"Aizkorri gainari" Eusebio Igarzabalek jarritako bertsoak
Bertso-sorta hori igandero-igandero jartzen zuten goizetan Arrate Irratian. Estrofa solteak nituen buruan baina bertso osoak ez. Pare bat aldiz irratia jarri dut igande goizetan baina ez dut bertso-sorta entzun... Beraz, asteburuko irteeraren ostean, Arrate Irratira idaztea erabaki nuen ea han pistarik ematen zidaten. Berehala erantzun didate Arratetik bertso-sortaren MP3arekin, hango Agurtzaneren hitzetan "Oker ez banabil, Eusebio Igarzabalen bertsoak dira, Aitzgorri gainari jarritakoak."
Hemen, Arrate Irratiaren eskutik, bertso horien letra eta MP3a.
Igande goiz bateko
nere mendi jira
bertsoz eman nahi nuke
Euskal Herrira.
Ohetik jeiki eta
juan naiz tranbira
bertan Zegamak duen
goiko geltokira.
Handik Aizkorrira
eguzki dirdira
jarri naiz begira
Andraiztik Urbira
oraindik gauz ederrak
ikusten dira!
Behelainoak joan dira
norabait igesi
eguzkian indarria
danean hasi.
Besteak beste gauz bat
nahi nuke bereizi:
behi ardi eta behor
nola diran bizi:
dana jaten hasi
han ditut ikusi
ta egin dit grazi
pentsatzen naiz hasi:
gizonak hori ezin
al du ikasi?
Mendiak edertasun
asko du beregan
hango pake giroa
zein ederra dan:
birigarroak kantuz
ta enarak hegan
halako bizi poz bat
ohi dute eman!
Ta abereak han
portatzeko eran
gutxi gora beheran
zer pentsatu dedan:
ez dakidala gu zer
abere geran
Gipuzkoako gain hau
ikusmiren jabe
aurrean Arabako
lautada berde
eskubira Bizkaiko
mendiak han daude
ezkerrera Nafarro
zu ere hor zaude
danak bertan gaude
ez da mila alde
ta egin dut galde:
zer hau baino hobe?
Ametsetan jardun naiz
lo hartu gabe
Ordu erdi bat pasa
bokadilo janez
begieri atsegin
ona emanez
zerua ederra da
esaten dutenez
hau baino ederrago
nere ustetan ez
eta zorionez
egin diot promes
edo behintzat ames
banaiz osasunez
berriro aurki arte
agur esanez