Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik / Elgoibartik Aizkorrira 3 egunetan, edo zeharkaldi bat Euskal Herriko mendietan

Elgoibartik Aizkorrira 3 egunetan, edo zeharkaldi bat Euskal Herriko mendietan

Mikel Larreategi 2023/09/17 20:35
Ekaina edo uztailean zehar prestatutako proposamena, edo kafe orduko ideia zoroa: bulegotik hasi eta Aizkorriraino joan beharko ginateke 3 etapatan-edo, inor animatuko litzateke?

Azkar bota zuen amua Ionek eta batzuk segituan egin genuen kosk. Data ere jarri genuen, irailaren 15, 16 eta 17ko asteburua. Helburua bakarra: bulegoan hasi eta Aizkorriraino oinez joatea, motxila hartuta eta bidean lo eginez.

Azken astea eguraldi iragarpenei begira aritu ostean, eta azken orduko gaixotasuna dela eta Unairen bajarekin, han abiatu ginen Ion eta biok ostiral arratsaldez. Badira aste batzuk erronkaren hasiera moldatzea erabaki genuela: bulegoan beharrean Elgoibarren hasi genuen ibilaldia. Arrazoi nagusia egunaren iraupena zen, eguna gero eta motzagoa da eta Eibartik irtenda gutxienez ordubete gehiago beharko genukeen.

1. etapa: Elgoibar - Karakate - Irukurutzeta - Gorla - Trekutz

Motxila handia lepoan hartu eta han abiatu ginen Elgoibarko tren geltokitik ostiraleko 14:15ean. Hasiera gogorra genuen aurretik: elgoibartarren mendiak neurtzeko erabiltzen duten neurria: Karakatea. GR-285aren marka zuri-gorriei jarraituz ordu eta berrogeita bost minutu behar izan genituen tontorrera. Egunaren zati aldapatsuena eginda genuen. Markei jarraitu besterik ez genuen egin behar Irukurutzetaraino eta 17:15ean iritsi ginen bertara.

Handik Dolmenen Ibilbidearen marka zuri-horiak izan genituen bidelagun, lehenengo Elosuko atsedenlekura eta ondoren Gorlako kantinara. 17 kilometro eginda helmuga hurbil genuen eta ezagun batekin topo egin ostean, garagardo bat edan genuen bertan. Ederra!

Aizkorri mendizerra Gaztelu Gain elkartetik
Aizkorri mendizerra Gaztelu Gain elkartetik

Handik hiru kilometro t'erdi genuen aurretik Antzuolako Trekutzeraino, bertako Gaztelu Gain elkartearen babesean baikenuen lo egiteko asmoa.

Afari-legea egin, toldoa jarri, hurruneko ekaitza etorriko ez zela pentsatu eta oheratu egin ginen. Gauerdian, baina, haizean toldoa mugitu zigun eta handik gutxira euria hasi eta elkartearen teilatupean jarri genuen lo-zakua.

Trekutzeko Gaztelu Gain Elkartea
Trekutzeko Gaztelu Gain Elkartea

Laburpena: 21 kilometro, 1100 metroko goraka metatutako desnibela eta 480 metroko beheraka metatutako desnibela, iraupena (geldialdiak barne) 5 ordu eta 34 minutu.

2. etapa: Trekutz - Deskarga - Arrola - Gorostiaga - Udana - Biozkornako lepoa - Urbia

Proiektuko etapa luzeena eta taldekide bion memorian iraganean Biozkornako lepora igotzeko malda izugarria dantzan. Baina mingaina dantza eta arin hasi genuen ibilaldia goizeko 8retan Deskargara bidean. Lehenengo aldaz-behera.

Bezperako ibilbidearen ikuspegia: ezkerrean Karakateko antena, eskuinean Trekutz
Bezperako ibilbidearen ikuspegia: ezkerrean Karakateko antena, eskuinean Trekutz

Errepidea gurutzatu eta malda ederra izan genuen aurrean Arrolaraino. Han egin genuen topo Oñatiko VIII. Mendi martxako partaideekin. Haientzat 22. kilometroa zen eta goizeko 11tan hara iristean 4 ordu oinez zeramatenekin egin genuen topo. Norbaitek hala esan arren, kosta egin zitzaigun ibilbide guztia oinez egin zutela sinistea. Abiadura ederrean zihoazen ba!

Handik aurrera, Arranoaitz, Oregi eta Jentiletxeraino mendi-martxako partaideen kontrako zentzuan joan ginen, eguneko ibilbide-zati animatuenean. Gorostiagako gurutze ondoko aterpean mokadutxoa egin genuen 12:00ak inguruan Udanaraino jaitsiera hasi aurretik. Lainoa ondo sartuta zegoen Aizkorri inguruan, baina gure helmuga zen Biozkornako lepoa garbi zegoen.

Jaisten hasi eta berehala, Oñatiko Mendi Martxa Laburreko partaideekin egin genuen topo. Eurek 22 kilometro bakarrik zituzten aurretik eta berehala Oñatirako jaitsierari ekin behar zioten. Hala ere taldetxo horren atzetik, berehala zetozen Mendi Martxako "erratzak" marka guztiak jasotzen. Berriz bere bakarrik jarraitu genuen Udanaraino.

Udanako Foru Aldundiaren eraikineko xehetasuna
Udanako Foru Aldundiaren eraikineko xehetasuna
Udanan zerbait jan, iritsi berri zen Legazpiko txirrindulari bati argazkia atera eta berriketan egon ginen 14:00tan berriz ere gorako bideari ekin arte. Orduan zetorren txarrena, Biozkornako leporainoko igoera. Udanako 515 metroetatik (hori dio errepideko kartelak), Biozkorniaren ia 1.200 metroetaraino, guztira 5 kilometro inguru. Gure buruari 2 orduko epea eman genion hara heltzeko eta han ekin genion bideari.

Bion buruan, aurreragoko ibilaldi baten (bakoitzak bere kontura egindakoan), ikusitako iturria zegoen. Eta iturri horretara iristea zen helburua, azken aldapa hasten den tokiraino, han berriz ere mokadutxo bat han eta azken aldapari ekiteko. Generaman mapan, ordea, ez zegoen iturriaren berri, eta momentu baten bideari jarraitu genion lepora eramango gintuen GRetara goizegi hurbildu aurretik eta agian tartetxo horretan galdu genuen iturria. Hala ere bagenuen ura oraindik, beraz ekin egin genion gorakoari.

Arrabioa Udanatik gora
Arrabioa Udanatik gora

GRarekin berriz bat egin genuen tokian, atsedena hartu, urdaiazpiko sandwitxari kosk egin eta berriz ere gorako bidea. Kilometro eskas genuen aurretik eta 16:00tako epea egingarria zen oraindik. Maldan gora hasi eta nahiz eta bide nekeza izan 16:04 minutuan iritsi ginen lepora. Ondo egindako kalkulua! Hura poza gurea!

Bide batez, Biozkornako lepotik dagoen bista ederrarekin gozatu genuen, batetik Anboto eta Udalatx, Karakate edo Gorostiaga, Barrendiolako urtegia, eta Larrunarri eta Aralar ere bai. Ordurako Aizkorri garbi zegoen eta eguzki printzen batek ere berotu zuen gure aurpegia.

Ur trago bat eta Artzanburu inguratu genuen Arantzutik Durutik zehar datorren PR-3006aren marka zuri-horiekin bat egin arte. Bion irakasle izandako lagun batekin topo egin eta gure buruari Urbiako fondara 17:00etarako iristeko epea jarri genion eta hala izan zen. Beherakoan erritmoa bizitu genuen antza eta 17:00ak baino lehenxeago iritsi ginen Urbiara. Zain genuen bertan txorizo pintxo ederra!

Biozkorniako leporako azken malda
Biozkorniako leporako azken malda

Artzain batekin berriketan egin eta gure lankide biren zain egotea besterik ez genuen egin behar. Urbiako ermitaren alde baten dagoen aterpean lo egiteko asmoa genuen eta bertara joan ginen gure trasteak uztera.

19:00tan agertu ziren Maite eta Zaloa, eta elkarrizketa atseginean egin genuen afari-legea Urbiako fondan, bertako plater konbinatu bat aurrean genuela eta zaldi zein behien zarata artean hartu genuen lo, berriz ere oinaztargien beldurretan eta inguruko katu bat zelatan genuela hartu genuen lo.

Gure lo-lekua
Gure lo-lekua

Laburpena: 25 kilometro, 1375 metroko goraka metatutako desnibela eta 930 metroko beheraka metatutako desnibela, iraupena (geldialdiak barne) 8 ordu eta 3 minutu.

3. etapa: Urbia - Aketegi erpina - Aizkorriko gurutzea - Oltzako zelaia - Urbia - Arantzazu

Esnatu, gosari legea egin eta motxila handiak ermita ondoko elkartean utzita (eskerrik asko bertako kideei!), 9:00tan egin genion Urbiatik Aizkorriko gurutzera doan ohiko bideari.

Abiatu aurretik ermita ondoko elkarteeko lagunei esker, Urbiako ermita eta bertako historia ezagutzeko aukera izan genuen. Gaur egun, urtean behin bakarrik irekitzen da ermita, San Inazio egunean, baina barrutik ederra eta oso ondo zainduta dago. Eskerrik asko benetan aukera hau eskaintzeagatik!

 

Urbiako ermita barrutik
Urbiako ermita barrutik

Eguraldi ona zegoen oinez ibiltzeko, baina haizea zebilen, eta asko nabaritzen zen Arbelarko txaboletan gora hasi ginenean.

Urbiako zelaiak
Urbiako zelaiak

Gure lehenengo asmoa, Aketegira zuzen igotzea zen, baina parera iristean behelaino itxia zegoen eta ideia atzera bota genuen. Metro batzuk aurrerago, ordea, Aketegi erpinera igotzeko bidezidorra hasten den tokira iristean, lainoa desagertu egin zen eta berehala bertara igotzeari egin genion. Goiko aldean, baina, haize zakarra zebilen. 10:30tan egin genuen gailurra.

Aketegi, laino artean
Aketegi, laino artean

Tontorrera igo, argazkia egin, zerbait jan eta behera egin genuen, Zegama-Aizkorri maratoiaren puntuen aurkako norantzan Aizkorriko gurutzeraino. 11:10ean bertara iristean bakarrik geunden gailurrean. Eguraldia ona zen baina haizea zakarra.

Aterpean mokadu bat jan eta beherantz abiatu ginen, Oltzako zelairantz. Basoko bide zoragarrian zehar, gorantz zihoan hainbat lagun-talderekin topo egin genuen. Ia 12:30ak ziren Oltzako zelaian, eta aterpeko lagunekin 13:00ean genuen zita gure motxilak hartzeko.

Zegama-Aizkorri mendi-maratoiko puntuei segika hasi ginen berriz ere bide eder gora-beheratsu baten zehar eta 13:05ean iritsi ginen gure zitara. Motxilak hartu eta fondan ondo irabazitako pintxoa genuen zain.

Beherako bidea egitea besterik ez zitzaigun gelditzen, Urbiatik Arantzazura jaisten den bidea hartu eta ordubete inguruko ibilaldiaren ostean, 15:10ean Arantzazuko santutegiko atean geunden.

Laburpena: 15 kilometro, 515 metroko goraka metatutako desnibela eta 950 metroko beheraka metatutako desnibela, iraupena (geldialdiak barne) 6 ordu eta 8 minutu.

Ideia ederra izan zen benetan Ionek bota zuena, nahiz eta ibilbidea gogorra izan (61 kilometro eta 3000 metroko goraka metatutako desnibela), oso ondo pasatu genuen bidean, gure abenturatxoak ere bizi izan genituen eta bide berri batzuk ezagutzeko ere balio izan zigun.

Ah, eta nola ez, Euskal Herrian bertan, etxe ondoan egin daitezkeen zeharkaldi erako ibilbide bat egin daitekeela erakusteko ere. Sarri urrutira joaten gara horrelakoak egitera, baina gertu ere badaude ibilbide hauek egiteko aukera eta baliabideak.

Amatiño
Amatiño dio:
2023/09/18 09:32
Plan polita, ideia hobea. Zorionak.
etiam
etiam dio:
2023/09/18 17:08
Ederra abenturia izan zan neretzat ere! Batetik aspaldi mendian serio ibili gabe, eta bestetik, akordatu ere ez naiz egiten noiz egin naban azkenengoz lurrian lo. Danak ziazen eskusa onak.

Baina aspaldian ezusteko heriotza asko gertatzen ari dia nere inguruan. Kantzer putia! Bizitza bizi egin bihar dala, aurrerantzian gero eta aukera eta gogo gutxiago eukiko ditxutela, eta hola batu nitzan ni ere Zaloaren planera: Urbian lo egin eta azken etapa egin.

Ze plazer, ze satisfazio han gainetik Urbia begiratzea, ze goxoak han goian jandako fruitu lehorrak. Ikasi dot, lo gutxi egin arren ondo deskantsatu leikela haizea entzun eta arbolak nola mugitzen diren begira egotea beste zereginik ez dakazunian. Arantzazuko eliziaren dotorezia ere ahaztuta nakan. Zenbat zenbat!

Eskerrikasko Mikel holako plan ederra antolatziagaitik eta eskerrikasko Ion, Zaloa eta Puka halako bidelagun jatorrak izateagatik. A ze pasientzia ni bezelako "pakete" batekin!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.