zaindua, soilgunerik gabe. Esparru zabaletan banatuta gehienak, non tarte zabala duen bakoitzaren lur-guneak. Gehiago dirudi naturgunea. Untxi, zozo, ahate, triku eta hainbat animalien konpainia ez zaio falta bezeroari; jatordu erraza egiteko asmoz dator animaliotatik asko. Zerbitzuguneak, xumeak dira, harrokeriarik gabekoak, lau izarrekoa ez bada behintzat kanpina. Baina garbiak, arasak. Dena da ordaindu beharrekoa: dutxa beroa, harrikorako ur beroa... Karabana asko dago, familia askok du aldi luzerako jarrita berea kanpinean, uda-etxe gisa, dotore, jauregitxoa bailitzan.
- Tantai eolikoak. Badira izan, baina ez dute gehiegikeria diren sentipenik ematen. Agian Danimarkan ikusitakoek jan egin didate Holandakoen irudia eta gomuta.
Bereziak.!
- Museoak. Herri bakoitzak du museo bat gutxienez. Herri koskortuetan bizpahiru aurki daiteke. Era guztietakoak. Betiko pinakotekak, herriko edo inguruko historia eta gorabeherei lotutakoak, arkeologia, etnologia... Baina horrez gain, bitxikeriak daude, Holandak badu museoen kultura, museoa sortzeko joera. Mila gai ezberdinei lotutako museoak: urrea, zilarra, ordulariak, aspaldiko erlojugintza, elur-lerak, zaldiz eragindako garraiogintza, urregintza tailerra, musika tresna mekanikoak, organiloak edo biraderadun organoak eta bestelakoak, itsas salbamendu era ezberdinak, itsasontzi urperatuen hondakinak, polderrak egitean azaldutako hondakinak, tabakoa, irrista-gailuak, tren maketak, zirkoa, antzinako motoak, herri musika tresnak, kermeza: nolako jaiak izaten ziren gaztelu eta jauregietan, lurrak lehortzean eginiko aurkikuntzak, gozogintza, jostailuak, portuan ontziak atoian eramateko era ezberdinak, zergen historia, ... eta abar luzea.
- Marihuana. Bredako parkean ikusi genituen lehenengoak, “herriko onenak” ohi diren horietariko bizpahiru gizonezko belar zigarroak prestatzen: "ze lasai edozeinen aurrean egiten den belar erretzea!". Beste herri batean liburutegiko sarreran beste kanuto mutxikin piloa ikusi genuen, erdi erreta gehienak, mutxikin luzeak alegia, zigarro erdiak: "merke egon behar du". Harrezkero begiluze ibili ginen lurrera so hainbat herritan eta kanuto mutxikina erruz ikus daiteke edozein herriko edozein kaleko zoruan. Gogoratu genuen irakurria genuela nonbaiten ez zegoela marihuanari buruzko debekurik Holandan.
Hainbat ikusi genuen kalean lasai zigarroginan pipa tabakoarekin: zalantzak geratu zitzaizkigun ikusi genituen mutxikinak belar mutxikinak ziren ala pipa tabakoz eginiko zigarro arruntenak.
- Liburutegiak. Jabetuak geunden zenbait herritan berritutako antzinako eraikuntza ederretan, edo eraikuntza berrietan, baina beti herriko erdigunean eta eraikuntza ederretan zeudela liburutegiak. Liburutegia barrutik ikustera sartu ginen Den Bosch-en: erabat taxuz antolatuta, liburu pila apaletan, ordenadorez lan egiteko aukera piloa, egunkari eta aldizkariak irakurtzeko txokoak, lanerako txokoak; jende pila barrenean; baina batez ere liburu garraioa zen izugarria: txartela erakutsi, bueltako liburuak utzi eta berriak eraman: poltsakadak eramaten dituzte, ilaran zain zegoen bezeroa, zeramatzaten liburuen berri emateko. Harrituta gelditu ginen.
Zwolen-goa eta beste batzu ikusi genituen ondoren, beti harridurako sentipena esnaraziz. Agian gureetan ere bada halako zerbait baina ez dugu ezagutzen. Donostiako Koldo Mitxelenan bada antzerako zerbait.
Bizpahiru liburutegietan sartu ginen ondoren, sartu gabe ere begiratu izan genien kanpotik, eta beti ikuskizun berdina ikusi genuen. Hemen liburutegiak tradizio handia du, ikasteko eta irakurtzeko zerbitzu publikoa erabili egiten dute. Agian gureetan ere hala da eta geure errealitatea ez dugu ezagutzen.
- Etorkinak. Izugarri ugariak dira Holanda osoan. Zenbait herri eta orduetan, bertako biztanleriaren erdia direla esan daiteke, kaleko jendeteriari begiratuta behinik behin. Batez ere beltzak eta arabiarrak, baina baita sortaldekoak ere, japoniarrak, txinatarrak, bietnamitarrak eta herri guzti horietako jatorri ezberdinekoak. Asteburuetan da nabariena: bai goizez erosketak eginez jendez mukuru dagoenean erosketa-kalea, edo arratsaldez holandarrak herritik alde egin ondoren herria turistentzat gelditzen denean. Atseden eguna dutelako, agian erosketak egin beharrak kaleratzen dituztelako, agian lagunartearen bila, baina asteburuan ia nagusi dira etorkinak herrietako kaleetan zein hirietan. Turista-herrietan, berriz, ez da ia alerik ikusten, beraiek ere hondartzara etorritakoak ez badira.
- Frisia. Geografikoki antzerakoa da. Bertako zaldiak ezberdinak omen dira, nolabaiteko berezitasuna dute, guk antz ematen ez bagenien ere; zaldi asko dago egon, binaka edo dozena-erdika ikus daitezke granja inguruetan oholezko hesiz inguratutako belartzetan. Ahateak izan dira bertako ezaugarrietako bat, ekoizpen oinarrizkoa: granjen fatxadako gailurraren zorrotzean granja orok du oholez eginiko ikur bat non agertzen diren bi ahate lepo-luze halako osaketa bitxian; bada Snits herri politean eskultura bat non erakusten den nola saltzaile ibiltariek ehuna saltzen zuten ahaten truke. Granjak, sendoak dira, zabalak, barne tarterik gabeko etxebakarrak, ia lurreraino heltzen diren teilatuekin, teilatu zabal eta pendizak; atariko lur gaineko zatia da etxebizitza, txukuna eta zaindua, beste dena korta, sabai edo baserriko tresneriaren gordelekua. Bandera propioa dute, Holandaoa ez zdena: bada nolabaiteko abertzaletasuna, zeren hainbat etxeren aurrean agertzen dira banderok, baita, batez ere, zenbait herriko jai-giroko kaleetan. Bada hizkuntza propioa ere, baita bere inguruan nolabaiteko erreibindikapena: herri gehienek bi hizkuntzatan dute izena herriko sarrera-irteeretan: Bergun/Burgun, Niyegea/Nijega...
Bitxikeriak.
Gaineko babes-estalki gabeko auto zaharrak, zapal zabalak, tarteka marteka ikusi ahal dira. Antzinako auto zaleak dira nonbait. Aspaldiko auto modeloak ere sarriak dira errepideetan. Ondo zainduak. Museo pieza bezala gordeta dituzte nonbait. Suhiltzaileen auto zaharren konboi luze bat aurreratu genuen behin: auto bitxiak, bereziak, politak. Erakusketaren batetik edo erakusketaren batera.
Gogoetak. !
- Monotonia. Agian hori da hilabete ondorengo sentipena. Lautada, amaierarik ez duen berdegunea, mendirik eza, erretenak, kanalak, ibaiak, zubiak, muinoak, ura, adreilua, etxe txikiak, txukuntasuna, behiak, zaldiak, ardiak, bizikletak, bide-gorriak… atzo, gaur, bihar, beti…, beti berdina.
- Itsasertzean egonik, itsasoak bilduta egonik, ia denetik itsasoa bertan izanik, ez dute itsasoa ikusten, itsasotik bizi badira ere: hersgune batetik aterako dira itsasora, mila ate, konporta eta zubiren oztopoak gainditu ondoren.
- Behi aldra izugarri eta kontaezina ikusita, gure baserritarrak jai dutela iruditzen zaizu Europako Batasunean edo Merkatu Erraldoi horretan. Berdin espainiar nekazariek ere. Hauek ez dute atzera egingo bere ekoizpenean. Eta Espainiako Gobernua ezgauza, ezjakina, indargea, eta memeloa da hauekin lehiatzeko.
- Hain konplikatua da beraientzat gure "tx" ahozkatzea!. Etenak egiten zituzten nire abizena irakurtzeko.
- Polderrak. Polder zabal baina batez ere lauak, lautasunak erakusten du gizonak sortutako lurralde artifizialak direla, berezkoak ez direla.
Zergatik lapurtu diote itsasoari bere lurra, zergatik eraldatu dute erabat geografia, zergatik lehortu dituzte itsas zati zabalak, zergatik dago desagertzear Zuizerdee barne itsas osoa???. Garai batean egin ziren, orain bertan egin nahi dira, lan erraldoi izugarrien bidez. Milioika miloi diru eraldaketotan jorratzeak ba al du neurrizko etekinik nekazaritzan?. Zertarako lur gehiago; zergatik ez mugatu ekonomia eskuartean duten lurraldearen kopurura?, halako lursail berrien premia al zegoen eta al dago?, zergatik jarri betirako itsasoaren eraso beldurgarri baten mehatxupean?, zergatik mugatu, galarazi, itsasoaren ikuskizuna eta ikuspegia muna garai sendo baten bidez?, zergatik bizkarra eman itsasoari?, zergatik itsasotik bertan eta itsasotik urrun?, zergatik betirako itsasoaren etsai eta haserre, beti beraren beldur? ... mila galdera sortzen zaizkizu polderretara inguratzen zarenean. Sakonean, holandarraren abentura sena da ageri dena, Holanda herri txikia mundu erdiaren menperatzaile izatera bultzatu zuena, bere ontziak itsas zabala zeharkatuz mundu osora eraman zituena. Agian nik ezagutzen ez ditudan premia gorriak zeuden herri honetan, horregatik erbesteratu ziren hainbeste Ameriketara, hango etorkin eta aurrendari bilakatuz. Agian aurrendari, abenturazale, lehiatsua, aurrera egitekoa da holandarra eta horrek argitzen du itsasoari lurrak lapurtzearren zergatia. Agian lehen aitatutako premia gorriak. Edo bakar batzuen, politikoen, aberatsen diru goseak eragin du dena.
- Azaltzen denaz haratago arazoak, korapiloak eta ezusteak egon behar dira herri honetan ere.
- Mendirik ez dutelarik iturbururik ere ez beraz, nondik sortzen zaie ura?. Lur azpitik izanen dira hemen urbegiak, ez haitzuloetatik gureetan bezala. Ez dute beraz basoko iturrien lilurarik. Ez da kare-harrizko paisaiarik ikusten, ez da entzuten lurpeko erreken murmuriorik. Guretzat lauegia da. Ia biluzik sentitzen gara hemen, babesik gabe. Holandarra agian gureetan itota sentituko litzake, mendiek mehatxatuta.
- Berdinak egiten gaitu itsasoak, bereiztu ere bai. Itsaso ia bera baina ze erabilera ezberdina.
- Nolakoa ote holandarren izaera, pentsaera, jokabidea, eguneroko zertzeladetan, eguneroko arruntean.
BIDAIAK 68. HOLANDA
GRONINGA - GRONINGEN
Aipatu portuan banatzen da Frigiatik. Probintziaz aldatu gara baina paisaia ez zaigu aldatu; aldi batez itsasadarreko urez eta paduraz inguraturik joan bagara ere, betiko inguruan gaude berriz: behi-etorkin kolonia bat izan da berritasun bakarra. Gari-sailak lirateke ere berritasun: pobretasuna esan nahi ote gari-sailak hemen ere?: Ezuste dira ere baita lurralde honetan espero ez genituen baina gure ustez hala diren tulipa sailak; lurra gertatuta dago, harea pasatuta, lurra xehatuta, hazia erein berria, tulipok erne gabe: lurraldean gorago eta hotzago, tulipak beranduago. Leiho obalatu bitxiak erakusten ditu lastozko teilatu batek.
Dorre batek eta bloketzarrak iragartzen digu Groningen hiria.
Groninga/Groningen: Abere merkatuagatik famatzen omen dute alemanek hiri hau. Oso lasaia dago gaur, jende gutxi kale ia mortuetan; eguerdi aldera joan da bizitasuna hartuz. Haize-beldur ez den jendeak plaza du eguerdian eseritako egontoki; guk etxepe batetan hartu dugu ase gaituen ogitartekoa txanda-ilaran gorde ondoren.
Kanalez bildua dago, hala behar zuen: ur gaineko bizilekuak gerta zaizkigu ustekabeko bitxikeria, etxebizitza arazoak ditu nonbait hiriak. Oinezkoen kale gutxi du; bi plaza handi: autoak aurretik doazkion eliza eta udaletxea daude batean. Ikusiko ez genuen ba eliza urrutitik 96 metroko altuera du eta!; udaletxea harrizko eraikin gris handia, zutabe borobil sendoekin, Mutrikuko eliza dirudi, kontzerturen baterako aulkiteria-tutueriak estalia dago gaur; udaletxe ostean fatxada bitxiko eraikin bat. Vis Mark da bigarren plaza, handia, batez ere luzea, honek behar du izan merkatu-plaza; plazaren ertz batean hurreratu ez gatzaizkion A eliza: Ee izena baino izen motzagoa du, baina O Amabirjinarena bezain luzea; marra oker zabal goitik beherakoek xelebre itxura ematen dioten zurezko dorrea du.
Haize hotz ia takarrak bota gaitu herritik, bisita luzatu gabe. Ez da harritzeko hila egotea hiria.
Alemanian lanean ari den bikote gazte batekin egin dugu topo hiriko mapari begira geundela; gu euskaraz ari baginen ere, gidaliburutik jabetu dira "españolak" ginela.
Mirenen urtebetetzea. Berandu, baina zoriondu dugu telefonoz.
Zaldi zaparradarik ez baina zaldi ugari dago larrean zelaietan: hiriko sarreran bi zaldi zeuden, belar jaten, begiak estalita. Holandan ikusten dugun bigarren astoa: astakiloak, aldiz, asko ikusi ditugu. Euskal Herriko behi piriniarrak: behi etorkinak.
160 kilometro, Holandatik Alemaniara ze errepidetik aterako garen ohartuz.
Asteburu luzea datorren arren ez da izan karabana askorik errepidean, kanpina berriz erabat hartuta aurkitu dugu. Bada bospasei dendatako koadrila handia borobilean kokatua; erdigunea libre utzi dute, bertan masta luzea jarri dute bandera handi batekin. Ez dugu ezagutzen bandera, lehoi handi bat du zapi zurian.
Maiatzaren 22a. Ostirala. 27.a – H-26.a
Lehenengoz ikusi ditut erabiliak T formako burua duten kanpin-ziri sendoak, Sevillako morroiak oparitu eta Etxarrin egin genituen bezalakoak.
Jai dute asteburuan hegaztiek kanpineko jendearen harat-hona eta zalapartarekin.
Masta luzean bandera dutenek, Holandakoa dela esan digute, baina ez da ez Holandakoa ez Frisiakoa, agian bere herrikoa edo familiakoa da: izanen du bere historia, gauero kendu eta goizero jarri egiten dute. Harro daude bere banderaz.
Bustia eta hotza fortunatu zaigu Frisia Holandako bidaia hondarrean.
Eraikin handiak dira Frisiako landetxeak, lurretik pare bat metroraino jaisten da teilatu pikoa, izugarri zabala gertatzen delarik teilape edo aterpea; teilape gehiena kortak edo nekazari zereginetarako guneak hartzen du, lastozko estalkia du sarri zati honek; aurre parte estua etxe bizitza da, teila du estalki, teila gorri-ilun dirdaitsua; askotan zenbaitek gehigarria ezarri dio fatxadari: fatxadako triangelu zorrotzaren puntan tximinia eta tximinia aurrean bi ahate zurien irudia, mokoak elkar ukitzen: gorta aldean egon ohi dira beti ahate irudiok, baina baita etxebizitzaren fatxadan ere, agian ahate hazten dituela esan nahi du; triangelu bat dute marraztuta atean kortako ate gehienek, bi punta zorrotzak elkartuz erdian, ez dakigu zeren ikur den.
Herri askotan agertzen da Frisiako bandera, zenbait herritan kale osoa dago banderaz edo pankarta itxura hartzen duen banderaz apainduta. Etxe bakar batzuen aurrean ere ageri ohi da tarteka, errepide ertzeko etxe bakartietan ere. Kamioi batek ere badaramatza bandera frigiar txikiak.
Hizkuntza arazoa nabarmentzen da berriro: herri gehienek bi hizkuntzetan dute herri izena herriko sarreran, errepideko norabide iragarki ofizialetan, ordez, nederlanderaz soilik datoz izenok: bada hizkuntza berezitasun eta lehiaren bat. Gidaliburuak nederlanderaz jartzen ditu izenok, mapak ere bai.
Snit/Sneek. Herri apaina, oinez ibiliz goiza ederto egiteko herria; frisiar petoa omen, guk ez diogu bereizgarri edo desberdintasunik aurkitu. Bada etxe txukunik, baina harrokeriarik gabeko herria da. Udaletxea da eraikin harroxkoena, espaloia du bi alboetara, mailadi bikoitz eta ate gaineko apaindura zuri ponposoarekin. Martiniker elizaren alboan elizarekin lotura izan zuen oholezko eraikin bitxia, ez leiho ez irtentxo, urre koloreko ikurrak ditu gailurrean: agian kanpandorrea izan zen, edo da. Txanpon-diruaren ordez oihalak ahateengatik trukatzen zirenekoa irudikatzen duen eskultura. Ubidea herri erdian, luzera osoan. Kariloiaren sona luze eta eztiak ordulaurdenero betetzen du kale-artea. Nonbaiten bada dorre edo sarrera-ate sendoa, baina ez dugu aurkitu. Haize-errota berezia irteeran, ohizkoengandik erabat ezberdina.
Belauntzia zelai berde zabalaren erdian nabigatzen: ikusezina zaigun lakuko bela zuriek halako ikuskizun bitxia eskaintzen dute, belauntziek zeharkatzen diuztela belartzak dirudi.
Galtzeko arriskua du zenbakirik ere ez duten errepide txikietan sartzeak, baina ordain goxoa dakarren xarma ere bai.
Eegch/Heeg, eta bera dagoen laku inguruko herritxoak, nekazariak izateaz gain lakutik bizi dira, udalerri edo igandezaleen herri edo uda-herriak baitira; txaletxoz osatutako herri txukunak, denek dute portua, denek ubidea, ubide denetan dabiltza belaontzi eta yatetxoak asteburu luzeko zubi-egun honetan, haize hotz eta takarrak jotzen badu ere lakuko ur-azalak kirri jarriz.
Laku asko dago inguruan, lur lehorra baino zabalago da ur azala; zikina da ura eta belauntzi zapi zuri ugariek beltzagoa egiten dute, baita ur-azal kirruen bitsa ere. Ugariak dira Altzolako eliza-dorreak, urre kolore zenbakiko ordulariekin: asko dira antzerako dorreak, Txekian eta Eslovakian bezala, Erdialdeko Europa osoan bezala; badira Gipuzkoan ere.
Behi makal kolorgetuak emigratu dute nonbaitetik honaino ere, lixiba koloreko makalak.
Aldegea/Oudega: harbelezko dorre zorrotz puntan Holandako bandera handia haizera zabal blastaka. Laku ertzeko herria, uda-herria edo udaleku. Joan etorri handikoak, bizi-biziak, daude gaur ubideak: takian-potian dugu zabalik zubia, hertsia, beraz, errepidea; kotxez ordez itsasontzietan dabil igandezale ondo-bizia, herritar arruntak kotxez errepidean edo oinez herrietako kaleetan.
Landetxe baten alboan, errepide ertzean, bakarti, brontzezko eskulturatxoa porlanezko zutabe gainean: bitxia da gutxienez, arrazoiren bat izanen du.
Laku bat zeharkatzen dugu, dena da oihal zuria laku gainean; ez dugu surfik ikusten, ur zikinetan erortzeko bildur edo.
Hynlippen/Hindeloopen. Miniaturazko edo postaleko herria, xarma du: etxetxo, kalexka, ubide nanoak, konportak ubideen itsasoarekiko harremana ahalbideratuz. Herri zabala da izan, asteburuan ordu pare bat labirintoan galduz egiteko lekua, zubitxoak zeharkatu eta dendei begiak luzatuz, eltxoei putz eginez. Ubidetxoek banatu eta isolatzen ditu zenbait etxe. Munek babesten dute itsasotik herria, itsasertzean egonik ere, herritarrek ez dute itsasorik ikusten muna gainera igo ezik. Sutondoan egoteko egun apropos honetan, turistaz beteta dago herria, autoz beteta aparkalekuak, dendatxoz beteta kaleak, turistentzako kinkilaz beteta dendak. Stadhuis, museo bihurtuta, nahiko moinoino deigarria bere ezebetxoan: ate-buruan biziki pintatutako Justizia itsua, fatxadako adreilu gorrian nabarmenago, biziki pintatutako lehoitxoa eskailerako hesian, biziki pintatutako armarria kalerako horman eta, espaloirik ez badu ere, har-mailadi xumea eta bakarra albo batera; ez zioten jarri kariloirik eliza-dorreari, agian kendu egin zioten, baina kariloia jartzeko egina dago.
Warkum/Workun. Herri nekazaria, portu, denda eta kafetegiekin igandezale eta udatiarrei etekina ateratzen diena. Eserlekuz betetako plazatxo atsegina du, dendaz josita dago errepidea den kalea. Waag potxolo polita, mailadi bakarra albora duen stadhuis, eliza gotiko ohizkoa eta bukatu ez zuten dorre moskote sendoa kariloi nanotxoa txanotzat duena.
Peskaria bailitza, zubiko arduradunak kainaberatxo puntatik soka batez zintzilikatutako txokolotxoa luzatzen dio zeharkatzen ari den ontziari zubia zabaldu ondoren: nabigatzaileak abiada galdu gabe jartzen dio pasu-ordaina pasadan.
Makum. Kostako herritxoa, bizitza handikoa baina askorik zor ez diona portuari, belauntzi handiak bertan alokatzen badira ere. Ez du ezer, baina jendea dabil, denera heltzen baita igandezalea. Zonalde honetan ugari ikusi dugun dorre mota du elizak: teilatu txiki zorrotza, triangelu baten ahoa, aizkora bailitzan, goia ebakitzen.
Garraio kamioak jabetu dira kaleetaz supermerkatua hornituzko unean.
Boalsert/Bolsward. Frisiako herri antzinakoenetarikoa ei da. Honek ere kale oso luzea du, kale luze horretara mugatzen eta biltzen da herria. Plaza behar duen zatian ubidea agertzen da, autoen bidea eta oinezkoena banatuz eta bananduz; plaza atzean udaletxe ponposoa: leiho-estalki gorri biziek, hainbat ukitu eta urre kolorek, dorre lirain kariloidunak, fatxada-bukaera triangeludunek, ematen diote halako distiratasun eta erakargarritasuna. Bada eliza-dorre bat dorre ohizkoekin zerikusirik ez duena, ez leiho, ez zulo, ez kanpai, luzexka: deskribaezina.
Etxaurreak lorategiak direnez ugariak dira loradendak ere, bezero asko dute.
Azken agur bezala, eztia eta luzea izan da azken herriko azken kariloia.
Horrenbestez bukatu da, laku arteko ibiliarekin, Holandako ibilia, azken herriak, azken kariloia, errepidea aurkitu ezineko azken erneguak, azken paisaia, jendea eta herriak ikusizko azken ordu eder atseginak. Bihar hasi behar dugun abentura berriak kamustu, bigundu edo arintzen du agurraren mina eta herri hau utzi beharraren nostalgia. Gehiago etorriko ez garen sentipen mingotsa. Holandar turista edo kamioilari ikustean zerbait hurrago izango dugu Holanda aurrerantzean.
Hotz eta zakar dabil haizea azken bizpahiru egunotan, horrela izan zen ere hasera, tarteko asteak ostera eguzkitsuak: porta zaigu Holanda.
166 kilometro, mugarainokoak gehituz Holandako azkenak.
Maiatzaren 23a. Larunbata. 28.a – H:27.a
Asteburua eta alde egiteko eguna, bi osagai horiekin eguraldi txarra behar zuen gaurko koktelak: hala izan da, euripean egin dugu alde. Goian ere ura dugula, lakuak istingak padurak dira Frisiako azken irudiak.
Antzina egunkariak gordetzen genituen zerbait biltzeko behar izanda ere; gaur egun plastikoa dugu beti eskura.
Leeuwarden, zaldi merkatua dute gaur nonbait, zaldi atoi asko doa harantz.
Groninga-Groningen probintzia, azken agurra eta gogoeta
Lurra erabat beltza da. Lur landua, xehea, erein beria bailego; tulipa-sailen antza hartzen diegu sailoi.
Frisiakoen antzerakoa da landetxeen egitura; fatxada gailurreko ahate zuriek ez dute moko gorririk.
Granja berri asko, adreiluzko horma eta uralitazko estalkia dute; Frisiakoek baino hornidura eta ihardura handiagokoak; zenbat eta Alemaniarago are gehiago galtzen dute Frisiakoen jitea.
Aspaldiko muntaia den adreiluzko tximinia luzea ketan, adreiluzko etxetxo apala alboan, irabaziari begira bata, eguneko bizibeharrari begira bestea, kapitalean oinarritua bata, eguneroko premian bestea; kapitala-irabazia eta eguneroko premia-bizibeharra ez baitira elkar osatzen eta lotzen, bestelakorik badiote ere askok; kapitalak irabazia besterik ez du helburu.
Zer ekoisten ote tximinia luzeko fabrika horrek berdegune zabalean bakarti?, adreilua agian. Horrelako tximinia bi besterik ez dugu ikusi Holandan. Iaz Txekian eta Eslovakian, ordez, herri koskortu bakoitzak zuen bat gutxienez: ekonomiazko bi ihardunera ezberdin: hango ekonomia-egituran herri bakoitzak du inguruaren suspertzaile den bere industria-gune edo lantegia, Mendebaleko ekonomia antolaketan berriz barruti aukeratuetan kokatzen da industria-gunea, hiri handien inguruan, bere inguruan biltzen da biztanleria, landa-herriak hustuz, langileria etxetzarretan pilatuz eta agian pobrezia guneak sortuz. Makroekonomiak funtzionatu du Mendebaldean, baina baita gizartea hondatu ere; Ekialdean ekonomiak porrot, huts, egin du, mendebaleko presioa ez du gainditu. Orain ikusiko da herri xehearekin zer gertatuko den: bizitza erosoago bat izanen ote dute kontsumo eskaintza zabalagoa izanda ere?.
Ur gutxiago dago Groninga probintzian, ez dago ia laku zabalik, ubideak txikiagoak dira: nola ez ubide zabal batek eman digu azken agurra, zabaltzen den zubi bat izan zaigu Alemaniarako muga.
BIDAIAK 68. HOLANDA
FRIESLAN- FRISIA
Dikearen beste aldea da. Errota eoliko ugariek eta haize-errota bakanek eman digute ongietorria. Muna erraldoiek babesten dute hemen ere lurraldea itsasotik; muinootan dute bere bazka artaldeek. Ez zaigu aldatu lurraldearen jitea
Polita da ubideek zeharkatutako Holanda berde txukuna, monotonoegia zaigu, baina, jadanik.
Kanpina. Omleiding-ek eta gure hanka sartzeak zaildu diguten arren jo dugu azkenik kanpinera. Kanpina bitan zatitzen duen ubide baten alboan kokatu gara, sastrakek ikusten uzten ez badigute ere kanala; zubi batek lotzen ditu albo biak. Zabala da kanpina eta luzarorako errotutako karabana asko dago; futbol zelaia zatekeen belardi zabala da gure gunea; karabanek zabalunea inguratuzko inguruan kokatuta daude; azpi-azpitik ebakitako belartza gogorra eta trinkoa da zorua.
Aspaldikoak dira kanpinak Holandan; belarrean zein gune ezberdinak bereizten eta banatzen dituzten sastrakadi, zuhaitz eta zuhaixketan da ezagun antzinako kultura dela kanpinarena. Lurralde zabala izatea ez da nahiko kanpinak eta kanpin kultura sortzeko. Kanpin kultura dago Holandan.
Badabil hondatua uste genuen hozkailua: aurreko kanpineko argindarra zen gakoa: orain kezkatuta nago askatu nuen hozkailuaren kanpoko tapakiak ura iragazten utziko ote duen zirkuitolabur bat sortuz euritean.
Hegazti mokoluze zuribeltz ez handia, ezezaguna guretzat, dugu kanpin honetako apopilo ezberdin berria. Amama dute zozoek ere zelai ebaki berrian. Txori hotsa ozena eta alaia da, orkestra zoragarria.
Jaso du egunak, geu ere gusturago gaude, jantzi eta hirira egiteko adoretsu.
Kjouwert: Leeuwarden frisieraz
Frisiako hiriburua. Hiri handia, erdigunera mugatu dugu ibilia gehienetan bezala. Antzina, gaurko erdigunea zen soilik hiria: hala behar zuela erakusten dute ubideek: Alde Zaharra, ubide zabal batek inguratzen du, beste ubide meharrago baina luze batek zeharkatzen alderik alde, eta beste batek albo batetik bestera; hiriko paisaiaren zati fisiko soila ez ezik hiriaren zati bizia ere bada ubidea erdigunean: igarobide, egonleku eta kafetegi: eserita dagoen jendeak kafetegien luzapen bihurtzen ditu ubidearen ertzak; giro lasaia eta goxoa sortzen da zuhaitz azpiko gerizan; arnasa eta argia ematen dio erdigune osoari ubideak. Jende ugari dabil, errus ez bada ere.
Oso etxean bezala sentitzen zara hiri honetan. Hiri lasaia da; eguerdia arren oinezkoen kaleak eta bertako denda inguruak hilak daude, bihotzean ezik. Herri apala: herri bakoitzak daukana erakusten duenez, zerikusietarako norabide-gezi piloa jarri dituzte kale-kantoi eta zubietan, baina hiriak ez du zerikusi askorik; komertzioa bera ere xaloa da, harrokeriarik gabekoa. Badu baina tatuaia tailerra, nabarmen iragarrita eta bezeroz oparoa.
Oldehove, hiriko sinboloa omen dena, dorre karratua eta sendoa, erabat okertua dago, okertua ez ezik bihurritua ere; katedrala egin asmoz hasi zuten: dorrea ez zen bukatu eta hasi ere ez katedrala. Waag, isolatua eta bakartia, ubide alboan erdiko plazan, oso bitxia, moinoinoa, txiki karratua, lehoiak ditu lau kantoietan. Stadhuis edo udaletxeak kanpai handiko kariloi txikia du, ozena eta urrutirainokoa da bere oihartzuna. Bada Altzolako eliza-dorre bat, arbelezko puntaluzea, baina hura baino bizpahiru aldiz luzeagoa: orratz beltz bat dirudi. Plaza zabal bat greziarra dirudien zutabe borobil sendoko monumentuak mugatua.
Hainbat kale, jauregi, etxe eta eliza aipatzen baditu ere gidaliburuak, ez dugu ezer deigarririk aurkitu, lasaitasuna ezik. Zaldi frisiarra, zubi gainean jarri dute, brontze bihurtuta, gure pottokak baino garaiagoa eta luzeagoa, nolanahi mozkotea berau ere.
Berriz ere argi nabari da nola ubideak bermatzen eta ahalbideratzen duen hiriaren eraikuntza, ubideetara bideratzen dira urak eta ubide tartean jasotzen dira etxe ilarak. Zenbait kaletan, gehienetan, zeregin funtzionala du, han dago bere hustuketa funtzioa betez, hiriaren bizitza ahalbideratzen, beste zereginik gabe; zenbait kaletan ubidearen presentzia nabaria bada ere, gehienetan badirudi biztanlea ez dela jabetu ere egiten kanala han dagoenik.
NL hizkien alboan FRL hizkiak daramatza kotxe batek marra urdin-zurien gainean, mota gorriak tartean: bada beraz frisiar abertzaletasun izpiritua eta errebindikapena; badago zerbait ezberdina lurralde honetan.
Frisiako lakuak: kanpinetik hurrean dugu bat. Politak direla-eta joan gatzaie ikustera. Laku oro da polita moskitorik ez duenenean; hauek ere politak dira; paduraz inguratuta daudenez, ez dugu lakuaren askorik ikusten, mapan nabarmenduta badaude ere.
Earnewald. Laku baten alboan kokatutako herri ñimiñoa, kuriosoa eta bitxia, txukuna eta erakargarria, eguraldi onarekin arratsalde-pasa ederrekoa; lakutik bizi da, asko dira bisitariak gaurko euri langarpean ere, asko dira txalupak, pila lakuan paseatzeko ontziak, ikustekoa ere aberatsen aisia-ontzi pila. Lakua eta lakuari ateratako zukua: ekimenak erroak zabal eta sakon bota dituen laku ertza. Laku ertzeko etxeez gain etxe asko dira ubide meharrek inguratutakoak, landetxeak izanik ere txaletxoak direnak. Bada nasan ur-piztia baten brontzezko irudia, harri baten gainean.
Oudega. Agian inguruko herri nabarmenena, nolanahi errepide txikiotako herri oro da gustuz zaindutakoa. Etxaurre bakoitza da lorategi zabala; errepidea den kale-zorua adreilu ezberdinez apain dago, hain itxura erakargarrian egon ere, ze ia atzera egin eta ez zapaltzeko gogoa eragiten dizu; baina, bestalde, atsegina ere egiten zaizu bertatik gidatzea; lasai lasai ibiltzera bultzatzen zaitu; zoruko oztopoak eurak ere graziatsuak dira, min gutxiago egiten diote bai gidariari bai autoari.
Lurralde osoa da uda-herria; biziki zaindua; berez erakargarria izanik ere, erakargarriagoa bilakatu nahi dute, txukuntasuna, gustua eta grazia azaldu nahi dute, zerbait badirela, alegia. Banan-banan, lastozko teilatu asko dago, ederrak dira landetxeak ere.
Nijega/Niyegen, Burgun/Bergun... nederlanderaz ez ezik frisieraz idatzita daude ia herri guztien izenak errepidean: bada nortasun kezkaren bat herrialde honetan, nortasun adierazpenak dira izenok: hizkuntza edo izenak errebindikatzen dituzte behintzat.
Artalde beltza, bildotsak ere beltzak noski, ubide alboan baskan: ilaje hori ez ote ubidean bainatzearen ondorena?, hain beltzak!, tindatzen ote dituzten ere.
Ezkontza kotxe erreskadak lazo zuriekin.
Arratsaldea aurrera, luzeak dira argi gorriko ilarak eta egonak: arratseko zirkulazio arazoak ditu Holandak.
223 kilometro, Frisiara ekarri gaituztenak.
"Baleen berbaroa", Edorta Jimenez:
* "Etxetik urrun denok umezurtz". Etxetik urrun, alditan nahiko umezurtz sentitzen gara bai, baina bestelako parametroetan jarri behar dira batzuetan urruntasuna eta zurztasuna.
Maiatzaren 21a. Osteguna. 26.a - H25.a
"Isladak", Unai Iturriaga:
"Entzuten dakienak du soilik bizia ikusten". Guk bidaialdian entzun entzuten dugu, asko gainera, baina ulertu piperrik ere ez. Horregatik ez dugu holandarren bizia oso azaletik baino ikusten.
Txorien goiz-sinfonia dugu kontzertu kanpineko goizetan, ikusgai berriz faunako hainbat hegazti ezberdin: bele ala uso den igartzea zaila zaigun hegaztia gehitu zaio orain arteko hegaztiteriari; beltza da kolorez, ibilera eta gorpuzkeraz berriz uso, bikote bihurri, agian bakartiren baten meztizajearen ondorena ote.
Zabor-bilketa selektiboa egiten da kanpin honetan: bost ontzi ezberdin daude; Holandan bizpahiru lekutan soilik ikusi dugu holakorik, beirarentzako ontzi ezberdina bai sarri aurkitu dugu, baina pilak lurrean botata ikustea ere tokatu zaigu. Honetaz ere euskaldunon antzerakoak ote holandarrok?.
Lurralde ezin aproposagoa da Frisia bizikleteroentzat: bai lur barruan bai itsasertzean, lautada bakartietan zein itsasertzeko munetan mila bidegorri aurkituko ditu nahi haina kilometro egiteko, belartza eta ura lagun.
Ez zaigu aldatu paisaia fisikoa zein gizartekotua; agian hemengo zenbait herri txukunagoak dira orain artekoak baino, uderri jitekoak, atzo arratsaldekoen antzerakoak. Takian-potian haize-errota, noizbehinka artaldea, beti behiak; holandar abertzaleak dira frisiar nekazariak, behi zuribeltz errape handikoak dituzte, holandarrak, bertakoak.
Herrietatik albo lautadan barreiatuta daude landetxeak, zuhaitzez inguraturiko eraikin multzoa da bakoitza: etxebizitza, ukuilu eta gainerakoak; tarteka lastozko teilatua kortetan, hala ez denean uralitazkoa, etxebizitzako teilatuak, berriz, adreiluzkoak dira. Zaldia tarteka; ospe handikoa da bertako zaldia, zaldi frisiarra, baina ez da askorik larrean, agian zaldi-arraza ona edo berezia izanen da, ez ordea ugaria; ez ditugu ezberdinak ikusten zaldi frisiarrok, dotoreak bai badira, zaldi oro baita dotorea. Frisian ere ubideak, ez handiak, zelai ertzeko erreten zabalak besterik ez dira. Aintzira, padura, putzuak, ..., ur ugariko lurraldea da Frisiako hegoaldea; drainatuagoa dago lurra Iparrerantz.
Lur berde eta zelaietakoa ere bada trikua: hemen ere ugari galtzen da errepidean gurpilen azpian.
Txalet taxuko etxetxoek osatzen dituzte herritxoak, ez dira etxebizitza arruntak. Eliza-dorreak dira herri orotan gorantz egiten duten zer bakarrak: badira bitxiak eta apartekoak: dorreok alderatu eta sailkatzea da gidari edo bidaiariaren joan lasaiko denbora-pasa, lautada era bat berde monotonoan.
Behiak, behiak... eta behiak, denak holandar abertzaleak, noizbehinka etorkin beltzen bat. Sakanan bezala belarra edo simaurra plastikopean gordeta, pilo luze berdin tolestuen gainak pneumatiko beltzez haizearen kontra babestuz finkatuak.
Iazko arto-sailen ipurdiak oraindik zut, horiek izan dira ikusi ditugun arto-sail bakarren arrastoa: hiru untxi edo erbi bertan.
Ee. Bizkaiko Ea bezain izen motzekoa; bi letrakoak izanik biak, izen erdia dute ezberdina. Ezin izan dugu jakin izena bezain motza edo txikia den herria.
Dokkun. Etxetxo pila herritik kanpo, berriak, erreskadetan, herritxoa osatuz: udatiar edo asteburutiar asko dator hona: etxean kalean zein herrian oso itota aurkitu behar du bere burua multzo horretan sartzera datorrena, agian asko ahal du lagunarteko modak.
Herri txukun-txukuna, bisitariari erakusteko prestatua, gustagarria; sarrerako ubide bazterrak erabat dotoreak dira eta zainduak daude, urak zikin planta badu ere; ubideraino heltzen dira jauregi edo txaleten lorategi zainduak jauregi edo txaleten lorategi zainduak¸ motordun txalupak eta yatetxoak franko ubidearen ertzetan. Ez du ezer berezirik erakusteko baina osotasunean da erakargarria eta atsegina. Etxe baxutoko kale luzeak elkar trabatuta: badira etxe jatorrak, bada herria erditik zeharkatzen duen ubidea, badira elizak, bada udaletxeko teilatuan kariloia, baina batez ere guretzat waag gertatu zaigu deigarria: balantza deritzogun eraikin txiki moinonoa, plaza zabal edo kale estua den batean isolatua, kafetegi eta denda bihurtuta. Kale mortuek erakutsi digute jaieguna dela gaur, Asuntzio eguna dela jabetu gara: S. Bonifazio, elizkizuna dute, baina bezeroak preso daude barruan, itxita baitaude ateak, agian molestatu ez ditzaten giltzapetzen dira; santu-irudi eder eta berezi bat du kanpoko horman, bi ahate oinean dituela. Bigarren eliza, elizkizun ondorentxoan heldu gara, eta gure ikusminak irekita harrapatu ditu ateak, ateak ixteko kanpora bidali gaituzten arte gu eta gurekin fortunatu diren autobuskada jubilatu alemaniar; leiho handiko xume argia da, zurezko ganga zarpeatu zuriak eta adreilu gorriko horma erakargarriak egiten dute deigarria eliza; ez du ezer barrutik baina ez dago biluzik; zurezko pulpitu landua da elizako interesgunea, eliza erabat betez bertara zuzenduta dauden eserlekuek diote pulpitua dela elizkizunen ardatza; 1688ko organo ederra, hilausa beltzak zoruan; ez da inor belaunikatzen eliza honetan, ezinezkoa da eserleku artean egitea.
Futbol zelaia.
Nekazari herritzat aitatzen du gidaliburuak, hala bada nekazari ondo-biziena behar du izan, uderria baita, batez ere. Peskariak ubide ertzean ur zikin koloretakoetan arrantzan, nonbait zikin koloreak ez du ezer txarrik adierazten.
Itsasotik 6 kilometrora, portu bizia izan omen zena lurrak drainatu aurreko garaian.
Txorimalo bitxiak; irudimena du soro horretako nekazariak: eskuak dabilzkie biraka bizian, txoriei seguraski bost axolako zaie baina gizakiontzat irudi eta ikuskizun polita dira. Jaieguna arren bada nekazari bat traktorez soroa lantzen etxetik duela hegazti eta txori banda.
Ez dugu zerririk ikusi Holanda osoan, ezta zerri usainik usaindu ere nekazari etxaldeetan. Zerri kortan dute nonbait zerria, euskal baserrietan bezala, bakoitzak berea, agian urterako bakarra.
Oso futbol-zelai gutxi ikusi dugu Holandan.
Elizak dira herrietako eraikuntza handi bakarrak: hemengo jainkoa ere handia da nonbait, agian harroa.
Schutsluis. Iparrean dago. Txinako harresia bezain luzea eta sendoa baina belarrez berdea, muna sendoa da itsasertz osoa, itsasoari muga jarriz eta lur-barrua babestuz; ardiek bazkatzen dute bertan; gune batetan konportak.
Nondik ekarri dute dike hauetarako harria eta lurra?. Agian lur barrutik atera dute eta horregatik, hustu ondoren, dago hain behean!!!.
Skiermuntseach/Schiermonnikoog uhartea ikusten da itsas aurrean; “monje grisen uhartea” esan nahi du, zistertar fraideek zibilizatu zuelako lehenengoz; naturgunea da gaur egun; jende pila doa ferrysean asteburu edo egun pasa, ehunka autoak aparkalekuan utzita; askok darama bizikleta ferryan, autoa bakarren batek, kanpin-denda askok. Ontzi asko dago nasa eta zoko ugariko portuan.
Ez doa etorkinik asteburu-pasa, ez beltzik, ez indiorik... bertakoa da asteburu-pasakoa, horregatik ikusten dira hain ugari etorkinak hiriburuetan, eurak direlako bertan gelditzen diren ia bakarrak.
Itsasadar luze-zabala sartzen da lur barrura, luze-zabalak dira padurak naturgune bihurtuta, gizaki-uneak gordez tarteka.
BIDAIAK 68. HOLANDA
Maiatzaren 19a. Asteartea. 24.a – H:23.a
“Poemak”, Auden:
* "Txorien kantuak serafiko dirateke", hala dira egunsentian komunera arruntki jaikitzen naizenekoak.
* "Ezin aldera daiteke hiriko trafiko marrumarekin", hemen eguna argitu ahala handituz doa trafiko marruma, nahiz urrutira eta baxu.
Leku baketsua dugu berez kanpina, baina hara non agertu zaigun belar-moztailea motor-hots burrunbatsuan bilduta. Neuk ere trastu elektriko zaharrarekin egiten dut bizarra, motozerra batek baino zarata handiagoa atereaz, sega mekanikoa bera entzuten ez dudala. Haserretuko zait auzoa.
Luzarorako kokatutakoa zen aurreko kanpineko bezeroa, kanpin honetakoa berriz pasokoa da, rulotaren aurreko estalkirik eta egonleku gorderik jartzen ez duena.
Edozein herri koskortutan aurkitzen dugu eguneko espainiar egunkaria; gainditzen ditu mugak boterearen hitz idatziak; ez dakit asko diren Espainia Estatutik etorriak, agian ugariak dira espainiar etorkinak, baina dagoenak badu mezua jasotzeko aukera.
Ez da punki askorik ikusten, baina badira banaka batzuk han-hemenka. Zenbateraino da bere janzkera barne asalduraren ezaugarri, edo zenbateraino bihurtzen dira janzkeraren esklabo, hain baitoaz askotan bere aldrebeskerian konjuntatuta.
Jadanik Holandako bidaia bukatu zaigun sentipena bizi dugu. Herriek ez digute ezer berririk eskaintzen, ezagutzen ditugu gizartearen azaleko portaera, ohitura, eta jokabideak. Gustura gabiltza, -nekatuxeak agian-, baina hemengoak egin du, orain arte ikusitakoa lau egunez beste sendoago egiaztatuko dugu eta kitto!. Hondakinen arrastoa besterik ez dugu utzi eta hori ere errauts edo simaur bihurtu da, nork daki belar edo tulipan; auto-tutuko erregai gas bihurtuak iraungo du aire kutsatuan. Ez dakigu Holandako arazoei buruz genekien baino gehiago. Ikusi duguna da etorkin eta atzerritarren kopurua izugarria dela, hemen ere etorkin eta atzerritarrak direla herri pobreena, etorkin eta atzerritarrek dituztela beretzat zain lanik sahatsenak. Bertakoei buruz azaleko beste hainbat gauza, sakonagoko ezer gutxi.
IPAR ITSASOA
Zandvoort. Amsterdan eta Haarlem-en hondartza edo udaleku dela diote; hala izanen da; sarrera-aldeak Neguri dirudi, parketxoz inguraturiko jauregi, txaletez; ondoren ondo-bizien ingurua dator etxetxo dotoreekin; erdigunea gero, herritar arruntaren bizilekua dena; eta azkenik ohizko eta edonongo hondartza definigaitza.
Haizeak hotz jotzen du, gaur behintzat. Kilometro bukaezinetan luzatzen da hondartza, kolore ezberdineko haize-babesgarriz beteta gureetan itzalkinez bezala, ilara zuzen paraleloetan bakoitzean kolore ezberdinekoz, zatika edo tarteka. Horia da harea, ura zikin koloreko iluna, ibai zein kanalekoaren antzerakoa: gaur ez da inor bainatzen, haizeagatik seguraski. Kilometroetako pasealekua hondartza gainean, zabala, ia zaindu gabea, graziarik gabekoa, duna berdea hondartza eta pasealekuaren tartean. Gainaldean etxeteria digante masifikatua, zatarra, Mediterraneoko edozein hondartzaren parekoa. Aparkalekua franko, ordainduzkoa. Hondartzaren hegi-luzera osoan haizetik kristalez babestutako solariumak. Plazatxo batean itsasora begira jarlekuan eseritako brontzezko agurea. Honez gain, betiko osagaiak.
Herri sarreretan ohizkoa da argiak gorri jartzea ontziren bati bidea emateko zubia jaso delako.
Ohizkoak dira ziklista tropelak argi gorrietan keinu berdea noiz argituko zain.
Berdez jantzitako dunak dira itsasertzak; Iparraldeko zatia naturgune bihurtuta dago, non baden zuhaitz sendokera ezberdineko basoa ere.
Ijmuiden. Hemen hasten edo bukatzen da Amsterdam eta Zuizerdee barne itsasoa Ipar Itsasoarekin lotzen duen ubidea: izugarrizko injinerutza lana da kanala bera, kanpoko diketzarrak, eta uraren maila eta garraio-ontzien pasabidea kontrolatuzko konportak; garraio-ontzien trafikoa bizia da; esklusen gainez gain zeharkatu dugu ubidea, itzuleran berriz transbordadore batetan. Inguru dena da industrialdea, tximinia, kea eta ez dakit zeren pilo beltz eta hori ikaragarriak mendixkak diruditenak.
Sartu naiz sartu bizikleten bidegorritik!!! autoarekin, hain dira zabalak askotan bidegorriak errepidea diruditela. Komeriak. Transbordadoreko kobratzailea izan dut adeitsu laguntzaile irribarretsu fina bideratzen lagundu didana.
Haarlen. Hiri zabal eta jendetsua; gure ibilia erdigunera mugatzen bada ere hiri muinerainoko luzea da etxarteko bidea. Erdigunea, hiri zaharra, ubideak inguratzen du baina ez zeharkatzen; ubidea hor dago egon hiria babestuzko egon soilean, inor gutxi arduratzen dela beraz: baina bada parke eder bat ubide alboan, beraz ubidea bada nolabait herriko zati bizia ere.
Herriak gustukoa du plazan kontu-kontari egotea, eseritako edanean. 13 eliza-dorre zenbatu ditut bazkaldu dugun saltoki erraldoiko ikuspegi paregabeko leihotik. Plaza ederra du; bertan estatua erraldoia, estatuaren tamainak irudikatutako gizontxook handiagotuko balituzke lez; erdian zer esan nahi duen antzik ematen ez diogun eskultura; eraikuntza ederrak plaza bilduz. Haragi merkatua, eraikin ederra, teilatu gaineko leiho zorrotz landuekin eta abere ezberdinen buru tailatuz dotoretua. Itxura ederreko 1630.go udaletxea, gauzaz betea dauka fatxada. Hainbat etxe bikain. Oinezkoen kalean oso berde agertzen dira kaleko loreak eta zuhaixkak, kaleok atsegin deigarriak bihurtuz. Paguko elizatzarra, 1520ko zurezko dorre bitxiarekin. Holandan ikusten dugun 3. patioa: bizitza propioa du eta garai batean gune dotorea izanen zen; honek ez du elizarik, bai lorategi ederra. Dorre txuri ponposoa. Amsterdameko atea: hiru dorreko sendoa eta ederra ikusten da, baina urruti dago, ez gatzaio joan. Kaleetan brontzezko eskultura ugari, zenbaitzuk egile berdinarenak dirudite. Kariloia, txepel xamarra da, sonan baina luzea ordua jo denboran.
Bidegorriak ez ezik kale oro dago ziklisten tiraniapean; bidegorriko moto batek ia harrapatu zuen M. Luisa.
Holandako ubide guztietan nabigatzen ari da Titanic filma, herri orotara heldu da.
Arratsalde goizean ere autobideko ibilia barearena bezain geldoa. Buchon!!!.
114 kilometro, bigarrenez ibili geldi eta geldoan bukatuak.
Maiatzaren 20a. Asteazkena. 25.a – H:24.a
Intxusa dugu aurrean lagun kanpinean, Mispillibarko oroipenengatik zuhaitz estimuz gogoratua; loretan dago; bidean ikusi dut gero beste bat, gehiago geroago: ugari dago baina gaur arte ez naiz jabetu beraz.
Ahateak agertu dira gaur bandoan kanpinean dendetako gazteengandik gosaria mokoratu asmoz.
Baserritarrak dira holandarrak; itxuretan, formetan eta finkerietan gehiegi nabarmentzen ez direnak, praktikoak, tematiak berean. Badute antza euskaldunekin.
Eguraldi tristearekin ekin diogu lekuz aldaketari; langarrera ere ez da heltzen, busti ere ia ez du egiten, baina lainope ilunez bilduta gaude, tarteka laino-sabai beltza ia burugainean bertan, eguraldi umela. Geldoa doa ibilia, hiri handietako sarrera-irteeretan ilarak sortzen dira, hainbat berrikuntza lanek bakarrera dakar errepide bikoitza, autoaren zaldiak mando eta astoaren pausora motelduz.
Meskita bat, dotore eta bakarti, bi minarete luzeekin: flash bat da bide ertzean. Herri hazi samarren inguruan etxe-bloketzarrak, pertsonen biltegiak.
Plastikoetan biltzen dute lurralde honetan ere belarra, agian eguzkiak eta sasoiak jadanik abian jarri ditu oraindik Hegoan goizegi zelako ikusi ez genituen belar-biltze moldeok.
Lau astetan lehenengoz, gaur ikusi ditugu motodun poliziak zelatan errepide ertz batean: beraz egon badaude eta ehiza txakurrak dira.
Purmerend. Padura izugarri zabalak, erretentxoetan bilduta dauden arren urak: egunen batean lur landuak izanen dira hauek ere.
Aisia-leku, aparkaleku, egonleku eta atsedenlekurik ez da falta Holandako errepide nagusiko ertzetan, ia beti gasolindegi inguruan; ez dira Frantziakoak bezain deigarriak; zerbitzu aldetik ezin izan ditugu neurtu, ez baitugu pixagurarik izan.
Tulipa lekua da Hoornotik ia Iparreraino Zuizerdeeren Mendebaleko kosta ingurua, kilometroetan sail izugarri zabal ureztatuek hartzen dute lur zoru dena; oraindik loratu gabe, sail berde zabalak dira; hemen atera asmoz, ez nien atera argazkirik Flevoland lurraldkoei, baina tulipanen argazkirik gabe joan arren ez zait ezabatuko begi ostetik tulipan loratuen sail koloretsu ikusgarri haiek.
30 kilometrotako dikea Zuizerdee zeharkatuz; alde biak lotuzko errepide bilakatzen da: alde bietan ditu esklusak, dike gaineko munak ez digu Ipar-Itsasoa ikusten uzten; Zuizerdee barne itsasoa dugu mugarik gabeko urdintasuna beste aldera; egunen batetan, egitasmoak betetzen direnean, zenbait politiko eta diru-ugazaben interesek hala eskatzen dutenean, belar eta tulipa sailak izanen da itsas azpi hori. Dike alboan itsaski hesolateria. Bi bikote nagusi, errepide alboko bide-gorritik bizikletan. Kamuflaje jantziz mozorrotutako soldadu taldea bi lerrotan eta pauso bizian, auskalo norengandik diketzarra zaintzen dauden txindurriak. Bi ehiza-hegazkin elkarren albo ziztu ia ikusezinean, eta atzetik hirugarrena lurrera hurbiltze eta goratze lasterketa erotuan.
BIDAIAK 68. HOLANDA
Maiatzaren 17a. Igandea. 22.a - H:21.a
“Poemak”, W.H. Auden: "Asmakizun bilaua, kamara bera baino biziotsuagoa, kriminalagoa, izugarrikeria metalikoa" eta antzerakoak deitzen dizkio Audenek autoari. Egia da, baina autoari esker gaude Holanda ezagutzen.
Orain arteko kanpinetako berdeguneko faunari belea eta katu erraldoi buruhandia gehitu zaizkio gaur.
Loosdrech aintzira inguruetatik goaz Utrechera. Bide txikietatik doa gaurko bidaia, aintziraz aintzira, bazterrik bazter, txokorik txoko, noizbehinka lakua bera ertzetik edo erditik zeharkatuz; aintzira bazterretan padura; aintzira bakarren baten ezik ez dago giza arrastorik, ez peskaririk ez ontzi arrastorik. Moskito lekua behar du honek, ugaria behar du moskitoak herri hauetan, geldia baita ura eta belartsuak ur-ertzak, ezpata antzerako ur-belar luzeak padura askotan.
Aintzira ez bada ubidea dugu lagun.
Herritxoak zeharkatzen ditugu; txukunak, bakoitza bere ubidearekin, ezer berririk ez digute eskaintzen; bi ubide dute zenbaitzuk, alde bakoitzetik bat, altxatzen diren zubiz lotzen dutela errepidearekin, ontzien tamainara egokitutako zubi txiki xarmantak dira zenbait.
Herritarrak jaiko jantzita eliza aurrean edo elizara zein elizatik bidean, goiz erdian edo eguerdi aldera; meza-liburua dakarte askok eskuetan.
Nahiko hilak daude herrietako kaleak.
Ona da orokorrean errepidea; barea dago kotxez, gidariak ere lasaiak dira: ez dabil jaikotiar presati ipurterrerik, motorzaleak berriz saldoka, ziklistak inurriak bezain ugariak, ugari nabari da aisia-ontzia herrietako ubideetan; Utrech eta Amsterdameko asteburuko diasporaren eraginez.
Asko dira herritxoetan Saheruaren txanelak: azpi zapala, sakonera gutxikoa, galipotez babestutako beltzak; txanel hauek ordea bi aldetatik dira punta-luzeak.
Behia, ardia, zaldia, zelaia, ubidea, noizbehinka haize-errota, zubiak, zuhaitz ilarak, bizikletarientzako bidegorriak errepide albo bietan: aukerako tokia dute hemen xirrindu zaleek.
Plastiko beltz borobilean gordeta, silotuta, belar ebakiberria: lehengoz ikusten dugu Holandan.
Erabat estutzen da errepidea edozein etxegune edo herri-sarreran, norabide bakarrean kotxe bakar batentzako zabaleraraino; tontortzoak daude zoruan jarrita, borobilak zein luzexkak, tokian tokiko ezberdinak, abiadura nahitaez mantsotuaraziz. Iragarki edo polizia premiarik gabe.
Loenen. Udatiar girokoa, kaledi txukuna, ubidea, ubide alboan kafetegia, aisia-ontziak, haize-errota... begiratzeko polita eta bizitzeko lasaia; zenbaitek ortua du etxe alboan. Herri osoa dago nonbait elizan heldu garenean: ikusi egin ditugu eliza batetik ateratzen; handienean elizkizuna dago, hitzaldia zein organoa entzun ahal baita, baina sartu ezin da sartu ate oro fermuki itxita du eta; apaizak jantzi beltza eta paparreko zuria ditu jarrita ikur bezala eliza aurreko erakusleiho batean, bizikleta ere jantzion lagun.
Harritzekoa bada ere ez da kariloirik entzuten!!!.
UTRECH
Barruti politiko propioa du hiriak eta inguruak.
Hirira hurreratuz zabala da ubidea: jai giroa du, marinel asko dabil mota guztietako kanoa, yatetxo eta aisia-ontzietan; etxebizitzak dotoreagoak dira, jauregitxoak dira ubide alboan bere zubi eta lorategi zabalekin: Utrecheko jauntxo, nabarmena da aberastxo eta ondo-bizien eragina eta presentzia; gaztelu itxurako bi jauregi, urez inguratutako gazteluak bailira: krokodiloek ezin dute hemen ur dena edan. Gereziondo sendo sail oso zabala, gureetako sagastiak antzo, baina dena sare batez estalia, harri edo txoriengandik babesteko.
Bidaia atsegin eta lasaia.
Utrech. Maiatzaren 7an inguratu genuen hiria hegorantz, bulegoak zitezkeen etxe-orratzak nabarmen, baina hiriguneak berak ez du etxe-orratzik; zabala, bide luzea egin dugu kaleetan erdiguneraino ezer apartekorik gabeko adreilu-etxetxo baxuko kaleetan.
Ubideek inguratuta, ubideek zeharkatzen dute erdiguneko bihotza edo zaharra. Eguerdian pizten da hiria, arteraino kanpotar bakan batzuk soilik gabiltza kaledi bakartian. Zuhaitzez osatua, atsedentoki, bilgune, hitzordu-leku, egontoki bihurtu da ubidea; ura zikina den arren, ertzak apaindurez biluziak izanik, bizia du, zuhaizpeko kafetegi eta kafetegietako mahaiterian dago eserita jendea eguerdiko trago lasaian; ubide ertz gainean oinezkoen pasealeku kuxkuxeroa, non behean eseritako edaleei begira doan ibiltaria. Monumentu eta txoko ezagunen inguruko plaza txukunak ere jendez lepo, bazkalaurreko edari erritoan. Kaleak berriz mortu daude. Atsegina da ibili lasai bakartia.
Ez du zer begiratu handirik, baina beti dago fatxada edo etxetxo interesgarriren bat, ez asko: 1300. urteko dorrea, -Holandako dorre garaiena omen dena-, ikusi eta ikusiko ditugunen artean goren jazo zutena: 112 metro; ederrena ere bera omen, baina nik gustukoagoak izan ditut beste zenbait; goiera guztiari eusteko azpi sendoa behar eta halakoa du, arku zorrotz batek arnasa eta arintasuna ematen dio harri tolestuaren astuntasunari. Katedrala: Holandako gotiko ederrenekotzat jotzen du gidaliburuak, erabat belztuta, espainolek alde egin ondoren garbitu gabe edo; begiluzeek ere jai dute ordaintzen ez badute, ate ertzera muturra sartzen ere ez digute utzi; kalean dagoenez absidea, ezin dute preziorik jarri begiratzerai: sendoa; orratz zizelatuak eta animaliak irudikatuzko gargola tailatu ugariak; mirakuluz, agian elizara erakartzeko amu, zabalik dago klaustroa pobreontzat: arku gainetan taila politak ditu, brontzezko iruditxo atsegin bat iturrian; dorrearen ikuspegi zabala eskaintzen du. Pieterskerk, S.Pedro eliza, gidaliburuaren esanez herriko bitxia eta gutxi bezalakoa: ez zaigu halakoa iruditu. Saltoki erraldoia, geltokia eta erdigunea elkartzen ditu; geltokia, berria da, zabala, denbora pasakoa ere bai hainbatentzat; saltokipean dago aparkalekua, labirintu sartu ezinekoa bihurtu zaiguna kotxe bila joaterakoan.
Kalearteko maratoia izan dugu gaurko herriko jaialdia: betiko korrikalariak neke luzean; oso gutxi txalotzen du jendeak, gutxi batzuk gelditzen dira begiratzera; Maria Luisa eta biok gara hitzezko animatzaile bakarrak; harriduraz begiratzen gaituzte ikusleek eupadaka entzuten gaituztenean, korrikalariak, ordez, begirada argiz, keinuz edo irribarrearekin eskertzen dizkigute eupada eta txaloak. Propagandako esnea oparitu digute lasterketa unean, paseoa gozatuzko izozkiarekin bera izan da bazkari ordura arteko indar berritzailea.
gaurko omleidinga da izan maratoia: hertsi egin dituzte hainbat kale, hainbat aparkaleku ere hertsita daude igandea delako, beste hainbat aparkaleku bezero izendatuei mugatuta daude... ; kosta zaigu baina kokatu gara erdiguneko kokapen egokian; diruz eta berez erraza zen arren, garestia atera zaigu bilatze ahaleginean aparkalekua.
Gaur ikusi dugu kale batean bigarrenez tandema hainbeste bizikleta dagoen Holandan.
Espainiera, gaztelera dialektoan, entzun dugu kaleetan: Amsterdamera R.Madrid txalotzera etorritakoak?.
Moldatzen zen frantsesez garaje sarrera galdetu diogun gizontxo prestua, ingelesez ni baino okerrago, "vascos?, entonces ya saben español": ingelesez haina zekien gazteleraz.
Herriak bota zituen espainolak hiritik: euskaldunon amets eta itxaropena.
Utrecheko paktua ere ikasi genuen eskolan, erabat ahaztuta dut nortzuk egin zuten eta zertaz izan zen.
Etxera bueltan museoko koadroan ikusitako haize-errota, teilatu koniko gaineko haize-errota hura, ikusten dugun bigarrena.
93 kilometro, laku inguruko lasaiak.
Denbora-galdu lasaiko arratsaldea.
Maiatzaren 18a. Astelehena. 23.a – H:22.a
Kosta zaigu baina aurkitu dugu bila genbiltzan bidea, labirintoa dira errepide txikiok kanpotarrontzat.
Bi aldiz galdu dugunez norabidea, lautan zeharkatu dugu azpitik itsasadarra: zirrara sartzen du halako ur-putzua gainean duzula jakiteak.
Zuizerdee lakuaren Mendebal kostaldeko herri eta itsasertzetik da gaurko bidaiaren erdia: eskuinera itsaso itxia, kotxetik ikusezina, muna garai luze berde batez babestua baitago lurra; muna gainetik bidegorria: polita behar du izan bertatik bizikletaz paseoa, lurra alde batera itsasoa bestera. Betiko paisaia berdea da lurraldea; ohitu gara paisaiara, ez digu ezer berri askorik eskaintzen, baina ederra da, lasaigarria eta atsegina; behiak, noizbehinka haize-errota edo zentral eolikoa; aintzira zabalak eta padurak dira berritasun eta desberdintasuna, noizbehinka ahate eta ur-hegaztiak ehunka.
Ona baina estua da errepidea, bertako nekazaritzarakoa: inor guti dabilenez, paregabea suertatzen da bertatik gidaritza; asteburuan, baina, ez da giro izanen.
Durgerdan. Belauntzi moderno asko du itsasertzean baina arrantzale-herri itxura du; herritxo txiki polita pasoko bidaiariarentzat, itsaso eta lur lautaden erdian kokatutako etxe ilara errepide alboan; fatxada puntaluzeko etxetxo txikiak: aurrean itsasoa, ostean zelaia, behi pilo batekin lautada berdea alde batera, masta luzeko belauntziekin lautada urdina bestera, haize eta eoliko errotak denak biraka paisaiako masta luzeen bertikaltasuna biribiltzeko.
Dena da behia eta belarra lurralde osoan, artalde gutxi. Bigarrenez belarra plastiko borobiletan silotuta; ba zen ere nekazari bat belarra eguzkitan iraultzen lehor zedin.
Lur landuak izanen dira egun batean aintzira eta padura hauek.
Uitdam: txikitxoa, itsasoa eta aintzira-paduren artean, lur munek itsasotik babestua, landetxe ia bakoitza urez inguratuta.
Lur-mihi batek lotzen du Marked lur barrura, bertatik doa errepidea urek bilduta. Uhartea izanen zen garai batetan Marked lotura hau egin zioten arte.
Urrutian, itsasoan bertan jaikiko bailitz, faroa: efektu misteriotsu berezia eragiten du, sorgindua bailego, irudimena astintzeko irudia.
Marked
Herrira oinez sartzea ere kobratzen duten herria: autoa aparkalekuan uzten duzu edo bazoaz etorri zaren bide bakarretik; horrez gain bidaiari bakoitzak ordaindu behar du gelditu nahi badu; ziklistek soilik dute sarrera doan, oinezkorik berriz ez dator inor hona, urruti baitago.
Itsasoak erabat inguratuta, ubideek gurutzatua; ur gainean paldo, piloteetan, oinarrituz eraikitako etxeak; berdez eta marra zuriz pintatuta egotean datza batez ere etxeon berezitasun begietara nabarmenena; dena da beraz berdea herrian, etxebueltako hesiak eurak ere berdez pintatuta baitaude: zenbait etxek garagardo iragarkiak dirudite. Erabat turismoari lotuta: dena da denda eta kafetegi, portua antzinako eta gaurko belauntzien gordelekua. Kolore bizi ezberdin askotako arraiadun gona-blusez janzten da emakume asko, bai etxeko lanetarako baita bizikletaz ibiltzeko ere, beti prest argazkiak atera diezaieten, horretarako daude egon ere nonbait; gizonezko bat ere ikusi dugu belaun azpira arteko praka beltz estuarekin eta txalekoarekin, bizikletan. Bada eliza inguruan kalexka estu motxak dituen etxarte polit bat.
Bisitaria etorri badatorkio: jubilatu belgikar eta japoniar autobuskadak, autoak ere ugari.
Herrian bertan dabiltza ardiak larrean.
Lixiba eguna gaur Markeden: sekula ez dut ikusi hainbeste kulero eta galtzontzilo eguzkitan jarrita ilaran.
Herri gehienetako etxe bakoitzak du bandera jartzeko burdinazko gakoa.
Handiak dira Holandako katuak.
Zentral eolikoek ez dute hainbeste zarata ateratzen; nahiko txikiak ziren gaur parean eduki ditugunak.
Monnickendam. Gelditzea merezi duen herri bikaina: arrantzale herria, itsas ertzeko behe solairuko etxe txikiko kale estuek osatua; itsasotik bizi da, aingirak dira bertako arrantza nagusia, ketu egiten dituzte; aingira arrantzaleak badu bere monumentua portuan; gaur ba zen arrain erre usaineko kea kale batean; horrez gain turistei etekina atera asmoz alokatzen dituzten antzinako belauntzi pila. Portu zabala, baina batez ere luzea, ia ubidea. Kaletxo luze xarmanta etxetxo oso politek osatua; leunduta eta mehetuta daude espaloietako harlauza gris zabal sendoak. Ubideak, konportak herri barruan bertan. Museo bihurtuta dagoen eliza potxoloa, kanpai piloko kariloia du dorre lirainak: laurdenetan lauzpabost notako sona motza jo du, baina herrian harat-hona genbiltzala, zubi baten gainean geundela izan da ordu osoko kontzertua leuna; badu irudizko kariloia ere baina ezin izan dugu ikusi. Sen handiz dotoretu eta zainduak daude zenbait etxebueltako lorategiak.
Nederlanderaz, alemaneraz bezalatsu, kai izendatzen dute portua: nor nori nork?.
Uda-udako beroa darabilgu, mahuka hutsetan eta praka motxetan gabiltza.
Volendan.
Haize-errota batek ematen dio ongietorria errepidean bisitariari. Etxe ilara luzea herria itsasotik babesten duen muna gainean, barruko sakoneko behean beste ilara bat etxe gainekoaren paralelo: hainbeste etxetxo leiho-zorrotz ilara artezak bereziki jotzen du begira, beste ezer berezirik eduki ez badute ere berenez, bakoitza oso xumea bada ere.
Turisterri petoa, udalekua, uderria; kafetegiak eta dendak portuan eta portu gaineko munan; jendea erruz bertan; arraina dute salgai portuko eta turisten kaleko txosnetan. Herriko kalediak baditu Erdi Arokoak diruditen kalezulo eta pasabideak; hila dago herriaren zati bat, nahiko utzia ere bai: badirudi bi mundu ezberdin direla: portuko turistena goian bata, herriarena behean bestea. Herri polita da izan, beheko zati hau ere, txukuna, Holandako herri orok ohi duen bezala, turisten kalearekin alderatuz hain zaindua ez badago ere.
Leiho apaingarri, zurezko markoan jarritako harizko eskulan politak daude etxe askotan.
Moskitoen antzerako milaka intsektu berdeek betetzen zuten etxeen gerizpeko kristalak goiko kale luzean. Moskito asko behar du egon hainbeste padura eta ur geldiko kanaletan.
Saeruaren txanelak berriz ere, ubideetan, zapalak, galipotez belztuak, baina puntaluzeak bi muturrak.
Edan. Herri osoa da xarmanta, egon zein ibileku aparta; txikia, maitagarria, bisita gustura egiten diozun horietarikoa; ezer harrigarri edo berezirik ez badu ere orokorrean da erakargarria. Aparkalekua ere doakoa du. Ubide bata ontziena da, herriarena bestea; azken hau bizia, zaindua; badu zubi kurbo bat, ubide gainean zubia bera ia plaza dena, alboko plazari luzapena edo arnasa eskaintzen diona; XVII. gizaldiko etxe pila, bikainak nahiz ez sekulakoak; itxita dagoen eliza baten kariloi-dorre pospolina.
Ba ote uhin eta ekaitzik inguru osoan hesiak jarri dizkioten Zuizerdee itsasoan?. Harresiz bildu dute itsasoa, Txinakoa baina harresi mila aldiz luzeagoz.
Bitxiloreak dira errepide bazterreko loreak, Holandan ere.
Hoorn. Gosez eta nekatzen hasiak heldu gatzaio, beranduxe gainera, ez dugu bertan gozatu, baina herri galanta da bai tamainaz bai ederrez. Bizpahiru oinezkoen kale ditu, bizi-biziak, jendetsuak, alaiak; etxe eder ugari. Balantza, harrizko xumea baina alaia; alaia ere udaletxea; plazan museo bilakatutako jauregia, kolore nabarmeneko armarri irudi eta leihoz erabat apaindutakoa.
Hoorn lurmuturtxo baten bazterrean dago. Ingelesez Horn da, Hegoamerikako lurmuturraren izena bera; holandarrak nabigatzaileak izanik ez ote harremanen bat izen bertsuko lurmuturron artean?.
Beste une batean biziki gozatuko genuela sentipenaz egin diogu agur hiriari. Gure erara bazkaltzeko aukerarik ere ez digu eman.
Patrika prooioan huskeriatxo bat bihurtuz gordetzen den zira bat erosi dut, etxean utzi bainuen neurea.
Kale nagusian bazen zerbaiten propaganda eginez jende multzoa bildu duen ekimena.
Ez dugu ez etorkinik, ez beltzik, ez sortaldekorik ikusi itsasertzeko herriotan, ez dago nonbait kanpotarrentzako lanik; hiri eta fabriketako lan gogor ezatsegin eta zikinak dira beraientzako gordeak daudenak.
Horrenbestez, lur barrura jo dugu berriro. Tulipanak loratuta ikusi nahi ditugu berriro, argazkia atera sail koloretsuei: tulipan sail izugarriak daude baina oraindik loratu gabe, Maiatzaren hondarrean tulipanen argazkirik gabe joango naiz Holandatik une egokian atera ez nuelako geroko egokiagoaren esperoan.
Barruti honetan soilik ikusi dugu lurra zorrotadaka ureztatuta, tulipan sailak ureztatzen dituzte hain zuzen.
Berriz ere errepide artezak lur lauan, kaleak bailitzaz.
Haize errotek Holandako Kixoteak gogarazten dizkidate, polderrak sortu dituzten Kixoteak.
Alkmaar.
Egunaren hondarrean, azken eguzkira, jelatu italiar batez gozatzeko hiri aparta. Ubideak bildu ez ezik zeharkatu ere egiten du bihotz-bihotzetik, plaza nagusitik; berak girotzen du nolabait hiria: turistaz beteta dabil ontzi bat, kafetegi bihurtuta dago zubi zabal bat; baina hemen ere ubidea hor dago egon bere zeregina betetzen eta bere alboan herria; herria eta ubidea ez daude haserre, ez kontrajarriak, baina bakoitza bere lekuan, bizitza-loturarik gabe, ubidea ez da hiriaren zati bizi bat, hiriari uraren arazoa ekiditen dion zerbait baizik; ez dirudi ubidea herrikoa denik herriak onartzen badu ere. Kale artez mehar luzeak, perpendikularki elkar gurutzatuak. Aparta da waag edo balantzaren eraikuntza, handia eta ederra, azulejozko irudiekin edertuta; bere dorrea, lerdena, sona luze eta bizikoa kariloia, ordu osoetan lau zaldizko zuriak eta ilunak ateratzen zaizkionak balkoitxora kanpai-hots bakoitzean. Bizia eta bitxia da giroa gaur dena kafetegia den plaza nagusian: zabala, bertan ostiralero ospatzen omen da udan gazta pisatzearen errito berezia; gaur jendea egon lasaian dagoen toki berean. Adreiluzko udaletxe zuri-gorria, koketo arranditsua alde bietarako mailadi handi-mandiarekin. Zurezko etxe beltz bat. Bada hiriari tokatzen zaion elizatzarra ere, sartzea kobratzen ez omen baina hertsia dagoena.
Ubide batean 1573an espainolek emandako kanoikadaren bala edo bola dago ikusgai etxe bateko fatxadan, oholean inkatua, geratu zen bezala iraun duena.
Kofia zuridun ur-hegazti beltzak ere ubide-kantoiko ur gainean du bere habia, belar eta plastiko zikinez egina: arrautzak berotzen dago fin eta geldi.
Kariloiko sona Euskal Herrian herri-kantu bihurtu zen "Ez dok hamahiru"rena izan da.
Fardoak egiten ere ikusi dugu gaur, beraz denetara jasotzen dute belarra Holandan ere.
Holandan ere lanordu ondorengo orduetan badakizu noiz ateratzen zaren bidera baina etxera noiz helduko zaren ez. Geldoa ez, geldia izan dugu trafikoa; butxadura trinko eta etengabea, neurtu ezineko kilometroetan.
Autobiak baditu bere lege bereziak: zergatik ez dakizula orain zoaz geldi orain azkar, trafikoak berak ezartzen duen legearen eraginez, barne-lege kontrolaezina.
Heldu gara!.
174 kilometro, itsasertzeko goxoak, lur barruko tulipanik gabekoak, zatika egin ditugun kilometro asko.
BIDAIAK 68
Maiatzaren 15a. Ostirala. 20.a – H:19.a
“Poemak”, Auden: "Ileordedun Descartes-ek azti mozorrotuak baino gehiago "outzè"-ago dirudi".
Bi erraileko errepide asko dago hiri handiko inguruetan; bada ezkerrera irteerarik ere, baina argi gorriz babestuta dago beti. Nahiko harrituta gaude nola atera garen onik inguruko errepide korapilo nahastuetatik. Tirabirak eta haserretxoak, tentsio-gune biziak tarteka, urduritasuna, noraezean batez ere omleiding dela eta, ustekabeak, hutsegiteak, kotxe zaparradak, erabakiak lipar batean hartu beharrak, alboko eta atzekoen presa eta presarazteak... baina heltzen gara helburura, onik heldu ere.
IPAR HOLANDA
Estua ez denean zabala, baina beti kanala.
Bakarrak dira horitzeraino lehortzen, lastotu arte utziak, ikusi ditugun belar sailak: berdetan, ebaki berri, jasotzen baitute belarra; fardorik ez da ikusten, plastikoan bildutakorik ere ez, sabai edo belar-zulo handiak dituzte nonbait.
Auto modelo zahar banaka ugari ikusten da errepidean, zainduak eta sasoiko: bada jende apetatsurik.
Autobidea zabaltzen ari delakoz, tarteka ilara luzeak, egonaldi astunak, erreskada aspertuak sortzen dira: hemen ere, kilometro gutxirako ateratzen zara baina ez dakizu noiz helduko zaren. Egonaldi batean, bi kamioiren tartetik, haize-errota izan dugu ikuskizun eta lagun errepide ertzean.
Oso trinkoa da zirkulazioa Amsterdam aldera, Rotterdameko portuak izan dezake horretan eragina, Amnsterdam-ekoak berak ere, nola ez Alemaniako atea izateak.
Etxetxo karratua kono baten punta zorrotzean da haize-errota bat, ziba baten ertz zorrotzean kaxa bat bailitza: oso bitxia, erabat ezberdina, ikusi dugun bakarra.
Azpitik pasa ditugu Amnsterdaneko aireportuko zenbait pista eta aparkatutako hegazkin, tunelez zeharkatzen baitu errepideak aireportuko zati bat. Bertan daude hegazkinok, errepide alboan, txapel gainean ere izan dugu bat.
Kanpina.
Urduri jarri arteraino luze joan zaigu bidaiako azken zatia, ingurubidean aurrera uste genuen baino aurrerago baitago kanpina, baina heldu gara; mila protokolo ondoren kokatu dugu etxe ibiltaria.
Gune karratu batetan daude banatuak kanpin honetako zerbitzuak, zerbitzu bakoitzeko atea besteengandik oso banatuak albo ezberdinetan. Dutxa bakoitzak gomazko ahoa duen eskuarea du: bakoitzak garbi utzi behar du, zorua behintzat.
Kanpin oso zaindua, kanaltxoek bereizita bakoitzaren esparrua.
Metroz: Metroa ez da zaharra ez modernoa, xume funtzionala: holandar praktikoa. Lotegi diren hiriburu inguruko herri eta etxetzarrak, bidaiarien gehiengoa arraza beltzekoa izatea, eta kilometroetan trenbide kontrako hormetako graffitiak izan zaizkigu lehen zirrara eragin dugiten xehetasunak. Lurpean sartzen da metroa hirira sartzean.
Amsterdam.
Lurra lehortuz, ura hesiz eta bideratuz, sortutako hiria, ur gainean eraikia, zurezko euskarri edo oingarrien gainean omen eraikuntza asko edo gehienak: nondikako zuhaitzak ote?. Modako mitoa omen Amsterdam; bertan dabilen kanpotar jendetzak hala egiaztatzen du. Sentipen bizia sortu digu lehen begiradak geltokitik irtetzean: dena bizi eta koloretsu, inurritegia dirudi aurreko plazak, eten gabe joan edo dator oinezkoa, aurreko ubide gaineko zubia bera etengabeko joan etorrizko jendetza da, urrutiagoko kale dena da mugitzen den giza itsasoa, bizikletak, bata bestearen atzetik, bizpahiru batera paraleloan sarri, alde bietatik doazen eta datozen tranbiak, ontzi ugariak ubideetan batez ere turista garraiatzaileak, etxetzar bat, eliza-dorre lerdenak, zeru urdinean gutxienez bost sei hegazkin bere arrasto zuria atzean: izugarrizko barne astindua ematen dizu lehen eraginean.
Kale estrategikoetatik hiriari ordubeteko bira ematen dion tranbia hartu dugu hiriari gain-begirada bat eman asmoz: jendez gainezka dagoen hiri mamua iruditu zaigu. Turista hiri petoa, masifikatua, dena denda, kafetegia ugari, plazetako eta espaloietako mahai-jarlekuteria etengabea, jendetza egon lasaian... Hiri guztia dago bor-bor, jai giroan. Hiri handiegia, hiri handi zaharra, ez da potxoloa, ez xarmanta. Ez du antzinako eraikuntza ikusgarririk, tarteka ez bada: kontrastez, antzerako tren-txutxuz Prahan egin genuen ibilia gogoratzen genuen, dena eraikuntza ikusgarria baitzen han. Tristeak iruditu zaizkit ontzi edo ur gaineko bizitokiak ere: kanpineko etxetxo aurrefabrikatuak ur gainean igeri jarrita, utziak bezala, premia gorrikoen nolabaiteko etxebizitzak.
Oinezkoari ekin diogu ondoren, 3 orduko ibili lasai etengabean: Amnsterdamekin adiskidetu naiz, gogoa harrapatu dit, sentipena baikorra nereganatu zait; gustura sentitu naiz: argia, zabala ubideek ematen dioten zabaltasunarekin, kosmopolita; bisitariok patrikak beroegiak ez ditugula adierazten dute saltoki merkeek.
Badu xarma hiriak. Badu bere ukitu berezia jendetzak: jende asko dabil presaka, bertakoa zein dena denbora laburrean ikusi nahi duen kanpotarra, baina patxadakoa da gehiengoa. Kale jendetsuek ez dute beste itxura berezirik edozein hiriko kale jendetsuengandik.
Asko ibili behar da begirada orokorraren ondoren hiria deskubritzeko, oinez eta patxadan, presarik gabeko barne pauso lasaiari lotuta, dendateria merkeko kaleetan jendartean galdu gabe, aurkikuntza lana eginez.
Badira eraikin handiak, ez harrigarriak baina ederrak, bada etxe, txoko eta bazter politik: bilatu egin behar dira.
Ubideak aitatu behar lehenik, hiri osoa baita ubide, etxe bitarte orok du bere ubidea erdian: Amsterdamekoentzat ere balio du aurreko herrietako ubideei buruz aitatutakoak; hauek ez dira ubide politak, dotoretuak, funtzionalak baizik, etxeak eraikitea ahalbidetzen dutenak; bere ukitu kilikagarria dute; inguru lasaia, gustura paseatzeko ibilbidea: xarma du ubide arteko ibiliak. Egia da ur gaineko etxeek ez dutela berenez graziarik, baina grazia ematen diote ubideari. Mila eta bi zubi ubide gainean. Geltokia, handia izateaz gain eraikuntza ederra ere bada. Dam plaza: bizi bizia, gazteen biltoki izan omen zen iraultza giroko egun haietan: jendeak, gazteak, musikak, usoek, erret jauregiak eta elizak seriotasuna ematen badiote ere; bertan erromatar armatuak zaldun egin nau sos batzuen truke. Spui plaza: hiriko liburutegien ospeari jarraituz, liburu saltoki oparoa bihurtuta dago; soinujole nagusi batek girotzen zuen berez ere lasaia zen liburuzaleen giroa. Plaza alboan, Begijnhof, hiriko etxadi antzinakoena, non dagoen hiriko etxe zaharrena, zurezkoa; sarreratxo estu pare bat dituen patio zabala du erdian, etxadiko bizitza-giro propioarekin; barrutik zurezko egitura duen eliza ere badu patioak. Plaza berean, Unibertsitatea: sarrera den areto zabalean juduen aurkako nazien jokabidea eta gaurko nazien jokabidea loratzea lotzen dituen erakusketa. Rembrant, han dago patxada ederrean eserita, jendartean bakarti, bizi izan zen hurreko etxea gogoratuz. Etxetxo bakar belztxo bat plazatxo batean, auskalo zein marinelena, ipuin ukitua emanez hiriari. Hiriko atea izan zena, gero balantza, gaur bost dorretxoko gaztelutxoa dirudiena, kafetegi bihurtuta dago, patxadako jendez inguratuta. Singel kalea, loradenda bihurtuta ubide ertzean. Udaletxe ingurua, rastroa da. Kale jendetsuetatik bertan baina bakarti, lasai, turista ontziak dabiltza. Eliza berria: entzuleen tribuna bihurtuta dago zutabe buelta bakoitza, taila izugarria da txapel erraldoidun pulpitua, sabairainoko organoa estalki kurbo artikulatu pintatuez estalia, presbiterioko itxidura urre koloreko sare sendo deigarria, beiradura ezohizko irudiduna beti bezain handia; ordainduzko erakusketak hartu du eliza erdia; kafetegi baten barrura doa zuzenean elizako irteera bat. Eliza katolikoa: iluna, 3 aldare berri zur landuzko taila ederrekoak, gurutze-bideko koadrotzarrak hormak betez; amabirjinari jarritako kandela pilak argitzen du korupea. Izugarrizko kuartela du poliziak.
Jendez lepo daude kale komertzialak.
Erretena ezik ipurdi masail ederrak osoki erakusten dituen neska zerbitzariak bereganatzen ditu kale ibiltarien begiak, kafetegia ere mukuru dago bezeroak ipurdiok hurragotik miatu ustez edo.
Kafetegi batean Goliat izan nahi duen armatuak sabairaino heltzen den lauzpabost metroko garaiera du: bezeroak uxatzen ditu, begiluzeak erakarri.
Seietan hertsi dituzte ateak dendek, zabor poltsez bete eta zatartu dira kaleak: etxera bidaltzen gaituzte. Gautxorien ordua hasi da.
Amsterdamen ere ubide inguruetan oinezkook ez dugu ia non ibili: kalea dute autoek, bizikletek bidegorria, oinezkook ezer ez.
Espainiar autobuskada iritzi da hirira: asko entzun dugu Gaztelako dialektoa. Pankarta soil triste batzuk gogorazten dute badela laster Amsterdamen futbol txapelketako azken partidua.
Etxera itzuleran astoa ikusi dugu metrotik, beltza, larrean, geldi, filosofatzen bezala, gogoetak hausnartzen: azken ukitu erromantikoa eman dio egunari.
Ez ditut hartu gaurko kilometroak: Holandakoen azken usaia darie.
Hozkailua hondatu zaigu.
Holandar bikote gaztea eta alemaniar bikote heldua ditugu auzo kanpinean, inolako errorik bota gabe egun gutxirakoak dirudite, gu bezala.
Zoologiari dagokionez txorikantu ozenez gain mika buztanluzea dabilkigu ingurumarian lurrean mokoka. Agertu da zozoa, zizarea azaleratu du mokoz, lipar batean irentsi du eta joan da: bizibeharraren lehia. Hala gaude Atutxa eta Mayor jauntxo beltzen mende, baina batez ere zozook bidaltzen dizkiguten auskalo ze jauntxo anonimoren mende.
Maiatzak 16a. Larunbata. 21.a- 20.a.
Nolako etxetzarrak Amsterdam-era trenezko bideko tarte batean: gizakien biltegia, pertsonen metaketa, gune meharrean jende pila gordetzeko tokia eta teknika, pobreen etxe merkeak; bertako geltokian azal beltz eta iluneko bidaiariak dira nagusi trenean sartzen direnen artean.
Ikusten dudan bigarren gereziondoa, ia alerik ez du, dituenak ia ikusi ezineko txikiak: denbora gutxian gizendu eta gorritzen ote hemen gerizak ala gureetan baino askoz beranduago dator uzta?.
Semea gurditxoan daraman aitak badaki nortzuk garen euskaldunak, euskaraz egiten dugula ere bai.
Tren aldaketa!!! Holandan ere. Euskotrenetik ondo ikasia dugu afera, beraz ez zaigu askorik kosta, gure umedun aitak ere lagundu digu, ez baikenuen ulertzen bozgorailuek ziotena. Autobus zaharkituan eta jendez lepo zutik eraman gaituzte hurrengo ez dakit zenbatgarren geltokira.
Amsterdam.
Badira pedal-ontziak kanaletan: polita izan behar du ubide labirintuan galtzea, bertan sartzea galtzeko arrisku eta guzti. Bada ere han-hemenka parke ederrik ubide alboetan.
Bitxikeriak:
Sarraila eta lapur-talde ezberdinen erakusketa du poliziak kalean, postu batetan, oinezkoei azalpenak ematen dizkiete: segurtasun arazoak daude nonbait.
8 arraunlari eta lemaduna boga lehiatsuan ontzi itxuraz astunean Amstel kanal handian: traineruak ote hemen ere.
Tutu malgu, mangera, zulatu batez ematen dio udal-langile batek garbi itxura kaleari, bazterrak ureztatuz; zikinak eraman ditu, baina baita putzuak sortu ere; autoek, ondorioz, biziki zipriztintzen gaituzte oinezkook.
Heineken garagardo fabrika erakutsi egiten dute asteburuan: ubide alboko kale barruan dago fabrikatzarra.
Fabrikaren aurrean turista autobuskadak gelditzen dira, ubideetan ibiltzeko ontziteriaren ondoan: bada turismo bulego argiren bat.
Rijkmuseum.
Eraikuntza bera da begirada interesatua merezi duena: tailak, azulejozko irudiak, leihoak eta adreilu ezberdineko eraikuntza azpiko ganga deigarriak. Sabaitik zuzenean sartzen den egun argiz biziki argiztatutako salak; labirintua, edonon zaudela, estrukturaketa bihurri kiribildua, hainbeste koadro eta autore, galdu egiten zara, ez dakizu azkenerako zer ikusi duzun ere.
Betiko museoa barrutik: saltoki batean bezala pilatuta pintura koadroak erakusgai. Gehiegi egun beterako, asimilagaitza. Ikusle piloa dabil, erruz dator bisitaria. Noizbehinka ikusi ahal da tipo bat, bakarti, lelo aurpegiarekin, liluratuta bezala, ia lerdea dariola, begiak tinko koadroari so: zinta entzuten ari da eta begiez jarraitzen entzungailutik esaten diotena.
Pintura holandarrera mugatzen da museoa, egile klasikoetara, baina bada japoniar artearen sala bat, baita aldi baterako erakusketa ere, kapeluarena, nahiko bitxia. Ohi denez tankera eta joera orotako koadroak daude ikusgai, baina izarra eta erregea Rembrant da, Erronda koadro handia, berriz, eguzkia eta erregina: sala luze eta zabaleko horma osoa hartzen du koadroak: bera da, bakarra, sala osoan: alboan gela batean koadroaren nondik norako eta zirriborroak erakusten dira; zirrara eragin dik: luze egon gara bere aurrean. Van Gothen autorretrato ezaguna ere bertan da. Hemen ikusi ditugu han bertan ikusi ezin izan genituen Delf-eko portzelanak. 1880ko koadro batean ikusi dut aurreko batean ikusi nuen haize-errota ia bera, oinarri puntazorrotzean zegoen errota karratua.
Mila bitxikeria eta gauza eder: motxa egin zaigu museoko hiru ordu eta erdiko ibili geldoa.
3 ordu eta erdiko ikustaldia gertatu zaigu; nekatu garenean, ohi dugunez, izenei eta zertzeladei arreta handiegirik gabe salaz sala paseatu dugu begiei gozamena eskainiz soilik, begiratu ikusi eta gozatuz, bururatzen zaiguna elkarri aitatuz, beti dago eta norbera ez baina bestea jabetzen den zehaztasunen bat.
Mila pezeta inguru balio du sarrerak, ez da behar lukeen bezala doakoa baina artea ez dago hain garestia.
Ze gauza ederrak egin daitezken pintzel eta kolore batzuekin!.
Berriz ere kalean, museoz nahikoa zela esan baitigu gorputzak berak.
Badu bai xarma Amsterdamek!. Ez da ederra, ez du ezer harrigarririk, baina kanalen inguruan badu norbera jabetu ere egin gabe xaramelatzen zaituen zerbait sorgindua.
Kalez kale, ubidez ubide, jendea gainezka dago erdigune osoan.
Geltoki nagusiaren ostean doa itsasadarra, baina hainbeste dike eta konportekin ez dirudi hala denik: portu erraldoiko garraiobide, urez asetako ibai zabala dirudi.
Bitxikeriak:
Masaje denda aurrean, espaloian bertan, ematen zizkion igurtziak bezeroari emakume batek.
"Chocolateria international": mila txokolate marken artean ez zegoen Oinatikorik.
Dam plaza, atzo bezain bizi: sokasaltoan ari zen gazte koadrila bat.
Bizikleta izugarri altuan zihoan gazte bati zerbait bildua erori zaio, baina aurrera egin du gorri baitzegoen semaforoa. Jaso egin dut: makilatxoari josita zapi zuria, bertan baloi bat irudikatua, "Uefa”.Chanpions League". 28an, asteartez, R.Madrid dator azken partidua jokatzera. Zain egon gara muila itzultzen ote banderaren bila, baina ez da etorri eta neuk gorde dut. Zenbait dendatan kamisetak daude salgai, jarri dituzte banderatxoak kale nagusiko zenbait faroletan baina ez da nabari giro berezirik oraindik.
EL MUNDO egunkaria erostera joan naiz. "Señor, señor" deika etorri zait dendaria: R.Madriden lepoko handia eskaintzen zidan, salgai ditu eta madrizaletutzat hartu nau.
Geltokiko denda batean Che Gevararen abestia, "komandante Che Guevara ..." ozen.
Tren-aldaketa eginez itzuli gara etxera ere, egunotako irteeretan eguna bete ondorengo hondarrean bi orduko tarterik geratzen bazaigu hirira bueltatuko garela elkarri aginduz: monoa utzi digu Amsterdamek.
Trenean bi neska koskorrek eta gero bi gaztetxok auskalo nongo jatorrizko hizkuntzan egiten zioten elkarri, ez nederlanderaz behintzat; etorkinak dira, atzerritarrak, ez hemen jaio eta bertan bizi diren holandarrak, guk trenean ikusten ditugun beltzok, darabilen hizkuntza testigu. Edo bertan jaio dira baina bihotza bere herrian dute gurasoek.
Jendez mukuru dago kanpin alboko parkea, egun-pasa belartzan; herri xehea dirudi, gehiengoa beltza edo arabiarra, bere herriko jantzi petoekin: Holandako herri pobrea!.