Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik

Mikel Larreategiren bloga

Beste Alfa

Mikel Larreategi 2013/03/10 14:03
San Andres pasealekutik eraitsia, Torrekuan jasoa, Arrigorrin itsasora begira koloniak zituena, Isasi kaleko eraikinen sotoan ekonomatoa zuena eta Aldatzen ikastola. Sirena ere errekuperatu zuen norbaitek eta Ipuruan jarri S.D. Eibarren golak ospatzeko. Zer ez da izan Alfa eibartarrontzat?
Beste Alfa

Alfa ikastetxearen eraikina

Gaur bertan horietako toki baten ondotik pasatu naiz: Aldatze gaineko eskolatik. Igande goizeko isiltasunean, bertako frontoian pelotan jolasten zebilen baten zarata besterik ez zen entzuten. Haizearen uluekin, agian txoritxoren baten txorrotxioak, baina besterik ez.

Ni ez nintzen Alfako ikasle izan. Juan Antonio Mogel ikastolaren erakin bat zen Alfa, baina ni Iturburun ibili nintzen. Agian Alfa izan behar zen nere lekua, aita Alfako langilea zen-eta. Uste dut pare bat aldiz joan ginela Alfara klasera. Elurra izango zen arrazoia seguraski. Nahiz eta elurra egiten zuen gehienetan Iturburura bertara ere iristen ginen gu. Autobusa igotzen ez bazen oinez igotzen ginen. Leihoak itxita, pertsiana batzuk jasota eta beste batzuk jeitsita. Atzealdetik begiratu eta utzita dagoen eraikin bat dirudi. Aurretik begiratu eta ate nagusian kate berri-berri bat, funda laranja batekin atea ixten. "Propiedad Privada" kartela besterik ez da falta.

Baina Alfara itzuliz, zer dago han? Erabiltzen da zerbaiterako? Garai baten, Juan Antonio Mogel ikastolak bere ikasleak Iturburun bildu zituenean, garai hartan Unibertsitate Laboralean zegoen Hizkuntza Eskola Ofiziala Alfara ekarri behar zutela esan zuten. Gero, ordea, Ignazio Zuloaga institutura ekarri zuten, honek bere ikasleen erdiak hezkuntza erreformaren ostean galdu eta gero.

Atzetik belarrak eta zikinkeriak jango duela dirudien honetan inork inoiz pentsatu du zerbait eraikin honentzat? Erabiltzen da egun zerbaiterako? Nork erabiltzen du? Norena da?

Derrigorrez birziklatu ala ez?

Mikel Larreategi 2013/01/18 08:00
Eibarko eta kitto aldizkariaren urtarrilaren 18ko alean argitaratutako zutabea.

Azken hilietan zihar makina bat bidar entzun doguz gure inguruko politikuak atez ate zakarra batzeko sistemiari buruz diskutitzen. Hainbesteraino heldu da kontua ezen atez ateko batze horren aldeko eta kontrako plataformak eta firma-batziak sortu dirala.

Azken barrixa Bergaratik etorri da: sistema horren kontrakuak zakar-poltsak balkoietan zintzilik ipini dittue eta referenduma eskatu dabe herrixak gai horren inguruan erabagi daixan. Sineskaitza ein jata hasiera-hasieratik kontu honek euki daben postura ideologikua: Bilduren inguruko mundu guztia atez atekoaren alde posizionau da, eta EAJ, PSE eta PPren ingurukuak aldiz aurka. Eta alde eta aurka zelan gainera! Ezinezkua da ideia politikuak zaborraren kontura hain zuzen eruatia, ezinezkua!

Nere ustez kontua gaizki kudeatu dabe alde bixek. Instituziñuek egin bihar daben galderia zera da: zaborra birziklatzia derrigorrezkua izan bihar da ala ez? Lehenengo galdera honi erantzun, eta gero hasi zaborra batzeko sistema egokixa zein dan erabagitzen. Neretako erantzuna garbixa da: bai, derrigorrezkua izan bihar litzake birziklatzia. Eta hori zelan lortzen da? atez ate zaborra batuz? kontenedorekin? munizipalak etxera bialduta multak ipintzen? Ba ez dakit, baina hori erabakitzeko bozkatzen doguz 4 urtero politikuak.

Eta udalera eta Diputaziñora be proposamen hori luzatuko neuke: erabaki lehenengo birziklatzia derrigorrezkua ala hautazkua izan bihar dan, eta gero erabaki sistemia.

Argazkia, Bilbo Hiria Irratiaren webgunetik ekarritakoa da bere CC-BY lizentziari esker.

Elkarrizketa Euskadi Irratian: Magnus Carlsen munduko zerrendako 1. postuan

Mikel Larreategi 2013/01/11 08:16
Magnus Carlsenek bere garaian Gari Kasparovek ezarritako muga gainditu du aurtengo urtarrilean Nazioarteko Xake Federakuntzaren zerrendan, eta horren inguruko elkarrizketa egin zidaten Euskadi Irratian.

Joan zen astean, urtarrilaren 3an, elkarrizketa egin zidaten Euskadi Irratiko Faktoria saioan Magnus Carlseni buruz. Urtarrilaren 1ean argitaratu zen Nazioarteko Xake Federakuntzaren zerrendan, lehenengo postuan dago norvegiar gaztea eta gainera bera da historian zehar zerrenda horretan puntuazio handiena izan duen jokalaria Gary Kasparoven puntuak gaindituta. Hemen entzun dezakezue, Euskadi Irratiari esker, elkarrizketa duzue.

The Big Bang Theory euskaraz!

Mikel Larreategi 2012/11/16 17:50
Nola? ETBk The Big Bang Theory erosi du eta itzultzen ari da? Hala Hamaika Telebistak egin du? Nola hitz egingo du Sheldonek euskaraz? Nola itzuli ote dute "Bazinga!"? Ba, ez, ez du ez ETBk eta ez Hamaikak erosi, TBBT euskaraz azpititulatzen ari gara!!
The Big Bang Theory euskaraz!

Pertsonaiak (ezk-esk: Howard, Leonard, Penny, Sheldon eta Raj)

Irailaren 27an hasi zen Ameriketako Estatu Batuetan The Big Bang Theory telesailaren 6. denboraldia. Eta hurrengo egunean, gutxi gora behera, hartu nuen erabakia: denboraldi honen euskarazko azpitituluak prestatuko ditut.

Ez dut gogoan nork gomendatu zidan telesaila, baina oso ona iruditzen zait. Ezagutzen ez duzuenontzat, telesailak Sheldon Cooper doktorearen eta bere lagun Leonard Hofstadter, Howard Wolowitz, Rajesh Kootrappali, Penny, Bernadette eta Amy Farrah Fowler lagunen istorioak kontatzen ditu. Sheldon, Leonard eta Rajesh fisikariak dira, Howard ingeniaria, eta Penny, Bernaddete eta Amy euren neskalagunak (edo ez). Telesaila umorez beteta dator, batez ere Sheldonen izaeragatik (bere burua perfektutzat dauka eta memoria eidetikoa dauka) eta lagunen izaera eta jarrera frikiegatik.

Aspaldidanik ez dut jarraitzen telesailik hemengo telebistetan. Ezin dut telebisten kanal aldaketa, ordutegi aldaketa eta putadekin. Nire gainetik daude. Horregatik Internet bidez lortu eta ikusten ditut. Horrela hasi nintzen 24 ikusten (telesaila Antena 3ek guztiz maltratatu ostean) eta baita Lost ere (naiz eta Cuatro-k ahalegin handia egin). Gainera horrek bertsio originalean eta ingelesezko azpitituluekin ikusteko aukera eman dit, horrela nire ingelesa hainbeste gal ez dadin.

Hori horrela eta Luistxok abiatutako azpitituluak.com proiektua ikusita, telesailaren azpitituluak itzultzen hastea erabaki nuen. Nire lehen azpitituluak izateko, gainera lana pelikula oso baten azpitituluak egitea baino errazagoa izango zela uste nuen, atal bakoitzak 20 minutuko iraupena baitu (gutxi gora behera 500 bat esaldi).

Eta nire sorpresa hirugarren atalarekin etorri zen. Azpitituluak prestatzera nindoala bidelagun bat topatu nuen. Igor Gaminde (@GaurDaBihar) bildu zen proiektura eta berak itzuli zuen 3. atala! Hori horrela hortik aurrerako atalak erdibana itzuliko ditugu (prest daude 4. eta 7. atalak eta berehala egongo dira 5. eta 6.ak).

Beraz, TBBT atsegin baduzue, edo kuriositate hutsez euskarazko azpitituluekin ikusi nahi baduzue badakizue, lortu azpitituluak.com-etik The Big Bang Theory telesailaren euskarazko azpitituluak. Animatu, ahal baduzue lagundu eta mesedez, komentatu zer iruditu zaizuen! Eskertuko dizuegu!

Hau ere bada kultura, eta milioitzak ordaindu gabe telesailak erosten eta bikoizten. Eta bide batez, ea ikasten duten gure telebistek TDTa erabiliz hizkuntza bat baino gehiagotako azpitituluak jarri ditzaketela eta pelikula eta telesailak jatorrizko bertsioan ere eskaini. Joan zen astean, esaterako, Antena 3ek James Bonden Casino Royal eman zuen. Azpitituluak gaztelaniaz bakarrik zeuden eta gainera sinkronizatu gabe, ia bi segunduko atzerapenarekin irteten ziren. Sinkronizazioa garrantzitsua da!!!

Argazkia Wikipediatik atera dut. Argazkia: Wikipediatik aterata https://en.wikipedia.org/wiki/File:The_Big_Bang_Theory_main_characters.png

San Francisco 2011

Mikel Larreategi 2011/11/28 21:09
Aurreko urteetan Napoli, Washington DC, Budapest edo Bristolen bezala, aurtengo Plone Konferentzia San Franciscon antolatu zuten azaro hasieran, han ibili ginen Lur lankidea eta biok.
PloneConf 2011: panfletoa eta garagardo-edalontzia

Urteroko ohiturari jarraiki eta Plone Fundazioak egindako deialdiari erantzunez, San Franciscon bildu ginen munduko Plonelariak urteroko Plone Konferentzian. Lau egunetan zehar, azaroaren 3tik 6ra artean, San Franciscoko State Universitik Market Street-en duen egoitzan, hainbat eta hainbat hitzaldi eta aurkezpen ikusi genituen.

Dexterity, Diazo, Transmogrifier, XML, ZPT, Python eta beste hainbat eta hainbat buzzworden inguruan aritu ginen. Zalantza gabe asko aprobetxatuko dugun konferentzia izan da aurtengoa ere, beste hainbat urtetan ezagututako aurpegiak berriz ere ikusi, kontaktuak egin, eta munduko Plonelariak zertan dabiltzan ezagutzeko aukera aparta ematen baitigu konferentziak. Gainera, komunitateari produktua erabiliz hartutakoa itzultzeko modua ere bada nolabait, Plone erabiltzeagatik ez baita inolako royalty edo lizentziarik ordaindu behar-eta.

Hala ere, harainoko bidaiak San Francisco ezagutzeko aukera ere eman zigun. Domusantu eguneko zubia-zela eta egun batzuk lehenago joan ginen Lur eta biok eta turista plantak egiteko astia ere eduki genuen.

 

Neu Golden Gate atzean dudala

Handia da San Francisco, agian handitasun hori ez genuen argi hasieratik eta lehenengo egunean sekulako ibilia egin genuen (bere garaian Erroman edo Washington-en egin bezala), hotelera iristean hankak egosita eta hurrengo egunean lurrean jarri ezinda edukitzeko.

Hiriaren handitasun horretan, portuan bertan dagoen merkatu bat ikusi genuen lehenengo egunean. Asko harritzen naute merkatuek, ez dakit zergatik baina nire barnean zerbaitek esaten dit hiri handi eta kosmopolita batean (dela San Francisco, dela Londres), kaleko merkatu txikiek tokirik ez dutela eta dena izan behar dela hipermerkatu. Ba ez, azkenean hiri handietan herritar xumeak ere bizi dira, eta merkatuek ere bere funtzioa betetzen dute.

Bizikletarekin zubia zeharkatzeko prest!

ChinaTownetik buelta bat emateak ere hiriaren handitasuna garbi erakusten du, ChinaTown bera hiri handi baten barruan aurki daitekeen hiri bat baita: guztia txinatarrentzat pentsatuta eta euren bizimodua egitera egokituta. Turistak ere dexente bertan. Batman-en taberna deskubritu genuen lehenengo egun honetan. Eta bertara abonatu ginen zalantza gabe. Batmanez jantzitako kamarero batek atenditu gintuen, Oier Gorosabelen sekulako antza zuen gainera :)

Bigarren egunean Udaletxetik abiatuta eta Golden Gate Park-en zehar Ozeano Barera joan ginen. Ez nahastu, Golden Gate Park ez dago izen bereko zubiaren ondoan, ezta urrik eman ere! Parke horrek ere hiriaren handitasuna bere horretan erakusten du. 10 bat futbol zelai luze edo gehiagoren luzera eta 3 edo 4ren zabalera du markeak. Google Maps-eko satelite bistan bikain ikusten da. Asteburua zen eta jende mordoa zegoen bertan, polizien lasterketa benefiko horietako bat ere bai tartean. Taberna eder bat ere topatu genuen arratsalde partean: Zeitgeist.

San Francisco Alcatraztik

Eta Ozeano Barera iritsi ginenean... behelainoa, barkatu gandua. Ohikoa omen da gandua San Franciscon. Berehala garbitu zuen ordea eta eguna berriz ere argitu. Ibili luze horren ondoren, autobusean egin genuen buelta.

Hirugarren egunean, lehenengo egunean hartu genituen Alcatraz-erako txartelak erabili genituen. Itsasontzia hartu eta segurtasun handiko gartzela mitikoari egin genion bisita. Hotelerako buelta San Franciscoko tranbia, hauek ere mitiko, horietako baten egin genuen.

Ashbury eta Haight kaleen bidegurutzea

Laugarren eguna izan zen ederrenetakoa: bizikletak hartu eta Golden Gate zubian barna Sausalitoko etxe-flotagarriak ikustera joan ginen (25 kilometro guztira joanean eta beste horrenbeste itzuleran). Zalantza gabe aurten baino gehiago nekez ibiliko nintzen bizikletan: lehenengo Herbereetan eta ondoren San Franciscon. Eta Eibarren noiz? Lizarraldek bizikleta bat gomendatzen didanean :)

Bostgarren egunean, gehien gustatu zitzaigun zonaldea ikusi genuen: Haight kalea eta Haight eta Ashbury kaleen lotunea. Hor zegoen kale-bizitza benetan polita: erropa dendak, bigarren eskuko dendak, disko-denda izugarri bat, tabernak, musika, ... bizitza kalean. Handik bueltan, bazkalostean, Castrora egin genuen bisita, San Franciscoko gay komunitatearen auzora. Batman-enean garagardo bat hartuta goiz oheratzeko ordua zen, hurrengo egunean hasi baitzen Plone Konferentzia. Eta hangoak? Bada, hangoak CodeSyntaxen blogean aurkituko dituzu hemen baino hobeto azalduta. Gezurra badirudi ere Plone Konferentzietara lanera joaten gara. Hango kronika eta apunte asko ez ditugu argitaratzen, baina laburpen laburrak ez dizkiegu egiten CSko lagunei, luze eta zehatzak baizik!

Inork San Franciscora joan nahi badu, hona hemen Lur eta biok egindako ibilaldien mapa, azken egunekoa falta da, baina sartuko dut egun hauetakoren baten.

Argazkietako batzuk nireak dira eta beste batzuk Lurrenak. Seguraski onak bereak izango dira eta eskasak nereak :)

 

Ikusi San Francisco, USA mapa handiago batean

Abuztu hasiera Vlissingenen

Mikel Larreategi 2011/08/02 21:52
Xakea eta oporraldia uztartu ditugu aurten ere Deporreko xakelariok.

Iaz Italian egin genuen bidaiarekin hasitakoaren bigarren geldialdia egiten ari gara egunotan Herbereetako Vlissingen herrian. Bertan 15. Hogeschool Zeeland xake txapelketa jokatzen ari da eta berau jokatu eta oporraldi lasaia pasatzeko asmoarekin etorri gara bost lagun bertara.

Vlissingen 45000 bizilaguneko kostako herri bat da. Hondartza eta portua ditu eta jende asko dabil bertan bizikletan, baina gaur arratsalde-iluntzean eman dudan bizikleta ibilaldian gehien harritu nauena etxeak izan dira. Etxe guztiak berdin berdinak, txikiak eta bi pisukoak dira. Ah, eta ez dute pertsianarik. Pertsiana gabe bizi dira holandar hauek!!

Goizean hondartzan izan gara batzuk Iparraldeko Itsasoko ur hotza probatu, eguzkia hartu (ederto berotzen zuen hemen ere) eta Vlissingen aurretik Antwerpera (Anberes) bidean edo hango portutik datozen itsasontziak ikusten. Belgikako portu handienetakoa izango denaren itsas-trafiko guztia hemendik pasatzen da.

Bizikletena ere aipagarria da. Lehenengo egunean tren geltoki ondoan astebeterako bizikleta alokatu genuen, bakoitza 37.50 €ko prezioan eta benetan garraiobide erosoa da herrian zehar ibiltzeko. Supermerkatura, hondartzara, garagardo bat hartzera, partidara, buelta bat ematera... edozertara bizikletan joaten gara. Benetan asmatu genuen bizikleta hartzerakoan. Hemen bizikletan ibiltzeak inbidia ere ematen dit, eta Eibarren nola ibiliko ote nintzatekeen ere pentsatu dut, hala ere hemengo lautadak (aldapa txikiena ere ez dago) eta Eibarko gora-beherak ez dira konparatzekoak, eta zer esanik ez bideak: hemen guztia dago prest bizikletentzat, bidegorriak kale guztietan, kotxeak gelditu egiten dira pasatzen uzteko... laneko bizikleteroak gustora asko arituko lirateke hemen.

Besterik ez, xakeak uzten badit idatziko dut zerbait gehiago hemendik edo Amsterdametik (hara goaz txapelketa bukatzean), bitartean argazki batzuekin uzten zaituztet eta baita Eibarko Klub Deportiboaren webgunean idazten ditugun kronikatxoekin ere. Lizak Vietnam eta Laostik dioen bezala: Biba gu!!

Bi "K": leiha baten historia

Mikel Larreategi 2011/06/30 20:08
Michael Robinsonek hilero Canal + katean aurkezten duen programak xakea izan du gaitzat ekaineko erreportaietako baten: Gary Kasparov eta Anatoly Karpoven arteko leiha.

Eibarko xakelariontzat oso garrantzitsua den asteburu honetan (Sustatun ere konturatu dira), Leontxo Garcia handiaren Twitter kontuaren bidez enteratu nintzen atzoko Michael Robinsonen "Informe Robinson" telebista saioan xakea gai izango zuen erreportai bat emitituko zutela: Kasparov eta Karpoven arteko lehiari buruzkoa. 

Erreportaiak dataz data, partidaz partida, bi xakelari handi hauen leiha nolakoa izan zen aurkezten du, gorrotoraino iritsi artekoa momentu askotan, azkenean laguntasun edo errespetu moduko batera iritsi dena, Putinen aurka manifestatzeagatik Kasparov kaleratu zutenean edo-eta orain gutxi Karpov Nazioarteko Xake Federakuntzaren lehendakaritzarako aurkeztu eta Kasparovek bere babesa eman zionean.

Biziki gomendatzen dizuet erreportaia, ordu erdi ingurukoa da eta programaren bigarren zatian dator. Lehenengo zatian Movistar Team txirrindulari taldeak Giroan egindako lanari buruzkoa da eta txirrindularitzaren gogorra zuzen-zuzenean erakusten du. Hona hemen programa oso-osorik ikusteko lotura: http://www.canalplus.es/play/video.html?id=903874&media=PO877576&cc=PLTVOD

Ezin dut gehiago

Mikel Larreategi 2010/12/07 19:55
Hankak leher eginda ditut, gaur hotza eta elurra jasan dugu eta ez dut idazteko gogorik. Gaur argazkiak bakarrik.
Notre Dameko gargola bat
Notre Dameko gargola bat
Musse d'Orsay barrutik
Musse d'Orsay barrutik
Napoleonen hilobia
Napoleonen hilobia
Tour Eiffel elurraren atzean Arc du Triumphtik
Tour Eiffel elurraren atzean Arc du Triumphtik
Champs Elissees Arc du Triumphtik
Champs Elissees Arc du Triumphtik
Arc du Triumph
Arc du Triumph

Ez dut artea ulertzen

Mikel Larreategi 2010/12/06 22:23
Atzoko kanpoko-gauzak ikustearen ostean, gaur, eta euria zela aprobetxatuz, aterpeko gauzak ikusteari ekin diogu.
Bandalismoa 1630 urtean!!

Lehenengo helmuga Louvre museoa izan da. Zer esan museo honi buruz? Ezin da adjektibo bakarra erabiliz definitu. 9 hilabete beharko omen lirateke bertako artelan guztiak ondo, idatzi denak irakurriz eta dena soseguz bisitatzeko.

Hamurabiren Kodea

Goiz baten zer egin daitekeen? Frantziar eskulturak, Napoleonen gela, Luis XVI.aren testamentua eta Maria Antonieta erreginaren azken gutuna irakurri, egiptoko hainbat eta hainbat oroigarri ikusi, Hamurabiren kodea ikusi, greziar zein erromatarren hainbat eta hainbat eskultura eta marmolezko irudi ikusi, Miloko Venus, Samotraciako Garaipenaren eskultura edo Leonardoren Mona Lisa ikusi, Canako Ezkontzen koadro handi eta zoragarria begiratzen orduak eman... Beste mila gauza ere ikus daitezke bertan, baina konturatu orduko ordubiak inguru ziren eta bazkaltzeko ordua ere iritsi da.

Greziako 3 filosofo ezagunen buruak

Saint Chapelleko kristalerak ikusi nahi genituen baina ilara luzeegia eta tenperatura baxuegia zegon. Aldameneko Convergerie ikustera sartu eta Maria Antonietaren zeldan bukatu dugu. Notre Dameko errosetoia eta bertako irudiak ere ikusgarriak dira. Dorreetara igotzeko asmoa gure muturrean atea itxi digun zaintzaileak kendu digu.

Handik berehala Panteoira joan gara. Bertan aurkitu dugun definizioak dioen bezala, Errepublikaren pertsona famatuak omentzeko tenplu laikoa da Panteoia. Bertan daude hainbat eta hainbat pertsonai famaturen hilobiak, hala nola, Marie eta Pierre Curie edo Voltaire eta baita Foucault-en jatorrizko pendulua ere.

Eta handik arte modernoa ikustera joan gara Georges Pompidou zentrura. Han bai ez dudala ezer ulertu. Edozer da artea. Edo sentsazio hori izan dut behintzat. Eta ez zait gaizki iruditzen! Hau da, orain dela 200 urteko margolan bat artea bada, paper baten egindako marra batzuk, edo argazki bat, edo Hiroshimako jendearen erropak errepresentatzen dituzten oihal zuriak ere artea dira. Edo baita musika baten bibrazioarekin musika eragiten duten beste instrumentu batzuk ere. Irteeran, museoetan egon ohi den bisita liburuan ohar bat uzteko gogoa izan dut, baina ez dut ikusi. Agian hori ere artea da.

Foucaulten penduluaArte (?) Modernoa (?)

Ze hotz egiten duen Parisen!!

Mikel Larreategi 2010/12/05 22:37
Zubiaren aitzakia hartuta Parisen nago egun batzuetarako.
Place de la Concorde-ko obeliskoa

Eskerrak hegazkina alde batera utzi eta Hendaian TGVa hartuz Parisera etortzea erabaki genuela. Eskerrak diot, ostiral eta larunbatean Espainiako aireportuetan gertatu zirenak ikusita, TGVan eguna pasatzea ondo etorri zitzaigulako.

Heltzeaz bat, izoztutako lurra ikusi genuen Montparnaseko tren geltokian. Bidebazterrak zurituta zeuden, larunbatean zehar elurra egin baitzuen. Hala ere eguerdi-arratsalde parteko eguzkia medio gehiena izoztu egin zen.

Louvreko piramidea

Gaur igandea izan da lehenengo eguna, ibilbide polita eta hotza, hotz handia egiten du hemen eta datozen egunotan ere hotza izango omen da. Tuilerietako jardinak, Orangerie museoa eta Moneten Les Nymphéas, Concorde plaza, Madeleine eliza, Opera plaza eta eraikina, Vendome plaza eta urrezko miliako dendak, Louvre museoa kanpotik, ... Hainbat gauza dago ikusteko Parisen. Gainera gaur, hileko lehenengo igandea izanda, museoetarako sarrera doakoa da, eta noski bai Louvre zein Pompidou zentruan sekulako ilarak zeuden. Bihar edo etzi ikusiko ditugu lasaiago.

Sacré Coeur

Handik metroa hartu eta Sacré-Couer eta Montmatré-ra joan gara. Ederra eliza eta auzoa. Artisten auzoa omen da, baina turistentzat guztiz prest.

Eta metroari buruz zer esan? Bai, debilidade antzeko bat dut metroekin, gustatu egiten zaizkit. Londresen (eta ez Londonen) joan zen hilean ikusitakoak errepikatuko nituzke. Multikulturalitatea eguneko ogia da. Eta igandea izanda ere metroa goraino beteta. Musikariak edozein bazterretan eta tristeena: eskaleak eta etxerik ez dutenak metroan lo egiten. Kanpoan dagoen hotzarekin metroko geltokietako bazterrak bilatzen dituzte gaua pasatzeko. Hori bai, zikina iruditu zait metroa. Txiza usaina nonahi.

Bihar astelehena egun luzea izango dugu ea Louvre ondo ikusten dugun.

Parisko bista Sacré Coeuretik

 

 

mikel map
Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.