BIDAIAK 68. HOLANDA
Maiatzaren 17a. Igandea. 22.a - H:21.a
“Poemak”, W.H. Auden: "Asmakizun bilaua, kamara bera baino biziotsuagoa, kriminalagoa, izugarrikeria metalikoa" eta antzerakoak deitzen dizkio Audenek autoari. Egia da, baina autoari esker gaude Holanda ezagutzen.
Orain arteko kanpinetako berdeguneko faunari belea eta katu erraldoi buruhandia gehitu zaizkio gaur.
Loosdrech aintzira inguruetatik goaz Utrechera. Bide txikietatik doa gaurko bidaia, aintziraz aintzira, bazterrik bazter, txokorik txoko, noizbehinka lakua bera ertzetik edo erditik zeharkatuz; aintzira bazterretan padura; aintzira bakarren baten ezik ez dago giza arrastorik, ez peskaririk ez ontzi arrastorik. Moskito lekua behar du honek, ugaria behar du moskitoak herri hauetan, geldia baita ura eta belartsuak ur-ertzak, ezpata antzerako ur-belar luzeak padura askotan.
Aintzira ez bada ubidea dugu lagun.
Herritxoak zeharkatzen ditugu; txukunak, bakoitza bere ubidearekin, ezer berririk ez digute eskaintzen; bi ubide dute zenbaitzuk, alde bakoitzetik bat, altxatzen diren zubiz lotzen dutela errepidearekin, ontzien tamainara egokitutako zubi txiki xarmantak dira zenbait.
Herritarrak jaiko jantzita eliza aurrean edo elizara zein elizatik bidean, goiz erdian edo eguerdi aldera; meza-liburua dakarte askok eskuetan.
Nahiko hilak daude herrietako kaleak.
Ona da orokorrean errepidea; barea dago kotxez, gidariak ere lasaiak dira: ez dabil jaikotiar presati ipurterrerik, motorzaleak berriz saldoka, ziklistak inurriak bezain ugariak, ugari nabari da aisia-ontzia herrietako ubideetan; Utrech eta Amsterdameko asteburuko diasporaren eraginez.
Asko dira herritxoetan Saheruaren txanelak: azpi zapala, sakonera gutxikoa, galipotez babestutako beltzak; txanel hauek ordea bi aldetatik dira punta-luzeak.
Behia, ardia, zaldia, zelaia, ubidea, noizbehinka haize-errota, zubiak, zuhaitz ilarak, bizikletarientzako bidegorriak errepide albo bietan: aukerako tokia dute hemen xirrindu zaleek.
Plastiko beltz borobilean gordeta, silotuta, belar ebakiberria: lehengoz ikusten dugu Holandan.
Erabat estutzen da errepidea edozein etxegune edo herri-sarreran, norabide bakarrean kotxe bakar batentzako zabaleraraino; tontortzoak daude zoruan jarrita, borobilak zein luzexkak, tokian tokiko ezberdinak, abiadura nahitaez mantsotuaraziz. Iragarki edo polizia premiarik gabe.
Loenen. Udatiar girokoa, kaledi txukuna, ubidea, ubide alboan kafetegia, aisia-ontziak, haize-errota... begiratzeko polita eta bizitzeko lasaia; zenbaitek ortua du etxe alboan. Herri osoa dago nonbait elizan heldu garenean: ikusi egin ditugu eliza batetik ateratzen; handienean elizkizuna dago, hitzaldia zein organoa entzun ahal baita, baina sartu ezin da sartu ate oro fermuki itxita du eta; apaizak jantzi beltza eta paparreko zuria ditu jarrita ikur bezala eliza aurreko erakusleiho batean, bizikleta ere jantzion lagun.
Harritzekoa bada ere ez da kariloirik entzuten!!!.
UTRECH
Barruti politiko propioa du hiriak eta inguruak.
Hirira hurreratuz zabala da ubidea: jai giroa du, marinel asko dabil mota guztietako kanoa, yatetxo eta aisia-ontzietan; etxebizitzak dotoreagoak dira, jauregitxoak dira ubide alboan bere zubi eta lorategi zabalekin: Utrecheko jauntxo, nabarmena da aberastxo eta ondo-bizien eragina eta presentzia; gaztelu itxurako bi jauregi, urez inguratutako gazteluak bailira: krokodiloek ezin dute hemen ur dena edan. Gereziondo sendo sail oso zabala, gureetako sagastiak antzo, baina dena sare batez estalia, harri edo txoriengandik babesteko.
Bidaia atsegin eta lasaia.
Utrech. Maiatzaren 7an inguratu genuen hiria hegorantz, bulegoak zitezkeen etxe-orratzak nabarmen, baina hiriguneak berak ez du etxe-orratzik; zabala, bide luzea egin dugu kaleetan erdiguneraino ezer apartekorik gabeko adreilu-etxetxo baxuko kaleetan.
Ubideek inguratuta, ubideek zeharkatzen dute erdiguneko bihotza edo zaharra. Eguerdian pizten da hiria, arteraino kanpotar bakan batzuk soilik gabiltza kaledi bakartian. Zuhaitzez osatua, atsedentoki, bilgune, hitzordu-leku, egontoki bihurtu da ubidea; ura zikina den arren, ertzak apaindurez biluziak izanik, bizia du, zuhaizpeko kafetegi eta kafetegietako mahaiterian dago eserita jendea eguerdiko trago lasaian; ubide ertz gainean oinezkoen pasealeku kuxkuxeroa, non behean eseritako edaleei begira doan ibiltaria. Monumentu eta txoko ezagunen inguruko plaza txukunak ere jendez lepo, bazkalaurreko edari erritoan. Kaleak berriz mortu daude. Atsegina da ibili lasai bakartia.
Ez du zer begiratu handirik, baina beti dago fatxada edo etxetxo interesgarriren bat, ez asko: 1300. urteko dorrea, -Holandako dorre garaiena omen dena-, ikusi eta ikusiko ditugunen artean goren jazo zutena: 112 metro; ederrena ere bera omen, baina nik gustukoagoak izan ditut beste zenbait; goiera guztiari eusteko azpi sendoa behar eta halakoa du, arku zorrotz batek arnasa eta arintasuna ematen dio harri tolestuaren astuntasunari. Katedrala: Holandako gotiko ederrenekotzat jotzen du gidaliburuak, erabat belztuta, espainolek alde egin ondoren garbitu gabe edo; begiluzeek ere jai dute ordaintzen ez badute, ate ertzera muturra sartzen ere ez digute utzi; kalean dagoenez absidea, ezin dute preziorik jarri begiratzerai: sendoa; orratz zizelatuak eta animaliak irudikatuzko gargola tailatu ugariak; mirakuluz, agian elizara erakartzeko amu, zabalik dago klaustroa pobreontzat: arku gainetan taila politak ditu, brontzezko iruditxo atsegin bat iturrian; dorrearen ikuspegi zabala eskaintzen du. Pieterskerk, S.Pedro eliza, gidaliburuaren esanez herriko bitxia eta gutxi bezalakoa: ez zaigu halakoa iruditu. Saltoki erraldoia, geltokia eta erdigunea elkartzen ditu; geltokia, berria da, zabala, denbora pasakoa ere bai hainbatentzat; saltokipean dago aparkalekua, labirintu sartu ezinekoa bihurtu zaiguna kotxe bila joaterakoan.
Kalearteko maratoia izan dugu gaurko herriko jaialdia: betiko korrikalariak neke luzean; oso gutxi txalotzen du jendeak, gutxi batzuk gelditzen dira begiratzera; Maria Luisa eta biok gara hitzezko animatzaile bakarrak; harriduraz begiratzen gaituzte ikusleek eupadaka entzuten gaituztenean, korrikalariak, ordez, begirada argiz, keinuz edo irribarrearekin eskertzen dizkigute eupada eta txaloak. Propagandako esnea oparitu digute lasterketa unean, paseoa gozatuzko izozkiarekin bera izan da bazkari ordura arteko indar berritzailea.
gaurko omleidinga da izan maratoia: hertsi egin dituzte hainbat kale, hainbat aparkaleku ere hertsita daude igandea delako, beste hainbat aparkaleku bezero izendatuei mugatuta daude... ; kosta zaigu baina kokatu gara erdiguneko kokapen egokian; diruz eta berez erraza zen arren, garestia atera zaigu bilatze ahaleginean aparkalekua.
Gaur ikusi dugu kale batean bigarrenez tandema hainbeste bizikleta dagoen Holandan.
Espainiera, gaztelera dialektoan, entzun dugu kaleetan: Amsterdamera R.Madrid txalotzera etorritakoak?.
Moldatzen zen frantsesez garaje sarrera galdetu diogun gizontxo prestua, ingelesez ni baino okerrago, "vascos?, entonces ya saben español": ingelesez haina zekien gazteleraz.
Herriak bota zituen espainolak hiritik: euskaldunon amets eta itxaropena.
Utrecheko paktua ere ikasi genuen eskolan, erabat ahaztuta dut nortzuk egin zuten eta zertaz izan zen.
Etxera bueltan museoko koadroan ikusitako haize-errota, teilatu koniko gaineko haize-errota hura, ikusten dugun bigarrena.
93 kilometro, laku inguruko lasaiak.
Denbora-galdu lasaiko arratsaldea.
Maiatzaren 18a. Astelehena. 23.a – H:22.a
Kosta zaigu baina aurkitu dugu bila genbiltzan bidea, labirintoa dira errepide txikiok kanpotarrontzat.
Bi aldiz galdu dugunez norabidea, lautan zeharkatu dugu azpitik itsasadarra: zirrara sartzen du halako ur-putzua gainean duzula jakiteak.
Zuizerdee lakuaren Mendebal kostaldeko herri eta itsasertzetik da gaurko bidaiaren erdia: eskuinera itsaso itxia, kotxetik ikusezina, muna garai luze berde batez babestua baitago lurra; muna gainetik bidegorria: polita behar du izan bertatik bizikletaz paseoa, lurra alde batera itsasoa bestera. Betiko paisaia berdea da lurraldea; ohitu gara paisaiara, ez digu ezer berri askorik eskaintzen, baina ederra da, lasaigarria eta atsegina; behiak, noizbehinka haize-errota edo zentral eolikoa; aintzira zabalak eta padurak dira berritasun eta desberdintasuna, noizbehinka ahate eta ur-hegaztiak ehunka.
Ona baina estua da errepidea, bertako nekazaritzarakoa: inor guti dabilenez, paregabea suertatzen da bertatik gidaritza; asteburuan, baina, ez da giro izanen.
Durgerdan. Belauntzi moderno asko du itsasertzean baina arrantzale-herri itxura du; herritxo txiki polita pasoko bidaiariarentzat, itsaso eta lur lautaden erdian kokatutako etxe ilara errepide alboan; fatxada puntaluzeko etxetxo txikiak: aurrean itsasoa, ostean zelaia, behi pilo batekin lautada berdea alde batera, masta luzeko belauntziekin lautada urdina bestera, haize eta eoliko errotak denak biraka paisaiako masta luzeen bertikaltasuna biribiltzeko.
Dena da behia eta belarra lurralde osoan, artalde gutxi. Bigarrenez belarra plastiko borobiletan silotuta; ba zen ere nekazari bat belarra eguzkitan iraultzen lehor zedin.
Lur landuak izanen dira egun batean aintzira eta padura hauek.
Uitdam: txikitxoa, itsasoa eta aintzira-paduren artean, lur munek itsasotik babestua, landetxe ia bakoitza urez inguratuta.
Lur-mihi batek lotzen du Marked lur barrura, bertatik doa errepidea urek bilduta. Uhartea izanen zen garai batetan Marked lotura hau egin zioten arte.
Urrutian, itsasoan bertan jaikiko bailitz, faroa: efektu misteriotsu berezia eragiten du, sorgindua bailego, irudimena astintzeko irudia.
Marked
Herrira oinez sartzea ere kobratzen duten herria: autoa aparkalekuan uzten duzu edo bazoaz etorri zaren bide bakarretik; horrez gain bidaiari bakoitzak ordaindu behar du gelditu nahi badu; ziklistek soilik dute sarrera doan, oinezkorik berriz ez dator inor hona, urruti baitago.
Itsasoak erabat inguratuta, ubideek gurutzatua; ur gainean paldo, piloteetan, oinarrituz eraikitako etxeak; berdez eta marra zuriz pintatuta egotean datza batez ere etxeon berezitasun begietara nabarmenena; dena da beraz berdea herrian, etxebueltako hesiak eurak ere berdez pintatuta baitaude: zenbait etxek garagardo iragarkiak dirudite. Erabat turismoari lotuta: dena da denda eta kafetegi, portua antzinako eta gaurko belauntzien gordelekua. Kolore bizi ezberdin askotako arraiadun gona-blusez janzten da emakume asko, bai etxeko lanetarako baita bizikletaz ibiltzeko ere, beti prest argazkiak atera diezaieten, horretarako daude egon ere nonbait; gizonezko bat ere ikusi dugu belaun azpira arteko praka beltz estuarekin eta txalekoarekin, bizikletan. Bada eliza inguruan kalexka estu motxak dituen etxarte polit bat.
Bisitaria etorri badatorkio: jubilatu belgikar eta japoniar autobuskadak, autoak ere ugari.
Herrian bertan dabiltza ardiak larrean.
Lixiba eguna gaur Markeden: sekula ez dut ikusi hainbeste kulero eta galtzontzilo eguzkitan jarrita ilaran.
Herri gehienetako etxe bakoitzak du bandera jartzeko burdinazko gakoa.
Handiak dira Holandako katuak.
Zentral eolikoek ez dute hainbeste zarata ateratzen; nahiko txikiak ziren gaur parean eduki ditugunak.
Monnickendam. Gelditzea merezi duen herri bikaina: arrantzale herria, itsas ertzeko behe solairuko etxe txikiko kale estuek osatua; itsasotik bizi da, aingirak dira bertako arrantza nagusia, ketu egiten dituzte; aingira arrantzaleak badu bere monumentua portuan; gaur ba zen arrain erre usaineko kea kale batean; horrez gain turistei etekina atera asmoz alokatzen dituzten antzinako belauntzi pila. Portu zabala, baina batez ere luzea, ia ubidea. Kaletxo luze xarmanta etxetxo oso politek osatua; leunduta eta mehetuta daude espaloietako harlauza gris zabal sendoak. Ubideak, konportak herri barruan bertan. Museo bihurtuta dagoen eliza potxoloa, kanpai piloko kariloia du dorre lirainak: laurdenetan lauzpabost notako sona motza jo du, baina herrian harat-hona genbiltzala, zubi baten gainean geundela izan da ordu osoko kontzertua leuna; badu irudizko kariloia ere baina ezin izan dugu ikusi. Sen handiz dotoretu eta zainduak daude zenbait etxebueltako lorategiak.
Nederlanderaz, alemaneraz bezalatsu, kai izendatzen dute portua: nor nori nork?.
Uda-udako beroa darabilgu, mahuka hutsetan eta praka motxetan gabiltza.
Volendan.
Haize-errota batek ematen dio ongietorria errepidean bisitariari. Etxe ilara luzea herria itsasotik babesten duen muna gainean, barruko sakoneko behean beste ilara bat etxe gainekoaren paralelo: hainbeste etxetxo leiho-zorrotz ilara artezak bereziki jotzen du begira, beste ezer berezirik eduki ez badute ere berenez, bakoitza oso xumea bada ere.
Turisterri petoa, udalekua, uderria; kafetegiak eta dendak portuan eta portu gaineko munan; jendea erruz bertan; arraina dute salgai portuko eta turisten kaleko txosnetan. Herriko kalediak baditu Erdi Arokoak diruditen kalezulo eta pasabideak; hila dago herriaren zati bat, nahiko utzia ere bai: badirudi bi mundu ezberdin direla: portuko turistena goian bata, herriarena behean bestea. Herri polita da izan, beheko zati hau ere, txukuna, Holandako herri orok ohi duen bezala, turisten kalearekin alderatuz hain zaindua ez badago ere.
Leiho apaingarri, zurezko markoan jarritako harizko eskulan politak daude etxe askotan.
Moskitoen antzerako milaka intsektu berdeek betetzen zuten etxeen gerizpeko kristalak goiko kale luzean. Moskito asko behar du egon hainbeste padura eta ur geldiko kanaletan.
Saeruaren txanelak berriz ere, ubideetan, zapalak, galipotez belztuak, baina puntaluzeak bi muturrak.
Edan. Herri osoa da xarmanta, egon zein ibileku aparta; txikia, maitagarria, bisita gustura egiten diozun horietarikoa; ezer harrigarri edo berezirik ez badu ere orokorrean da erakargarria. Aparkalekua ere doakoa du. Ubide bata ontziena da, herriarena bestea; azken hau bizia, zaindua; badu zubi kurbo bat, ubide gainean zubia bera ia plaza dena, alboko plazari luzapena edo arnasa eskaintzen diona; XVII. gizaldiko etxe pila, bikainak nahiz ez sekulakoak; itxita dagoen eliza baten kariloi-dorre pospolina.
Ba ote uhin eta ekaitzik inguru osoan hesiak jarri dizkioten Zuizerdee itsasoan?. Harresiz bildu dute itsasoa, Txinakoa baina harresi mila aldiz luzeagoz.
Bitxiloreak dira errepide bazterreko loreak, Holandan ere.
Hoorn. Gosez eta nekatzen hasiak heldu gatzaio, beranduxe gainera, ez dugu bertan gozatu, baina herri galanta da bai tamainaz bai ederrez. Bizpahiru oinezkoen kale ditu, bizi-biziak, jendetsuak, alaiak; etxe eder ugari. Balantza, harrizko xumea baina alaia; alaia ere udaletxea; plazan museo bilakatutako jauregia, kolore nabarmeneko armarri irudi eta leihoz erabat apaindutakoa.
Hoorn lurmuturtxo baten bazterrean dago. Ingelesez Horn da, Hegoamerikako lurmuturraren izena bera; holandarrak nabigatzaileak izanik ez ote harremanen bat izen bertsuko lurmuturron artean?.
Beste une batean biziki gozatuko genuela sentipenaz egin diogu agur hiriari. Gure erara bazkaltzeko aukerarik ere ez digu eman.
Patrika prooioan huskeriatxo bat bihurtuz gordetzen den zira bat erosi dut, etxean utzi bainuen neurea.
Kale nagusian bazen zerbaiten propaganda eginez jende multzoa bildu duen ekimena.
Ez dugu ez etorkinik, ez beltzik, ez sortaldekorik ikusi itsasertzeko herriotan, ez dago nonbait kanpotarrentzako lanik; hiri eta fabriketako lan gogor ezatsegin eta zikinak dira beraientzako gordeak daudenak.
Horrenbestez, lur barrura jo dugu berriro. Tulipanak loratuta ikusi nahi ditugu berriro, argazkia atera sail koloretsuei: tulipan sail izugarriak daude baina oraindik loratu gabe, Maiatzaren hondarrean tulipanen argazkirik gabe joango naiz Holandatik une egokian atera ez nuelako geroko egokiagoaren esperoan.
Barruti honetan soilik ikusi dugu lurra zorrotadaka ureztatuta, tulipan sailak ureztatzen dituzte hain zuzen.
Berriz ere errepide artezak lur lauan, kaleak bailitzaz.
Haize errotek Holandako Kixoteak gogarazten dizkidate, polderrak sortu dituzten Kixoteak.
Alkmaar.
Egunaren hondarrean, azken eguzkira, jelatu italiar batez gozatzeko hiri aparta. Ubideak bildu ez ezik zeharkatu ere egiten du bihotz-bihotzetik, plaza nagusitik; berak girotzen du nolabait hiria: turistaz beteta dabil ontzi bat, kafetegi bihurtuta dago zubi zabal bat; baina hemen ere ubidea hor dago egon bere zeregina betetzen eta bere alboan herria; herria eta ubidea ez daude haserre, ez kontrajarriak, baina bakoitza bere lekuan, bizitza-loturarik gabe, ubidea ez da hiriaren zati bizi bat, hiriari uraren arazoa ekiditen dion zerbait baizik; ez dirudi ubidea herrikoa denik herriak onartzen badu ere. Kale artez mehar luzeak, perpendikularki elkar gurutzatuak. Aparta da waag edo balantzaren eraikuntza, handia eta ederra, azulejozko irudiekin edertuta; bere dorrea, lerdena, sona luze eta bizikoa kariloia, ordu osoetan lau zaldizko zuriak eta ilunak ateratzen zaizkionak balkoitxora kanpai-hots bakoitzean. Bizia eta bitxia da giroa gaur dena kafetegia den plaza nagusian: zabala, bertan ostiralero ospatzen omen da udan gazta pisatzearen errito berezia; gaur jendea egon lasaian dagoen toki berean. Adreiluzko udaletxe zuri-gorria, koketo arranditsua alde bietarako mailadi handi-mandiarekin. Zurezko etxe beltz bat. Bada hiriari tokatzen zaion elizatzarra ere, sartzea kobratzen ez omen baina hertsia dagoena.
Ubide batean 1573an espainolek emandako kanoikadaren bala edo bola dago ikusgai etxe bateko fatxadan, oholean inkatua, geratu zen bezala iraun duena.
Kofia zuridun ur-hegazti beltzak ere ubide-kantoiko ur gainean du bere habia, belar eta plastiko zikinez egina: arrautzak berotzen dago fin eta geldi.
Kariloiko sona Euskal Herrian herri-kantu bihurtu zen "Ez dok hamahiru"rena izan da.
Fardoak egiten ere ikusi dugu gaur, beraz denetara jasotzen dute belarra Holandan ere.
Holandan ere lanordu ondorengo orduetan badakizu noiz ateratzen zaren bidera baina etxera noiz helduko zaren ez. Geldoa ez, geldia izan dugu trafikoa; butxadura trinko eta etengabea, neurtu ezineko kilometroetan.
Autobiak baditu bere lege bereziak: zergatik ez dakizula orain zoaz geldi orain azkar, trafikoak berak ezartzen duen legearen eraginez, barne-lege kontrolaezina.
Heldu gara!.
174 kilometro, itsasertzeko goxoak, lur barruko tulipanik gabekoak, zatika egin ditugun kilometro asko.