Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik

Mikel Larreategiren bloga

Elgoibartik Aizkorrira 3 egunetan, edo zeharkaldi bat Euskal Herriko mendietan

Mikel Larreategi 2023/09/17 20:35
Ekaina edo uztailean zehar prestatutako proposamena, edo kafe orduko ideia zoroa: bulegotik hasi eta Aizkorriraino joan beharko ginateke 3 etapatan-edo, inor animatuko litzateke?

Azkar bota zuen amua Ionek eta batzuk segituan egin genuen kosk. Data ere jarri genuen, irailaren 15, 16 eta 17ko asteburua. Helburua bakarra: bulegoan hasi eta Aizkorriraino oinez joatea, motxila hartuta eta bidean lo eginez.

Azken astea eguraldi iragarpenei begira aritu ostean, eta azken orduko gaixotasuna dela eta Unairen bajarekin, han abiatu ginen Ion eta biok ostiral arratsaldez. Badira aste batzuk erronkaren hasiera moldatzea erabaki genuela: bulegoan beharrean Elgoibarren hasi genuen ibilaldia. Arrazoi nagusia egunaren iraupena zen, eguna gero eta motzagoa da eta Eibartik irtenda gutxienez ordubete gehiago beharko genukeen.

1. etapa: Elgoibar - Karakate - Irukurutzeta - Gorla - Trekutz

Motxila handia lepoan hartu eta han abiatu ginen Elgoibarko tren geltokitik ostiraleko 14:15ean. Hasiera gogorra genuen aurretik: elgoibartarren mendiak neurtzeko erabiltzen duten neurria: Karakatea. GR-285aren marka zuri-gorriei jarraituz ordu eta berrogeita bost minutu behar izan genituen tontorrera. Egunaren zati aldapatsuena eginda genuen. Markei jarraitu besterik ez genuen egin behar Irukurutzetaraino eta 17:15ean iritsi ginen bertara.

Handik Dolmenen Ibilbidearen marka zuri-horiak izan genituen bidelagun, lehenengo Elosuko atsedenlekura eta ondoren Gorlako kantinara. 17 kilometro eginda helmuga hurbil genuen eta ezagun batekin topo egin ostean, garagardo bat edan genuen bertan. Ederra!

Aizkorri mendizerra Gaztelu Gain elkartetik
Aizkorri mendizerra Gaztelu Gain elkartetik

Handik hiru kilometro t'erdi genuen aurretik Antzuolako Trekutzeraino, bertako Gaztelu Gain elkartearen babesean baikenuen lo egiteko asmoa.

Afari-legea egin, toldoa jarri, hurruneko ekaitza etorriko ez zela pentsatu eta oheratu egin ginen. Gauerdian, baina, haizean toldoa mugitu zigun eta handik gutxira euria hasi eta elkartearen teilatupean jarri genuen lo-zakua.

Trekutzeko Gaztelu Gain Elkartea
Trekutzeko Gaztelu Gain Elkartea

Laburpena: 21 kilometro, 1100 metroko goraka metatutako desnibela eta 480 metroko beheraka metatutako desnibela, iraupena (geldialdiak barne) 5 ordu eta 34 minutu.

2. etapa: Trekutz - Deskarga - Arrola - Gorostiaga - Udana - Biozkornako lepoa - Urbia

Proiektuko etapa luzeena eta taldekide bion memorian iraganean Biozkornako lepora igotzeko malda izugarria dantzan. Baina mingaina dantza eta arin hasi genuen ibilaldia goizeko 8retan Deskargara bidean. Lehenengo aldaz-behera.

Bezperako ibilbidearen ikuspegia: ezkerrean Karakateko antena, eskuinean Trekutz
Bezperako ibilbidearen ikuspegia: ezkerrean Karakateko antena, eskuinean Trekutz

Errepidea gurutzatu eta malda ederra izan genuen aurrean Arrolaraino. Han egin genuen topo Oñatiko VIII. Mendi martxako partaideekin. Haientzat 22. kilometroa zen eta goizeko 11tan hara iristean 4 ordu oinez zeramatenekin egin genuen topo. Norbaitek hala esan arren, kosta egin zitzaigun ibilbide guztia oinez egin zutela sinistea. Abiadura ederrean zihoazen ba!

Handik aurrera, Arranoaitz, Oregi eta Jentiletxeraino mendi-martxako partaideen kontrako zentzuan joan ginen, eguneko ibilbide-zati animatuenean. Gorostiagako gurutze ondoko aterpean mokadutxoa egin genuen 12:00ak inguruan Udanaraino jaitsiera hasi aurretik. Lainoa ondo sartuta zegoen Aizkorri inguruan, baina gure helmuga zen Biozkornako lepoa garbi zegoen.

Jaisten hasi eta berehala, Oñatiko Mendi Martxa Laburreko partaideekin egin genuen topo. Eurek 22 kilometro bakarrik zituzten aurretik eta berehala Oñatirako jaitsierari ekin behar zioten. Hala ere taldetxo horren atzetik, berehala zetozen Mendi Martxako "erratzak" marka guztiak jasotzen. Berriz bere bakarrik jarraitu genuen Udanaraino.

Udanako Foru Aldundiaren eraikineko xehetasuna
Udanako Foru Aldundiaren eraikineko xehetasuna
Udanan zerbait jan, iritsi berri zen Legazpiko txirrindulari bati argazkia atera eta berriketan egon ginen 14:00tan berriz ere gorako bideari ekin arte. Orduan zetorren txarrena, Biozkornako leporainoko igoera. Udanako 515 metroetatik (hori dio errepideko kartelak), Biozkorniaren ia 1.200 metroetaraino, guztira 5 kilometro inguru. Gure buruari 2 orduko epea eman genion hara heltzeko eta han ekin genion bideari.

Bion buruan, aurreragoko ibilaldi baten (bakoitzak bere kontura egindakoan), ikusitako iturria zegoen. Eta iturri horretara iristea zen helburua, azken aldapa hasten den tokiraino, han berriz ere mokadutxo bat han eta azken aldapari ekiteko. Generaman mapan, ordea, ez zegoen iturriaren berri, eta momentu baten bideari jarraitu genion lepora eramango gintuen GRetara goizegi hurbildu aurretik eta agian tartetxo horretan galdu genuen iturria. Hala ere bagenuen ura oraindik, beraz ekin egin genion gorakoari.

Arrabioa Udanatik gora
Arrabioa Udanatik gora

GRarekin berriz bat egin genuen tokian, atsedena hartu, urdaiazpiko sandwitxari kosk egin eta berriz ere gorako bidea. Kilometro eskas genuen aurretik eta 16:00tako epea egingarria zen oraindik. Maldan gora hasi eta nahiz eta bide nekeza izan 16:04 minutuan iritsi ginen lepora. Ondo egindako kalkulua! Hura poza gurea!

Bide batez, Biozkornako lepotik dagoen bista ederrarekin gozatu genuen, batetik Anboto eta Udalatx, Karakate edo Gorostiaga, Barrendiolako urtegia, eta Larrunarri eta Aralar ere bai. Ordurako Aizkorri garbi zegoen eta eguzki printzen batek ere berotu zuen gure aurpegia.

Ur trago bat eta Artzanburu inguratu genuen Arantzutik Durutik zehar datorren PR-3006aren marka zuri-horiekin bat egin arte. Bion irakasle izandako lagun batekin topo egin eta gure buruari Urbiako fondara 17:00etarako iristeko epea jarri genion eta hala izan zen. Beherakoan erritmoa bizitu genuen antza eta 17:00ak baino lehenxeago iritsi ginen Urbiara. Zain genuen bertan txorizo pintxo ederra!

Biozkorniako leporako azken malda
Biozkorniako leporako azken malda

Artzain batekin berriketan egin eta gure lankide biren zain egotea besterik ez genuen egin behar. Urbiako ermitaren alde baten dagoen aterpean lo egiteko asmoa genuen eta bertara joan ginen gure trasteak uztera.

19:00tan agertu ziren Maite eta Zaloa, eta elkarrizketa atseginean egin genuen afari-legea Urbiako fondan, bertako plater konbinatu bat aurrean genuela eta zaldi zein behien zarata artean hartu genuen lo, berriz ere oinaztargien beldurretan eta inguruko katu bat zelatan genuela hartu genuen lo.

Gure lo-lekua
Gure lo-lekua

Laburpena: 25 kilometro, 1375 metroko goraka metatutako desnibela eta 930 metroko beheraka metatutako desnibela, iraupena (geldialdiak barne) 8 ordu eta 3 minutu.

3. etapa: Urbia - Aketegi erpina - Aizkorriko gurutzea - Oltzako zelaia - Urbia - Arantzazu

Esnatu, gosari legea egin eta motxila handiak ermita ondoko elkartean utzita (eskerrik asko bertako kideei!), 9:00tan egin genion Urbiatik Aizkorriko gurutzera doan ohiko bideari.

Abiatu aurretik ermita ondoko elkarteeko lagunei esker, Urbiako ermita eta bertako historia ezagutzeko aukera izan genuen. Gaur egun, urtean behin bakarrik irekitzen da ermita, San Inazio egunean, baina barrutik ederra eta oso ondo zainduta dago. Eskerrik asko benetan aukera hau eskaintzeagatik!

 

Urbiako ermita barrutik
Urbiako ermita barrutik

Eguraldi ona zegoen oinez ibiltzeko, baina haizea zebilen, eta asko nabaritzen zen Arbelarko txaboletan gora hasi ginenean.

Urbiako zelaiak
Urbiako zelaiak

Gure lehenengo asmoa, Aketegira zuzen igotzea zen, baina parera iristean behelaino itxia zegoen eta ideia atzera bota genuen. Metro batzuk aurrerago, ordea, Aketegi erpinera igotzeko bidezidorra hasten den tokira iristean, lainoa desagertu egin zen eta berehala bertara igotzeari egin genion. Goiko aldean, baina, haize zakarra zebilen. 10:30tan egin genuen gailurra.

Aketegi, laino artean
Aketegi, laino artean

Tontorrera igo, argazkia egin, zerbait jan eta behera egin genuen, Zegama-Aizkorri maratoiaren puntuen aurkako norantzan Aizkorriko gurutzeraino. 11:10ean bertara iristean bakarrik geunden gailurrean. Eguraldia ona zen baina haizea zakarra.

Aterpean mokadu bat jan eta beherantz abiatu ginen, Oltzako zelairantz. Basoko bide zoragarrian zehar, gorantz zihoan hainbat lagun-talderekin topo egin genuen. Ia 12:30ak ziren Oltzako zelaian, eta aterpeko lagunekin 13:00ean genuen zita gure motxilak hartzeko.

Zegama-Aizkorri mendi-maratoiko puntuei segika hasi ginen berriz ere bide eder gora-beheratsu baten zehar eta 13:05ean iritsi ginen gure zitara. Motxilak hartu eta fondan ondo irabazitako pintxoa genuen zain.

Beherako bidea egitea besterik ez zitzaigun gelditzen, Urbiatik Arantzazura jaisten den bidea hartu eta ordubete inguruko ibilaldiaren ostean, 15:10ean Arantzazuko santutegiko atean geunden.

Laburpena: 15 kilometro, 515 metroko goraka metatutako desnibela eta 950 metroko beheraka metatutako desnibela, iraupena (geldialdiak barne) 6 ordu eta 8 minutu.

Ideia ederra izan zen benetan Ionek bota zuena, nahiz eta ibilbidea gogorra izan (61 kilometro eta 3000 metroko goraka metatutako desnibela), oso ondo pasatu genuen bidean, gure abenturatxoak ere bizi izan genituen eta bide berri batzuk ezagutzeko ere balio izan zigun.

Ah, eta nola ez, Euskal Herrian bertan, etxe ondoan egin daitezkeen zeharkaldi erako ibilbide bat egin daitekeela erakusteko ere. Sarri urrutira joaten gara horrelakoak egitera, baina gertu ere badaude ibilbide hauek egiteko aukera eta baliabideak.

Mendi ibilbide homologatuak OpenStreetMapen

Mikel Larreategi 2022/03/22 19:22
Mendian zehar ibiltzeko ohitura duenak sarri ikusten ditu bide-markak mendian: zuri-gorriak, zuri-horiak, zuri-urdinak edo zuri-berdeak. Maila ezberdinetako ibilbide homologatuak adierazten dituzte eta OpenStreetMapen ere agertzen dira.

Honez gero ezaguna da OpenStreetMap zerbitzua, mapen Wikipedia bezala ere ezagutzen da. Era kolaboratiboan editatzen den mapa da. Oso erabilia da munduan zehar eta baita mendian ibiltzen den jendearen artean. Mendizaleek erabiltzen dituzten hainbat tresnaren datuak OpenStreetMapetik datoz, tresnaren bat esateko azkenaldian ezagutu ditudan Windymaps edo Organic Maps telefonorako aplikazioak aipatu daitezke baina agian ezagunagoak diren Strava edo Garminek ere erabiltzen dituzte.

Mendirako OpenStreetMapen estilo erabilgarri bat OpenTopoMap da, bertan sestra-kurbak era argian azaltzen dira, kolore biziagoak dituzte lur mota ezberdinek eta mendi-izen eta iturriak nabarmenduta agertzen dira. Nik adibidez OpenTopoMapen kapa erabiltzen dut telefonoan OruxMaps erabiltzen dudanean edo ordenagailuan qMapShack-ekin ibilbideak prestatzen ditudanean.

OpenTopoMap eta ibilbideak Aralar inguruanOpenTopoMap eta ibilbideak Aralar inguruan
OpenTopoMap eta ibilbideak Aralar inguruan

Orain dela pare bat urte Gipuzkoako Mendizale Federazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gipuzkoanatura.eus webgunean bildu zituzten lehen bakoitzak bere webguneetan argitaratzen zituzten Gipuzkoako ibilbide homologatuen fitxak. Ibilbide homologatuak GR edo PR bezala ezagutzen dira eta mendiak ikusi ohi ditugun marka zuri-gorri eta zuri-horiekin markatuta egoten dira. Marka horiek erabiltzeko baimena mendizale-federazioek dute Euskal Herrian tokian tokiko administrazioarekin elkarlanean eta kasu bakoitzean ardura maila ezberdinarekin. 

Webgune hori argitaratu zenean bertan informazio asko zegoela ikusi nuen, urrutira joan gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiaren GR sare guztiaren ibilbide ofizial guztiak. Lanean komentatu nuen eta Garik Waymarkedtrails webgunea erakutsi zidan. Bertan OSMko maparen gainean hainbat ibilbide homologatu agertzen ziren, eta datuon iturria OSM bera zen. Nola? OSMn bertan daude kargatuta ibilbideak? Bai!

Beraz pixka bat inbestigatu eta ibilbide horiek nola markatuta zeuden deskubritu genuen: erlazioak dira eta etiketa berezi batzuen bidez ibilbidearen datuak eta waymarkedtrails bezala webguneetan agertzeko kolore-kodeak zituzten.

Beraz, Gipuzkoa Natura webgunea oinarri hartuta, Gipuzkoako GR ibilbide guztiak hartu eta zuzendu egin nituen bertan, izenak ondo jarriz, etapa guztiak markatuz eta homologaziorik gabeko ibilbideak kenduz. Horrela agertarazi nituen adibidez GR-121en etapa guztiak mapan. Bide batez Wikipedia eguneratzeko ere aprobetxatu nuen (gaztelaniazkoa ere editatu nuen, eta laster baten etorri zen izen guztian gaztelaniazko grafiarekin 'zuzendu' zizkidan laguna).

Eibar inguruan ere baditugu hainbat ibilbide homologatu, eta azkenaldian Kalamua inguruko ibilbideak antolatzen jardun dugu Eibarko Klub Deportiboak, Elgoibarko Morkaiko Mendizale Elkarteak, Gipuzkoako Mendizale Federazioak eta Eibarko eta Elgoibarko Udalek. 2020 hasieran egindako proposamen baten ostean "Kalamua azpiko ermitak" izenarekin Arraten hasi, Akondiako San Pedrotik pasatu, Kalamuako lautadara joan, San Pedro bisitatu eta Arizmendi baserrien ingurutik Arratera itzultzen den ibilbidea diseinatu genuen. Federazioak homologatu zuen 2021 bukaeran eta PR-GI-215 kodea ezarri zion, bideak markatu zituen, oraintsu informazio panelak berritu ditu eta laster egongo dira posteak eta seinaleak bere tokian.

Hori aitzakia hartuta, OpenStreetMapen bertan zeuden ibilbide zaharrak ezabatu eta berria markatu nuen joan zen astean. Edizio hori zuzenean egin nuen Twitchen, azkenaldian zuzenekoren bat edo beste egin ditut hainbat frikikeria egiten eta hau horietako bat izan da. Hemen duzue bideo hori:

Eta badirudi lan hori norbaiti erabilgarri izan zaiola. Garik berak komentatu zuen Twitterren OSMko datu horiek ikusita egin zuela asteburuan ibilaldia. Eskerrik asko zure hitzengatik!

Uste dut oso garrantzitsua dela ibilbide hauek OSM bezalako zerbitzuetan kargatzea. Ondo dago Foru Aldundiak eta Mendizale Federazioak kudeatzen duten GipuzkoaNatura webgune horretan erreferentziazko informazioa jartzea, baina jendeak ez du webgune hori ezagutzen. Ahalik eta jende gehienarengana iristeko, datuok era librean eta berrerabilgarrian partekatu behar dira, eta mapei dagokionez hori OpenStreetMapen egin behar da. Gainera datuok era zuzenean kargatuta Waymarkedtrails bezalako zerbitzuekin edonoren esku jar daitezke. Urrun joan gabe zuzenekoan zehar lagun batek aipatu zuen Basecamp mahaigaineko programarako ere badagoela ibilbide homologatuen kapa bat, eta seguraski datu horiek OSMtik etorriko dira!

Uste dut oso garrantzitsua dela Gipuzkoako Mendizale Federazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lan hau serio hartzea eta Gipuzkoa Natura webgunea egiten egin duten bezalako lan ona egitea datuok OSMra kargatzen. Waymarkedtrails hori begiratuz gero ematen du Bizkaian lan hori egin dutela. Ibilbide guztietan ohar bat dago Bizkaiko ibilbideak Waymarkedtrailsen begiratzeko esanez.

Aurten gabonen inguruan eta ondoren ere bai, Gipuzkoako hainbat txokotan ibiltzean, mapan agertzen diren PR asko mapan gaizki daudela konturatu naiz. Poliki poliki gipuzkoanatura.eus-eko ibilbideak begiratzen hasiko naiz eta eguneratu ere egingo ditut ahal badut. Baina homologazioen informazioa Mendizale Federazioak eta Aldundiak dute, eta eurak izan beharko lirateke lan hori egiteko arduradunak.

Ah, eta aldaketak egitea ez da zaila, bideoan ikusten den bezala oso erraza da. Urrutira joan gabe, larunbatean bertan zuzendu nuen Leintz Gatzaga inguruan GR 282 eta GR 121aren zatitxo bat, bertatik klubeko irteeran pasatu ostean.  

Ogiaren nire errezeta hobetua

Mikel Larreategi 2021/02/16 19:25
Orain dela ia bi urte etxean erabiltzen dudan ogiaren errezeta argitaratu nuen hemen. Azkenaldian moldaketa eta proba batzuk egiten aritu naiz eta oinarrizko errezeta berdina izan arren, prozesuan aldaketa batzuk egin ditut eta uste dut lehen baino ogi hobea lortu dudala oraingoan.

Hemen duzue orain dela bi urte argitaratu nuen errezeta erreferentzia gisa. Azken finean osagaiak eta kopuruak lehengoaren antzekoak edo berberak dira, baina oraingoan dokumentatuta ditut eta saiakera guztietan kopuru berak erabiltzen saiatzen naiz. Hona hemen:

Ore-ama freskatu

  • 1. eguna, 22:00: hozkailuko potetxoan dudan ore-amaren 10 gramo, 100 gramo irin eta 60 gramo ur epelekin nahasi, bola bat egin eta tuper txiki baten ondo itxita utzi. Jatorrizko nire ore-ama nahiko lehorra da eta nahasketa ere lehor xamarra gelditzen da, plastilina bola bat bailitzan. Tuperra ondo itxita interneteko routerraren gainean uzten dut. Truko ona da hau, epeltasun iraunkorra ematen baitio eta tenperatura oso garrantzitsua da ore-ama ondo garatzeko.
  • 2. eguna, 7:00: aurreko eguneko nahasketa ondo hazita egongo da, tuper horren edukia 165 gramo irin eta 100 ur epelekin nahasten dut eta beste tuper handiago baten uzten dut, berriz ere ondo itxita eta berriz ere interneteko routerraren gainean. Guztira 435 gramo ore-ama izango dugu (gutxi gora behera).
  • Nahasketa hau routerraren gainean 2 ordu inguruz utzita bere bolumena bikoiztu egiten da. Zenbat hazi den igartzeko nahasketa egitean rotulagailu batekin marka bat egin.

Osagaiak nahastu

  • 2. eguna, 9:00: aurreko nahasketatik 10 gramo hartu eta kristalezko ontzi txiki baten hozkailuan gorde hurrengo ogi ekinaldian nondik hasi edukitzeko. Bi bol handi hartu eta bakoitzean nahasketa hau egin:
    • 205 gramo ore-ama
    • 500 gramo irina
    • 340 gramo ur epela
    • 10 gramo gatza
  • Guztia nahastu irin guztia ondo hidratatuta gelditu arte. Ondoren bol hori bustitako trapu batekin estali eta mahai gainean utzi.
  • 2. eguna, 9:30ak: orea luzatu eta doblatu. Ikusi bideo honetan ariketa hau nola egin.
  • 2. eguna, 10:00ak: orea luzatu eta doblatu. Ikusi bideo honetan ariketa hau nola egin.
  • 2. eguna, 10:30ak: orea luzatu eta doblatu. Ikusi bideo honetan ariketa hau nola egin.
  • 2. eguna, 11:00ak: orea luzatu eta doblatu. Ikusi bideo honetan ariketa hau nola egin. Ariketa hau lau aldiz eginda orea ondo nahastuta egongo da.
  • 2. egna, 11:15: ore bakoitza tuper handi banatan sartu eta markatxo bat egin zenbat hazten den neurtzeko. Orain orea %25 inguru hazten utzi behar dugu hartzidura prozesua egiten. Prozesu hau tenperatura epelean egitea komeni da, horretarako zera egiten dut nik: labea desizozteko programan jartzen dut, 35 gradu inguru hartzen ditu horrek nire labean, eta tenperatura horretara iristean tuperrak barruan sartu eta itzali egiten dut. Horrela bi ordu edo bi ordu t'erdi inguru behar izaten du oreak esandako %25a hazteko.

Forma eman

  • Ogiari eman nahi diozun formaren arabera aurre forma bat edo bestea eman behar diozu, hemen bi adibide:
  • 2. eguna, 13:30ak: aurre-forma borobila eman. Ikusi bideo honetan ariketa hau nola egin.
  • 2. eguna, 13:30ak: aurre-forma luzekina eman. Ikusi bideo honetan ariketa hau nola egin.
  • Aurre-forma eman ostean, bol baten edo banneton erako edukiontzi baten utzi, plastiko baten batu eta hozkailuan sartu, gutxienez 12 orduz.

Labera

  • 3. eguna, 8:00ak: labea 270ºra berotu. Bai, ahalik eta gehien. Ogia hozkailutik atera, mozketa egin gainean, labean sartu eta labea itzali. Hauxe da azkenaldian ikasi dudan trukua. Nire labea txikia da, hau da, altuera txikikoa eta gainera ezin diot gaineko erresistentzia itzali eta hori dela eta gaineko erresistentziaren indarrak ez dio ogiari asko hazten uzten. Horregatik, labea bero-bero izanda 20 minutuz itzaltzen badut, ogia ondo haziko da eta berotasunarekin egiten hasiko da. Lehenengo 20 minutu horien ostean, berriz ere piztu 200ºan eta beste 20 minutuz egin.

Ikasitakoak

  • Labea itzaltzeak berebiziko onura ekarri dit. Lehen nire ogiak ez ziren ondo hazten eta truko batzuk erabiltzen nituen, hala nola, urez busti, zilarrezko paperarekin estali, ... Labea itzaltzea askoz eraginkorragoa eta sinpleagoa da, eta emaitza askoz hobea! Labea itzaltzea Iban Yarzak gomendatu zuen Robin Fooden programan.
  • Irina: edozein irin erabili. Supermerkatuko irin arruntarekin ogi oso ona irtengo da. Ez erabili "harina de reposteria", baina beste edozein irinek balioko du. Galirin osoa erabili nahi baduzu ere supermerkatukoarekin hasi, emaitza ona lortuko duzu.
  • Ore-ama freskatzeko arazoak badituzu, edo ez bada ondo hazten, galirin osoa erabili, honekin errazago hazten da-eta.
  • Ur epela erabili, txorrotekoa. Hartzidura gertatzeko tenperatura oso garrantzitsua da, urarekin nahasketaren tenperatura igotzen baduzu, askoz errazagoa izango da prozesua burutzea.
  • Orduak erreferentzia gisa erabili: gauean hasi beharrean goizean hasi zaitezke ore-ama freskatzen, horrela eguerdian beharrean, gauean amaituko duzu lehen saioa. Orduak beharrean pausoen arteko denbora-tarteak zaindu.
  • Ideietako batzuk Foodgeeken YouTubeko kanaletik hartu ditut. Merezi du tipo honen ogiaren errezetak eta esperimentuak ikusteak.

Hona hemen emaitza, ikusi nola gelditzen diren ogiak. Lastima ezin direla ikutu, baina gainera aurrekoak baino bigunagoak eta jateko atseginagoa gelditzen da.

OGiak

 

100 mendiak: 2020ko igoerak

Mikel Larreategi 2021/01/04 14:26
2020 arraro honetan sekula ezagutu gabeko murrizketak izan ditugu: etxetik irten ezin, herritik irten ezin, lurraldetik irten ezin... baina eguraldi onak ere asko lagundu du
20200816_160320.jpg
Arremouliteko lakua
Gauzak horrela, maiatzetik urrira arteko egunak aprobetxatu nituen aurtengo igoerak egiteko. Gainera, herritik ez irteteko murrizketak indarrean egon direnean, Eibar inguruko mendiak behin eta berriz bisitatu ditut, eta horrek urteko igoera kontaketa asko handitu du. Mendiak.eusen gordetzen dudan estatistikaren arabera 263 izan dira. Gehiegitxo, ala?

Horietaz gain abuztuko gure ibilaldiko gailurrak ere hor daude, hiru mila metrotik gorako pare bat gailurrekin, Gran Facha eta Petit Vignemale.

Eta urteari amaiera emateko, sorpresatxo bat: azken orduko gonbidapen bat medio Jon eta Virginiarekin Aizkorrira joateko plana egin genuen abenduaren 31rako. Elur asko egonda erraketak hartuta joan ginen. Zoritxarrez ez genuen gailurra egitea lortu, behe-lainoak eta haizeak atzera egitera eraman gintuzten Aketegi parean ginela. Hurrengoan izango da!

Eta 2021ean zer? Ikusiko dugu murriztapenak nola doazen, baina uste dut edukiko dudala azken 20 igoerak egiteko aukera. Ondoren zerrenda online bidaltzea besterik ez da geldituko, mendi batzuk baditut begiz jota... Ea, mendi kontuetan behintzat, 2021a 2020 bezain oparoa den.

Mizpirak ezagutzen dituzu?

Mikel Larreategi 2020/11/17 19:12
Orain dela pare bat aste, bulegoko kafe orduan, lankide batek ea mizpirak ezagutzen genituen esan zuen. Bere neska-lagunaren baserrian hartu omen zituzten eta jatera joan zenean ez jateko, usteldu arte itxaron behar dela esan omen zioten.

Mizpirak, mizpillak edo mixpillak. Sekula jan gabe nengoela eta horrela amaitu zen elkarrizketa, Wikipedia irakurri eta lanera itzuli ginen. Egun batzuk beranduago, ordea, Eibarko merkatu plazan baserritar bati ikusi nizkion mizpirak. Lanean komentatu eta joan zen ostiralean libra bat erosi nion Maria Pilarri.

Mizpirak
Mizpirak

Aurrez galdetu egin nion mizpiren inguruan, sekula jan gabe nengoela eta ea nolakoak ziren edo. Eman zizkidanak oraindik usteldu gabe zeudela esan zidan (gogor-gogorrak zeuden, intxaurrak bailiran) eta egun batzuetan mahai gainean uzteko. Otzaratik bat hartu eta eskuarekin zapaldu zuen zulo antzeko aldetik barruko fruitua ateratzeraino. Sagar egosi antzeko fuitua irten zen barrutik ez jateko ere antzeko zaporea, ez dakit nola azaldu. Hori bai, barruan 4 edo 5 hezur txiki. Tripetarako oso onak dira hazur hórrek esan zidan Maria Pilarrek.

Mizpirak zapalduta, barruko fruitua aterata
Mizpirak zapalduta, barruko fruitua aterata

Eta hemen ditut mahai gainean, lehengoan jan nituen batzuk eta bihar bulegora eramango ditut, guztion artean dastaketa egiteko.

Mizpiraren hezurtxoak
Mizpiraren hezurtxoak

Maria Pilarrek beste gauza bat ere esan zidan: oraingo gazteek ez dituzte ezagutzen mizpirak, eta hamen plazan ez baina San Andresetako ferixan asko saltzen dira.Ba bulegoko gaztenak eman zizkigun guri ezagutzera 😂 😂

Aprobetxatu oraintxe amaitzen ari dira-eta, agian datorren astean ez da mizpirarik geratuko.

Mizpira parea
Mizpira parea

Coronapirineus 2020: aurtengo abuztuko gure ibilaldia

Mikel Larreategi 2020/09/02 20:05
Ekainaren bukaeran, normaltasun berrian sartu berritan eta azken hilabeteetako konfinamendu eta arinaldi faseak igarota abuztuan mendi-plana egitea aukera ona zela pentsatu genuen lagun batzuen artean, hona hemen pentsaldi haren fruituak.

Uztailaren lehenengo egunetan elkartu eta iaz egin genuen antzeko ibilaldi bat egitea pentsatu genuen. Antolatutako bi ibilbide begiz jo genituen, 3000 ibones eta Alta Ruta de los Perdidos izenekoak, baina beranduegi zen euretan abuzturako plaza lortzeko, eta gure kontura egin behar izan genuen antolaketa.

Gaubeko lakua, atzean Vignemale
Gaubeko lakua, atzean Vignemale

Mapa bat eskuan eta aterpeak erreserbatzeko hainbat webgune (bat, bi) bestean hartuta ibilaldia antolatzeari ekin genion. Horrela Sallent de Gallego hartu genuen abiapuntu eta Frantziar eta Espainiar Pirinioetako hainbat aterpe eta mendilepotatik pasatzen zen ibilbidea antolatu genuen, hauxe irten zitzaiguna:

  1. Sallent de Gallego - Arremoulit aterpetxea
  2. Arremoulit aterpetxea - Larribet aterpetxea
  3. Larribet aterpetxea - Respomuso aterpetxea
  4. Respomuso aterpetxea - Challet du Clot aterpetxea
  5. Challet du Clot aterpetxea - Baysselance aterpetxea
  6. Baysselance aterpetxea - Gavarnie
  7. Gavarnie - Bujaruelo aterpetxea
  8. Bujaruelo aterpetxea - Bachimaña aterpetxea
  9. Bachimaña aterpetxea - Sallent de Gallego

Norbaitek atseden egun bat tartekatzea beharrezko ikusi zuen eta Gavarnie aukeratu genuen horretarako, herri gisa egokia zelakoan.

Monte Perdido lainopean Baysselanceko aterpetxetik
Monte Perdido lainopean Baysselanceko aterpetxetik

Egun bakoitzerako hainbat ibilbide planifikatu genituen, gure gogo, indar eta eguraldiaren arabera batzuk ala besteak aukeratzeko, tontorren bat ere sartu genuen plangintzan eta azkenean egin ere bai. Hemen duzue GPX gisa egin genuen ibilbidea, bai guztia fitxategi baten eta baita etapa bakoitza bere aldetik ere. Mapa gainean marraztutako trackak dira, ez dira grabatutakoak, baina gu pasatutako bideetatik doaz.

Aukeratutako bideak onak izan arren, ibilbideak gora behera askokoak irten zaizkigu, desnibel handiegiak egun bakarrerako eta gainera jarraian... baina egia esateko nahiko erraz egin ditugu eta arazo larregi barik.

Bereziki Frantzia aldeko aterpeek harritu gaituzte. Hango afariekin nahiko beldurtuta joan ginen gure taldeekidetako batzuk orain dela urte batzuk egindako beste ibilaldi batzuetan izandako esperientziak kontuan izanda, baina guztiz aurkakoa izan da, aterperik onenak Frantziakoak izan dira afari kontuei dagokionez, eta bat aukeratzekotan Chalet du Clot: jende atsegina, logela ona, kokalekua zoragarria eta afari-gosariak mundialak.

Gavarnieko zirkua
Gavarnieko zirkua

Eta ikusitakoa zer? Zaila da deskribatzea... Arremouliteko aterpearen aurreko lakua gainean Arriel gailurra zuela, Gaubeko aterpea aurrean Vignemaleren horma ikusgarriarekin, Gavarniko aterpea bertako zirkura begira eta eibartar lagunak zituen langilearekin, Respomuso eta Bachimañako inguru ederrak, iboiak, lakuak, aintzirak, potzuak eta errekak.

Etapa bakoitzeko argazkiak eta nondik norakoak ikusi eta irakurri nahi badituzue hemen dituzue.

Datorren urtean ere egingo dugu beste zerbait. Lizarraldek esan ohi duen bezala, biba gu!

Neu Gran Fachako gailurrean, nere lehenengo 3000koa
Neu Gran Fachako gailurrean, nere lehenengo 3000koa

Erabili telefonoa mendiko GPS bezala

Mikel Larreategi 2020/07/19 19:33
Mendian edo aire librean ibiltzerakoan jende askok GPS gailuak erabiltzen ditu bideak jarraitu, ibilbideak grabatu edo mapak kontsultatzeko. Baina telefonoak ere erabili daitezke horretarako, eta bateria agortzeko beldurra baduzu, etxeko kaxoiren baten gordeta duzun telefono zahar bat erabili dezakezu. Nola? jarraitu irakurtzen...

Etxeko kajoi baten gordeta duzun telefono zaharrari 2. bizitza emateko modua GPS gisa erabiltzea da. Horretarako mapak eta ibilbideak bertan kargatzea besterik ez duzu egin behar.

Batari eta besteari programa nola erabiltzen nuen erakutsi ostean, oinarrizko jarraibideekin bideo batzuk egitea okurritu zitzaidan eta azken egunotan horixe egin dut.

Nik OruxMaps erabiltzen dut telefonoa GPS gisa erabiltzen dudanean (Play Storetik deskargatu daiteke 4 € inguru ordainduta edo webgune ofizialetik apk gisa). Play Storen dagoen "Mapas de España" ere erabili daiteke, OruxMapsen klon bat da, baina oinarrian funtzionamentu berbera du.

Hemen dituzue bideoak:

Sartei - Sagartegieta

Mikel Larreategi 2020/06/30 20:45
Sagartegieta edo Sartei, Eibarren Arrateballean dagoen jauregi-baserri bat da. Bere egoera oso txarra da, teilatua eta barruko horma asko erorita ditu, baina monumentu izaera omen du. Hemen gaur hartutako argazkiak.

Eibartarrak zerrendan aipatu zen orain dela gutxi Sarteiren gaur egungo egoera kaskarra (informazio gehiago javitxooren blogean) eta gaur, beste lantxo baten aitzakian, inbestigazio lanetan aritu gara lagun batzuk. Hona hemen han egindako argazkiak.

Sartei - Sagartegieta
Sartei - Sagartegieta

Sartei - Sagartegieta atzeko aldetik
Sartei - Sagartegieta atzetik

Sartei - Sagartegieta - Armarria
Sartei - Sagartegieta - Armarria

20200630_171247.jpg
Sartei - Sagartegieta - barrutik

20200630_171252.jpg
Sartei - Sagartegieta - barrutik

20200630_171305.jpg
Sartei - Sagartegieta

20200630_171515.jpg
Sartei - Sagartegieta - barrutik

20200630_171524.jpg
Sartei - Sagartegieta - barrutik

20200630_171530.jpg
Sartei - Sagartegieta - barrutik

20200630_171534.jpg
https://eibar.org/blogak/erral

20200630_171548.jpg
https://eibar.org/blogak/erral

20200630_171555.jpg
https://eibar.org/blogak/erral

20200630_171613.jpg
Sartei - Sagartegieta - Kortako leihoa

20200630_171735.jpg
Sartei - Sagartegieta - Kortako habeak

20200630_171738.jpg
Sartei - Sagartegieta - Kortako habeak

20200630_171750.jpg
Sartei - Sagartegieta - Kortako habeak

20200630_171823.jpg
Sartei - Sagartegieta - Kortako leihoa

20200630_171925.jpg
Sartei - Sagartegieta - atzetik

Kokapena


Ikusi mapa handiagoa

Aldatu zure gosaria: Bircher Mueslia

Mikel Larreategi 2020/03/15 17:30
Azkenaldian orain arteko gosariak aldatzen aritu naiz, eta hona hemen azken deskubrimendua: Bircher Mueslia

Ohikoa nuen laranja zukua eta kafesnea hartzetik beste era baterako gosarietara pasatu naiz azken urte hauetan. Lehenengo gailetak kendu, gosaritako "zerealak" gehitu, ondoren xigortutako ogia, gero nik neuk egindako ogia, gero zukua kendu eta fruta osoa sartu, eta azkenaldian muesli hau.

Mueslia zereal, fruitu lehor, ezti eta esne edo jogurtarekin jan ohi den janaria da, normalean gosari edo askari gisa jaten dena. Orain arte, inoiz supermerkatuetan erosi izan dut muesli paketeren bat: olo malutak izan ohi dituzte osagai nagusi gisa eta hainbat fruitu lehor. Beti gosaritako "zerealen" antzera jan izan nuen muesli hori: esnearekin nahastu eta aurrera. Hala ere, grazia handirik ez zidan egiten: ez ziren kurruskariak eta nahiko arina-edo iruditzen zitzaidan.

Bircher Muesliaren nire bertsioa hozkailura sartu berri
Bircher Muesliaren nire bertsioa hozkailura sartu berri

Orain dela aste batzuk, ordea, mueslia beste era batera jateko modua ikasi nuen. Oraindik noizean behin, YouTubeko Easy German kanaleko bideoak ikusten ditut (alemaniera ikasten hasi nintzen, baina utzi egin nuen orain dela 4 edo 5 urte), eta hango bideo baten emakume batek "Bircher mueslia" gosaldu zuela esan zuen. Bircher-Benner abizeneko mediku batek "asmatu" omen zuen errezeta, ez zuen dirudienez gosaritarako asmatu, baina horrela erabiltzen omen du jendeak. Oinarrian hauxe omen da jatorrizko errezeta (horixe dio Wikipediak):

  • Hamabi orduan uretan edukitako olo malutak
  • Sagar oso bat (azal eta mutxikin eta guzti) guztiz birrinduta.
  • Limoi erdi baten zukua (horrela sagarra ez da oxidatuko)
  • Intxaurrak, edo urrak, zati txikietan
  • Esnegaina eta eztia, edo gozatutako esne kondentsatua.
  • Prestatzeko, olo malutak eta esnegaina eta eztia nahastu eta gainera guztiz birrindutako sagarra bota limoi zukuarekin batera, eta zerbitzatzeko orduan gainetik urrak bota.

Ikusi jatorrizko errezeta hau egiteko pausuak bideo honetan, gutxienez nahasketaren konsistentzia ikusteko. Hala ere, ehundaka errezeta ezberdin aurkitu ditzakezu Interneten. Gehienek aldaketatxoren bat egiten diote Bircher-Benner medikuaren errezetari. Nik, bati eta besteari irakurri ostean, hauxe erabili dut azken aste hauetan:

  • Olo malutak
  • Limoi baten azala eta zukua
  • Sagar oso bat
  • Madari oso bat
  • Kalabaza pipak
  • Ekilore pipak
  • Esne pixka bat

Guztia ontzi handi baten nahasten dut eta hozkailuan sartzen dut. Hurrengo goizerako olo malutek eta pipek likidoa hartu egiten dute eta guztia nahasketa eder bihurtzen da. Gosaltzeko nahasketa horretatik bi edo hiru goilarekada eder hartzen ditut eta zerbaitekin nahasi: batzuetan esne hotz gehiago botatzen diot, bestetan zatitutako urrak edo intxaurrak gehitzen dizkiot gainetik edo fruta fresko pixka bat (marrubi edo ahabi batzuk, laranja zati batzuk, ...), edo gazta freskoa ere bai. Ahoan zerbait kurruskaria izan nahi baduzu, granola pixka bat ere bota diezaiokezu (etxean egindakoa adibidez).

Jamie Oliver sukaldariaren bertsioa ere probatu nuen, nahasketari esnea bakarrik bota beharrean, esnea, platano bat eta kakao hautsa batera birrinduta egindako irabiakia gehitzea. Hau ere ederra.

Probatu eta esango didazue!

San Blas opilen nire errezeta

Mikel Larreategi 2020/01/30 18:20
San Blasak otsailaren 3an ospatzen dira eta Eibar eta inguruetan ohikoa da anis ikutua duten opilak egitea. Nire etxean betidanik amamak egin ditu San Blasak eta azken aldian neuk egiten ditut, hona hemen erabiltzen dudan errezeta, amamarenetik abiatuta egindakoa.

San Blas opilek bi lan nagusi dituzte: opila bera eta gaineko zuria. Osagaiak zati bakoitzarentzat bereiziko ditut

Opilentzako osagaiak

  • Kg 1 irin. Nik "Harina de Repostería Gallo" erabiltzen dut, baina besteek ere balio dute.
  • 500 gramo azukre.
  • 4 arrautza oso eta 4 arrautza gorringo. Arrautzak ahalik eta handienak erabili, dendan tamaina ezberdinekoak egoten dira, XL tamainakoak dira egokienak.
  • 100 gramo bigundutako mantekilla.
  • Anis esentzia potetxo bat. Eibar eta inguruetan San Blas egunaren inguruan, eta batzuetan urte guztian zehar ere bai, supermerkatuko kaxan saltzen dituzte. Botiketan ere saltzen omen zuten lehen.
  • "Royal" erako legamia, bi goilerakada txiki.
  • Gatz apur bat.

Opilak egitea

Opilak egiteko lehenengo lan mahai gainean irinarekin sumendi bat osatu behar da. Ez erabili irin guztia, utzi 100 bat gramo erabili gabe. Sumendiaren erdira gainontzeko osagai guztiak bota eta dena ondo oratu guztia bateratu arte. Orea pixka bat umela igartzen baduzu, gehitu gutxinaka gutxinaka bota gabe utzi duzun irina. Horrela oreak behar duen beste irin hartuko du. Azkenean mahaian itsasten ez den ore bat osatu behar duzu. Orea prest dagoenean, ordu laurden inguruz mahai gainean trapu batekin estalita utzi.

Atsedenaren ostean 450 gramo inguruko lau zati egin (gutxi gora behera) eta arrabolarekin edo eskuarekin luzatu eta nahi duzun forma eman. Kontuan izan gero labean sartu beharko duzula, beraz labean duzun lekua ondoen aprobetxatzeko moduko forma eman. Ohikoa da opilek koska batzuk izatea kanpoaldean.

San Blasak laberako prest
San Blasak laberako prest

Labea 200 ºCtara berotu eta ondo berotuta dagoenean opilak bertara sartu. Ez dago labean edukitzeko denbora finkorik, orearen egoera eta labearen araberakoa baita, beraz kolore pixka bat hartzen hasi arte-edo eduki ditzakezu. Ondoren labetik atera eta gaineko zuria eman.

Gaineko zuria egiteko osagaiak

EGUNERAKETA 2023-01-30: zuria egiteko modua aldatu egin dut, emaitza askoz hobea lortzen dudalako horrela.

  • 2 arrautza zuringo
  • 250 gramo azukre glas. Glas azukrerik ez baduzu, azukre normala edalontzidun irabiagailu baten sartu eta birrindu hauts bihurtu arte.
Zuringoak barilak erabiliz edo bariladun irabiagailua erabiliz elur puntua izan arte irabiatu. Hori lortutakoan, irabiatzeari utzi gabe, azukrea gehitzen joan. Ez duzu azukre guztia bota beharko. Ez dago puntu zehatzik baina kolore zuri bizia izan behar du.

Opilak gaineko zuriarekin estali

Egiteko gelditzen den gauza bakarra labetik atera berri diren opilak gaineko zuriarekin margotu edo estaltzea da. Oso garrantzitsua da opilak labetik atera berri margotzea, horrela gaineko zuria berehala lehortuko delako.

Opilak denbora batez parrila baten gainean utzi hozten joan daitezen eta ondoren mahai gainean utzi. Parrila baten jarriz gero, azpitik ere ondo lehortuko dira. Normalean gauetik goizera gaineko zuria ondo lehortzen da.

San Blasak gaineko zuria eman ostean lehortzen
San Blasak gaineko zuria eman ostean lehortzen

Eta zuk, nola egiten dituzu zure San Blasak?

Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.