Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik

Mikel Larreategiren bloga

Robert James Fischer (1943-2008)

Mikel Larreategi 2008/01/18 23:28
64 urterekin, xake-taula batek duen lauki kopurua, joan da askorentzat munduko xakelari onena izan dena: Robert James Fischer estatu-batuarra, azken bi urteotan islandiar nazionalitatea zuena eta bertan bizi zena.

Gaurko albistea da, milaka erreferentzia dago blogosferan, eta nire txoko honetatik azken agurra besterik ez diot eman nahi. 1972an egin zen famatu, aurretik jokatu zituen Estatu Batuetako txapelketa guztiak (8 guztira) irabazi ostean. Bere garaiko Maisu Handi gazteena izan zen eta 1972an Boris Spasskyri irabazita, Munduko 11. Txapeldun bihurtu zen.

Txapelketa hartan gertatutakoak gogoangarriak dira, mila gora-beheraren ostean eta hainbat alditan kexatu ostean irabazi baitzuen. Jende askok dio joku psikologikoa oso garrantzitsua izan zela txapelketa hartan, Fischerren eskaera asko eta askok Spassky bere onetik ateratzea lortu zutelako.

Edonola ere, mendebalde eta ekialdearen arteko borrokaren ikur bihurtu zen, xakean sobietarrei irabazi zien lehen Estatu Batuarra izan baitzen. Haren ostean, 1975ean FIDE Nazioarteko Xake Federakuntzak titulua kendu eta Anatoly Karpovi eman zion bien artean jokatu beharreko matcha jokatzeari uko egin ziolako. Orduandik Bobby Fischer handia desagertuta egon zen.

1992an agertu zen berriz, Spasskyrekin jokatutako Munduko Txapelketako partiden 20. urteurrenean, Yugoslavian agertu ere. Ordurako Yugoslavia, Nazio Batuen Erakundearen embargo edo blokeopean zegoen eta han irabazitako diruekin blokeoa saihestu izana leporatu eta gaizkileen zerrendan sartu zuen FBIk. Hura izango zen bere azken agerraldi publikoa.

Orduandik zurrumurruak besterik ez ziren entzun xakearen munduan. Fischerrek Interneten jokatzen omen zuela ere esan zuen Nigel Short Maisu Handi britainiarrak, eta irailaren 11ko atentatuak izan zirenean Estatu Batuek hura merezi izan zutela ere esan omen zuen Filipinetako irrati baten.

Berria, 2004ko uztailaren 13an etorri zen Tokioko Narita aireportutik. Hango muga funtzionarioek atxilotu egin omen zuten Bobby Fischer kadukatutako pasaportea zeramalako. Estatu Batuek berehala eskatu zuten xakelari handiaren estradizioa baina atxiloketak 9 hilabete iraun zuen, 2005eko martxoaren 21ean, Islandiako parlamentuak bertako hiritartza eta pasaportea eman zion arte. Hiru egun geroago, martxoaren 24an heldu zen Fischer Reykjavikera.

Ordutik ez da gauza asko jakin berari buruz, Leontxo Garcia kazetari irundarrak oso ondo laburbildu zuen bere historia eta izaera abuztuan El Pais egunkarian argitaratutako artikuluan. Leontxoren azken aukera izan zen. Baina ez zuen lortu Fischer elkarrizketatzea. Jakin zen gauza apurretako bat, Suitzako banku baten zuen diru eta urrea, bankuak itzuli egin nahi izan ziola izan zen. Diru eta urre hori, 1992an Yugoslavian irabazitakoa omen zen, eta bankuak Estatu Batuen presioa jasan behar izan omen zuen.

Baina orain joan da. Ez nintzateke harrituko benetan hil ez balitz, hau da, guztia muntaia bat besterik ez bada. Egia izan ala ez, bakean utziko dute Fischer eta mito izatera pasatu da.

Jokalari bat hil da. Jokalari handi bat. Pertsona bat hil da. Munduko xakelari onena izandakoa hil da.

Eguneraketa: 2008/1/19

Azken antxoak ere azken agurra eman nahi izan dio Bobby Fischerri, Berria egunkarian:

2008/1/19an ZaldiEroak Berria egunkarian argitaratutako komiki-tira.

Oharra: artikulu hau idazteko hainbat eta hainbat artikulu irakurri ditut interneten, hona hemen irakurri ditudanetako batzuk eta Bobby Fischerri buruz gehiago jakiteko balio duten beste batzuk:

 

Gary Kasparov-ek xakea utziko duela jakinarazi du

Mikel Larreategi 2005/03/10 23:05

Azken orduko berria da: Linaresen, bertako txapelketa nahiko erraz irabazi ostean, munduko jokalari onena den Gary Kasparov-ek xakea utziko duela jakinarazi du.

El Periodico-n irakurri dezakegunez, xake profesionala utziko duela jakinarazi du. Leontxo Garcia kazetari irundarrak ere albistea jakinarazi berri du RNE-n

My Great Predecessors liburu sorta idazten ari da Kasparov azkenaldian, zalantzarik gabe xakearen historia izango dena idatziko du bertan, bere aurretik izan diren Munduko Txapeldun guztien inguruko liburuak baitira (erosi Amazon-en ingelesez edo Ajedrez21-n gaztelaniaz).

Albistea egia bada, galera handia izango da Nazioarteko xakerako, nahiz eta azkenaldian ez duen asko jokatu (Errusiako Txapelketa, Europako kluben txapelketa eta Linares), oraindik ere Nazioarteko Federakuntzaren Munduko Txapelketa biltzeko prozesu barregarriaren parte da, eta oraindik askok ez dugu, FIDEren aterpean, Munduko Txapeldun berriz ikusteko esperantza galdu.

Albistea komunikabide ezberdinetan Google News-en eskutik

Microsiervos-ek ere argitaratu du albistea.

Edurra Gorosta-Ballen

Mikel Larreategi 2005/01/26 08:24

Aspaldi izan zen azkenengo aldiz elurra Eibarko kaleetan ikusi nuen azken aldia. Iazko egun bat kenduta, esango nuke Iturburu utzi nuenetik ez dudala elurte handirik ikusi Eibarren.

Oraindik gogoan dut Iturburura oinez igotzen gineneko garaia. Autobusa ez zen etortzen Zubi-Gain-era eta elkarri galdetzen genion: Igoko al gara? Batek, amak ez dit uzten, besteak goazen lehen bailehen, besteak quedamos a las 10 en las torres, neskak berehala etxera... Azkenean dozenerdi bat lagun igo ginen pare bat aldiz. Jakina, Arraterako bidean kalean baino elur askoz gehiago egoten zen.

Iturburun bertan ere guztia elurrez estalita aurkitu genuen behin baino gehiago. Beheko zelaiak plastikozko poltsekin egindako "bideez" josita, eta irakasle guztiak poltsekin ez ibiltzeko esaten. Euren lana da, baina urtean behin egingo du elurra, eta gutxienez Iturbururaino oinez igo direnei utzi nahi dutena egiten :)

Kaka, eta argazki kamara Aneri lagata :( Asierrek atarako dau argazkiren bat ;)

Eguneraketa: Asierrek ein desta kasu. Ikusi:

Edurra Arrate-Ballen

Ingeniaria naiz

Mikel Larreategi 2004/07/23 15:55

Gaur goizean aurkeztu dut Donostiako Informatika Fakultatean nire Karrera Bukaerako Proiektua: OpenFlow lan-fluxuen kudeaketa sistemarentzat modulu gehigarrien garapena izenburupean.

Proiektua urritik uztailera artean Eibarko CodeSyntax enpresan garatu dut eta Fakultateko zuzendaria Arantza Irastorza izan da.

Dokumentazioa eta aurkezpena konprimatuta lor ditzakezu hemendik

Portzierto, proiektuari jarritako nota 9.5 izan da. Eskerrik asko tribunaleko Joserra Zubizarreta eta Aingeru Mayorri.

Momentuz Interneten ikus daitekeekn gauza bakarra LSI saileko webgunean ikus daitekeen nota da

Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.