Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 68

BIDAIAK 68

Jon Etxabe 2020/11/06 11:25
IPAR HOLANDA. Amsterdan

Maiatzaren 15a. Ostirala. 20.a – H:19.a

 

“Poemak”, Auden: "Ileordedun Descartes-ek azti mozorrotuak baino gehiago "outzè"-ago dirudi".

 

Bi erraileko errepide asko dago hiri handiko inguruetan; bada ezkerrera irteerarik ere, baina argi gorriz babestuta dago beti.  Nahiko harrituta gaude nola atera garen onik inguruko errepide korapilo nahastuetatik. Tirabirak eta haserretxoak,  tentsio-gune biziak tarteka, urduritasuna, noraezean batez ere omleiding dela eta, ustekabeak, hutsegiteak, kotxe zaparradak, erabakiak lipar batean hartu beharrak, alboko eta atzekoen presa eta presarazteak... baina heltzen gara helburura, onik heldu ere.

 

 

IPAR HOLANDA

 

Estua ez denean zabala, baina beti kanala.

Bakarrak dira horitzeraino lehortzen, lastotu arte utziak, ikusi ditugun belar sailak: berdetan, ebaki berri, jasotzen baitute belarra; fardorik ez da ikusten, plastikoan bildutakorik ere ez, sabai edo belar-zulo handiak dituzte nonbait.

Auto modelo zahar banaka ugari ikusten da errepidean, zainduak eta sasoiko: bada  jende apetatsurik.

Autobidea zabaltzen ari delakoz, tarteka ilara luzeak, egonaldi astunak, erreskada aspertuak sortzen dira: hemen ere, kilometro gutxirako ateratzen zara baina ez dakizu noiz helduko zaren. Egonaldi batean, bi kamioiren tartetik, haize-errota izan dugu ikuskizun eta lagun errepide ertzean.

Oso trinkoa da zirkulazioa Amsterdam aldera, Rotterdameko portuak izan dezake horretan eragina, Amnsterdam-ekoak berak ere, nola ez Alemaniako atea izateak.

Etxetxo karratua  kono baten punta zorrotzean da haize-errota bat, ziba baten ertz zorrotzean kaxa bat bailitza: oso bitxia, erabat ezberdina, ikusi dugun bakarra.

Azpitik pasa ditugu Amnsterdaneko aireportuko zenbait pista eta aparkatutako hegazkin, tunelez zeharkatzen baitu errepideak aireportuko zati bat. Bertan daude hegazkinok, errepide alboan, txapel gainean ere izan dugu bat.

 

Kanpina.

Urduri jarri arteraino luze joan zaigu bidaiako azken zatia, ingurubidean aurrera uste genuen baino aurrerago baitago kanpina, baina heldu gara; mila protokolo ondoren kokatu dugu etxe ibiltaria.

Gune karratu batetan daude banatuak kanpin honetako zerbitzuak, zerbitzu bakoitzeko atea besteengandik  oso banatuak albo ezberdinetan. Dutxa bakoitzak gomazko ahoa duen eskuarea du: bakoitzak garbi utzi behar du, zorua behintzat.

Kanpin oso zaindua, kanaltxoek bereizita bakoitzaren esparrua.

 

Metroz: Metroa ez da zaharra ez modernoa, xume funtzionala: holandar praktikoa. Lotegi diren hiriburu inguruko herri eta etxetzarrak, bidaiarien gehiengoa arraza beltzekoa izatea, eta kilometroetan trenbide kontrako hormetako graffitiak izan zaizkigu lehen zirrara eragin dugiten xehetasunak. Lurpean sartzen da metroa hirira sartzean.

 

Amsterdam.

Lurra lehortuz, ura hesiz eta bideratuz, sortutako hiria, ur gainean eraikia, zurezko euskarri edo oingarrien gainean omen eraikuntza asko edo gehienak: nondikako zuhaitzak ote?. Modako mitoa omen Amsterdam; bertan dabilen kanpotar jendetzak hala egiaztatzen du. Sentipen bizia sortu digu lehen begiradak geltokitik irtetzean: dena bizi eta koloretsu, inurritegia dirudi aurreko plazak, eten gabe joan edo dator oinezkoa, aurreko ubide gaineko zubia bera etengabeko joan etorrizko jendetza  da, urrutiagoko kale dena da mugitzen den giza itsasoa, bizikletak, bata bestearen atzetik, bizpahiru batera paraleloan sarri, alde bietatik doazen eta datozen tranbiak, ontzi ugariak ubideetan batez ere turista garraiatzaileak, etxetzar bat, eliza-dorre lerdenak, zeru urdinean gutxienez bost sei hegazkin bere arrasto zuria atzean: izugarrizko barne astindua ematen dizu lehen eraginean.

 

Kale estrategikoetatik hiriari ordubeteko bira ematen dion tranbia hartu dugu hiriari gain-begirada bat eman asmoz: jendez gainezka dagoen hiri mamua iruditu zaigu. Turista hiri petoa, masifikatua, dena denda, kafetegia ugari, plazetako eta espaloietako mahai-jarlekuteria etengabea, jendetza egon lasaian... Hiri guztia dago bor-bor, jai giroan. Hiri handiegia, hiri handi zaharra, ez da potxoloa, ez xarmanta. Ez du antzinako eraikuntza ikusgarririk, tarteka ez bada: kontrastez, antzerako tren-txutxuz Prahan egin genuen ibilia gogoratzen genuen, dena eraikuntza ikusgarria baitzen han. Tristeak iruditu zaizkit ontzi edo ur gaineko bizitokiak ere: kanpineko etxetxo aurrefabrikatuak ur gainean igeri jarrita, utziak bezala, premia gorrikoen nolabaiteko etxebizitzak.

 

Oinezkoari ekin diogu ondoren, 3 orduko ibili lasai etengabean: Amnsterdamekin adiskidetu naiz, gogoa harrapatu dit, sentipena baikorra nereganatu zait; gustura sentitu naiz: argia, zabala ubideek ematen dioten zabaltasunarekin, kosmopolita; bisitariok patrikak beroegiak ez ditugula adierazten dute saltoki merkeek.

 

Badu xarma hiriak. Badu bere ukitu berezia jendetzak: jende asko dabil presaka, bertakoa zein dena denbora laburrean ikusi nahi duen  kanpotarra, baina patxadakoa da gehiengoa. Kale jendetsuek ez dute beste itxura berezirik edozein hiriko kale jendetsuengandik.

Asko ibili behar da begirada orokorraren ondoren hiria deskubritzeko, oinez eta patxadan, presarik gabeko barne pauso lasaiari lotuta, dendateria merkeko kaleetan jendartean galdu gabe, aurkikuntza lana eginez.

Badira eraikin handiak, ez harrigarriak baina ederrak, bada etxe, txoko eta bazter politik: bilatu egin behar dira.

 

Ubideak aitatu behar lehenik, hiri osoa baita ubide, etxe bitarte orok du bere ubidea erdian: Amsterdamekoentzat ere balio du aurreko herrietako ubideei buruz aitatutakoak; hauek ez dira ubide politak, dotoretuak, funtzionalak baizik, etxeak eraikitea ahalbidetzen dutenak; bere ukitu kilikagarria dute; inguru lasaia, gustura paseatzeko ibilbidea: xarma du ubide arteko ibiliak. Egia da ur gaineko etxeek ez dutela berenez graziarik, baina grazia ematen diote ubideari. Mila eta bi zubi ubide gainean. Geltokia, handia izateaz gain eraikuntza ederra ere bada. Dam plaza: bizi bizia, gazteen biltoki izan omen zen iraultza giroko egun haietan: jendeak, gazteak, musikak, usoek, erret jauregiak eta elizak seriotasuna ematen badiote ere; bertan erromatar armatuak zaldun egin nau sos batzuen truke. Spui plaza: hiriko liburutegien ospeari jarraituz, liburu saltoki oparoa bihurtuta dago; soinujole nagusi batek girotzen zuen berez ere lasaia zen liburuzaleen giroa. Plaza alboan, Begijnhof,  hiriko etxadi antzinakoena, non dagoen hiriko etxe zaharrena, zurezkoa; sarreratxo estu pare bat dituen patio zabala du erdian, etxadiko bizitza-giro propioarekin; barrutik zurezko egitura duen eliza ere badu patioak. Plaza berean, Unibertsitatea: sarrera  den areto zabalean juduen aurkako nazien jokabidea eta gaurko nazien jokabidea loratzea lotzen dituen erakusketa. Rembrant, han dago patxada ederrean eserita, jendartean bakarti, bizi izan zen hurreko etxea gogoratuz. Etxetxo bakar belztxo bat plazatxo batean, auskalo zein marinelena, ipuin ukitua emanez hiriari. Hiriko atea izan zena, gero balantza, gaur bost dorretxoko gaztelutxoa dirudiena, kafetegi bihurtuta dago, patxadako jendez inguratuta. Singel kalea, loradenda bihurtuta ubide ertzean. Udaletxe ingurua, rastroa da. Kale jendetsuetatik bertan baina bakarti, lasai, turista ontziak dabiltza. Eliza berria: entzuleen tribuna bihurtuta dago zutabe buelta bakoitza, taila izugarria da txapel erraldoidun pulpitua, sabairainoko organoa estalki kurbo artikulatu pintatuez estalia, presbiterioko itxidura urre koloreko sare sendo deigarria, beiradura ezohizko irudiduna beti bezain handia; ordainduzko erakusketak hartu du eliza erdia; kafetegi baten barrura doa zuzenean elizako irteera bat. Eliza katolikoa: iluna, 3 aldare berri zur landuzko taila ederrekoak,  gurutze-bideko koadrotzarrak hormak betez; amabirjinari jarritako kandela pilak argitzen du korupea. Izugarrizko kuartela du poliziak.

Jendez lepo daude kale komertzialak.

Erretena ezik ipurdi masail ederrak osoki erakusten dituen neska zerbitzariak bereganatzen ditu kale ibiltarien begiak, kafetegia ere mukuru dago bezeroak ipurdiok hurragotik miatu ustez edo.

Kafetegi batean Goliat izan nahi duen armatuak sabairaino heltzen den lauzpabost metroko garaiera du: bezeroak uxatzen ditu, begiluzeak erakarri.

 

Seietan hertsi dituzte ateak dendek, zabor poltsez bete eta zatartu dira kaleak: etxera bidaltzen gaituzte. Gautxorien ordua hasi da.

Amsterdamen ere ubide inguruetan oinezkook ez dugu ia non ibili: kalea dute autoek, bizikletek bidegorria, oinezkook ezer ez.

Espainiar autobuskada iritzi da hirira: asko entzun dugu Gaztelako dialektoa. Pankarta soil triste batzuk gogorazten dute badela laster Amsterdamen futbol txapelketako azken partidua.

 

Etxera itzuleran astoa ikusi dugu metrotik, beltza, larrean, geldi, filosofatzen bezala, gogoetak hausnartzen: azken ukitu erromantikoa eman dio egunari.

 

Ez ditut hartu gaurko kilometroak:  Holandakoen azken usaia darie.

 

Hozkailua hondatu zaigu.

Holandar bikote gaztea eta alemaniar bikote heldua ditugu auzo kanpinean, inolako errorik bota gabe egun gutxirakoak dirudite, gu bezala.

Zoologiari dagokionez txorikantu ozenez gain mika buztanluzea dabilkigu ingurumarian lurrean mokoka. Agertu da zozoa, zizarea azaleratu du mokoz, lipar batean irentsi du eta joan da:  bizibeharraren lehia. Hala gaude Atutxa eta Mayor jauntxo beltzen mende, baina batez ere zozook bidaltzen dizkiguten auskalo ze jauntxo anonimoren mende.

 

 

Maiatzak 16a. Larunbata. 21.a- 20.a.

 

Nolako etxetzarrak Amsterdam-era trenezko bideko tarte batean: gizakien biltegia, pertsonen metaketa, gune meharrean jende pila gordetzeko tokia eta teknika, pobreen etxe merkeak; bertako geltokian azal beltz eta iluneko bidaiariak dira nagusi trenean sartzen direnen artean.

Ikusten dudan bigarren gereziondoa, ia alerik ez du, dituenak ia ikusi ezineko txikiak: denbora gutxian gizendu eta gorritzen ote hemen gerizak ala gureetan baino askoz beranduago dator uzta?.

Semea gurditxoan daraman aitak badaki nortzuk garen euskaldunak, euskaraz egiten dugula ere bai.

Tren aldaketa!!! Holandan ere. Euskotrenetik ondo ikasia dugu afera, beraz ez zaigu askorik kosta, gure umedun aitak ere lagundu digu, ez baikenuen ulertzen bozgorailuek ziotena. Autobus zaharkituan eta jendez lepo zutik eraman gaituzte hurrengo ez dakit zenbatgarren geltokira.

 

Amsterdam.

Badira pedal-ontziak kanaletan: polita izan behar du ubide labirintuan galtzea, bertan sartzea galtzeko arrisku eta guzti. Bada ere han-hemenka parke ederrik ubide alboetan.

 

Bitxikeriak:

Sarraila eta lapur-talde ezberdinen erakusketa du poliziak kalean, postu batetan, oinezkoei azalpenak ematen dizkiete: segurtasun arazoak daude nonbait.

8 arraunlari eta lemaduna boga lehiatsuan ontzi itxuraz astunean Amstel  kanal handian: traineruak ote hemen ere.

Tutu malgu, mangera, zulatu batez ematen dio udal-langile batek garbi itxura kaleari, bazterrak ureztatuz; zikinak eraman ditu, baina baita putzuak sortu ere; autoek, ondorioz, biziki zipriztintzen gaituzte oinezkook.

Heineken garagardo fabrika erakutsi egiten dute asteburuan: ubide alboko kale barruan dago fabrikatzarra.

Fabrikaren aurrean turista autobuskadak gelditzen dira, ubideetan ibiltzeko ontziteriaren ondoan: bada turismo bulego argiren bat.

 

Rijkmuseum.

Eraikuntza bera da begirada interesatua merezi duena: tailak, azulejozko irudiak, leihoak eta adreilu ezberdineko eraikuntza azpiko ganga deigarriak. Sabaitik zuzenean sartzen den egun argiz  biziki argiztatutako salak; labirintua, edonon zaudela, estrukturaketa bihurri kiribildua, hainbeste koadro eta autore, galdu egiten zara, ez dakizu azkenerako zer ikusi duzun ere. 

Betiko museoa barrutik: saltoki batean bezala pilatuta pintura koadroak erakusgai. Gehiegi egun beterako, asimilagaitza. Ikusle piloa dabil, erruz dator bisitaria. Noizbehinka ikusi ahal da tipo bat, bakarti, lelo aurpegiarekin, liluratuta bezala, ia lerdea dariola, begiak tinko koadroari so: zinta entzuten ari da eta begiez jarraitzen entzungailutik esaten diotena.

Pintura holandarrera mugatzen da museoa, egile klasikoetara, baina bada japoniar artearen  sala bat, baita aldi baterako erakusketa ere, kapeluarena, nahiko bitxia. Ohi denez tankera eta joera orotako koadroak daude ikusgai, baina izarra eta erregea Rembrant da, Erronda koadro handia, berriz, eguzkia eta erregina: sala luze eta zabaleko horma osoa hartzen du koadroak: bera da, bakarra, sala osoan: alboan gela batean koadroaren nondik norako eta zirriborroak erakusten dira; zirrara eragin dik: luze egon gara bere aurrean. Van Gothen autorretrato ezaguna ere bertan da. Hemen ikusi ditugu han bertan ikusi ezin izan genituen Delf-eko portzelanak. 1880ko koadro batean ikusi dut aurreko batean ikusi nuen haize-errota ia  bera, oinarri puntazorrotzean zegoen errota karratua.

Mila bitxikeria eta gauza eder: motxa egin zaigu museoko hiru ordu eta erdiko ibili geldoa.

3 ordu eta erdiko ikustaldia gertatu zaigu; nekatu garenean, ohi dugunez, izenei eta zertzeladei  arreta handiegirik gabe salaz sala paseatu dugu begiei gozamena eskainiz soilik, begiratu ikusi eta gozatuz, bururatzen zaiguna elkarri aitatuz, beti dago eta norbera ez baina bestea jabetzen den zehaztasunen bat.

Mila pezeta inguru balio du sarrerak, ez da behar lukeen bezala doakoa baina artea ez dago hain garestia.

Ze gauza ederrak egin daitezken pintzel eta kolore batzuekin!.

 

Berriz ere kalean, museoz nahikoa zela esan baitigu gorputzak berak.

Badu bai xarma Amsterdamek!. Ez da ederra, ez du ezer harrigarririk, baina kanalen inguruan badu norbera jabetu ere egin gabe xaramelatzen  zaituen zerbait sorgindua.

Kalez kale, ubidez ubide, jendea gainezka dago erdigune osoan.

Geltoki nagusiaren ostean doa itsasadarra, baina hainbeste dike eta konportekin ez dirudi hala denik: portu erraldoiko garraiobide, urez asetako ibai zabala dirudi.

 

Bitxikeriak:

Masaje denda aurrean, espaloian bertan, ematen zizkion igurtziak  bezeroari emakume batek.

"Chocolateria international": mila txokolate marken artean ez zegoen Oinatikorik.

Dam plaza, atzo bezain bizi: sokasaltoan ari zen gazte koadrila bat.

Bizikleta izugarri altuan zihoan gazte bati zerbait bildua erori zaio, baina aurrera egin du gorri baitzegoen semaforoa. Jaso egin dut: makilatxoari josita zapi zuria, bertan baloi bat irudikatua, "Uefa”.Chanpions League". 28an, asteartez, R.Madrid dator azken partidua jokatzera. Zain egon gara muila itzultzen ote banderaren bila, baina ez da etorri eta neuk gorde dut. Zenbait dendatan kamisetak daude salgai, jarri dituzte banderatxoak kale nagusiko zenbait faroletan baina ez da nabari giro berezirik oraindik.

EL MUNDO egunkaria erostera joan naiz. "Señor, señor" deika etorri zait dendaria: R.Madriden lepoko handia eskaintzen zidan, salgai ditu eta madrizaletutzat hartu nau.

Geltokiko denda batean Che Gevararen abestia, "komandante Che Guevara ..." ozen.

 

Tren-aldaketa eginez itzuli gara etxera ere, egunotako irteeretan eguna bete ondorengo hondarrean bi orduko tarterik geratzen bazaigu hirira bueltatuko garela elkarri aginduz: monoa utzi digu Amsterdamek.

Trenean bi neska koskorrek eta gero bi gaztetxok auskalo nongo jatorrizko hizkuntzan egiten zioten elkarri, ez nederlanderaz behintzat; etorkinak dira, atzerritarrak, ez hemen jaio eta bertan bizi diren holandarrak, guk trenean ikusten ditugun beltzok, darabilen hizkuntza testigu. Edo bertan jaio dira baina bihotza bere herrian dute gurasoek.

 

Jendez mukuru dago kanpin alboko parkea, egun-pasa belartzan; herri xehea dirudi, gehiengoa beltza edo arabiarra, bere herriko jantzi petoekin: Holandako herri pobrea!.

etiketak: Bidaiak 68
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.