Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 68. HOLANDA

BIDAIAK 68. HOLANDA

Jon Etxabe 2020/11/20 11:05
KRONINGA-KRONINGEN. Kroninga-Kroningen, Snit-Sneek, Eegch-Heeg, Aldegea-Oudega, Hynlippen-Hindeloopen, Warkum-Workun, Makum, Boalsert-Bolsward.

GRONINGA - GRONINGEN

 

 Aipatu portuan banatzen da Frigiatik. Probintziaz aldatu gara baina paisaia ez zaigu aldatu; aldi batez itsasadarreko urez eta paduraz inguraturik joan bagara ere, betiko inguruan gaude berriz: behi-etorkin kolonia bat izan da berritasun bakarra. Gari-sailak lirateke ere berritasun: pobretasuna esan nahi ote gari-sailak hemen ere?: Ezuste dira ere baita lurralde honetan espero ez genituen baina gure ustez hala diren tulipa sailak; lurra gertatuta dago, harea pasatuta, lurra xehatuta, hazia erein berria, tulipok erne gabe: lurraldean gorago eta hotzago, tulipak beranduago. Leiho obalatu bitxiak erakusten ditu lastozko teilatu batek.

 

Dorre batek eta bloketzarrak iragartzen digu Groningen hiria.

 

Groninga/Groningen: Abere merkatuagatik famatzen omen dute alemanek hiri hau. Oso lasaia dago gaur, jende gutxi kale ia mortuetan; eguerdi aldera joan da bizitasuna hartuz. Haize-beldur ez den jendeak plaza du eguerdian eseritako egontoki; guk etxepe batetan hartu dugu ase gaituen ogitartekoa txanda-ilaran gorde ondoren.

Kanalez bildua dago, hala behar zuen: ur gaineko bizilekuak gerta zaizkigu ustekabeko bitxikeria, etxebizitza arazoak ditu nonbait hiriak. Oinezkoen kale gutxi du; bi plaza handi: autoak aurretik doazkion eliza eta udaletxea daude batean. Ikusiko ez genuen ba eliza urrutitik 96 metroko altuera du eta!; udaletxea harrizko eraikin gris handia, zutabe borobil sendoekin, Mutrikuko eliza dirudi, kontzerturen baterako aulkiteria-tutueriak estalia dago gaur; udaletxe ostean fatxada bitxiko eraikin bat. Vis Mark da bigarren plaza, handia, batez ere luzea, honek behar du izan merkatu-plaza; plazaren ertz batean hurreratu ez gatzaizkion A eliza: Ee izena baino izen motzagoa du, baina O Amabirjinarena bezain luzea; marra oker zabal goitik beherakoek xelebre itxura ematen dioten zurezko dorrea du.

 

Haize hotz ia takarrak bota gaitu herritik, bisita luzatu gabe. Ez da harritzeko hila egotea hiria.

Alemanian lanean ari den bikote gazte batekin egin dugu topo hiriko mapari begira geundela; gu euskaraz ari baginen ere, gidaliburutik jabetu  dira "españolak" ginela.

 

Mirenen urtebetetzea. Berandu, baina zoriondu dugu telefonoz.

 

Zaldi zaparradarik ez baina zaldi ugari dago larrean zelaietan: hiriko sarreran bi zaldi zeuden, belar jaten, begiak estalita. Holandan ikusten dugun bigarren astoa: astakiloak, aldiz, asko ikusi ditugu. Euskal Herriko behi piriniarrak:  behi etorkinak.

 

160 kilometro, Holandatik Alemaniara ze errepidetik aterako garen ohartuz.

 

Asteburu luzea datorren arren ez da izan karabana askorik errepidean, kanpina berriz erabat hartuta aurkitu dugu. Bada bospasei dendatako koadrila handia borobilean kokatua; erdigunea libre utzi dute, bertan masta luzea jarri dute bandera handi batekin. Ez dugu ezagutzen bandera, lehoi handi bat du zapi zurian.

 

 

Maiatzaren 22a. Ostirala. 27.a – H-26.a

 

Lehenengoz ikusi ditut erabiliak T formako burua duten kanpin-ziri sendoak, Sevillako morroiak oparitu eta Etxarrin egin genituen bezalakoak.

Jai dute asteburuan hegaztiek kanpineko jendearen harat-hona eta zalapartarekin.

 

Masta luzean bandera dutenek, Holandakoa dela esan digute, baina ez da ez Holandakoa ez Frisiakoa, agian bere herrikoa edo familiakoa da: izanen du bere historia, gauero kendu eta goizero jarri egiten dute. Harro daude bere banderaz.

 

Bustia eta hotza fortunatu  zaigu Frisia Holandako bidaia hondarrean.

Eraikin handiak dira Frisiako landetxeak, lurretik pare bat metroraino jaisten da teilatu pikoa, izugarri zabala gertatzen delarik teilape edo aterpea; teilape gehiena kortak edo nekazari zereginetarako guneak hartzen du, lastozko estalkia du sarri zati honek; aurre parte estua etxe bizitza da, teila du estalki, teila gorri-ilun dirdaitsua; askotan zenbaitek gehigarria ezarri dio fatxadari: fatxadako triangelu zorrotzaren puntan tximinia eta tximinia aurrean bi ahate zurien irudia, mokoak elkar ukitzen: gorta aldean egon ohi dira beti ahate irudiok, baina baita etxebizitzaren fatxadan ere, agian ahate hazten dituela esan nahi du; triangelu bat dute marraztuta atean kortako ate gehienek, bi punta zorrotzak elkartuz erdian, ez dakigu zeren ikur den.

 

Herri askotan agertzen da Frisiako bandera, zenbait herritan kale osoa dago banderaz edo pankarta itxura hartzen duen banderaz  apainduta. Etxe bakar batzuen aurrean ere ageri ohi da tarteka, errepide ertzeko etxe bakartietan ere. Kamioi batek ere badaramatza bandera frigiar txikiak.

 

Hizkuntza arazoa nabarmentzen da berriro: herri gehienek bi hizkuntzetan dute herri izena herriko sarreran, errepideko norabide iragarki ofizialetan, ordez, nederlanderaz soilik datoz izenok: bada hizkuntza berezitasun eta lehiaren bat. Gidaliburuak nederlanderaz jartzen ditu izenok, mapak ere bai.

 

Snit/Sneek. Herri apaina, oinez ibiliz goiza ederto egiteko herria;  frisiar petoa omen, guk ez diogu bereizgarri edo desberdintasunik aurkitu. Bada etxe txukunik, baina harrokeriarik gabeko herria da. Udaletxea da eraikin harroxkoena, espaloia du bi alboetara,  mailadi bikoitz eta ate gaineko apaindura zuri ponposoarekin. Martiniker elizaren alboan elizarekin lotura izan zuen oholezko eraikin bitxia, ez leiho ez irtentxo, urre koloreko ikurrak ditu gailurrean: agian kanpandorrea izan zen, edo da. Txanpon-diruaren ordez oihalak ahateengatik trukatzen zirenekoa irudikatzen duen eskultura. Ubidea  herri erdian, luzera osoan. Kariloiaren sona luze eta eztiak ordulaurdenero betetzen du kale-artea. Nonbaiten bada dorre edo sarrera-ate sendoa, baina ez dugu aurkitu. Haize-errota berezia irteeran, ohizkoengandik erabat ezberdina.

 

Belauntzia zelai berde zabalaren erdian nabigatzen: ikusezina zaigun lakuko bela zuriek halako ikuskizun bitxia eskaintzen dute, belauntziek zeharkatzen diuztela belartzak dirudi.

Galtzeko arriskua du zenbakirik ere ez duten errepide  txikietan sartzeak, baina ordain goxoa dakarren xarma ere bai.

 

Eegch/Heeg, eta bera dagoen laku inguruko herritxoak, nekazariak izateaz gain lakutik bizi dira, udalerri edo igandezaleen  herri edo uda-herriak baitira; txaletxoz osatutako herri txukunak, denek dute portua, denek ubidea, ubide denetan dabiltza belaontzi eta yatetxoak asteburu luzeko zubi-egun honetan, haize hotz eta takarrak jotzen badu ere lakuko ur-azalak kirri jarriz.

 

Laku asko dago inguruan, lur lehorra baino zabalago da ur azala; zikina da ura eta belauntzi zapi zuri ugariek beltzagoa egiten dute, baita ur-azal kirruen bitsa ere. Ugariak dira Altzolako eliza-dorreak, urre kolore zenbakiko ordulariekin: asko dira antzerako dorreak, Txekian eta Eslovakian bezala, Erdialdeko Europa osoan bezala; badira Gipuzkoan ere.

Behi makal kolorgetuak emigratu dute nonbaitetik honaino ere, lixiba koloreko makalak.

 

Aldegea/Oudega: harbelezko dorre zorrotz puntan Holandako bandera handia haizera zabal blastaka. Laku ertzeko herria, uda-herria edo udaleku. Joan etorri handikoak, bizi-biziak, daude gaur ubideak: takian-potian dugu zabalik zubia, hertsia, beraz, errepidea; kotxez ordez itsasontzietan dabil igandezale ondo-bizia, herritar arruntak kotxez errepidean edo oinez herrietako kaleetan.

 

Landetxe baten alboan, errepide ertzean, bakarti, brontzezko eskulturatxoa porlanezko zutabe gainean: bitxia da gutxienez, arrazoiren bat izanen du.

Laku bat zeharkatzen dugu, dena da oihal zuria  laku gainean; ez dugu surfik ikusten, ur zikinetan erortzeko bildur edo.

 

Hynlippen/Hindeloopen. Miniaturazko edo postaleko herria, xarma du: etxetxo, kalexka, ubide nanoak, konportak ubideen itsasoarekiko harremana ahalbideratuz. Herri zabala da izan, asteburuan ordu pare bat labirintoan galduz egiteko lekua, zubitxoak zeharkatu eta dendei begiak luzatuz, eltxoei putz eginez.  Ubidetxoek banatu eta isolatzen ditu zenbait etxe. Munek babesten dute itsasotik herria, itsasertzean egonik ere, herritarrek ez dute itsasorik ikusten muna gainera igo ezik. Sutondoan egoteko egun apropos honetan, turistaz beteta dago herria, autoz beteta aparkalekuak, dendatxoz beteta kaleak, turistentzako kinkilaz beteta dendak. Stadhuis, museo bihurtuta, nahiko moinoino deigarria bere ezebetxoan: ate-buruan biziki pintatutako Justizia itsua, fatxadako adreilu gorrian nabarmenago, biziki pintatutako lehoitxoa eskailerako hesian, biziki pintatutako armarria kalerako horman eta, espaloirik ez badu ere, har-mailadi xumea eta bakarra albo batera; ez zioten jarri kariloirik eliza-dorreari, agian kendu egin zioten, baina kariloia jartzeko egina dago.

 

Warkum/Workun. Herri nekazaria, portu, denda eta kafetegiekin igandezale eta udatiarrei etekina ateratzen diena. Eserlekuz betetako plazatxo atsegina du, dendaz josita dago errepidea den kalea. Waag potxolo polita, mailadi bakarra albora duen stadhuis, eliza gotiko ohizkoa eta bukatu ez zuten dorre moskote sendoa kariloi nanotxoa txanotzat duena.

 

Peskaria bailitza, zubiko arduradunak kainaberatxo puntatik soka batez zintzilikatutako txokolotxoa luzatzen dio zeharkatzen ari den ontziari zubia zabaldu ondoren: nabigatzaileak abiada galdu gabe jartzen dio pasu-ordaina pasadan.

 

Makum. Kostako herritxoa, bizitza handikoa baina askorik zor ez diona portuari, belauntzi handiak bertan alokatzen badira ere. Ez du ezer, baina jendea dabil, denera heltzen baita igandezalea. Zonalde honetan ugari ikusi dugun dorre mota du elizak: teilatu txiki zorrotza, triangelu baten ahoa, aizkora bailitzan, goia ebakitzen.

Garraio kamioak jabetu dira kaleetaz supermerkatua hornituzko unean.

 

Boalsert/Bolsward. Frisiako herri antzinakoenetarikoa ei da. Honek ere kale oso luzea du, kale luze horretara mugatzen eta biltzen da herria. Plaza behar duen zatian ubidea agertzen da, autoen bidea eta oinezkoena banatuz eta bananduz; plaza atzean udaletxe ponposoa: leiho-estalki gorri biziek, hainbat ukitu eta urre kolorek, dorre lirain kariloidunak, fatxada-bukaera triangeludunek, ematen diote halako distiratasun eta erakargarritasuna. Bada eliza-dorre bat dorre ohizkoekin zerikusirik ez duena, ez leiho, ez zulo, ez kanpai, luzexka: deskribaezina.

 

Etxaurreak lorategiak direnez ugariak dira loradendak ere, bezero asko dute.

Azken agur bezala,  eztia eta luzea izan da azken herriko azken kariloia.

 

Horrenbestez bukatu da, laku arteko ibiliarekin, Holandako ibilia, azken herriak, azken kariloia, errepidea aurkitu ezineko azken erneguak, azken paisaia, jendea eta herriak ikusizko azken  ordu eder atseginak. Bihar hasi behar dugun abentura berriak kamustu, bigundu edo arintzen du agurraren mina eta herri hau utzi beharraren nostalgia. Gehiago etorriko ez garen sentipen mingotsa. Holandar turista edo kamioilari ikustean zerbait hurrago izango dugu Holanda aurrerantzean.

 

Hotz eta zakar dabil haizea azken bizpahiru egunotan, horrela izan zen ere hasera, tarteko asteak ostera eguzkitsuak: porta zaigu Holanda.

 

166 kilometro, mugarainokoak gehituz Holandako azkenak.

 

 

Maiatzaren 23a. Larunbata. 28.a – H:27.a 

 

Asteburua eta alde egiteko eguna, bi osagai horiekin eguraldi txarra behar zuen gaurko koktelak: hala izan da, euripean egin dugu alde. Goian ere ura dugula, lakuak istingak padurak dira Frisiako azken irudiak.

 

Antzina egunkariak gordetzen genituen zerbait biltzeko behar izanda ere; gaur egun plastikoa dugu beti eskura.

 

Leeuwarden, zaldi merkatua dute gaur nonbait, zaldi atoi asko doa harantz.

 

Groninga-Groningen probintzia, azken agurra eta gogoeta

Lurra erabat beltza da. Lur landua, xehea, erein beria bailego; tulipa-sailen  antza hartzen diegu sailoi.

Frisiakoen antzerakoa da landetxeen egitura; fatxada gailurreko ahate zuriek ez dute moko gorririk.

Granja berri asko, adreiluzko horma eta uralitazko estalkia dute; Frisiakoek baino hornidura eta ihardura handiagokoak; zenbat eta Alemaniarago are gehiago galtzen dute Frisiakoen jitea.

Aspaldiko muntaia den adreiluzko tximinia luzea ketan, adreiluzko etxetxo apala alboan, irabaziari begira bata, eguneko bizibeharrari begira bestea, kapitalean oinarritua bata, eguneroko premian bestea; kapitala-irabazia eta eguneroko premia-bizibeharra ez baitira elkar osatzen eta lotzen, bestelakorik badiote ere askok; kapitalak irabazia besterik ez du helburu.

Zer ekoisten ote tximinia luzeko fabrika horrek berdegune zabalean bakarti?, adreilua agian. Horrelako tximinia bi besterik ez dugu ikusi Holandan. Iaz Txekian eta Eslovakian, ordez,  herri koskortu bakoitzak zuen bat gutxienez: ekonomiazko bi ihardunera ezberdin: hango ekonomia-egituran herri bakoitzak du inguruaren suspertzaile den bere industria-gune edo lantegia, Mendebaleko ekonomia antolaketan berriz barruti aukeratuetan kokatzen da industria-gunea, hiri handien inguruan, bere inguruan biltzen da biztanleria, landa-herriak hustuz, langileria etxetzarretan pilatuz eta agian pobrezia guneak sortuz. Makroekonomiak funtzionatu du Mendebaldean, baina baita gizartea hondatu ere; Ekialdean ekonomiak porrot, huts, egin du, mendebaleko presioa ez du gainditu. Orain ikusiko da herri xehearekin zer gertatuko den: bizitza erosoago bat izanen ote dute kontsumo eskaintza zabalagoa izanda ere?.

 

Ur gutxiago dago Groninga probintzian, ez dago ia laku zabalik, ubideak txikiagoak dira: nola ez ubide zabal batek eman digu azken agurra, zabaltzen den zubi bat izan zaigu Alemaniarako muga.

etiketak: Bidaiak 68
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.