BIDAIAK 98. Holanda
Zaila da herri batean lurraldea eta herritarrak bereiztea, biak baitaude elkar lotuta, hain sakona baita baten bestearekiko eragina. Edozein herriko puzzlea osatzea da zaila, konplikatua, are gehiago bidaiari baten zatiekin osa daitekena, hain baita bakuna definizioz ere pasekoa den bidaiariaren ikuspuntua. Lur berde lauen ostean, itsasertzeko muna garai sendo gotorren ostean, haize-erroten ostean, lur landuen ostean, kanalen ostean... gizakia dago. Ohitura eta jokabide zenbait ikus daiteke, baina ezer gutxi gehiago, ikusitakoak hausnarketarako bidea ematen badu ere. Gizadiaz kutsatuta dago gizakia, gizadia gizakiaz. Zer dago begiz ikusi dugunaren ostean edo sakonean: dike bat, lur-harri hesi, behi aldra, tulipan soro, belartza, landetxe, eta abarrak baino askoz gehiago dago egon. Gure giza inguruko gizarte honetan, gizakia dagoela esango didate, baina guk ikusi dugun holandar herri horren ostean eta sakonean zer dago?. Zer da Holandaren muina eta anima?. Zerk bereizten du Holanda beste herriengandik ikusten ditugun azaleko berezitasunez harantzago?.
Holandaz eta holandarrez hitz eginen dut hain azaletik ezagutu baditut ere biak. Pontifikatu gabe, ikusi dudana kontatu, agian iritziren bat bota ere.
Blogerako berrirakurtzean, pentsatzen dut gaur egun ez ginateke harrituko deigarriak egin zitzaizkigun hainbat xehetasunekin, aurrerapauso asko eman delako Euskal Herrian.
Holandarra
Oso jende zentziloa da. Guk dotoreagoa, harroxkoa uste genuen. Hainbeste etorkin egoteak gogarazten ote holandarrei etorkin izan direla beraiek ere hainbat erbesteko herritan?.
Jantzian eta kaledietan ez ezik etxe-bueltan ere txukuna eta apaina da holandarra.
Ameslaria ere izanen da. Lautadan bizi dira, lur zabaletan, baina basoa eta mendia maite dute, ikus bestela nolako jendetza dabilen hegoaldeko Alemaniarekiko mugatako mendixketan, edo Holanda erdiguneko basoetan.
Adeitsua zerbait galdetu ezkero, alaia eta irribarretsua denda eta saltokietan, ez bakarrik bezeroa zarelako. Dirudien bezain gozoa ote da holandarra?.
Ezer gutxi egin daiteke ausardiarik gabe, lurraldearekin egin dutenak erakusten du ausarta dela holandarra.
Irudimenezkoa. Etxeak begiratu besterik ez dago.
Lasaia. Bizikleta du ibilgailu nagusia. Ibiltari lasaia da basoetan.
Topikoak, betikoak, ikustea espero duzuna:
Holanda ezaguna dugu, ez egunotan hain gaurkoa egin zaigun futbolagatik soilik. Badira zenbait gauza Holandan topiko zaizkigunak, hor darraite, baina uste genuena baino bitxiagoak gertatu zaizkigu.
- Haizerrotak. Ez dugu irudikatzen Holanda haize-errotarik gabe, eta hala da izan, baina gorde egin dituzte, berreraiki, zaindu, ez ditzute hondatzen utzi. Kinderdijk herritxoan dozenaka aurkitzen dituzuenean zure aurreiritziek erabat zart egiten dute. Haizez eta urez baliatzen dira. Aspaldikoak dira, berritu berriak gehienak.
- Kanalak. Espero dituzu, nork ez du entzun Amsterdameko kanalei buruzkoa?. Baina ez dago kanalak handik edo hemendik zeharkatuko ez duen herririk. Ez dago bere kanala izango ez duen lurralderik, txikienak ere badu berea. Dena baita ubidea eta erretena. Denak urez beteak. Sarritan galdetzen genion elkarri ureztatzeko azpiegiturak diren ala drainadura sarea den, urari itsasoraino bidea emateko teknika agian: seguruenik zeregin biak betetzen dute. Bada herririk, Gietoorm ez da bakarra, etxeak urez-kanalez inguratuta daudenak.
- Polderrak edo lurrari lapurtutako, irabazitako, lurrak. Baina ezusteak harrapatzen zaitu itsasertzean egonik itsasorik ez ikustean, gizakiak jasotako muna sendo berdeek itsasotik banatzen zaituelako. Platera bezain lauak direla esateak ez da naikoa, plater atxala esan beharko litzake: plater atxala baino oraindik zapalagoak dira lurrok.
- Dikeak. Muna sendo garai berdeak dira itsasertzekoak. Beste mota batetakoak espero genituen, harrizko harresiak, baina gaina behintzat lurrezkoa da, berde dago eta sarri artaldeen bazkaleku dira. Bada bat izugarri erraldoia, zirraragarria, 31 kilometroko luzera du, Enkhuizen eta Leystad elkartzen ditu edo, zehatzago, hiri bien artean dagoen Zuhizerdeer golko edo barne itsasoa bitan zatitzen du. Bada gorago beste dike bat, 30 kilometrokoa hau ere: sarreran edo hasieran bertan ixten du golkoa edo barne itsasoa; itsasontziei uzten die sarrera esklusen bidez. Egun batean barne itsas hau lur lehorra izanen da, nekazari lur laua.
Luzeenak dira bi horiek, ez, baina, bakarrak: dikea edo muna, esklusa eta zubiak edonongo ikusgaia dira Holandan. Motzak eta txikiak batzuk, luzeak eta garaiak beste asko, injinerutza lan izugarria behar izan dutenak denak: harrigarriak.
Urez inguratutako lurra izanik, dena irla eta irlatxo, golko eta lurmutur, dena kanal eta ibai, ferrya erabili gabe errepidez ibil daiteke Holandako lurralde osoan: zubiek eta dikeek lotzen dute urak bildutako lur multzo oro.
- Zubiak. Hainbeste kanal izanik, asko izan behar zubiak ere. Altxatzen diren zubiak. Autodun zein txirrindulari, lasaitasun osoz hartzen dute errepidea horma batez bezala itxita, belauntziari bidea emateko. Gureetan ez da trenbidearekin halako patxadarik hartu, zubiak egin ditugu trenbide gainetik.
- Esklusak. Denok dakigu zer diren. Deneko ikusgaia dituzu Holandan, zoazela zoazen tokira. Batzuk ikaragarriak dira Oosterscheldekoa adibidez.
- Tulipanak. Holanda osoan espero dituzu tulipana, baina hiruzpalau lurraldera mugatzen da soilik tulipan uzta, itsasoari jandako zenbait lurretan hain zuzen. Loran dauden kolore ezberdineko sail amaigabeak, izugarri politak.
- Gazta. Gaztak ez dizu huts egiten, tamainaz gustuz eta pisuz, mota guztietako gazta aurkituko baituzu. Herriko balantza aurkituko duzu hainbat herritan: eraikuntza ederra, handia, udaletxearen parekoa edo ederragoa askotan, non garai batean pisatzen ziren inguruko gazta denak. Hainbeste behi eta ardi aurkitzea da espero ez duzuna. Dena da belardi, dena da behi, dena artalde: gazta egiteko behar da esnea, baina hainbeste!. Nik esanen nuke jai dutela gure baserritarrak kupoari buruz borrokatzen direnean. Madril edo Ajuria Enea baino aliatu kementsuago eta indartsuagoa beharko dute holandar nekazariekin lehiatzeko.
- Bizikletak. Badakigu holandarrak bizikleta dutela lokomozio tresna. Baina hainbeste bizikleta!. Kokoteraino gelditzen zara. Inguratu, bildu eta menderatu egiten zaituzte, denetatik ateratzen zaizkizu, ez ausartu bere bidegorrietan sartzen. Jaun eta jabe dira galtzadan ere: bizikleta da kalean ibiltzeko eskubidea duen lehena, ondoren autoa eta azkenik oinezkoa.
- Janzkera. Nork ez du ikusi argazki edo koadroren bat non holandar emakumeren bat agertzen den adartxo zuriak bezalako irtentxoak dituen buruko zapiekin: modelo hori ez da jadanik ikusten. Badirudi janzkerak berdindu gaituela planetako biztanle zuri gehiena: modek edo jantzigileen interesek erabat uniformatu du mendebaleko biztanleria. Baina badira gutxienez bizpahiru herri oraindik bai gizonezkoak baina batez ere zenbait emakume ikus daiteken bertako jantziekin: Marked, Staphorst edo Urk esaterako; hain bere egunerokotasunean ikusirik, oinez, bizikletaz nahiz autoz, gazte zein adinekoak, galdetzen diozu zeure buruari folklore edo turismokeria ote den, ala oraindik bere hartan jarraitzen duten berenez.
Zertzeladak
- Lautada. Europan ibilia denak, edo telebistan arreta jarri duenak badaki laua dela Europako erdigunea. Baina azkenerako ia aspergarria gertatzen zaizu lautada. Hain monotonoa, hain beti bera; muino-min edo kare-harrimin jartzen zaitu. Hemen ez da kare-harrizko paisaiarik aurkitzen Sakana, Durangaldea edo Oinatin bezala, hemen ez da lurpeko erreken murmurioa entzuten gureetako pagadi edo hariztietan lez. Azkenerako biluzik bezala sentitzen zara, bildu-gunerik gabe, lurralde biluzia bailitzan. Holandarrak agian itota aurkituko lukete bere burua gure euskal mendi-zulo edo bailara mendiz inguratutakoetan. Badira basoak Holandan, zainduak, altxor bezala miretsiak, nora milaka hurreratzen diren: De Hoge Veluwe naturgunea, edo Hegoeldeko Alemaniarekiko mugetako tontorrak: aisialdi gune bitxiak bilakatzen dira beraientzat guretzat ohizko baso edo muino soilak liratekeenak.
- Ordutegia. Goiz asten da bizitza. Gu gure orduetan hasi ginen, gureetarako nahiko goiz, baina lehen egunean jabetu ginen berandu genbiltzala: harrezkero zazpietan hasi ginen jaikitzen baina azkenak izan ohi ginen kanpin eta inguruetan.
Asteburuetan berriz ez dute ordurik jaikitzeko. Arras berandu jaikitzen zirela antzematen genien. Gogoko dute ohea lanera joan behar ez denean.
- Txukuntasuna. Etxe inguruak, kaleak, granja inguruak... Aspaldi egin zuten hemen gure herrietan ari den berrikuntza lana.
- Banderak. Bandera zaleak dira holandarrak. Bandera asko ikusten da etxaurretan, eta etxe orok du bandera jartzeko gako eta gailua, horman, ate kontra edo atari dotorean.
- Laranja kolorea. Bandera zaleak dira, baina laranja kolorea da bere ikurra, guk futbolarien jantzitik ezagutzen genuena; jai-giro guztietan nabarmentzen da laranja koloreko bandera: Nimegan izan zen lehen ezustea, hainbat herritan ikusi dugu gero ikuskizun laranja.
- Nekazaritza. Bada industria-gunerik, Roterdanekoa nagusi, baina herri nekazaria da batez ere. Belartzak, behiak, ardiak, zaldiak, zainzuriak hegoaldean, tarteka negutegiak...
- Jana. Etxetik kanpo bazkaltzen dute eguerdian. Lanean tartetxo bat hartzen dute mokadutxoa jateko. Gozo-gauza kafesnearekin izan ohi da askorena, gehiengoarena. Baita beste jakiren bat ere. Txerriki asko jaten da. Dendako saltzaile zenbait kalera ateratzen da, eta kale-kontra batean jaten du bere mokadua. Taberna eta saltokietako jatetxeak ere mukuru egon ohi dira eguerdiko ordu horietan.
- Jakia. Denetik dago bai dendetan bai saltokietan. Bai ortuari freskoa bai poteetan gordetakoa. Fruta asko eta ona.
- Zainzuriak. Norbaitek uste badu Erribera dela nagusi zainzuri ekoizpenean, doala Holandako hegoaldera, kolokan jarriko zaio iritzia.
- Adreilua. Adreilua da nagusi eraikuntzan. Adreilu berdintsuko saila batzuetan, adreilu konbinaketa eta erabilera ezberdinez dotorea bestetan. Harririk ez baina badute nonbait adreilugintzarako lur egokia. Baina zergatik ez ote dituzte teilak erabiltzen etxe estalki lez arbel-harriaren ordez?. Estetika soilik ala kultura?. Adreiluaren erreinua: adreiluzkoak dira kale zoruak ere zenbait herritan.
- Etxebizitzak. Adreilua da nagusi etxegintzan. Ez baitago mendirik, beraz harririk ere. Noizbehinka ikusi ohi da harrobi itxurakoa bat, baina lurzoruan hondoratuz ateratzen dute harea. Zurezko egitura maite dute, eta gorde egiten dute egitura hori, gorde eta erakutsi begi-bistan utziz zura, halako itxura bitxia emanez etxeei. Zergatik ez ote dute zementurik erabiltzen etxegintzan. Agian zementua egiteko harririk ez dutelako, ala bere etxegintza filosofian adreilua maitagarriagoa dutelako, edo beroagoa delako erdiko tarte zabala utziz. Mila galdera eta misterio ditu herri batek ibiltariarentzat.
Etxe txikiak dira, hiri handietakoak ere. Lehen solairua dute soilik. Askok, batez ere antzinakoenak, bere hartan iraun duten kale zaharretakoak, lurzoru gaineko solairua dute soilik. Txikiak dira eta denek dute aurrean lorategia.
- Etxaurreak. Lorategiak dira. Austriakoak bezain finak eta dotoreak ez diren arren erabat zainduak daude etxe-bueltok. Deigarriak dita landetxe inguruak: txukunak eta garbiak, simaur eta lokatzarik edo lurgorri zapalduko tarterik gabeko berdeguneak dira korta inguruak.
- Errenazimenduko fatxadak. Batez ere Alemaniakoak gogoratzen genituen. Ezustekoa izan dira Holandan. Ez genituen espero. Ez behintzat hainbeste. Izan, ohizkoak dira: puntazorrotzak, triangelu luzearen formakoak, osteko teilatua estaliz. Albotik begiratuz, edo goragotik beste eraikuntza garaiago batetik, halako itxura ezberdina dute, frontisa itsusiagoa da albotik begiratuta aurretik ikusita baino, teilatua agerian geratzen baizaie: harmonikoak dira fatxadok aurretik, albotik ez.
- Leihoen barrutikako karela. Kaleko begiluzeen barruranzko soa oztopatzeko, barrukoen kanpoalderakoa babesteko, dotoretasunagatik soilik agian, auskalo zerk mamitutako kulturaren eraginez, barruko leiho ertzak, sarri kristalak eurak, bitxikeriez dotoretuta daude. Museo edo erakusketa dirudite. Erabat zainduta daude. Era guztiko zerikusia dago. Dotorezia nabarmenaz, batzuk, arrunkeriez zenbait. Bitxikeriak edo artelanak askotan, egunoroko etxeko lanabesak hurrengo, jostailuak edo eskulanak, loreak soilik sarri, pitxikeriaz beteta daude, baina kinkila-denda itxuran erori gabe. Harridura eta ikusmira Hegoaldetik goazenontzat.
- Ate-gainak. Barruko sarrera edo gorako mailadia argitzeko, sarrerako ate orok du gainean kristalezko tartea: zabala batzuk, estua besteak. Argindarrik ez zegoenean etxera sarrerak argitzeko teknika seguruenik. Dotoretuta dute gehienek delako kristal ingurua, oparo batzuk, xume besteak, badira kristal soilekoak ere. Bertako etxeen bitxikeria bat da.
- Stadhuis edo udaletxeak. Herriko eraikuntza dotoreenak dira gehienetan, denean ohi denez. Herri hazietan edo hiriburuetan, harrizkoak. Batzuk dotoreagoak, xumeagoak besteak, bai kanpotik bai barrutik, bertakoagoak batzuk, bertako petoak ia denak: denek dute harmailadi bikoitza, baina ez aurrera, atetik kalera zuzenean joz, alboetara baizik espaloiaren luzerara, espaloiarekin bere bide berean elkartuz: azken hau litzake berezitasun nagusia.
- Kariloiak. Ez da herririk, udaletxeko dorreak ez bada elizaren batekoak, kariloirik izango ez duenik. Bada 50 kanpaitxotik gorakorik ere. Nimegan kalean jarri dute zutabe batean kariloia eskultura bailitzan, arrunt xamarra eskultura lez baina soinu goxokoa. Goxoa da ordu oso laurden zein erdietan kariloi musika entzutea. Kalez kale zabiltzanean, kafetegiren baten aurrean zerbait hartuz zaudenean, kariloi hots atsegina duzu lagun ordulaurdenero. Beraiek normaltasunez entzuten dute guretzat zerbait berria dena, agian kariloi sonarik eza litzateke beraientzat ezustekoa. Aurkitzen ote hutsune hori guretara datozenean?.
- Kalediak. Aspaldikoak dituzte gureetan orain ari garen berrikuntza eta txukuntze lanak. Bitxikeria da guretzat kaleetako txukuntasuna. Zer ote diote gureetako lurreko paperteria eta zikinkeria ikusten dutenean. Beraiek ere ez dira hain begiratuak. Garbitu egiten dituzte kale eta bazterrak, hor dago batez ere ezberdintasuna. Ikusi ditugu garbitzailea oraindik pasa gabeko tarte zikinak, papereztatu eta plastikoztatuak ere. Baina orokorrean aldea ateratzen digute txukuntasun eta garbitasunean.
- Plazak. Ez dira deigarriak. Ez dira karratuak. Ez dirudite herriko muina direnik, ezta herria bere inguruan bizi denik ere, Alemanian, zein Europako herri gehienetan ikusi dugun bezala. Saltoki kalea, gehienetan oinezkoena, da hemen herriaren bilgunea. Sarri plaza baino kale zabalago bat da, plaza deritzotena.
- Elizak. Protestanteak dira gehienak. Katolikoak izanak, sinesmen berrira birmoldatuak. Adreiluzkoak, nola ez. Ezin dugu ezer askorik esan, gehienak itxita daude eta, baita elizkizun orduetan ere: eliztarrak barruan daude, elizako abestiak edo sermoia entzuten duzu kanpotik, baina itxita dago ate oro, inork alde egin ez dezan, edo begiluzerik sar ez dadin. Elizkizunaren ondorengo tartetxoa erabil dezakezu eliza ikus ahal izateko, baina arin egin beharko ikustaldia, apaizak dirua zenbatu ondoren hertsiko baitu atea. Sarrera ordaindu behar da zabalik daudenak ikusteko. Erakusketaren bat dute askok. Ikusi ditugunei buruz hitz egin dezakegu: barrutik zuriz pintatuak, lehio gotiko luze, zabal eta beira argi soilekoak, eliza argiak beraz. Halako argitasun sentipen bitxia sortarazten dute.
- Kanpinak. Ugariak dira. Ingurura hurbilduz, herrira edo zonaldera, ondo iragarrita daude. Aspaldikoa da kanpina Holandan: zorua belar trinkoa da, maiz ebakitzen dutena, zaindua, soilgunerik gabe. Esparru zabaletan banatuta gehienak, non tarte zabala duen bakoitzaren lur-guneak. Gehiago dirudi naturgunea. Untxi, zozo, ahate, triku eta hainbat animalien konpainia ez zaio falta bezeroari; jatordu erraza egiteko asmoz dator animaliotatik asko. Zerbitzuguneak, xumeak dira, harrokeriarik gabekoak, lau izarrekoa ez bada behintzat kanpina. Baina garbiak, arasak. Dena da ordaindu beharrekoa: dutxa beroa, harrikorako ur beroa... Karabana asko dago, familia askok du aldi luzerako jarrita berea kanpinean, uda-etxe gisa, dotore, jauregitxoa bailitzan.
- Tantai eolikoak. Badira izan, baina ez dute gehiegikeria diren sentipenik ematen. Agian Danimarkan ikusitakoek jan egin didate Holandakoen irudia eta gomuta.
Bereziak.!
- Museoak. Herri bakoitzak du museo bat gutxienez. Herri koskortuetan bizpahiru aurki daiteke. Era guztietakoak. Betiko pinakotekak, herriko edo inguruko historia eta gorabeherei lotutakoak, arkeologia, etnologia... Baina horrez gain, bitxikeriak daude, Holandak badu museoen kultura, museoa sortzeko joera. Mila gai ezberdinei lotutako museoak: urrea, zilarra, ordulariak, aspaldiko erlojugintza, elur-lerak, zaldiz eragindako garraiogintza, urregintza tailerra, musika tresna mekanikoak, organiloak edo biraderadun organoak eta bestelakoak, itsas salbamendu era ezberdinak, itsasontzi urperatuen hondakinak, polderrak egitean azaldutako hondakinak, tabakoa, irrista-gailuak, tren maketak, zirkoa, antzinako motoak, herri musika tresnak, kermeza: nolako jaiak izaten ziren gaztelu eta jauregietan, lurrak lehortzean eginiko aurkikuntzak, gozogintza, jostailuak, portuan ontziak atoian eramateko era ezberdinak, zergen historia, ... eta abar luzea.
- Marihuana. Bredako parkean ikusi genituen lehenengoak, “herriko onenak” ohi diren horietariko bizpahiru gizonezko belar zigarroak prestatzen: "ze lasai edozeinen aurrean egiten den belar erretzea!". Beste herri batean liburutegiko sarreran beste kanuto mutxikin piloa ikusi genuen, erdi erreta gehienak, mutxikin luzeak alegia, zigarro erdiak: "merke egon behar du". Harrezkero begiluze ibili ginen lurrera so hainbat herritan eta kanuto mutxikina erruz ikus daiteke edozein herriko edozein kaleko zoruan. Gogoratu genuen irakurria genuela nonbaiten ez zegoela marihuanari buruzko debekurik Holandan.
Hainbat ikusi genuen kalean lasai zigarroginan pipa tabakoarekin: zalantzak geratu zitzaizkigun ikusi genituen mutxikinak belar mutxikinak ziren ala pipa tabakoz eginiko zigarro arruntenak.
- Liburutegiak. Jabetuak geunden zenbait herritan berritutako antzinako eraikuntza ederretan, edo eraikuntza berrietan, baina beti herriko erdigunean eta eraikuntza ederretan zeudela liburutegiak. Liburutegia barrutik ikustera sartu ginen Den Bosch-en: erabat taxuz antolatuta, liburu pila apaletan, ordenadorez lan egiteko aukera piloa, egunkari eta aldizkariak irakurtzeko txokoak, lanerako txokoak; jende pila barrenean; baina batez ere liburu garraioa zen izugarria: txartela erakutsi, bueltako liburuak utzi eta berriak eraman: poltsakadak eramaten dituzte, ilaran zain zegoen bezeroa, zeramatzaten liburuen berri emateko. Harrituta gelditu ginen.
Zwolen-goa eta beste batzu ikusi genituen ondoren, beti harridurako sentipena esnaraziz. Agian gureetan ere bada halako zerbait baina ez dugu ezagutzen. Donostiako Koldo Mitxelenan bada antzerako zerbait.
Bizpahiru liburutegietan sartu ginen ondoren, sartu gabe ere begiratu izan genien kanpotik, eta beti ikuskizun berdina ikusi genuen. Hemen liburutegiak tradizio handia du, ikasteko eta irakurtzeko zerbitzu publikoa erabili egiten dute. Agian gureetan ere hala da eta geure errealitatea ez dugu ezagutzen.
- Etorkinak. Izugarri ugariak dira Holanda osoan. Zenbait herri eta orduetan, bertako biztanleriaren erdia direla esan daiteke, kaleko jendeteriari begiratuta behinik behin. Batez ere beltzak eta arabiarrak, baina baita sortaldekoak ere, japoniarrak, txinatarrak, bietnamitarrak eta herri guzti horietako jatorri ezberdinekoak. Asteburuetan da nabariena: bai goizez erosketak eginez jendez mukuru dagoenean erosketa-kalea, edo arratsaldez holandarrak herritik alde egin ondoren herria turistentzat gelditzen denean. Atseden eguna dutelako, agian erosketak egin beharrak kaleratzen dituztelako, agian lagunartearen bila, baina asteburuan ia nagusi dira etorkinak herrietako kaleetan zein hirietan. Turista-herrietan, berriz, ez da ia alerik ikusten, beraiek ere hondartzara etorritakoak ez badira.
- Frisia. Geografikoki antzerakoa da. Bertako zaldiak ezberdinak omen dira, nolabaiteko berezitasuna dute, guk antz ematen ez bagenien ere; zaldi asko dago egon, binaka edo dozena-erdika ikus daitezke granja inguruetan oholezko hesiz inguratutako belartzetan. Ahateak izan dira bertako ezaugarrietako bat, ekoizpen oinarrizkoa: granjen fatxadako gailurraren zorrotzean granja orok du oholez eginiko ikur bat non agertzen diren bi ahate lepo-luze halako osaketa bitxian; bada Snits herri politean eskultura bat non erakusten den nola saltzaile ibiltariek ehuna saltzen zuten ahaten truke. Granjak, sendoak dira, zabalak, barne tarterik gabeko etxebakarrak, ia lurreraino heltzen diren teilatuekin, teilatu zabal eta pendizak; atariko lur gaineko zatia da etxebizitza, txukuna eta zaindua, beste dena korta, sabai edo baserriko tresneriaren gordelekua. Bandera propioa dute, Holandaoa ez zdena: bada nolabaiteko abertzaletasuna, zeren hainbat etxeren aurrean agertzen dira banderok, baita, batez ere, zenbait herriko jai-giroko kaleetan. Bada hizkuntza propioa ere, baita bere inguruan nolabaiteko erreibindikapena: herri gehienek bi hizkuntzatan dute izena herriko sarrera-irteeretan: Bergun/Burgun, Niyegea/Nijega...
Bitxikeriak.
Gaineko babes-estalki gabeko auto zaharrak, zapal zabalak, tarteka marteka ikusi ahal dira. Antzinako auto zaleak dira nonbait. Aspaldiko auto modeloak ere sarriak dira errepideetan. Ondo zainduak. Museo pieza bezala gordeta dituzte nonbait. Suhiltzaileen auto zaharren konboi luze bat aurreratu genuen behin: auto bitxiak, bereziak, politak. Erakusketaren batetik edo erakusketaren batera.
Gogoetak. !
- Monotonia. Agian hori da hilabete ondorengo sentipena. Lautada, amaierarik ez duen berdegunea, mendirik eza, erretenak, kanalak, ibaiak, zubiak, muinoak, ura, adreilua, etxe txikiak, txukuntasuna, behiak, zaldiak, ardiak, bizikletak, bide-gorriak… atzo, gaur, bihar, beti…, beti berdina.
- Itsasertzean egonik, itsasoak bilduta egonik, ia denetik itsasoa bertan izanik, ez dute itsasoa ikusten, itsasotik bizi badira ere: hersgune batetik aterako dira itsasora, mila ate, konporta eta zubiren oztopoak gainditu ondoren.
- Behi aldra izugarri eta kontaezina ikusita, gure baserritarrak jai dutela iruditzen zaizu Europako Batasunean edo Merkatu Erraldoi horretan. Berdin espainiar nekazariek ere. Hauek ez dute atzera egingo bere ekoizpenean. Eta Espainiako Gobernua ezgauza, ezjakina, indargea, eta memeloa da hauekin lehiatzeko.
- Hain konplikatua da beraientzat gure "tx" ahozkatzea!. Etenak egiten zituzten nire abizena irakurtzeko.
- Polderrak. Polder zabal baina batez ere lauak, lautasunak erakusten du gizonak sortutako lurralde artifizialak direla, berezkoak ez direla.
Zergatik lapurtu diote itsasoari bere lurra, zergatik eraldatu dute erabat geografia, zergatik lehortu dituzte itsas zati zabalak, zergatik dago desagertzear Zuizerdee barne itsas osoa???. Garai batean egin ziren, orain bertan egin nahi dira, lan erraldoi izugarrien bidez. Milioika miloi diru eraldaketotan jorratzeak ba al du neurrizko etekinik nekazaritzan?. Zertarako lur gehiago; zergatik ez mugatu ekonomia eskuartean duten lurraldearen kopurura?, halako lursail berrien premia al zegoen eta al dago?, zergatik jarri betirako itsasoaren eraso beldurgarri baten mehatxupean?, zergatik mugatu, galarazi, itsasoaren ikuskizuna eta ikuspegia muna garai sendo baten bidez?, zergatik bizkarra eman itsasoari?, zergatik itsasotik bertan eta itsasotik urrun?, zergatik betirako itsasoaren etsai eta haserre, beti beraren beldur? ... mila galdera sortzen zaizkizu polderretara inguratzen zarenean. Sakonean, holandarraren abentura sena da ageri dena, Holanda herri txikia mundu erdiaren menperatzaile izatera bultzatu zuena, bere ontziak itsas zabala zeharkatuz mundu osora eraman zituena. Agian nik ezagutzen ez ditudan premia gorriak zeuden herri honetan, horregatik erbesteratu ziren hainbeste Ameriketara, hango etorkin eta aurrendari bilakatuz. Agian aurrendari, abenturazale, lehiatsua, aurrera egitekoa da holandarra eta horrek argitzen du itsasoari lurrak lapurtzearren zergatia. Agian lehen aitatutako premia gorriak. Edo bakar batzuen, politikoen, aberatsen diru goseak eragin du dena.
- Azaltzen denaz haratago arazoak, korapiloak eta ezusteak egon behar dira herri honetan ere.
- Mendirik ez dutelarik iturbururik ere ez beraz, nondik sortzen zaie ura?. Lur azpitik izanen dira hemen urbegiak, ez haitzuloetatik gureetan bezala. Ez dute beraz basoko iturrien lilurarik. Ez da kare-harrizko paisaiarik ikusten, ez da entzuten lurpeko erreken murmuriorik. Guretzat lauegia da. Ia biluzik sentitzen gara hemen, babesik gabe. Holandarra agian gureetan itota sentituko litzake, mendiek mehatxatuta.
- Berdinak egiten gaitu itsasoak, bereiztu ere bai. Itsaso ia bera baina ze erabilera ezberdina.
- Nolakoa ote holandarren izaera, pentsaera, jokabidea, eguneroko zertzeladetan, eguneroko arruntean.