Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik

Mikel Larreategiren bloga

100 mendiak: 2019ko igoerak

Mikel Larreategi 2020/01/01 22:40
Aurten ere asko ibili naiz mendian, eta ez urte bukaerako azken aste honetan bakarrik... Hemen duzue 2019ko laburpen bat.

Iaz egin nuen bezala, hemen 2019ko nire mendien zerrenda eta bakoitzean ateratako argazkietako batzuk.

Lac Long de Liat

Lac Long de Liat

100 mendien leihaketak dioen bezala, 20 bakarrik kontatu ditut, zerrenda guztia mendiak.eus webgunean ikusi daiteke:

Pare bat nabarmentzekotan Alluitzen buzoia jartzen izan ginenekoa dago. Hemen klubaren webgunean ondo azalduta irteeraren arrazoia. Irteerak oihartzuna izan zuen, gainera, Durangaldeko Anboton agertzeaz gain Euskadi Irratian ere elkarrizketa egin zidaten kontu honen harira :)

Bestalde Dulantzen izan ginenean Urbasan zehar elurretan egun ederra pasatu genuen, hotza baina ederra. Hurrengo baten hango ingurumariak eguraldi onarekin eta laino gabe ikustera joan beharko dugu.

Sant Maurici lakua, atzean "Els Encantants" gailurrak

Sant Maurici lakua eta atzean "Els Encantants" gailurrak

Horietaz gain beste irteera "handi" batzuk ere nabarmendu nahiko nituzke: klubarekin Pirinioetan (Aran bailaran) eta Europako Mendietan izan nintzen. Pirinioetan Tuc de Marimanha (2679 m.) eta Mauberme (2881 m.) igo genituen. Europako Mendietan, aldiz, Morra de Lechugales (2443 m.) eta Samelar (2229 m.), besteak beste. Abuztuan, lehenago azaldu nuen bezala, Carros de Foc izeneko ibilbidea egiten izan ginen Catalunyako Pirinioetan, han ibilbidea egiteaz gain, hainbat gailur ere egin genitue : Montardo (2833 m.), Ratera (2861 m.) eta Saburó (2912 m.).

Morra de Lechugales gailurreko buzoia

Morra de Lechugales gailurreko buzoia

2020rako...

Eta 2020rako... ba ez dakit, datorrena etorri dadila. Hasteko urtea Urkon hasi dugu. Ea 2019a bezalakoa datorren 2020 hau. Mendian ikusiko dugu elkar.

 

Carros de Foc 2019: gure ibilbidea

Mikel Larreategi 2019/09/06 17:15
Abuztuaren 13tik 19ra Catalunya aldean izan ginen Carros de Foc izeneko ibilbidea egiten. Hemen han egin genituenak eta beste hainbat kontu.

Aigüestortes eta San Maurizioko parke nazionalaren lurretan dauden aterpetxeetako zaindariek Carros de Foc izeneko ibilbidea asmatu zuten orain dela urte dexente, euren aterpetxeetatik zehar pasatzen zen ibilbide bat osatuz eta hainbat egunetarako naturarekin kontaktua erraztuz.

Cap deth Porteko lakua
Cap deth Porteko lakua

Helburua aterpetxe guztietatik pasatzea da, bakoitzean pasaporte erako orri baten zigilua jartzen da horrela guztietatik pasatu zarela ziurtatuz. Hasiera eta bukaerako aterpetxea berberak izan behar dira. Gure kasuan Estany Long izeneko aterpetxetik hastea pentsatu genuen, nahiz eta bertan lorik egin ez. Hona hemen gure ibilbidea:

  • 1. eguna: Palanca de la Molinako aparkalekua (Boi) - Ventosa i Calvell aterpetxea
  • 2. eguna: Ventosa i Calvell aterpetxea - Restanca aterpetxea
  • 3. eguna: Restanca aterpetxea - Saboredo aterpetxea
  • 4. eguna: Saboredo aterpetxea - Ernest Mallafré aterpetxea
  • 5. eguna: Ernest Mallafré aterpetxea - Josep María Blanc aterpetxea
  • 6. eguna: Josep María Blanc aterpetxea - Colomina aterpetxea
  • 7. eguna: Colomina aterpetxea - Palanca de la Molinako aparkalekua (Boi)

Colominako lakua
Colominako lakua

Hona hemen egin genuen bidea GPX track bezala. Ibilbidean zehar, aterpetxetik aterpetxera gailurrik egin gabe joan daiteke, baina etapa batzuk laburrak zirela-eta, gailur batzuk egin genituen: Montardo (2833 m.), Ratera (2861 m.) eta Saburó (2912 m.). Gainera Peguera (2984 m.) igotzen saiatu ginen baina ez ginen gailurrera heldu bidea garbi ikusi ez genuelako.

Toki zoragarria da parke nazional hau. Bista ikusgarriak, mendiak, harriak eta ura. Ura toki guztietan: errekak, lakuak, potzuak, aintzirak, urtegiak...

Estany de la Frescal
Estany de la Frescal

Argazki eder askoak ere egin daitezke bertan, berdin da goizean goiz, egunean zehar edo arratsaldez. Eguzkiak eta paisaiak lagundu besterik ez du egiten horretan.

Eta aterpetxeak denetakoak aurkitu ditugu. Azkena, Colominakoa gustatu zitzaigun batez ere: guztiz berrituta, ikuspegi paregabea eta tratu ezinhobea. Hala ere, ez ziren atzean geratu Saboredoko aterpe txikia edo lehenengo eguneko Ventosa i Calvell.

Beste noizbait bisitatzeko bezalako tokia, zalantza gabe. Argazki gehiago hementxe dituzue.

Aneto Montardo gailurretik
Aneto Montardo gailurretik

ETBk "Alpenpanorama" programa kopiatu beharko luke

Mikel Larreategi 2019/08/03 19:44
Iaz eta orain bi urte, lana dela eta, maiatza/ekaina inguruan Bonnen egon nintzen, lanean darabilgun Plone tresnaren inguruko garapen sprint baten. Goizero esnatu eta te bat hartzeko hoteleko logelako ur-berogailua berotu bitartean telebista pizten nuen eta tonto bat bezala 3sat kateari begira gelditzen nintzen. Hemen zergatia.

3sat Alemania, Austria eta Suitzako alemaniera hizkuntza gisa duten telebisten artean sortutako kate publikoa da, wikipedian irakurri dezakezue gehiago berari buruz.

Gauza zera da, goizero kate horretan "Alpenpanorama" izeneko programa bat ikusi nuela eta bertan ordu erdi inguruz Alpeetako hainbat txokotako webcama erakusten zuten, bertako eguraldi iragarpen, tenperatura, altuera eta informazio gehiagorekin. Internet bidez ere ikusi daitezke momentu honetako irudiak.

Etxean, bere garaian erositako satelite bidezko telebista deskodegailu bat nuen, etxeko satelite zulora engantxatu nuen eta bertan agertu ziren hainbat kanaletakoen artean, bat 3sat zen. Orain, noizean behin gogoratzen banaiz jarri egiten dut eta goizeko 7:30tan txundituta Alpeetara begira gosaltzen dut, Tirol aldeko musikarekin lagunduta gainera

ETBk ere horrelako zerbait behar du: webcamak jarri Euskal Herriko txoko batzuetan eta berauek erakutsi bai webgunean eta baita egunero ere pare bat bider (horrela Eguraldirako irudiak ere izango dituzte). Helburua bikoitza: gure herrian dauden txokoak ezagutaraztea eta bertako eguraldia erakustea. Hainbat eta hainbat jendek eskertuko nuke zalantzarik gabe, goizean telebista piztu eta Arantzazun lainoa ikusten den ala ez ikustea, Gamarrako eliza puntan zikoina etorri den ikustea, Bakioko hondartzan olaturik dagoen ikustea, Larrundik Hondarribi ikusten den ala ez ikustea, edo Belaguan lehenengo elurtea egin duen ala ez ikustea.

Hainbat webcam zerbitzu badaude (gure kostaldeko hainbat AZTIren KostaSystem zerbitzuak ematen ditu), baina hau ikusgarriagoa litzateke, telebistan zuzenean ematea egunean pare bat aldiz. Hor doako ideia ETBko pentsalarientzat.

Administrazioaren informazioa publikoa da eta edonork eskatu dezake

Mikel Larreategi 2019/07/05 23:10
2013ko abenduan "informazio publikoa eskuratzeari eta gardentasunari buruzko legea" onartu zuen Espainiako Kongresuak. Bide erraz bat irekitzen du lege horrek administrazioaren esku dagoen informazioa lortzeko.

Aurrekariak

Urtarrilean bazkide naizen Urkizu Gain elkarte gastronomikoaren zuzendaritza hartu nuen beste hiru lagunekin batera (beste baterako utziko dut kontu hau, ze oso interesgarria da nola elkarte gastronomikoek zuzendaritzen txandekin zein ondo funtzionatzen duten, eta nola kirol elkarteei ez zaien okurritzen funtzionatzeko sistema hori ezartzea).

Aurreko zuzendaritzak utzitako paperen artean, Eusko Jaurlaritzaren Elkarteen Erregistroaren idatzi bat zegoen, haren arabera gure eta beste hainbat elkarteren zuzendaritza aldaketak erregistroan inskribatzeko espedienteak bertan behera uzten ziren. Webgunean sartu eta ohar handi bat agertu zitzaidan bertan: "2018ko urriaren 2tik aurrera, izapideak elektronikoki bakarrik egingo dira". Webguneko dokumentazioa irakurtzen hasi nintzen eta han zioenaren arabera Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen gaineko 29/2015 Legeak bere 14.2 artikuluan ezarri zuen pertsona jurididiko guztiak derrigortuta zeudela administrazioaren era elektronikoan tramiteak egitera.

Hori ikusita Eusko Jaurlaritzaren webgunean tramiteak elektronikoki egiteko betebeharrak irakurtzen hasi nintzen: pertsonaren ziurtagiria, elkartearen ziurtagiria, borondatzeko ordezkaritza, ... eta beste hainbat hitz potolo aurrean izan ostean nola jokatu ikusi nuen: aurreko presidente gisa erregistroan inskribatuta zegoen pertsonak egin behar zuen zuzendaritza berria inskribatzeko tramitea. Hori horrela pertsona horrekin geratu nintzen, ea ziurtagiririk zuen galdetu nion eta ezetz esan zidanean azkar egiteko ziurtagiri baten bila joan ginen: Gizarte Segurantzak nabigatzailean zuzenean instalatzen den ziurtagiri bat ematen du FNMTk jaulkitakoa. Horrekin Jaurlaritzaren sistemara sartu ginen eta han lehenengo sorpresa: Jaurlaritzaren aurrean aurreko presidentearen ordezkaritza iraungita zegoen. Ez dakit nola demontre den hori posible, oraindik ere presidente gisa agertzen zelako... Azkenean pare bat idatzi egin genituen berak eta nik sinatuta eta guztia elektronikoki bidali genuen erregistrora. Orduan etorri zen lehenengo sorpresa, dena elektronikoki egin arren erantzuteko 3 hilabeteko epea zutela esan baitziguten. Oso ondo, eta bitartean bankuan sinadura aldatu ezinda? Benetan? Beno, azkenean astebeteren buruan inskribatu zuen Jaurlaritzak Zuzendaritza berria eta hortxe bukatu zen tramitazio elektronikoa.

Benetan guztiz deitoragarria iruditzen zait 39/2015 Legeak ezarritako derrigortasuna. Ezin da izan berdin tratatzea enpresa handi bat eta lagunen artean osatutako elkarte gastronomiko bat nahiz eta biak pertsona juridikoak izan. Nire kexa Arartekora eraman nuen, baina harek ebatzi zuen nire eskubideak ez zirela urratu azken finean tramitazioa ongi egin nuelako. Espainiako Herriaren Defendatzailean ere jarri nuen 39/2015 Legearen inguruko kexa, baina hark esan zidan Arartekoak nire gaiaren inguruan ebazpena emanda zuela eta ez zela sartuko ezer erabakitzera.

OHARRA: norbaitek laguntza nahi badu bere elkartearen (berdin zait kirol elkartea, elkarte gastronomikoa edo beste era bateko elkartea) zuzendaritza aldatzea edo erregistroarekin tramiteren bat egitea, esan eta lagunduko dizuet.

Informazioa eskatu

Itzul gaitezen baina artikulu honen jatorrizko arrazoira. Twitterren publikoki kexatu ostean ikusi nuen bazegoela horrelako tramiteekin guztiz nazkatutako jendea (bat, bi, hiru), eta beraz elektronikoki egindako tramitazioen inguruko informazioa eskatzea erabaki nuen.

Hasieran esan bezala Espainiako Kongresuak onartutako 29/2013 Legeak herritarroi administrazioaren esku dagoen informazioa eskatzeko eskubidea onartzen digu eta administrazioak derrigortzen ditu horrelako tramite bat prest izatera eta herritarroi eskaerak egin eta erantzuteko bideak ezartzera.

Jendearen kexak ikusita zera ikusi nahi nuen: ea tramiteak elektronikoki egiteko derrigortasunak tramitazioetan eraginik izan duen, hau da, ea orain lehen baino tramite gehiago ala gutxiago egiten den. Nire ustez erantzuna "gutxiago" izan beharko litzateke, baina datuak behar nituen horretarako.

Beraz Eusko Jaurlaritzaren webgunea erabiliz bi eskaera zuzendu nituen bata Elkarteen Erregistro Nagusira eta bestea Kirol Erakundeen Erregistrora (laburbilduz: bigarrenean kirol arloko elkarteak inskribatzen dira, eta lehenengoan elkarte arrunt guztiak). Erantzuteko epea bukatzen ari zela (uste dut 20 egunekoa dela), ostiral arratsalde baten Elkarteen Erregistro Nagusiko arduradun batek deitu zidan telefonoz. Esan zidanez, jaso zuten nire eskaera eta azaldu nion zergatia. Esan zidan guztiz ados zegoela nire kexarekin, berak egunero ikusten dituela erregistroan horrelako kasuak eta gauzak erraztu beharrean zaildu egin dituela elkarte askorentzat 39/2015 Legeak. Nik eskatutako informazioa (azken urteotan paperean eta elektronikoki egindako tramite kopurua) ez zuela esan zidan, baina informatikariekin hitz egiten eta informazioa ateratzen saiatuko zela, galdetu zidan ea ardura zidan informazioa taldekatzea bere lana errazteko eta ezetz esan nion. Handik pare bat astera jaso nuen erantzuna (word dokumentua hemen) eta hemen laburpena:

URTEA

PAPEREAN IZAPIDETUTAKO ESPEDIENTEAK

ELEKTRONIKOKI IZAPIDETUTAKO ESPEDIENTEAK

GUZTIRA IZAPIDETUTAKO ESPEDIENTEAK

2015

5931

28

5959

2016

5692

115

5807

2017

5232

954

6186

2018

2735

3717

6452

20191

0

1306

1306

1 2019ko datuak urte horretako urtarrilaren 1etik otsailaren 15era bitarteko aldiari dagozkio, bi egun horiek barne hartuta.

Nire harridurarako, eta hor agertzen den erritmoak jarraitzen badu, 2019an zehar aurreko urteetan baino tramite gehiago egingo dira, eta gainera guztiak elektronikoki egingo dira. Nere ustea beraz, Elkarteen Erregistro Nagusiari dagokionez ez zen zuzena.

Kirol Elkarteen Erregistroaren erantzuna, aldiz, bestelakoa izan zen (hemen PDF dokumentua): laburbilduz zera zioen: ez dutela datu hori, horretarako informazioa berregin egin behar dutela, Legeak dioela horrelako kasuetan ukatu egin dezaketela informazioa ematea, eta horixe egingo dutela. Gainera lan asko omen dute eta langile gutxi eta informazio hau emateak beren lana oztopatuko omen du.

Erantzunak atsekabetu egin ninduen, baina bere aurka erreklamazioa aurkeztu nuen Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordean. Nere erreklamazioaren muina zen Kirol Erakundeen Erregistroak ezin zuela esan elkarte asko dituela inskribatuta eta ezin duela informazio hori eman aldi berean elkarte gehiago inskribatuta dituen Elkarteen Erregistro Nagusiak informazioa eman didanean. Niri berdin zaidala langile asko dituen ala ez, ez da nire arazoa, baina erregistroa publikoa dela eta informazioa ere publikoa izan behar duela.

Erreklamazioa jarri eta ia hiru hilabetera, ebazpena jaso nuen. Bertan zioen baietz, nolabaiteko informazioa emateko gomendioa egingo ziola Batzordeak Kirol Erakundeen Erregistroari, nahiz eta osoa ez izan, gutxienez zerbait, baina Erregistroak emandako arrazoia ("ez dut informazio hori, informazioa berregin egin behar dut eta horrek nire lana oztopatzen du") legezkoa dela eta beraz nire erreklamazioa ukatzen zuela. Hala ere, Erregistroak emandako alegazioak bidali zizkidan eta bertan informazio apur bat ematen zidaten, azken urteetan Kirol Erakundeen Erregistroak egindako tramite kopuruak, hona hemen:

Urtea2015201620172018
Espediente kopurua 705 1086 615 706

2016ko kopuruaren harira "2016an Federazioen hauteskunde-prozesuak egin ziren, eta lau urtero gertatzen den gisa, Errregistroaren izapidetze kopurua areagotu zen" zioen erregistroak.

Laburbilduz, Elkarteen Erregistro Nagusiak hilabete eta erdian, Kirol Erakundeen Erregistroak urtebetean baino espediente gehiago kudeatzen ditu.

Hala ere ezin izan ditut nik nituen zalantzak uxatu: nik uste nuen espediente kopurua gutxitu egingo zela elektronikoki jarduteko derrigortasunarekin, baina badirudi ez dela horrela izan, edo behintzat datua ez da hain argia.

Eskatu daiteke, beraz eskatu

Ikusita administrazioaren informazioa denon informazioa dela, beste hainbat eskaera egin ditut azken hilabete hauetan kirol federazioen hainbat gairen inguruan: euskal kirol federazioi egiten zaien ikuskaritza, kirol federazioen aurrekontu defizitarioak, Euskal Xake Federakuntzaren aurrekontu eta aurrekontuen likidazioak, Euskadi Basque Country markaren inguruko kontratu baten espedientea edo Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiek eskola kirolaren barnean emandako baimenen ingurukoa, hemen Bizkaiaren erantzuna eta hemen Gipuzkoarena. Eta eskaera guztien erantzunak jaso ditut informazioa publikoa delako (aipatutako kasuetan hainbat Lege edo Dekretuk zehazten dute administrazioak informazio hori izan behar duela), eta eskaerak ez duelako inoren beste eskubiderik urratzen.

Ondorioak

Ulertu behar dugu gu ere administrazioa garela, eta administrazioaren jarduna publikoa denez, guk ere eskubidea dugula administrazioak darabilen informazioa edukitzeko.

Beraz, noizbat administrazioak emandako informazioarekin zalantzarik baduzue galdetu lasai: zehaztu zein den nahi duzuen informazioa eta eskatu. Horrela bakarrik aldatuko du administrazioak pentsamoldea eta benetan herritarren zerbitzura dagoen zerbait izango da tramiteak egiteko epeak eta paperak eskatzetik harago joanda, informazioa era txukunean kudeatu eta zabaltzeko beharra ikusi beharko du.

 

Ogiaren nire errezeta

Mikel Larreategi 2019/04/10 10:35
Azkenaldian ogia egiten dut etxean. Batzuetan moldekoa, beste batzuetan arrunta. Batari eta besteari ikusi, libururen baten irakurri eta interneten begiratu eta ikasitakoarekin egiten dut. Batek baino gehiagok nola egiten dudan galdetu didate, eta hona hemen erabiltzen dudan "errezeta".

Ama orea freskatu

Ogia ore-ama edo ama-orearekin (eztabaida linguistikoa hemen) egiten dudanez, lehenengo hozkailuan dudan ore-ama freskatzen dut. Beraz:

  • 1. eguna 22:00etan: hozkailuko ore-ama 2 tuper txikitan banatzen dut eta gari-irin integrala (bi edo hiru koilarakada) eta txorrotako ur epela gehitzen diot. Ondo nahasi, itxi eta sukaldean bertan uzten dut.
  • 2. eguna 7:00retan: tuper txikien hondoan aireak sortutako burbuilatxoak ikusten dira. Ireki eta beste bi edo hiru koilarakada irin eta txorrotako ur epela gehitzen diot. Ondo nahasi, itxi eta sukaldean bertan uzten dut.

Orea nahasi eta forma eman

  • 2. eguna 18:00retan (gutxi gora-behera, beranduago ere izan daiteke, lasai hartu!). Tuperretako nahasketan burbuila asko ikusiko dira eta usain berezia izango du. Hurrengo baten erabiltzeko nahasketaren apur bat, pare bat koilarakada txiki, hartu eta gorde pote baten hozkailuan.
  • Koilara bat sartzen baduzu mousse baten itxura izan dezake. Ore ama prest dago. Beraz nahasketa egin ontzi handi baten:
    • Bi tuper horien edukia
    • Ogia egiteko kilo bat irin (gaztelaniaz "panificable" du izena, nik azkenaldian hemen erosten dut).
    • 570 gramo txorrotako ur epela (adi, gramotan neurtu). Hau, goraino betetako bi edalontzirekin neurtzen dut (nire edalontziak hauexek dira).
    • 20 gramo gatza.
  • Nahasketa egiterakoan aurreko osagai guztiak nahasi baina edalontzi erdi ur ez bota. Irinaren arabera eta ore amak daukan dentsitatearen arabera gerta daiteke oreak ur gehiegi behar ez izatea. Beraz osagai guztiak nahasi eta oraindik ere ontziaren hondoan irina gelditzen bada edo orea oso lehorra dagoela iruditzen bazaizu edalontzian gelditu den ura gehitu. 
  • Nahasketak itxura zatarra izango du eta agian pixka bat itsatsiko zaizu eskuetan. Lasai hartu ondo egin duzu-eta!
  • Orea ontzian utzi eta plastikozko filmarekin edo sukaldeko trapu batekin estali eta utzi egoten 15 minutuz.
  • 15 minutu pasatutakoan orea aldatu egin dela ikusiko duzu, leundu egin balitz bezala. Ontzian bertan, edo mahaira aterata, orea doblatu. Ikusi bideo honetan nola doblatu.
  • Errepikatu 15 minutuko atsedena eta orea doblatzea beste 2 edo 3 aldiz orea guztiz leundu arte. Denbora gutxirekin bazabiltza lasai hartu, lehenengo aldiz doblatu ondoren utzi egoten. Orea bere kabuz leunduko da denbora ematen badiozu. Denborak orea egiten laguntzen du.
  • 2. Eguna: 19:00retan (edo doblatzea amaitu duzunean) plastikozko filmarekin edo sukaldeko trapu batekin estali eta sukaldean utzi.  Orea hartzitu egingo da. Sukaldea epel badago hobeto. Tenperatura altua badago hobeto edo lehenago hartzituko da. Nere sukaldea 18º inguruan egon ohi da.
  • 2. Eguna: 23:00etan orea bitan zatitu eta forma eman. Nahi duzun forma eman diezaiokezu. Errazena bola bat egitea da. Ikusi bideo honetan nola egin.
  • Bola egindakoan entsalada-ontzi bat hartu, trapu bat jarri bertan, irineztatu eta bola bertan jarri ahuspez. Trapuak gure ogia ontzian itsastea ekidingo du.
  • 15 bat minutuan mahai gainean utzi eta ondoren plastikozko filmarekin estali eta hozkailuan sartu. Orea bigarren aldiz hartzituko da.

Labera!

  • 3. Eguna 19:00tan (edo beranduago zuk nahi duzunean) labea 250ºra berotu. Berotuta dagoenean labeko paperaren gainean hozkailuan dagoen orea irauli eta gainean mozketa batzuk egin. Ikusi bideo honetan nola egin.
  • Labera sartu baina ez bandeja baten, labearen lurrean baizik. Zure labeak behetik bakarrik berotu badezake horrela piztu. Nireak bezala goitik eta behetik bakarrik berotu badezake, goiko aldean erretilu bat jarri goiko erresistentziak ogia ez dezan erre. Erretilurik ezin baduzu jarri estali ogia aluminiozko paperarekin.
  • Labera sartzean ur pixka bat bota labaren hormetara. Ura spray eran botatzen duen tresna horietako bat erabili dezakezu adibidez.
  • 20 minutuz eduki labea 250ºtan. Ondoren 200ºra jaitsi eta ordubetez utzi.
  • Ogiari kolore gehiago eman nahi badiozu, 10 minutu falta direla aluminiozko papera edo gainean jarri duzun erretilua kendu.
  • Eginda dagoen jakiteko, ogia labetik atera eta ipurdian kolpe batzuk eman. Hutsaren zarata egiten badu ogia prest dago.

Hoztu arte itxaron eta ondoren jan edo xerratan moztu eta izoztu.

Eta gero kontatu nola atera zaizun!

Azitaindik Urkora Santa Kurutzen zehar

Mikel Larreategi 2019/02/24 20:25
Otsaileko arratsaldeko eguraldi epelak lagunduta, Azitaindik abiatuta Urko izango dugu helmuga, Santa Kurutzetik, Usartzatik eta Ixutik pasatuta.

Udaberria iritsi da ala?Azitaindik hasita bertako poligonotik zehar Santa Kurutz ermitaraino joango gara. Horretarako Arratera doan bidea hartu behar dugu Biriñao baserriraino, han Arrateko bidea utzi eta ezkerretik joango gara.

Handik, Gipuzkoako itzuliaren GRaren marka zuri gorriei jarraituz Usartzako atsedenlekuraino joango gara. Usartzatik Ixura doan bidetik Eibarko bista ederra ikusi dezakegu orain delako gutxi bota dituzten pinuek oztopatzen zuten bista.

Usartzatik Eibar ikusten da

Ixuan Urkorako igoerari ekingo diogu. Hemen aukera dago Urko igo nahi ez duenak ezkerreko bidea hartu eta geroago jaitsiko garen bidearekin bat egiteko.

Urko gailurretik gure inguruetako gailur guztiak ikusten dira. Atseden pixkat hartu ostean berriz ere bideari ekingo diogu beste aldetik jaitsiz. Pinudian sartzean adi egon behar gara, ezkerrerantz IXUA markatzen duen bidea hartzeko.

Bide horren lehenengo zatian, katea dago jarrita ibiltariari bere bidea errazteko. Katearekin lagunduta errez egingo dugu aurrera. Hortik berehala zuhaitz bat aurkituko dugu bide erdian, bere azpitik erraz pasatuko gara.

Urkorako bideko kateen pasabidea

Aurrerago zuhaitz bat aurkituko dugu eta han eskumara egingo dugu beheranzko bidea hartuz. Bidearen amaieran Amazabalegi baserrietara helduko gara eta handik berehala Iturburu ikastetxera. Errepidean behera egingo dugu eta beheko bihurgunean errepidea utzi eta eskumara egingo dugu Estixako antenara doan bidetik. Antenara iritsi aurretik eskumara egingo dugu Miraflores auzora. Handik pistari jarraituta Arrateko bidera helduko gara.

Errepidea gurutzatu eta sigi-saga egiten duen bidean Sakunera helduko gara, lehengo Ignazio Zuloaga institutoaren atzeko aldera. Iturria daukagu bertan zain, ur pixka bat edan eta freskatzeko. Eskailerak jaitsi eta Jardineta kalean egongo gara.

Ibilbidea Wikilocen deskargatu daiteke.

100 mendiak: 2018ko igoerak

Mikel Larreategi 2019/01/02 09:00
Aurten ere asko ibili naiz mendian. Hemen 2018ko laburpen bat.

Iaz egin nuen bezala, hemen 2018ko nire mendien zerrenda. 100 mendien leihaketak dioen bezala, 20 bakarrik kontatu ditut, zerrenda guztia mendiak.eus webgunean ikusi daiteke:

2018ko zerrendatik pare bat aipatzearren, Aizkolegi eta Anboto aipatuko ditut.

Aizkolegi Bertizko jaurerriko parkean dagoen gailurra da. Zuhaitz ederrez inguratutako tontorrerako bidea erraza eta atsegina da, pista bati jarraitzea besterik ez da egin behar. Gailurrean jauregi dotore bezain utzi bat du, hemen jauregiari buruzko bideo bat.

Eta Anbotori buruz zer esan. Bada, Mariren koban egon ginela! Klub Deportiboak antolatutako irteeran, Arrazolatik gora Gerriko kobaraino joan ginen, handik, sokaz ondo lotuta, Mariren kobaraino, eta amaitzeko gailurrera igo ginen, ondoren Zabalandira jaitsi eta handik berriz ere Arrazolara jaisteko.

 

2019an ez dakit zer egingo dudan argazkiekin, ezingo ditut Flickr-era kargatu, haren erabilpen baldintzak aldatu egin behar dira eta... agian argazki zaharrak ezabatu egingo dizkidate... Ea alternatibarik topatzen dudan.

 

Asier, iaz esan bezala, saiatu naiz txartelak leku gehiagotan uzten, eta leku batzuetatik etorri dira bueltan. Ea 2019an!

Eguneraketa 2019-03-19: argazkiak etxean montatu dudan zerbitzari txiki baten jarri ditut orain.

"Aizkorri gainari" Eusebio Igarzabalek jarritako bertsoak

Mikel Larreategi 2018/10/22 15:56
Arantzazu edo Urbia ingurura joaten naizenean txikitako oroitzapen bat etortzen zait burura: igande goizean gosaltzen nengoela, Arrate Irratia jarrita, bertan jartzen zuten bertso-sorta bat

Bertso-sorta hori igandero-igandero jartzen zuten goizetan Arrate Irratian. Estrofa solteak nituen buruan baina bertso osoak ez. Pare bat aldiz irratia jarri dut igande goizetan baina ez dut bertso-sorta entzun... Beraz, asteburuko irteeraren ostean, Arrate Irratira idaztea erabaki nuen ea han pistarik ematen zidaten. Berehala erantzun didate Arratetik bertso-sortaren MP3arekin, hango Agurtzaneren hitzetan "Oker ez banabil, Eusebio Igarzabalen bertsoak dira, Aitzgorri gainari jarritakoak."

Hemen, Arrate Irratiaren eskutik, bertso horien letra eta MP3a.

Igande goiz bateko
nere mendi jira
bertsoz eman nahi nuke
Euskal Herrira.
Ohetik jeiki eta
juan naiz tranbira
bertan Zegamak duen
goiko geltokira.
Handik Aizkorrira
eguzki dirdira
jarri naiz begira
Andraiztik Urbira
oraindik gauz ederrak
ikusten dira!

Behelainoak joan dira
norabait igesi
eguzkian indarria
danean hasi.
Besteak beste gauz bat
nahi nuke bereizi:
behi ardi eta behor
nola diran bizi:
dana jaten hasi
han ditut ikusi
ta egin dit grazi
pentsatzen naiz hasi:
gizonak hori ezin
al du ikasi?

Mendiak edertasun
asko du beregan
hango pake giroa
zein ederra dan:
birigarroak kantuz
ta enarak hegan
halako bizi poz bat
ohi dute eman!
Ta abereak han
portatzeko eran
gutxi gora beheran
zer pentsatu dedan:
ez dakidala gu zer
abere geran

Gipuzkoako gain hau
ikusmiren jabe
aurrean Arabako
lautada berde
eskubira Bizkaiko
mendiak han daude
ezkerrera Nafarro
zu ere hor zaude
danak bertan gaude
ez da mila alde
ta egin dut galde:
zer hau baino hobe?
Ametsetan jardun naiz
lo hartu gabe

Ordu erdi bat pasa
bokadilo janez
begieri atsegin
ona emanez
zerua ederra da
esaten dutenez
hau baino ederrago
nere ustetan ez
eta zorionez
egin diot promes
edo behintzat ames
banaiz osasunez
berriro aurki arte
agur esanez

 

 

Bihotzeko fonoteka

Mikel Larreategi 2018/08/05 21:05
Horixe du izena Euskadi Irratiko saio batek. Azkenaldian udan behin eta berriz nire bidean gurutzatzen da saio hau. Zergatik? Ez dakit ba...

Ez zaizue inoiz gertatu zerbait behin eta berriz zuen bidean gurutzatzen deneko egoera hori? Ba azken uda hauetan behin eta berriz gurutzatu da Euskadi Irratiko saio hau nire bidean.

Webgunean ikusi daitekeenaren arabera, badirudi udako programazioaren barruan bakarrik ematen dutela saioa, eta izan ere udako programak bakarrik aurkitu ditut EITB Nahieran.

Lehenengo kontaktua uste dut Mikel Iturriaren bloga irakurrita izan nuela orain dela urte batzuk. Ondoren, urte hartan bertan, kotxean nonbaitera nindoala tokatu zitzaidan programaren zati bat entzutea. Beste uda baten, lagun bati Twitterren ikusi nion programa horretan izango zela, eta gero abuztu hartan berriz ere tope egin nuen programarekin kotxean. Aste honetan ere kotxean egin nuen topo programarekin.

Programaren mekanika erraza da: gonbidatuak bere bizitzaren errepaso bat egiten du gustuko dituen edo bere bizitzan esanahiren bat izan duten 10 kantarekin. Ordubete inguruko saio atsegina da mota askotako musika entzuteko.

Ni ez naiz oso musikazalea izan ezta musika asko erostekoa edo kontzertu askotara joatekoa, baina irratsaio horietako gonbidatuen ariketa egin dut: 10 kanta aukeratu, nire bizitzan zehar esanahiren bat edo momenturen bati lotuta daudenak. Bateron bat kanpoan utzi dut, eta besteren batzuk "fusionatu" egin behar izan ditut 10 horietan sartzeko. Youtube erabili dut bilduma egiteko, hemen duzue nahi baduzue.

 

100 mendiak: 2017ko igoerak

Mikel Larreategi 2018/04/04 21:05

2016 urte bukaeran Mendiak izeneko Android aplikazioa argitaratu genuen lanean (orain iphone bertsioa ere badugu). Alde batetik aplikazio hori probatzeko aitzakiarekin, udan egin genuen Mittagskogel 2000korako igoerarekin eta bestetik urte hasieran jakinarazitako erabakiaren ondoren beste zerbait egiteko gogoa sartu zitzaidan eta mendira gehiago joaten hasi nintzen. Lehen asko jota Kalamuara edo Arratera joaten nintzen batzuetan, ez askotan egia esan.

Ordutik aurrera gehiago ibiltzen hasi nintzen: Salbadorrera, Txontatik Ipuruara, Sosolara edo Asua Errekan gora. 2017an Eibarko Klub Deportiboko Mendi Taldearen irteera batzuetara joaten ere hasi nintzen.

Lanean Asierrek komentatu zuen 100 mendien lehiaketa egiten hasi zela eta aste honetan komentatu digu bere hirugarren urtearekin hasi dera Luzuero igoz.

Hori ikusita, nire 2017ko mendien zerrenda ateratzea erabaki dut. 20 baino gehiago igo ditut, batzuk errepikatuta gainera, baina beno 20 bakarrik kontatuko ditut (zerrenda guztia mendiak.eus webgunean ikusi daiteke):

  • Milpiribil, 1277
  • Kakueta, 927
  • Luzuero, 309
  • Aizkorri, 1523
  • Tellamendi, 834
  • Arastortz, 827.
  • Gantzorrotz, 779
  • Karakate, 756
  • Gazume, 997
  • Mello, 629
  • Aratz, 1445
  • Untzillatx, 941
  • Beriain, 1493
  • Ipizte, 1057
  • Haltzamendi, 813
  • Peña del Moro, 818
  • Kamaraka, 797
  • Burgüeno, 1044
  • Trasmosomos / Espaldaseca, 696
  • Esnauritzagana, 817

Asier, 2017an txartelak pare bat lekutan bakarrik utzi ditut, argazkiek balio didate froga gisa, ezta? 2018an zehar txartelak utziko ditut.

Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.