"Unsere Mütter, unsere Väter" eta "1864", gerraren inguruko bi telebista-serie
Kontuz, bi serieren inguruko spoilerrak egon daitezke-eta jarraian.
2013ko azaro-abenduan, lagun batek "Unsere Mütter, unsere Väter" (gaztelaniaz "Hijos del Tercer Reich" eta ingelesez "Generation War") mini-seriea ikusteko esan zidan: "ez zara damutuko".
Artean gaztelaniaz ez zegoen (edo ez nuen aurkitu) eta jatorrizko alemanierazkoa ikusi nuen ingelesezko azpitituluekin. Izugarria iruditu zitzaidan.
Bigarren Mundu Gerra hasi aurretik Berlingo bost lagunen istorioa kontatzen du: bi anai, gazte judu bat eta bi emakume. Zin egiten dute guda bukatutakoan berriz elkar ikustea. Han banatzen dira euren bizitzak: bi anaiak armadan sartzen dira, emakumeetako batek bere abeslari karrera hasi nahi du, bestea gurutze gorrian sartzen da eta juduak Alemania utzi nahi du nazien beldurrez.
Ez du gerra-istorio bat bakarrik kontatzen. Historia nazien armada barrutik kontatzen du, hango momenturik latzenak kontatuz eta fronteko bizitza, ihesak, deserzioak edo erizaindegiak erakutsiz. Ileak zut jartzeko modukoak. Oso ona iruditu zitzaidan benetan, eta uste dut azken kapituluko azkenengo eszenetako baten malkoren batek ere ihes egin zidala.
Joan zen astean, webguneren baten bidez Jot Down webguneko artikulu batera heldu nintzen, han 1864 izeneko seriea gomendatzen zuten. 1864an Danimarkak orduko Prusiaren zati bat bere egin nahi izan zuen eta han sortutako Schleswigeko Gerrako istorio bat kontatzen da bertan.
Asko gehiago irakurri gabe, lehenegoarekin alderatu nuen, kontua antzekoa zelakoan eta ikusten hasi nintzen. Oraingoan danieraz eta ingelesezko azpitituluekin.
Eta hau ere izugarria iruditu zait. Gerrara doazen bi anairen istorioa kontatzen du. Agian kontatzen duen istorioa ez da beste mundukoa, baina gudako irudiak, orduko gudako modua, eta batez ere, bestean bezala, gudaren aurreko momentuak, oso onak iruditu zaizkit, eta gudako eszenak, eta erizaindegietakoak.
Oraindik ez dut ikusten bukatu, baina agian hemen ere malkoren bat irtengo zait azkenengo kapituluetan.
Ahal baduzue, denbora baduzue, ikusi biak. Lehenengoa 3 kapitulutakoa da, eta jada gaztelaniaz ere badago, Canal + eta TVEk eman dute jada-eta. Kapitulu bakoitzak ordu eta erdiko iraupena du. Bigarrena 8 kapitulutakoa da eta bakoitzak ordu bete inguruko iraupena du.
Ea zuek ere ez zareten damutzen. Charlotte, Wilhelm, Greta, Viktor, Friedhelm, Peter, Laust eta Inge beti buruan geldituko zaizkidan pertsonaiak izango dira.