Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik / Ogiaren nire errezeta

Ogiaren nire errezeta

Mikel Larreategi 2019/04/10 10:35
Azkenaldian ogia egiten dut etxean. Batzuetan moldekoa, beste batzuetan arrunta. Batari eta besteari ikusi, libururen baten irakurri eta interneten begiratu eta ikasitakoarekin egiten dut. Batek baino gehiagok nola egiten dudan galdetu didate, eta hona hemen erabiltzen dudan "errezeta".

Ama orea freskatu

Ogia ore-ama edo ama-orearekin (eztabaida linguistikoa hemen) egiten dudanez, lehenengo hozkailuan dudan ore-ama freskatzen dut. Beraz:

  • 1. eguna 22:00etan: hozkailuko ore-ama 2 tuper txikitan banatzen dut eta gari-irin integrala (bi edo hiru koilarakada) eta txorrotako ur epela gehitzen diot. Ondo nahasi, itxi eta sukaldean bertan uzten dut.
  • 2. eguna 7:00retan: tuper txikien hondoan aireak sortutako burbuilatxoak ikusten dira. Ireki eta beste bi edo hiru koilarakada irin eta txorrotako ur epela gehitzen diot. Ondo nahasi, itxi eta sukaldean bertan uzten dut.

Orea nahasi eta forma eman

  • 2. eguna 18:00retan (gutxi gora-behera, beranduago ere izan daiteke, lasai hartu!). Tuperretako nahasketan burbuila asko ikusiko dira eta usain berezia izango du. Hurrengo baten erabiltzeko nahasketaren apur bat, pare bat koilarakada txiki, hartu eta gorde pote baten hozkailuan.
  • Koilara bat sartzen baduzu mousse baten itxura izan dezake. Ore ama prest dago. Beraz nahasketa egin ontzi handi baten:
    • Bi tuper horien edukia
    • Ogia egiteko kilo bat irin (gaztelaniaz "panificable" du izena, nik azkenaldian hemen erosten dut).
    • 570 gramo txorrotako ur epela (adi, gramotan neurtu). Hau, goraino betetako bi edalontzirekin neurtzen dut (nire edalontziak hauexek dira).
    • 20 gramo gatza.
  • Nahasketa egiterakoan aurreko osagai guztiak nahasi baina edalontzi erdi ur ez bota. Irinaren arabera eta ore amak daukan dentsitatearen arabera gerta daiteke oreak ur gehiegi behar ez izatea. Beraz osagai guztiak nahasi eta oraindik ere ontziaren hondoan irina gelditzen bada edo orea oso lehorra dagoela iruditzen bazaizu edalontzian gelditu den ura gehitu. 
  • Nahasketak itxura zatarra izango du eta agian pixka bat itsatsiko zaizu eskuetan. Lasai hartu ondo egin duzu-eta!
  • Orea ontzian utzi eta plastikozko filmarekin edo sukaldeko trapu batekin estali eta utzi egoten 15 minutuz.
  • 15 minutu pasatutakoan orea aldatu egin dela ikusiko duzu, leundu egin balitz bezala. Ontzian bertan, edo mahaira aterata, orea doblatu. Ikusi bideo honetan nola doblatu.
  • Errepikatu 15 minutuko atsedena eta orea doblatzea beste 2 edo 3 aldiz orea guztiz leundu arte. Denbora gutxirekin bazabiltza lasai hartu, lehenengo aldiz doblatu ondoren utzi egoten. Orea bere kabuz leunduko da denbora ematen badiozu. Denborak orea egiten laguntzen du.
  • 2. Eguna: 19:00retan (edo doblatzea amaitu duzunean) plastikozko filmarekin edo sukaldeko trapu batekin estali eta sukaldean utzi.  Orea hartzitu egingo da. Sukaldea epel badago hobeto. Tenperatura altua badago hobeto edo lehenago hartzituko da. Nere sukaldea 18º inguruan egon ohi da.
  • 2. Eguna: 23:00etan orea bitan zatitu eta forma eman. Nahi duzun forma eman diezaiokezu. Errazena bola bat egitea da. Ikusi bideo honetan nola egin.
  • Bola egindakoan entsalada-ontzi bat hartu, trapu bat jarri bertan, irineztatu eta bola bertan jarri ahuspez. Trapuak gure ogia ontzian itsastea ekidingo du.
  • 15 bat minutuan mahai gainean utzi eta ondoren plastikozko filmarekin estali eta hozkailuan sartu. Orea bigarren aldiz hartzituko da.

Labera!

  • 3. Eguna 19:00tan (edo beranduago zuk nahi duzunean) labea 250ºra berotu. Berotuta dagoenean labeko paperaren gainean hozkailuan dagoen orea irauli eta gainean mozketa batzuk egin. Ikusi bideo honetan nola egin.
  • Labera sartu baina ez bandeja baten, labearen lurrean baizik. Zure labeak behetik bakarrik berotu badezake horrela piztu. Nireak bezala goitik eta behetik bakarrik berotu badezake, goiko aldean erretilu bat jarri goiko erresistentziak ogia ez dezan erre. Erretilurik ezin baduzu jarri estali ogia aluminiozko paperarekin.
  • Labera sartzean ur pixka bat bota labaren hormetara. Ura spray eran botatzen duen tresna horietako bat erabili dezakezu adibidez.
  • 20 minutuz eduki labea 250ºtan. Ondoren 200ºra jaitsi eta ordubetez utzi.
  • Ogiari kolore gehiago eman nahi badiozu, 10 minutu falta direla aluminiozko papera edo gainean jarri duzun erretilua kendu.
  • Eginda dagoen jakiteko, ogia labetik atera eta ipurdian kolpe batzuk eman. Hutsaren zarata egiten badu ogia prest dago.

Hoztu arte itxaron eta ondoren jan edo xerratan moztu eta izoztu.

Eta gero kontatu nola atera zaizun!

etiketak: ogia
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.