Mikel Larreategiren bloga
100 mendiak: 2020ko igoerak
- Gauzak horrela, maiatzetik urrira arteko egunak aprobetxatu nituen aurtengo igoerak egiteko. Gainera, herritik ez irteteko murrizketak indarrean egon direnean, Eibar inguruko mendiak behin eta berriz bisitatu ditut, eta horrek urteko igoera kontaketa asko handitu du. Mendiak.eusen gordetzen dudan estatistikaren arabera 263 izan dira. Gehiegitxo, ala?
-
-
2020-01-06 Buetraitz, 1320
-
2020-01-12 Orixol, 1132
-
2020-01-25 Mendibil, 613
-
2020-02-02 Uarrain, 1344
-
2020-02-23 Intzako Dorrea, 1430
-
2020-05-30 Arbelaitz, 1506
-
2020-05-31 Andarto, 1074
-
2020-06-13 Erlo, 1030
-
2020-06-14 Aranguren, 1149
-
2020-06-20 Urakorri, 1304
-
2020-07-10 Hernio, 1078
-
2020-07-18 Joar, 1417
-
2020-07-19 Txameni, 1299
-
2020-08-09 Pardarri, 1396
-
2020-09-12 Trekua, 1265
-
2020-10-17 Artxueta, 1345
-
2020-10-18 Munagirre, 781
-
2020-10-19 Usako atxa, 912
-
2020-10-20 Arrugaetako atxa, 669
-
2020-10-21 Saibi, 954
Horietaz gain abuztuko gure ibilaldiko gailurrak ere hor daude, hiru mila metrotik gorako pare bat gailurrekin, Gran Facha eta Petit Vignemale.
Eta urteari amaiera emateko, sorpresatxo bat: azken orduko gonbidapen bat medio Jon eta Virginiarekin Aizkorrira joateko plana egin genuen abenduaren 31rako. Elur asko egonda erraketak hartuta joan ginen. Zoritxarrez ez genuen gailurra egitea lortu, behe-lainoak eta haizeak atzera egitera eraman gintuzten Aketegi parean ginela. Hurrengoan izango da!
Eta 2021ean zer? Ikusiko dugu murriztapenak nola doazen, baina uste dut edukiko dudala azken 20 igoerak egiteko aukera. Ondoren zerrenda online bidaltzea besterik ez da geldituko, mendi batzuk baditut begiz jota... Ea, mendi kontuetan behintzat, 2021a 2020 bezain oparoa den.
-
Mizpirak ezagutzen dituzu?
Mizpirak, mizpillak edo mixpillak. Sekula jan gabe nengoela eta horrela amaitu zen elkarrizketa, Wikipedia irakurri eta lanera itzuli ginen. Egun batzuk beranduago, ordea, Eibarko merkatu plazan baserritar bati ikusi nizkion mizpirak. Lanean komentatu eta joan zen ostiralean libra bat erosi nion Maria Pilarri.
Aurrez galdetu egin nion mizpiren inguruan, sekula jan gabe nengoela eta ea nolakoak ziren edo. Eman zizkidanak oraindik usteldu gabe zeudela esan zidan (gogor-gogorrak zeuden, intxaurrak bailiran) eta egun batzuetan mahai gainean uzteko. Otzaratik bat hartu eta eskuarekin zapaldu zuen zulo antzeko aldetik barruko fruitua ateratzeraino. Sagar egosi antzeko fuitua irten zen barrutik ez jateko ere antzeko zaporea, ez dakit nola azaldu. Hori bai, barruan 4 edo 5 hezur txiki. Tripetarako oso onak dira hazur hórrek esan zidan Maria Pilarrek.
Eta hemen ditut mahai gainean, lehengoan jan nituen batzuk eta bihar bulegora eramango ditut, guztion artean dastaketa egiteko.
Maria Pilarrek beste gauza bat ere esan zidan: oraingo gazteek ez dituzte ezagutzen mizpirak, eta hamen plazan ez baina San Andresetako ferixan asko saltzen dira.Ba bulegoko gaztenak eman zizkigun guri ezagutzera 😂 😂
Aprobetxatu oraintxe amaitzen ari dira-eta, agian datorren astean ez da mizpirarik geratuko.
Coronapirineus 2020: aurtengo abuztuko gure ibilaldia
Uztailaren lehenengo egunetan elkartu eta iaz egin genuen antzeko ibilaldi bat egitea pentsatu genuen. Antolatutako bi ibilbide begiz jo genituen, 3000 ibones eta Alta Ruta de los Perdidos izenekoak, baina beranduegi zen euretan abuzturako plaza lortzeko, eta gure kontura egin behar izan genuen antolaketa.
Mapa bat eskuan eta aterpeak erreserbatzeko hainbat webgune (bat, bi) bestean hartuta ibilaldia antolatzeari ekin genion. Horrela Sallent de Gallego hartu genuen abiapuntu eta Frantziar eta Espainiar Pirinioetako hainbat aterpe eta mendilepotatik pasatzen zen ibilbidea antolatu genuen, hauxe irten zitzaiguna:
- Sallent de Gallego - Arremoulit aterpetxea
- Arremoulit aterpetxea - Larribet aterpetxea
- Larribet aterpetxea - Respomuso aterpetxea
- Respomuso aterpetxea - Challet du Clot aterpetxea
- Challet du Clot aterpetxea - Baysselance aterpetxea
- Baysselance aterpetxea - Gavarnie
- Gavarnie - Bujaruelo aterpetxea
- Bujaruelo aterpetxea - Bachimaña aterpetxea
- Bachimaña aterpetxea - Sallent de Gallego
Norbaitek atseden egun bat tartekatzea beharrezko ikusi zuen eta Gavarnie aukeratu genuen horretarako, herri gisa egokia zelakoan.
Egun bakoitzerako hainbat ibilbide planifikatu genituen, gure gogo, indar eta eguraldiaren arabera batzuk ala besteak aukeratzeko, tontorren bat ere sartu genuen plangintzan eta azkenean egin ere bai. Hemen duzue GPX gisa egin genuen ibilbidea, bai guztia fitxategi baten eta baita etapa bakoitza bere aldetik ere. Mapa gainean marraztutako trackak dira, ez dira grabatutakoak, baina gu pasatutako bideetatik doaz.
Aukeratutako bideak onak izan arren, ibilbideak gora behera askokoak irten zaizkigu, desnibel handiegiak egun bakarrerako eta gainera jarraian... baina egia esateko nahiko erraz egin ditugu eta arazo larregi barik.
Bereziki Frantzia aldeko aterpeek harritu gaituzte. Hango afariekin nahiko beldurtuta joan ginen gure taldeekidetako batzuk orain dela urte batzuk egindako beste ibilaldi batzuetan izandako esperientziak kontuan izanda, baina guztiz aurkakoa izan da, aterperik onenak Frantziakoak izan dira afari kontuei dagokionez, eta bat aukeratzekotan Chalet du Clot: jende atsegina, logela ona, kokalekua zoragarria eta afari-gosariak mundialak.
Eta ikusitakoa zer? Zaila da deskribatzea... Arremouliteko aterpearen aurreko lakua gainean Arriel gailurra zuela, Gaubeko aterpea aurrean Vignemaleren horma ikusgarriarekin, Gavarniko aterpea bertako zirkura begira eta eibartar lagunak zituen langilearekin, Respomuso eta Bachimañako inguru ederrak, iboiak, lakuak, aintzirak, potzuak eta errekak.
Etapa bakoitzeko argazkiak eta nondik norakoak ikusi eta irakurri nahi badituzue hemen dituzue.
Datorren urtean ere egingo dugu beste zerbait. Lizarraldek esan ohi duen bezala, biba gu!
Erabili telefonoa mendiko GPS bezala
Etxeko kajoi baten gordeta duzun telefono zaharrari 2. bizitza emateko modua GPS gisa erabiltzea da. Horretarako mapak eta ibilbideak bertan kargatzea besterik ez duzu egin behar.
Batari eta besteari programa nola erabiltzen nuen erakutsi ostean, oinarrizko jarraibideekin bideo batzuk egitea okurritu zitzaidan eta azken egunotan horixe egin dut.
Nik OruxMaps erabiltzen dut telefonoa GPS gisa erabiltzen dudanean (Play Storetik deskargatu daiteke 4 € inguru ordainduta edo webgune ofizialetik apk gisa). Play Storen dagoen "Mapas de España" ere erabili daiteke, OruxMapsen klon bat da, baina oinarrian funtzionamentu berbera du.
Hemen dituzue bideoak:
Sartei - Sagartegieta
Eibartarrak zerrendan aipatu zen orain dela gutxi Sarteiren gaur egungo egoera kaskarra (informazio gehiago javitxooren blogean) eta gaur, beste lantxo baten aitzakian, inbestigazio lanetan aritu gara lagun batzuk. Hona hemen han egindako argazkiak.
Kokapena
Aldatu zure gosaria: Bircher Mueslia
Ohikoa nuen laranja zukua eta kafesnea hartzetik beste era baterako gosarietara pasatu naiz azken urte hauetan. Lehenengo gailetak kendu, gosaritako "zerealak" gehitu, ondoren xigortutako ogia, gero nik neuk egindako ogia, gero zukua kendu eta fruta osoa sartu, eta azkenaldian muesli hau.
Mueslia zereal, fruitu lehor, ezti eta esne edo jogurtarekin jan ohi den janaria da, normalean gosari edo askari gisa jaten dena. Orain arte, inoiz supermerkatuetan erosi izan dut muesli paketeren bat: olo malutak izan ohi dituzte osagai nagusi gisa eta hainbat fruitu lehor. Beti gosaritako "zerealen" antzera jan izan nuen muesli hori: esnearekin nahastu eta aurrera. Hala ere, grazia handirik ez zidan egiten: ez ziren kurruskariak eta nahiko arina-edo iruditzen zitzaidan.
Orain dela aste batzuk, ordea, mueslia beste era batera jateko modua ikasi nuen. Oraindik noizean behin, YouTubeko Easy German kanaleko bideoak ikusten ditut (alemaniera ikasten hasi nintzen, baina utzi egin nuen orain dela 4 edo 5 urte), eta hango bideo baten emakume batek "Bircher mueslia" gosaldu zuela esan zuen. Bircher-Benner abizeneko mediku batek "asmatu" omen zuen errezeta, ez zuen dirudienez gosaritarako asmatu, baina horrela erabiltzen omen du jendeak. Oinarrian hauxe omen da jatorrizko errezeta (horixe dio Wikipediak):
- Hamabi orduan uretan edukitako olo malutak
- Sagar oso bat (azal eta mutxikin eta guzti) guztiz birrinduta.
- Limoi erdi baten zukua (horrela sagarra ez da oxidatuko)
- Intxaurrak, edo urrak, zati txikietan
- Esnegaina eta eztia, edo gozatutako esne kondentsatua.
- Prestatzeko, olo malutak eta esnegaina eta eztia nahastu eta gainera guztiz birrindutako sagarra bota limoi zukuarekin batera, eta zerbitzatzeko orduan gainetik urrak bota.
Ikusi jatorrizko errezeta hau egiteko pausuak bideo honetan, gutxienez nahasketaren konsistentzia ikusteko. Hala ere, ehundaka errezeta ezberdin aurkitu ditzakezu Interneten. Gehienek aldaketatxoren bat egiten diote Bircher-Benner medikuaren errezetari. Nik, bati eta besteari irakurri ostean, hauxe erabili dut azken aste hauetan:
- Olo malutak
- Limoi baten azala eta zukua
- Sagar oso bat
- Madari oso bat
- Kalabaza pipak
- Ekilore pipak
- Esne pixka bat
Guztia ontzi handi baten nahasten dut eta hozkailuan sartzen dut. Hurrengo goizerako olo malutek eta pipek likidoa hartu egiten dute eta guztia nahasketa eder bihurtzen da. Gosaltzeko nahasketa horretatik bi edo hiru goilarekada eder hartzen ditut eta zerbaitekin nahasi: batzuetan esne hotz gehiago botatzen diot, bestetan zatitutako urrak edo intxaurrak gehitzen dizkiot gainetik edo fruta fresko pixka bat (marrubi edo ahabi batzuk, laranja zati batzuk, ...), edo gazta freskoa ere bai. Ahoan zerbait kurruskaria izan nahi baduzu, granola pixka bat ere bota diezaiokezu (etxean egindakoa adibidez).
Jamie Oliver sukaldariaren bertsioa ere probatu nuen, nahasketari esnea bakarrik bota beharrean, esnea, platano bat eta kakao hautsa batera birrinduta egindako irabiakia gehitzea. Hau ere ederra.
Probatu eta esango didazue!
San Blasen nire errezeta
San Blas opilek bi lan nagusi dituzte: opila bera eta gaineko zuria. Osagaiak zati bakoitzarentzat bereiziko ditut
Opilentzako osagaiak
- Kg 1 irin. Nik "Harina de Repostería Gallo" erabiltzen dut, baina besteek ere balio dute.
- 500 gramo azukre.
- 4 arrautza oso eta 4 arrautza gorringo. Arrautzak ahalik eta handienak erabili, dendan tamaina ezberdinekoak egoten dira, XL tamainakoak dira egokienak.
- 100 gramo bigundutako mantekilla.
- Anis esentzia potetxo bat. Eibar eta inguruetan San Blas egunaren inguruan, eta batzuetan urte guztian zehar ere bai, supermerkatuko kaxan saltzen dituzte. Botiketan ere saltzen omen zuten lehen.
- "Royal" erako legamia, bi goilerakada txiki.
- Gatz apur bat.
Opilak egitea
Opilak egiteko lehenengo lan mahai gainean irinarekin sumendi bat osatu behar da. Ez erabili irin guztia, utzi 100 bat gramo erabili gabe. Sumendiaren erdira gainontzeko osagai guztiak bota eta dena ondo oratu guztia bateratu arte. Orea pixka bat umela igartzen baduzu, gehitu gutxinaka gutxinaka bota gabe utzi duzun irina. Horrela oreak behar duen beste irin hartuko du. Azkenean mahaian itsasten ez den ore bat osatu behar duzu. Orea prest dagoenean, ordu laurden inguruz mahai gainean trapu batekin estalita utzi.
Atsedenaren ostean 450 gramo inguruko lau zati egin (gutxi gora behera) eta arrabolarekin edo eskuarekin luzatu eta nahi duzun forma eman. Kontuan izan gero labean sartu beharko duzula, beraz labean duzun lekua ondoen aprobetxatzeko moduko forma eman. Ohikoa da opilek koska batzuk izatea kanpoaldean.
Labea 200 ºCtara berotu eta ondo berotuta dagoenean opilak bertara sartu. Ez dago labean edukitzeko denbora finkorik, orearen egoera eta labearen araberakoa baita, beraz kolore pixka bat hartzen hasi arte-edo eduki ditzakezu. Ondoren labetik atera eta gaineko zuria eman.
Gaineko zuria egiteko osagaiak
- 500 gramo azukre
- 4 arrautza zuringo
Azukrea glace erakoa bada hobeto, hobeto urtuko da-eta. Glace azukrea erosi nahi ez baduzu, edalontzi erako irabiagailu edo birrintzaile batetik pasatu hauts era hartzeko.
Ontzi bat maria bainuan jarri eta bertan bi osagaiak gehitu. Eskuzko irabiagailu bat hartu eta gelditu gabe nahasketa irabiatu azukre guztia ondo urtu arte. Poliki-poliki nahasketa sendotzen hasiko da eta kolore zuri bizi-bizia hartuko du. Zerbaitegatik nahasketa zirina gelditzen bazaizu edo ez badu kolore zuria hartzen, azukre gehiago bota eta ondo nahasten jarraitu. Normalean 15-20 minutu inguru hartzen du gaineko zuria egiteak.
Opilak gaineko zuriarekin estali
Egiteko gelditzen den gauza bakarra labetik atera berri diren opilak gaineko zuriarekin margotu edo estaltzea da. Oso garrantzitsua da opilak labetik atera berri margotzea, horrela gaineko zuria berehala lehortuko delako.
Opilak denbora batez parrila baten gainean utzi hozten joan daitezen eta ondoren mahai gainean utzi. Parrila baten jarriz gero, azpitik ere ondo lehortuko dira. Normalean gauetik goizera gaineko zuria ondo lehortzen da.
Eta zuk, nola egiten dituzu zure San Blasak?
100 mendiak: 2019ko igoerak
Iaz egin nuen bezala, hemen 2019ko nire mendien zerrenda eta bakoitzean ateratako argazkietako batzuk.
Lac Long de Liat
100 mendien leihaketak dioen bezala, 20 bakarrik kontatu ditut, zerrenda guztia mendiak.eus webgunean ikusi daiteke:
-
- 2019-03-02 Gazteluaitz, 917
- 2019-03-23 Cuervo / Arrieta, 1000
- 2019-03-24 Murumendi, 868
- 2019-03-30 Oketa, 1031
- 2019-03-31 Puttarri, 1299
- 2019-04-06 Belabia, 971
- 2019-04-07 Uzturre, 730
- 2019-04-20 Herniozabal, 1011
- 2019-04-21 Artzanburu, 1365
- 2019-04-28 Mugarriluze, 1111
- 2019-05-01 Oindi, 548
- 2019-05-04 Adi, 1457
- 2019-05-25 Astxiki, 785
- 2019-06-01 Jara, 812
- 2019-06-09 Alluitz, 1034
- 2019-06-15 Ogoño / Atxurkulu, 305
- 2019-06-16 Urtemondo, 791
- 2019-06-24 Larrunarri / Txindoki, 1342
- 2019-09-14 Baio, 1197
- 2019-11-16 Dulantz, 1243
Pare bat nabarmentzekotan Alluitzen buzoia jartzen izan ginenekoa dago. Hemen klubaren webgunean ondo azalduta irteeraren arrazoia. Irteerak oihartzuna izan zuen, gainera, Durangaldeko Anboton agertzeaz gain Euskadi Irratian ere elkarrizketa egin zidaten kontu honen harira :)
Bestalde Dulantzen izan ginenean Urbasan zehar elurretan egun ederra pasatu genuen, hotza baina ederra. Hurrengo baten hango ingurumariak eguraldi onarekin eta laino gabe ikustera joan beharko dugu.
Sant Maurici lakua eta atzean "Els Encantants" gailurrak
Horietaz gain beste irteera "handi" batzuk ere nabarmendu nahiko nituzke: klubarekin Pirinioetan (Aran bailaran) eta Europako Mendietan izan nintzen. Pirinioetan Tuc de Marimanha (2679 m.) eta Mauberme (2881 m.) igo genituen. Europako Mendietan, aldiz, Morra de Lechugales (2443 m.) eta Samelar (2229 m.), besteak beste. Abuztuan, lehenago azaldu nuen bezala, Carros de Foc izeneko ibilbidea egiten izan ginen Catalunyako Pirinioetan, han ibilbidea egiteaz gain, hainbat gailur ere egin genitue : Montardo (2833 m.), Ratera (2861 m.) eta Saburó (2912 m.).
Morra de Lechugales gailurreko buzoia2020rako...
Eta 2020rako... ba ez dakit, datorrena etorri dadila. Hasteko urtea Urkon hasi dugu. Ea 2019a bezalakoa datorren 2020 hau. Mendian ikusiko dugu elkar.
Carros de Foc 2019: gure ibilbidea
Aigüestortes eta San Maurizioko parke nazionalaren lurretan dauden aterpetxeetako zaindariek Carros de Foc izeneko ibilbidea asmatu zuten orain dela urte dexente, euren aterpetxeetatik zehar pasatzen zen ibilbide bat osatuz eta hainbat egunetarako naturarekin kontaktua erraztuz.
Helburua aterpetxe guztietatik pasatzea da, bakoitzean pasaporte erako orri baten zigilua jartzen da horrela guztietatik pasatu zarela ziurtatuz. Hasiera eta bukaerako aterpetxea berberak izan behar dira. Gure kasuan Estany Long izeneko aterpetxetik hastea pentsatu genuen, nahiz eta bertan lorik egin ez. Hona hemen gure ibilbidea:
- 1. eguna: Palanca de la Molinako aparkalekua (Boi) - Ventosa i Calvell aterpetxea
- 2. eguna: Ventosa i Calvell aterpetxea - Restanca aterpetxea
- 3. eguna: Restanca aterpetxea - Saboredo aterpetxea
- 4. eguna: Saboredo aterpetxea - Ernest Mallafré aterpetxea
- 5. eguna: Ernest Mallafré aterpetxea - Josep María Blanc aterpetxea
- 6. eguna: Josep María Blanc aterpetxea - Colomina aterpetxea
- 7. eguna: Colomina aterpetxea - Palanca de la Molinako aparkalekua (Boi)
Hona hemen egin genuen bidea GPX track bezala. Ibilbidean zehar, aterpetxetik aterpetxera gailurrik egin gabe joan daiteke, baina etapa batzuk laburrak zirela-eta, gailur batzuk egin genituen: Montardo (2833 m.), Ratera (2861 m.) eta Saburó (2912 m.). Gainera Peguera (2984 m.) igotzen saiatu ginen baina ez ginen gailurrera heldu bidea garbi ikusi ez genuelako.
Toki zoragarria da parke nazional hau. Bista ikusgarriak, mendiak, harriak eta ura. Ura toki guztietan: errekak, lakuak, potzuak, aintzirak, urtegiak...
Argazki eder askoak ere egin daitezke bertan, berdin da goizean goiz, egunean zehar edo arratsaldez. Eguzkiak eta paisaiak lagundu besterik ez du egiten horretan.
Eta aterpetxeak denetakoak aurkitu ditugu. Azkena, Colominakoa gustatu zitzaigun batez ere: guztiz berrituta, ikuspegi paregabea eta tratu ezinhobea. Hala ere, ez ziren atzean geratu Saboredoko aterpe txikia edo lehenengo eguneko Ventosa i Calvell.
Beste noizbait bisitatzeko bezalako tokia, zalantza gabe. Argazki gehiago hementxe dituzue.
ETBk "Alpenpanorama" programa kopiatu beharko luke
3sat Alemania, Austria eta Suitzako alemaniera hizkuntza gisa duten telebisten artean sortutako kate publikoa da, wikipedian irakurri dezakezue gehiago berari buruz.
Gauza zera da, goizero kate horretan "Alpenpanorama" izeneko programa bat ikusi nuela eta bertan ordu erdi inguruz Alpeetako hainbat txokotako webcama erakusten zuten, bertako eguraldi iragarpen, tenperatura, altuera eta informazio gehiagorekin. Internet bidez ere ikusi daitezke momentu honetako irudiak.
Etxean, bere garaian erositako satelite bidezko telebista deskodegailu bat nuen, etxeko satelite zulora engantxatu nuen eta bertan agertu ziren hainbat kanaletakoen artean, bat 3sat zen. Orain, noizean behin gogoratzen banaiz jarri egiten dut eta goizeko 7:30tan txundituta Alpeetara begira gosaltzen dut, Tirol aldeko musikarekin lagunduta gainera
ETBk ere horrelako zerbait behar du: webcamak jarri Euskal Herriko txoko batzuetan eta berauek erakutsi bai webgunean eta baita egunero ere pare bat bider (horrela Eguraldirako irudiak ere izango dituzte). Helburua bikoitza: gure herrian dauden txokoak ezagutaraztea eta bertako eguraldia erakustea. Hainbat eta hainbat jendek eskertuko nuke zalantzarik gabe, goizean telebista piztu eta Arantzazun lainoa ikusten den ala ez ikustea, Gamarrako eliza puntan zikoina etorri den ikustea, Bakioko hondartzan olaturik dagoen ikustea, Larrundik Hondarribi ikusten den ala ez ikustea, edo Belaguan lehenengo elurtea egin duen ala ez ikustea.
Hainbat webcam zerbitzu badaude (gure kostaldeko hainbat AZTIren KostaSystem zerbitzuak ematen ditu), baina hau ikusgarriagoa litzateke, telebistan zuzenean ematea egunean pare bat aldiz. Hor doako ideia ETBko pentsalarientzat.