Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 68. HOLANDA

BIDAIAK 68. HOLANDA

Jon Etxabe 2020/11/16 11:25
FRIESLAND-FRISIA: Kjouwert-Leeuwarden, Garnewald, Oudega, Dokkun, Skiermuntseach-Skiremonnikoog

FRIESLAN- FRISIA

 

Dikearen beste aldea da. Errota eoliko ugariek eta haize-errota bakanek eman digute ongietorria. Muna erraldoiek babesten dute hemen ere lurraldea itsasotik; muinootan dute bere bazka artaldeek. Ez zaigu aldatu lurraldearen jitea

Polita da ubideek zeharkatutako Holanda berde txukuna, monotonoegia zaigu, baina, jadanik.

 

Kanpina. Omleiding-ek eta gure hanka sartzeak zaildu diguten arren jo dugu azkenik  kanpinera. Kanpina bitan zatitzen duen ubide baten alboan kokatu gara, sastrakek ikusten uzten ez badigute ere kanala; zubi batek lotzen ditu albo biak. Zabala da kanpina eta luzarorako errotutako karabana asko dago; futbol zelaia zatekeen belardi zabala da gure gunea; karabanek zabalunea inguratuzko inguruan kokatuta daude; azpi-azpitik ebakitako belartza  gogorra eta trinkoa da zorua.

 

Aspaldikoak dira kanpinak Holandan; belarrean zein gune ezberdinak bereizten eta banatzen dituzten sastrakadi, zuhaitz eta zuhaixketan da ezagun antzinako kultura dela kanpinarena. Lurralde zabala izatea ez da nahiko kanpinak eta kanpin kultura sortzeko. Kanpin kultura dago Holandan.

 

Badabil hondatua uste genuen hozkailua: aurreko kanpineko argindarra zen gakoa: orain kezkatuta nago askatu nuen hozkailuaren kanpoko tapakiak ura iragazten utziko ote duen zirkuitolabur bat sortuz euritean.

 

Hegazti mokoluze zuribeltz ez handia, ezezaguna guretzat, dugu kanpin honetako apopilo ezberdin berria. Amama dute zozoek ere zelai ebaki berrian. Txori hotsa ozena eta alaia da, orkestra zoragarria.

 

Jaso du egunak,  geu ere gusturago gaude, jantzi eta hirira egiteko adoretsu.

 

Kjouwert: Leeuwarden frisieraz

Frisiako hiriburua. Hiri handia, erdigunera mugatu dugu ibilia gehienetan bezala. Antzina,  gaurko erdigunea zen soilik hiria: hala behar zuela erakusten dute ubideek: Alde Zaharra, ubide zabal batek inguratzen du, beste ubide meharrago baina luze batek zeharkatzen alderik alde, eta beste batek albo batetik bestera; hiriko paisaiaren zati fisiko soila ez ezik hiriaren zati bizia ere bada ubidea erdigunean: igarobide, egonleku eta kafetegi: eserita dagoen jendeak kafetegien luzapen bihurtzen ditu ubidearen ertzak; giro lasaia eta goxoa sortzen da zuhaitz azpiko gerizan; arnasa eta argia ematen dio erdigune osoari ubideak. Jende ugari dabil, errus ez bada ere.

Oso etxean bezala sentitzen zara hiri honetan. Hiri lasaia da; eguerdia arren oinezkoen kaleak eta bertako denda inguruak hilak daude, bihotzean ezik. Herri apala: herri bakoitzak daukana erakusten duenez, zerikusietarako norabide-gezi piloa jarri dituzte kale-kantoi eta zubietan, baina hiriak ez du zerikusi askorik; komertzioa bera ere xaloa da, harrokeriarik gabekoa. Badu baina tatuaia tailerra, nabarmen iragarrita eta bezeroz oparoa.

Oldehove, hiriko sinboloa omen dena, dorre karratua eta sendoa, erabat okertua dago, okertua ez ezik bihurritua ere; katedrala egin asmoz hasi zuten: dorrea ez zen bukatu eta hasi ere ez katedrala. Waag, isolatua eta bakartia, ubide alboan erdiko plazan, oso bitxia, moinoinoa, txiki karratua, lehoiak ditu lau kantoietan. Stadhuis edo udaletxeak kanpai handiko kariloi txikia du, ozena eta urrutirainokoa da bere oihartzuna. Bada Altzolako eliza-dorre bat, arbelezko puntaluzea, baina hura baino bizpahiru aldiz luzeagoa: orratz beltz bat dirudi. Plaza zabal bat greziarra dirudien zutabe borobil sendoko monumentuak mugatua.

Hainbat kale, jauregi, etxe eta eliza aipatzen baditu ere gidaliburuak, ez dugu ezer deigarririk aurkitu, lasaitasuna ezik. Zaldi frisiarra, zubi gainean jarri dute, brontze bihurtuta, gure pottokak baino garaiagoa eta luzeagoa, nolanahi mozkotea berau ere.

 

Berriz ere argi nabari da nola ubideak bermatzen eta ahalbideratzen duen hiriaren eraikuntza, ubideetara bideratzen dira urak eta ubide tartean jasotzen dira etxe ilarak. Zenbait kaletan, gehienetan, zeregin funtzionala du, han dago bere hustuketa funtzioa betez, hiriaren bizitza ahalbideratzen, beste zereginik gabe; zenbait kaletan ubidearen presentzia nabaria bada ere, gehienetan badirudi biztanlea ez dela jabetu ere egiten kanala han dagoenik.

NL hizkien alboan FRL hizkiak daramatza kotxe batek marra urdin-zurien gainean, mota gorriak tartean: bada beraz frisiar abertzaletasun izpiritua eta errebindikapena; badago zerbait ezberdina lurralde honetan.

 

Frisiako lakuak: kanpinetik hurrean dugu bat. Politak direla-eta joan gatzaie ikustera. Laku oro da polita moskitorik ez duenenean;   hauek ere politak dira; paduraz inguratuta daudenez, ez dugu lakuaren askorik ikusten, mapan nabarmenduta badaude ere.

Earnewald. Laku baten alboan kokatutako herri ñimiñoa, kuriosoa eta bitxia, txukuna eta erakargarria, eguraldi onarekin arratsalde-pasa ederrekoa; lakutik bizi da, asko dira bisitariak gaurko euri langarpean ere, asko dira txalupak, pila lakuan paseatzeko ontziak, ikustekoa ere aberatsen aisia-ontzi pila. Lakua eta lakuari ateratako zukua: ekimenak erroak zabal eta sakon bota dituen laku ertza. Laku ertzeko etxeez gain etxe asko dira ubide meharrek inguratutakoak, landetxeak izanik ere txaletxoak direnak. Bada nasan ur-piztia baten brontzezko irudia, harri baten gainean.

 

Oudega. Agian inguruko herri nabarmenena, nolanahi errepide txikiotako herri oro da gustuz zaindutakoa. Etxaurre bakoitza da lorategi zabala; errepidea den kale-zorua adreilu ezberdinez apain dago, hain itxura erakargarrian egon ere, ze ia atzera egin eta ez zapaltzeko gogoa eragiten dizu; baina, bestalde, atsegina ere egiten zaizu bertatik gidatzea; lasai lasai ibiltzera bultzatzen zaitu; zoruko oztopoak eurak ere graziatsuak dira, min gutxiago egiten diote bai gidariari bai autoari.

 

Lurralde osoa da uda-herria; biziki zaindua; berez erakargarria izanik ere, erakargarriagoa bilakatu nahi dute, txukuntasuna, gustua eta grazia azaldu nahi dute, zerbait badirela, alegia. Banan-banan, lastozko teilatu asko dago, ederrak dira landetxeak ere.

 

Nijega/Niyegen, Burgun/Bergun... nederlanderaz ez ezik frisieraz idatzita daude ia herri guztien izenak errepidean: bada nortasun kezkaren bat herrialde honetan, nortasun adierazpenak dira izenok: hizkuntza  edo izenak errebindikatzen dituzte behintzat.

 

Artalde beltza, bildotsak ere beltzak noski, ubide alboan baskan: ilaje hori  ez ote ubidean bainatzearen ondorena?, hain beltzak!, tindatzen ote dituzten ere.

Ezkontza kotxe erreskadak lazo zuriekin.

Arratsaldea aurrera, luzeak dira argi gorriko ilarak eta egonak: arratseko zirkulazio arazoak ditu Holandak.

 

223 kilometro, Frisiara ekarri gaituztenak.

 

"Baleen berbaroa", Edorta Jimenez: 

* "Etxetik urrun denok umezurtz". Etxetik urrun, alditan nahiko umezurtz sentitzen gara bai, baina bestelako parametroetan jarri behar dira batzuetan urruntasuna eta zurztasuna.

 

 

Maiatzaren 21a. Osteguna. 26.a - H25.a

 

"Isladak", Unai Iturriaga:

 "Entzuten dakienak du soilik bizia ikusten". Guk bidaialdian entzun entzuten dugu, asko gainera, baina ulertu piperrik ere ez. Horregatik ez dugu holandarren bizia oso azaletik baino ikusten.

 

Txorien goiz-sinfonia dugu kontzertu kanpineko goizetan, ikusgai berriz faunako hainbat hegazti ezberdin: bele ala uso den igartzea zaila zaigun hegaztia gehitu zaio orain arteko hegaztiteriari; beltza da kolorez, ibilera eta gorpuzkeraz berriz uso, bikote bihurri, agian bakartiren baten meztizajearen ondorena ote.

 

Zabor-bilketa selektiboa egiten da kanpin honetan: bost ontzi  ezberdin daude; Holandan bizpahiru lekutan soilik ikusi dugu holakorik, beirarentzako ontzi ezberdina bai sarri aurkitu dugu, baina pilak lurrean botata ikustea ere tokatu zaigu. Honetaz ere euskaldunon antzerakoak ote holandarrok?.

 

Lurralde ezin aproposagoa da Frisia bizikleteroentzat: bai lur barruan bai itsasertzean, lautada bakartietan zein itsasertzeko munetan mila bidegorri aurkituko ditu nahi haina kilometro egiteko, belartza eta ura lagun.

Ez zaigu aldatu paisaia fisikoa zein gizartekotua; agian hemengo zenbait herri txukunagoak dira orain artekoak baino, uderri jitekoak, atzo arratsaldekoen antzerakoak. Takian-potian haize-errota, noizbehinka artaldea, beti behiak; holandar abertzaleak dira frisiar nekazariak, behi zuribeltz errape handikoak dituzte, holandarrak, bertakoak.

Herrietatik albo lautadan barreiatuta daude landetxeak, zuhaitzez inguraturiko eraikin multzoa da bakoitza: etxebizitza, ukuilu eta gainerakoak; tarteka lastozko teilatua kortetan, hala ez denean uralitazkoa, etxebizitzako teilatuak, berriz, adreiluzkoak dira. Zaldia tarteka; ospe handikoa da bertako zaldia, zaldi frisiarra, baina ez da askorik larrean, agian zaldi-arraza ona edo berezia izanen da, ez ordea ugaria; ez ditugu ezberdinak ikusten zaldi frisiarrok, dotoreak bai badira, zaldi oro baita dotorea. Frisian ere ubideak, ez handiak, zelai ertzeko erreten zabalak besterik ez dira. Aintzira, padura, putzuak, ..., ur ugariko lurraldea da Frisiako hegoaldea; drainatuagoa dago lurra Iparrerantz.

 

Lur berde eta zelaietakoa ere bada trikua: hemen ere ugari galtzen da errepidean gurpilen azpian.

 

Txalet taxuko etxetxoek osatzen dituzte herritxoak, ez dira etxebizitza arruntak. Eliza-dorreak dira herri orotan gorantz egiten duten zer bakarrak: badira bitxiak eta apartekoak: dorreok alderatu eta sailkatzea da gidari edo bidaiariaren joan lasaiko denbora-pasa, lautada era bat berde monotonoan.

Behiak, behiak... eta behiak, denak holandar abertzaleak, noizbehinka etorkin beltzen bat. Sakanan bezala belarra edo simaurra plastikopean gordeta, pilo luze berdin tolestuen gainak pneumatiko beltzez haizearen kontra babestuz finkatuak.

Iazko arto-sailen ipurdiak oraindik zut, horiek izan dira ikusi ditugun arto-sail bakarren arrastoa: hiru untxi edo erbi bertan.

 

Ee. Bizkaiko Ea bezain  izen motzekoa; bi letrakoak izanik biak, izen erdia dute ezberdina. Ezin izan dugu jakin izena bezain motza edo txikia den herria.

 

Dokkun. Etxetxo pila herritik kanpo, berriak, erreskadetan, herritxoa osatuz: udatiar edo asteburutiar asko dator hona: etxean kalean zein herrian oso itota aurkitu behar du bere burua multzo horretan sartzera datorrena, agian asko ahal du lagunarteko modak.

Herri txukun-txukuna, bisitariari erakusteko prestatua, gustagarria; sarrerako ubide bazterrak erabat dotoreak dira eta zainduak daude, urak zikin planta badu ere; ubideraino heltzen dira jauregi edo txaleten lorategi zainduak jauregi edo txaleten lorategi zainduak¸ motordun txalupak eta yatetxoak franko ubidearen ertzetan. Ez du ezer berezirik erakusteko baina osotasunean da erakargarria eta atsegina. Etxe baxutoko kale luzeak elkar trabatuta: badira etxe jatorrak, bada herria erditik zeharkatzen duen ubidea, badira elizak, bada udaletxeko teilatuan kariloia, baina batez ere guretzat waag gertatu zaigu deigarria: balantza deritzogun eraikin txiki moinonoa, plaza zabal edo kale estua den batean isolatua, kafetegi eta denda bihurtuta. Kale mortuek erakutsi digute jaieguna dela gaur, Asuntzio eguna dela jabetu gara: S. Bonifazio, elizkizuna dute, baina bezeroak preso daude barruan, itxita baitaude ateak, agian molestatu ez ditzaten giltzapetzen dira; santu-irudi eder eta berezi bat du kanpoko horman, bi ahate oinean dituela. Bigarren eliza,  elizkizun ondorentxoan heldu gara, eta gure ikusminak irekita harrapatu ditu ateak, ateak ixteko kanpora bidali gaituzten arte gu eta gurekin fortunatu diren autobuskada jubilatu alemaniar; leiho handiko xume argia da, zurezko ganga zarpeatu zuriak eta adreilu gorriko horma erakargarriak egiten dute deigarria eliza; ez du ezer barrutik baina ez dago biluzik; zurezko pulpitu landua da elizako interesgunea, eliza erabat betez bertara zuzenduta dauden  eserlekuek diote pulpitua dela elizkizunen ardatza; 1688ko organo ederra, hilausa beltzak zoruan; ez da inor belaunikatzen eliza honetan, ezinezkoa da eserleku artean egitea.

Futbol zelaia.

 

Nekazari herritzat aitatzen du gidaliburuak, hala bada nekazari ondo-biziena behar du izan, uderria baita, batez ere. Peskariak ubide ertzean ur zikin koloretakoetan arrantzan, nonbait zikin koloreak ez du ezer txarrik adierazten.

Itsasotik 6 kilometrora, portu bizia izan omen zena lurrak drainatu aurreko garaian.

 

Txorimalo bitxiak; irudimena du soro horretako nekazariak: eskuak dabilzkie biraka bizian, txoriei seguraski bost axolako zaie  baina gizakiontzat irudi eta ikuskizun polita dira. Jaieguna arren bada nekazari bat traktorez soroa lantzen etxetik duela hegazti eta txori banda.

Ez dugu zerririk ikusi Holanda osoan, ezta zerri usainik usaindu ere nekazari etxaldeetan. Zerri kortan dute nonbait zerria, euskal baserrietan bezala, bakoitzak berea, agian urterako bakarra.

Oso futbol-zelai gutxi ikusi dugu Holandan.

Elizak dira herrietako eraikuntza handi bakarrak: hemengo jainkoa ere handia da nonbait, agian harroa.

 

Schutsluis. Iparrean dago. Txinako harresia bezain luzea eta sendoa baina belarrez berdea, muna sendoa da itsasertz osoa, itsasoari muga jarriz eta lur-barrua babestuz; ardiek bazkatzen dute bertan; gune batetan konportak.

Nondik ekarri dute dike hauetarako harria eta lurra?. Agian lur barrutik atera dute eta horregatik, hustu ondoren, dago hain behean!!!.

 

Skiermuntseach/Schiermonnikoog uhartea ikusten da itsas aurrean; “monje grisen uhartea” esan nahi du, zistertar fraideek zibilizatu zuelako lehenengoz; naturgunea da gaur egun; jende pila doa ferrysean asteburu edo egun pasa, ehunka autoak aparkalekuan utzita; askok darama bizikleta ferryan, autoa bakarren batek, kanpin-denda askok. Ontzi asko dago nasa eta zoko ugariko portuan.

Ez doa etorkinik asteburu-pasa, ez beltzik, ez indiorik... bertakoa da asteburu-pasakoa, horregatik ikusten dira hain ugari etorkinak hiriburuetan, eurak direlako bertan gelditzen diren ia bakarrak.

 

Itsasadar luze-zabala sartzen da lur barrura, luze-zabalak dira padurak naturgune bihurtuta, gizaki-uneak gordez tarteka.

etiketak: Bidaiak 68
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.