Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan

Portero ala jokalari

Elena Laka 2009/10/27 09:20
Semeak ikaskide berria dauka

Atzo afalorduan Oierrek ikaskide berria zeukatela kontatu zigun.

- Lagun berri bat etorri da gure gelara. Jonathan dauka izena.

-Ah, lagun berria, ze ondo! Eta nondik etorri da? (nagusiak  pentsatzen  du ikasturtea hasita datorren Jonathan bat kanpotik etorriko zela, umeei atentzioa emango ziela, edo auskalo)

- Nondik etorri den? Hori ez dotsagu galdetu. Guk galdetu dotsagu: zuk zer izan nahi dozu portero ala jokalarixa? Eta berak esan dau: "yo, jugador". Eta futbolean jolasten hasi gara, eta orduan ez dotsagu eze be gehixago galdetu.

Blokeoa

Elena Laka 2009/10/17 23:45
Asteleheneko Goienkaria

"Gatazkari irtenbide demokratikoa" bilatu behar zaiola aldarrikatu dute manifestazio nazional erraldoian.- Jende uholdea izan da (...). Sindikatu deitzaileek manifestazioaren balorazio "positiboa" egin dute eta gizarteak "erantzun paregabea" eman duela nabarmendu. Parte-hartze jendetsuarekin, "gizarteak blokeo egoera honetan subjektu pasibo izateko prest ez" dagoela argi utzi du, ELAko eta LABeko idazkari nagusiaren ustez. "Mota honetako ekimenak dira gizarteak eskatzen dituenak". Berria, 09-10-18.

 

Ostiralean konturatu nintzen aste osoan Kiss FM izan nuela ipinita autoko irratian. Kezkatu egin nintzen. Albistegiz albistegi, tertuliaz tertulia dialean saltoka gogoratzen dut nire burua automobila daukadanetik. Ni bakarrik kotxean albistegiak komentatzen, tertuliakideei erantzuten. Azkenaldian baina igartzen nuen aktualitatearekin aspertzen hasita nengoela, irratigileen komentarioekin bete samar somatzen nuela nire burua. Eta Kiss FM herriaren opiora aldatu nuen. Eta astebete iraun 80. hamarkadako disko-musika entzuten, berriekin kezkatu barik. Jabetu naizenean ostera kezkatuta geratu naiz, nirbana hori desiatzera zerk eraman ote nauen asmatu ezinik.

 

Zapatuko manifestazioan aipatzen zenaren kontra, blokeo egoerak subjetu pasibo izatera eraman al nau? Diagnosia ez legoke, ziur asko, hortik urruti. Gertuko zaizkit gizartearen kezka politiko nahiz sozialak. Herrian egoera normal bizi  nahi dut, zeinetan pertsona guztiek pentsatzen dutena adierazi baitezaketen, zeinetan herritar guztiek ekimen politikoa izan baitezaketen. Gauza publikoan parte hartu, eztabaidatu, erreibindikatu, iritzia eman. Jardun politikoa oinarrizko eskubide moduan. Zentzubakotasunaren indarrak zapaldu barikoa, ez gartzela dakarten legeen bitartez, ez herriaren izena alperrik hartuta sasi-babesle armatuen mehatxuen bitartez. Auzolanean jardungo duen gizarte bat nahi dut, ez poltsiko beteko alderdikeriatan, ez azaleko ongikeriatan, ezta ere odolezko morrontzatan. Izateko modua erabakitzeko eta eztabaidatzeko oinarrizko eskubidea izango duen gizarte bat.

 

Larunbateko manifestazioa izan daiteke gizartearen ukabilkada mahai gainean, “mota honetako ekimenak dira gizarteak eskatzen dituenak” zioten. Bukatutakoan halere norbera bere elkartera, eta lehengo lepotik burua.

 

Zerbait egin beharra daukat, zeren eta gero eta joera handiagoa ikusten dut lozorroan geratzeko. Garbi ez daukadana da zergaitik murgildu nintzen apatian:  azken albistegiak entzuten nituelako, ala entzuteari utzi niolako. Larri nago, ez baitakit hurrengoa Disney Channelera engantxatzea izango den, ala zuzenean kalera irten eta Disney herrian nagoela irudituko ote zaidan.

Presoen argazkiekin bueltaka

Elena Laka 2009/09/21 01:13
... eta Kitto! aldizkarikoak honako galdera honi erantzuteko eskatu didate: Asteroko manifestazio edo elkarretaratzetan ateratzen dudan presoaren irudia ateratzeak terrorismoa goratzea ekarri dezakeke, Zigor Kodia aldatu ez bada ere?

Kode Penalaren 578. artikuluak, terrorismo delituak deskribatzen eta zigortzen dituen sekzioaren barruan, terrorismo delitu hauei gorazarre egitea zigortzen du. Dio zigortu egingo dutela terrorismoko delituen edo bertan parte hartu dutenen gorazarrea edo jusfikazioa egiten duen pertsona oro, edozein komunikabide edo hedabideren bitartez, edo terrorismoko delituen biktimen edo senideen gutxiespen edo iraina dakarten ekintzak egiten dituen pertsona oro. Zigorra, urte bete eta bi urte arteko espetxealdia.

 

Beraz hori da Kode Penalak zigortzen duen ekintza, eta gero kasuz-kasu aztertu beharko da gertakizun jakin bat gorazarrea edo biktimekiko gutxiespen edo iraina den, eta beraz zigortzeko modukoa den, ala ez.

 

ETArekin zerikusia duten presoen argazkiak erakustea manifestazio batean edo kalean pankarta baten bitartez orain arte ez da delitutzat hartu. Alegia, nik dakidala, egun ez dago argazkien erakuste hutsa delitutzat hartu duen auzitegi baten epairik. Uda aurretik hona ostera egitate hauengaitik prozedura penalak zabaltzen hasi dira, Ministeritza Fiskalak eta Barne Sailak bultzatuta. Oraindik ez dago bat ere epaitua. Ikusi egin beharko da kasu bakoitzean zer ebazten den eta horrexegaitik epaitzeko orduan kontutan izan beharko da argazki hori zein testuingurutan erakutsi den, zein hitzekin, zein helbururekin, nork erakutsi duen, zein asmorekin etab

           

Bestalde, Barne Sailak  beste lege bat ere aipatzen du debekuak argudiatzeko: Terrorismoen Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko 4/2008 Legea, Eusko Legebiltzarrarena. Honen 4. artikuluak xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoek biktimen eskubideak errespetuz tratatu ditzaten zainduko dutela. Horretarako neurri egokiak hartuko dituztela jendaurreko zenbait ekitaldi prebenitzeko eta ekiditeko, hala nola, biktimen eta haien familiakoen mespretxua, umiliazioa edo izena galtzea dakarten ekitaldiak, terrorismoa goresten dutenak edo terroristei omenaldia egiteko edo jendaurreko sariak emateko antolatzen direnak, eta zehazki aurka egingo diete ezaugarri horiek dituzten pintaketei eta kartelei. Baina Lege honek ez du esaten berez manifestazio batean preso baten argazkia erakustea manifestazio batean delitua denik. Bestelako adibide bat ipiniko dugu lege honek ezartzen duen debekuaren izaera ulertzeko: Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako 4/2005Legeak ezartzen du bere 27. artikuluan  Eusko Jaurlaritzak publizitatea kontrolatzeko organo bat ezarriko duela, sexuan oinarritzen den pertsonen bereizkeria-mota oro erauzteko. Horrek ez du esan nahi sexuan oinarritutako bereizkeriazko publizitatea erakustea (adibidez prostituzioa) delitua denik.

 

Webgune bateko administratzaileen erantzukizun legala

Elena Laka 2009/07/19 22:13
Galiziako Auzitegi batek wegune bateko administratzaileak bertan agertzen diren edukinengaitik erantzukizun zibilik ez dutela ebatzi du.

 

Irakurri dut Derecho de los blogs izeneko blogean (blogen gaineko arazo juridikoak berbagai dituena)  Galiziako auzitegi batek interneteko foro batean emandako iritzi baten inguruko epaia.

 

Epai gutxi dago Espainiako auzitegietan interneten esandako edukinei buruz, eta horrexegaitik da aipagarri epai hau. Lugoko Probintzi Auzitegiak eman du, 2009ko uztailaren 9an, Mondoñedoko 1 zenbakidun Lehen Instantziako Epaitegiak ikusitako gai baten errekurtsoan.

 

Auziaren abiapuntua http://www.mindoniense.com/ webguneko foroan erabiltzaile anonimo bik egindako adierazpenak izan ziren, Mondoñedoko alkatearen ohorearen kontrakoak. Alkateak demanda jarri zuen foroa weborria sortu eta foroaren kudeatzaile ziren bi lagunen kontra, ohorearen kontrako eraso batengaitik erantzukizun zibil eske.

 

Probintzi Auzitegiak ebazten du foro horretan botatako adierazpenak alkatearen ohorearen kontrako eraso bat zirela, baina webgune eta foroaren kudeatzaileak ez direla horren erantzule. Erantzukizun falta hori oinarritzeko epaileek honako argudio hauek erabiltzen dituzte:

  • demandatuek, alegia, kudeatzaileek, ez zekitela anonimo horiek jaurtitako esakunak alkatearen ohorearen kontrakoak ziren ala ez (anonimoek eraikitzaile batek alkateari etxe bat oparitu ziola esaten zuten, eta kudeatzaileek ez zeukaten jakiterik hori egia zen ala ez).
  • frogatu egin behar dela interneteko edukinen zerbitzu emaile batek edo edukinei hostinga ematen dien batek, adierazpen horiekk ezlegezkoak zirela jakin behar zuela (paperezko prentsan gertatzen den ez bezala. Paperean argitaratzaileak edukinaren legezkotasunaren ikuskatzaile da).
  • foroak ezin du 24 orduz kontrolatua egon, beraz ezin da bertan argitaratzen den guztia modu automatikoan kontrolatu.
  • beraz, Informazioaren Gizartearen eta Merkataritza Elektronikoko Zerbitzuak arautzeko  34/2002Legearen 16.2 artikuluan jasotako salbuespena aplikatzen da, eta datuak gordetzen dituztenak ez ditu erantzule egiten.

 

Epai osoa hemen.

Nireaaaa da

Elena Laka 2009/07/19 21:16
Asteleheneko Goienkaria

 

“Aldaketak talde eta batzordeetan.- EB eta EAren krisia Donostiako Udalera iritxi zen atzo, Udal barruan taldeen, batzordeen eta elkarteen osaketa berrantolatu beharko dutelako, baina hala ere oinarri-oinarrizkoa ez da aldaktuko: gobernu/oposizioaren arteko erlazioa (...) Alkateak zehaztu zuen lehen EBko, gaur Alternatiba Eraikitzen-eko zinegotzi biak ez direla transfugak, eta beraz toki gobernuko kide izaten jarraituko dutela.” Diario Vasco 2009-7-18.  

 

Xabi eta Ane Gipuzkoan bizi dira. Euskaldun eta aurrerakoitzat dute beraien burua. Azkeneko udal eta foru hauteskundeetan, Xabik, ezker klasikoaren aldekoak, Ezker Batuari eman zion botua. Anek, ezkerreruntz bai baina ez hainbeste, abertzaleagoa edo, Eusko Alkartasunari eman zion botua. Hauteskundeak izan zirenetik bi urte pasata, EBko eta EAko aulkiak betetzen zituzten zinegotzi eta batzarkideek alderdi bana sortu du, eta orain bi alderdietatik ateratakoek beste bi alderdi osatu dituzte. Anek eta Xabik, euren botuen norakoez eta erabilgarritasunaz kezkatuta, Kontsumitzailearen Defentsarako Bulegora jo dute euren botuaren ondorioak jaso duen trukaketa salatzera. Handik Kargundunen Jakakeria Kudeatzeko Bulegora (KJKB) bidali dituzte. 

 

“Egunon, guk botua eman genien alderdietan gertatu den aldaketa salatzera gatoz”, esan dute. “Guk alderdi jakin bati eman genion botua, alderdi horrek aginte sail batzuk lortu zituen, eta orain, kargudunek beste alderdi batzuk sortu dituzte, guk botua eman ez genienak”.

 

“Tira herritar soiltxook”, erantzun die KJKBko langile saiatuak, “hori legezkoa da. Alderdi berriak sortzeko askatasuna dago, jendeak iritziz eta ideologiaz alda dezake. Zuek aipatutako bi alderdietako kasuetan gainera oso nabarmenak dira filosofia politikoaren arloan alderdi barruan militanteek izan dituzten eztabaida sakonak”.

 

“Bai, baina botua ematerakoan zerrendan aldaketarik egiterik izan ez bagenuen, orain gustatuko litzaiguke zerrenda itxi horren eta alderdi horren arteko harremana errespeta dadila, eta beraz, hautatuetako batek alderdia uzten badu, utz dezala bere kargua”.

 

“Ah, hautesle gajook, eta agintearen erotika? Eta karguaren ordainsaria?

 

“Barkatu, guk uste genuen erotika eta dirua nahasten zituen lanbideak ez zeukala, hain zuzen, politikarekin bat ere zerikusirik”.

 

 “Ez, politok”, herritarren xalotasunak aitakeria eragin dio bulegariari. “Erotika eta dirua elkartuta, politikan. Kargua, lantzen duenarentzako. Ez zenuten irakurri, zerrenden azpipartean, letra txiki-txikiz idatzita zegoen esaldia? Kargua nireaaaa da.”

 

 

Emakumeen aurkako indarkeria. Eibar.

Elena Laka 2009/07/10 16:28
Eibarko epaitegiko datuak.

Abenduaren 28ko 1/2004ko Lege Organikoa indarrean jarri zenetik, eta  Epaitegi bereziek emakumeen aurkako indarkeria kasuak ikusten dituenetik 2008a bukatu arte, 226 epai prozedura abiarazi dira Eibarren (kontutan izan Eibarko epaitegiak Debabarrenako eskualdea duela eremutzat). Urtez urte horrela banatuta:

 

2005 urtea

37 prozedura

2006 urtea

39 prozedura

2007 urtea

55 prozedura

2008 urtea

95 prozedura

 

 

Prozedura guztietan biktimek ez zuten urruntze agindurik eskatu:

 

Urtea

Eskatutako urruntze aginduak

Eskatu baina epaileak ukatutako urruntze aginduak

2005

-

-

2006

22

15

2007

28

21

2008

28

16

 

Emakume baten aurkako indarkeria gertatzen denean, salatzea ez da arazo guztien bukaera, bide baten hasiera baizik. Jasaten duen emakumeak bakarrik daki zein nekosoa den ertzaintzan edo epaitegian bere istorioa kontatzea, bikotekideak bere defentsan erabiltzen dituen argudioen berri jakitea, medikuarengana joatea, epaitegiko tramite guztiak egitea, erasotzailearekin epaiketa baten aurrez-aurre jardutea. Hala ere, onartuta indarkeria salatzeak ekartzen dituen endredoak, gizarte honen eraketaren barruan, salatzea da erasotzailea zigortzeko modu bakarra. Eta are inportanteagoa dena: biktimak babesik jasoko badu, babes hori salaketatik baino ez da etorriko. Jarriko ditugu zalantzan salaketak, babesteko moduak, jarriko dugu zalantzan epai sistema. Baina gaur egun, orain dela urte batzuk baino biktima gehiagok babesa lortu badute, salaketa, legedi eta sistemari esker izan da.

 

Emakumeen aurkako indarkeria. Legedia.

Elena Laka 2009/07/10 16:19
Zenbait gauzatara ohitzen garenean, badirudi betidanik daudela hor, ez dakigu zehatz-mehatz noiz hasi ziren gure bizitzaren parte izaten, baina begitatzen zaigu horretxek barik bizitza arraroa dela. Eibar aldizkarian argitaratzeko.

 

Hori gertatzen da gaur egun emakumeeren aurkako indarkeria arautzen duten legeekin. Indarkeria mota hau bai dela benetan betidanikoa, behintzat bai guretzat, beti ezagutu izan baitugu. Baina etxe barruetan ikusi dugu edo, kasurik larrienak, “El Caso” egunkarian, Maria Ospittal denda zaharreko ateko kristaletan eskegita oroitzen ditugu.

 

Emakumearen aurkako indarkeria arazoa zaharra izanik, kalera atera da, bozgorailua ipini zaio, eta legeek oraintsu eman diote babes berezia, Espainiako estatuan, 2003. urtetik aurrera. Lehen ere zigortzen ziren jarrera jakin batzuk, beste edozein partikularren artekoak zigortzen ziren bezala (jotzea eta lesioak eragitea edo heriotza eragitea...). Ostera, gehienetan salaketak ez ziren epaitegietara iristen (indarkeria etxe barruan, etxera ogia ekartzen zuenak eta ohekidea zenak egina), iristen zirenean nekeza zen frogatzea, indarkeria psikologikoa ez zen kontutan hartzen... Esan daiteke gizarteak neurri batean onartu egiten zuela emakumeen kontrako indarkeria hori: “egingo zuen zerbait”, “probokatuko zuen”, “sekula ez dio gustoko afaria ipintzen” moduko komentarioak hitzetik hortzera zebiltzan, sarritan irrifarretxo errukitsu batekin. Ondorioa zen indarkeria jasaten zuten emakumeek etxezuloan jarraitu beharra zutela, isilean, jazartzailearekin ohe berean. Ez ziren gutxi alkoholean eta botiketan babesa bilatzen zutenak, gizartearen aurrean oraindik errudunago bihurtuz.

 

         Zerbait aldatu zen baina 90. hamarkadako bukaeran, emakumeen aurkako indarkeria gai zuten albisteak gero eta gehiago zabaltzen joan zirenean. Indarkeria jasaten zuten emakumeak, batipat, bikotekideari banatzeko edo dibortziatzeko erabakia hartu zutela adierazi ziotenak ziren. Askotan bikotekide ohia.

 

         Lehen lege-erreforma garrantzitsua 2003an eman zen (11/2003 Lege Organikoa, irailaren 29koa), besteak beste Kode Penaleko bi artikuluetan erreforma garrantzitsu bat sartu zenean, eta ondorioz familia indarkeria tipo bereziak sartu zirenean Kode Penalean. Honek esan nahi du artkulu hauek modu berezian hartzen dituztela kontutan bikotekidearen edo bikotekide izandakoaren erabilitako indarkeriak, fisikoak zein psikologikoak, eta hortaz modu berezian zigortzen dituztela. Bikotekidea kasu honetan, gizona zein emakumea izan zitekeen.

 

Urte berean, 2003an, lege bitartez, orain horren ezaguna egiten zaigun biktimaren aldeko babes agindua sartu zen indarrean, kalean urruntze agindua izenez ezagutzen dugun hori. Urruntze agindua instrukzio epaileak eman dezake etxeko indarkeriren biktimak babesteko, ikusten duenean oinarritutako zantzuak daudela pentsatzeko pertsona horrek bere bizitzaren, gorputzaren ala sexu askatasunaren aurkako delitu edo falta bat jasan duela, eta biktima hori arrisku egoera objetiboan egon daitekela. Ohikoena izaten da ustezko erasotzaileari biktimaregandik tarte jakin batera gerturatzea debekatzea.

 

Genero indarkeriaren aurkako babes neurri orokorrak abenduaren 28ko 1/2004ko Lege Organikoaren eskutik etorri ziren. Lege honen helburua da erantzun orokor bat ematea emakumeen aurka egiten den indarkeriari, eta alor guztiak hartzen ditu bere baitan: prebentziozkoa, hezkuntzazkoa, gizarte zerbitzuetakoa, laguntzazkoa eta biktimaren arretazkoa. Baita ere Kode Penalaren aldaketa ekarri zuen, lehen aipatutako 153. artikuluan. Hemen lehen aldiz aurreikusten da tipo penala betetzen dela erasotua emakumea denean, eta erasotzaileentzako penak larriagotu egiten ditu. Era berean lege honek beste aldaketa esanguratsu bat ezarru zuen: emakumearen indarkeriaz arduratzen diren epaitegi bereziak. Hiriburuetan berariazko epaitegiak sortu zituzten. Herrietan berriz, Eibarren kasu, epaitegi jakin bati egokitzen zaio emakumearen indarkeriarekin zerikusia duen gai oro, 2 zenbakidun Instrukzio Epaitegiari.

 

Argitalpen kontratu eredu berriak idazle kataluniarrentzat (eta II)

Elena Laka 2009/07/08 09:20
Idazle eta argitaetxeek hitzartu dituzten kontratu ereduak

V. ADOSTUTAKO KONTRATU EREDUAK

  1. Argitaratze kontratua
  2. Lana enkargatzeko kontratua
  3. Lan kolektiborako eskubideak lagatzeko kontratua
  4. Itzulpen kontratua
  5. Oroharrezko zenbatekoko ordainketako itzulpen kontratua

 

A) ARGITARATZE KONTRATUA

Oinarrizko eredua da idazleak mota guztietako liburuak argitara ditzan: saiakera, literatura, poesia etab. Hau da erabiliko den eredua lana egileak bere ekimenez egin duenean, lana ez denean argitaratzailearen enkargu baten ondorio. Ez da enkargutzat hartzen iradokizuna edo etorkizunean argitaratzeko proposamen ekonomikoa.

 

Berritasun azpimarragarrienak:

1. Eskubide analogikoak eta digitalen banaketa: lana liburu analogiko moduan argitaratzeko eskubideak eta eskubide digitalak desberdindu egiten dira eta trataera desberdina ematen zaie. Egileari kontratua iraungitzeko aukera ematen zaio eskubide digitalei dagokienean, eta beraz eskubide horiek berreskuratzeko aukera, kontratuan ipinitako epea igarota (bi urteko epea jartzea gomendatzen da), argitaratzaileak eskubide digitalak ustiatu ez baditu.

2. Argitaratzaileak hirugarrenei eskubideak uzteko aukera: argitaratzaileak egilearen idatzizko baimena behar du eskubideak hirugarren bati eskualdatu nahi  badizkio. Hirugarren horri gainera idazleak beretzako gordetzen dituen eskubideen berri eman beharko zaio. Eta gainera, lanaren eraldaketa eskubidea eskualdatzen bada, beste kontratu bat behar izango da.

 

B) ENKARGUZKO LANAREN KONTRATUA

Kontratu eredu berria da, legean aurreikusita ez dagoena, baina argitaratzaile eta idazleek finkatzeko premiazkoa ikusi dutena. Eredu honek arautzen du lan bat argitaratzailearen ekimenez sortu dena, egileak argitaratzailearen irizpideekin eta proiektupean egindakoa. Egileak argitaratzailearen dirusarreren proportzioko ordainsaria jasotzeko eskubidea izango du, eskubide moralak errespetatu egingo zaizkio eta lanaren ustiapen moduaren informazioa izango du aldioro. Aldiz, lanaren gaineko ondare eskubide oro argitaratzailearenak izango dira.

 

Kontratu eredu honen esparrua argitaratzaileak pentsatutako eta proiektatutako zabalkunde lanen argitalpena da.

 

C) ITZULPEN KONTRATUA

Argitalpen kontratu eredua itzulpenari egokitzen zaio. Legeak aurreikusten duen egile izaera berbera ematen dio itzultzaileari. Ordainsariak ordaintzeko bi modu aurrikusten ditu: hasierako ordainketa eta salmentaren araberako ordainketa.

 

D) OROHARREZKO ZENBATEKOKO ORDAINKETAKO ITZULPEN KONTRATUA

Kontratu mota hau, alegia, ekinaldi bakar batean ordaintzen dena, salmentaren gaineko portzentairik gabe, itzulpen baten argitalpen bakarrerako gordtzen da. Helburua da itzulpen kontratuetan ordainketa modu mistoa egin dadila. hasierakoa eta salmentaren araberakoa, eta beraz kontratu mota hau argitalpen bakarreko kasuetarako bakarrik erabiltzea.

 

E) LAN KOLEKTIBORAKO ESKUBIDEAK LAGATZEKO KONTRATUA

Enkarguzko lanen kontratuaren antz handia du, baina enkarguzko lana egile bakarreko lanetarako pensatuta dator, eta beste hau berriz egile askoren artean eginiko lanetarako.

 

Ondorioz: Asmoa da Katalunian, Espainiako argitaletxe garrantzitsuen egoitza den horretan, kontratu eredu hauek erabiltzea hemendik aurrera. Interesgarria da Euskal Herrian egin daitekenaren eredu moduan.

 

Argitalpen kontratu eredu berriak idazle kataluniarrentzat (I)

Elena Laka 2009/07/07 14:48
Kataluniako Idazle Elkarteek (AEC eta ACEC) eta Argitaratzaileen Elkarteak argitalpen kontratu eredu berriak adostu dituzte duela gutxi. Uztailaren 4ean eman ziguten hauen berri Bartzelonako Ateneun, Euskal Idazleen Elkarteko eta Galiziako Idazle Elkarteko ordezkarioi.

 

Kataluniako Idazle Elkarteek (AEC eta ACECArgitaratzaileen Elkarteak argitalpen kontratu eredu berriak adostu dituzte duela gutxi. Uztailaren 4ean eman ziguten hauen berri Bartzelonako Ateneun Euskal Idazleen Elkarteko eta Galiziako Idazleen Elkarteko ordezkarioi.

 

Hogei urte baino gehiago  dira bi aldeek ordezkatzen dituzten erakundeok orain arte indarrean iraun duten ereduak adostu zituztela. Denbora honetan, argitalpen kontratu eredu hauek erreferentzia izan dira Espainiako argitalpen munduan. Hala ere, kontratu ereduak finkatuta egonik, arazoak batez ere kontratuak bete ez direlako etorri dira. Euskal Herriari dagokionez, ez betetzetik baino gehiago, sarritan kontratua ez sinatzetik.

 

         Katalunian ikusi zuten hogei urte geroago bazela garaia ereduak berrikusteko, besteak beste denbora honetan sortutako garai digitalari egokitzeko. Duela hogei urte inongo kontratutan ezin zitekeen aurreikusi mundu digitala izango genuenik, idazleen lanak paper barik argitaratuko zirenik. Hogei urte beranduago, internet finkatuta dago, baina oraindik ez erabat argitaletxeek internet nola baliatuko duten idazleen lanak argitaratzeko eta hortik negozioa ateratzeko. Liburu digitala ere etortzear dago, baina oraindik ez dago argi zein zabalkunde eta zein harrera izango duen merkatuan.

 

 

I. ORAIN ARTEKO EGOERA

 

Kontratu eredu berriak adosteko orduan, idazle eta argitaletxeen artean sinatuta zeuden kontratuetatik abiatu ziren egoeraren diagnosi bat egiteko. Idazle Elkarteek topatu zutena honako egoera hau izan zen:

 

         1. Kontratuak berak baino, kontratuen betetzeak sortzen ditu hikamikak argitaletxe eta idazleen artean. Dena den, adostutako eredu berriek kontratuari egingo diote jaramon, ez betetzeari. Betetzea ikuskatzeko orduan, argitaratzaile eta idazleen arteko bitariko batzorde bat sortzea aurreikusi da.

 

         2. Kontratu gehienak berdintsuak dira, argitaletxe guztien ereduak berdintsuak direlako. Beraz, ikusten da idazleek tarte txikia izan dutela kontratua negoziatzeko. Hau da, esan daiteke atxekimenduzko kontratuak direla.

 

         3. Kontratuek legearen artikulu asko erreproduzitzen dituzte, bete-betean.

 

         4. Kontratuon bitartez egileek eskubide guztiak lagatzen dizkiote argitaratzaileari, bai momentu horretan argitaratzaileak ustiatzeko behar dituenak, bai gainerakoak ere, nahiz eta ziurrena izan gainerako eskubide horiek ez dituela erabiliko. Honen ondorioa da uzten baina erabiltzen ez diren eskubideak hilik geratzen direla argitaratzailearen eskuetan, idazleak eskubide horiek erabiltzeko, edo berreskuratzeko aukerarik gabe.

 

         5. Kontratu gehienak praktikan denbora mugarik gabeko lagapena jasotzen dute, oso ohikoa baita hamabost urteko eskubide lagapena egitea automatikoki berritzeko klausularekin.

 

         6. Eskubideak mundu osorako utzi ohi dira.

 

         7. Oro har argitalpen eta ale kopuru mugagabeak egiteko uzten dira eskubideak.

 

         8. Eskubideak modalitate guztietarako eta modu esklusiboan lagatzen dira.

 

         9. Ahalik eta gutxien ordaindu ohi da: idazleari ez zaio aurreordainketarik egiten. Itzultzaileari bai, eta askotan aurreordainketa horrekin ale bakoitzeko salmentaren gaineko saria kentzea esan nahi du.

 

 

         II. IDAZLE ELKARTEEN HELBURUA

           

         Indarrean zirauten ereduetatik abiatuta, Idazle Elkarteek honakook zituzten helburu ereduak berritzerakoan:

         1.  Eskubideak lagatzeko epea mugatzea

         2. Eskubideak uzten diren lurraldea, lanaren ustiapen lurralde eremua, mugatzea.

         3. Eskubideen lagapena ez zedila modu esklusiboan egin.

         4. Ordainsari handiagoa eskuratzea.

         5. Argitaratzaileak ez zezala beregana beste hirugarren batzuei eskubideak uzteko aukera.

        

         Idazle Elkarteen helburua zen, funtsean, lanaren ustiapen jarraia bermatzea, horretarako liburua argitaratzeko beharrezko ziren eskubideak utziz, ez gehiago. Hau da, alde batetik euskarri analogikoan argitaratu ahal izateko eskubideen lagapen zabal bat egitea, une honetan hori baita idazleen helburua. Eta beste aldetik, lana teknologia berrien bitartez erabiltzeko behar diren eskubideen lagapena mugatzea. Horren ondorioz, eskubide digitalak utzi egiten dira kontratu eredu berrian, baina argitaratzaileak epe jakin batean erabiltzen ez baditu, idazleak atzera eskubide ditigal horiek berreskura ditzake.  

 

 

III. KONTRATU EREDU BERRIAREN GABEZIA

 

Kataluniako idazle eta argitaratzaileek ezin izan dituzte ordainsariak adostu. Kontratu eredua elkarrekin finkatu dutela, kasuan kasu kontratu bakoitzerako negoziatuko dituzte idazle bakoitzaren ordainsariak.

 

 

IV. KONTRATU EREDU BERRIEN EZAUGARRIAK

1. Kontratu ereduak ez dira arau juridiko, ezingo dira epaitegi baten aurrean arau juridikotzat alegatu. Era berean ez daukate lotesletasunik ez argitaletxeentzako ez idazleentzako.

 

2. Hala ere, Kataluniako argitaratzaileek eta idazleek eredu hauek indarrean jartzeko erabateko borondatea agertu dute. Elkarte batek zein besteak euren webguneetan ipini dituzte, aplikatzeko borondate honen seinale.

 

3. Kontratu eredua bezain garrantzitsuagoa, edo are garrantzitsuagoa da bi alderdiek adostu duten bitariko batzorde parekide bat eratzea kontratuen betetzearen jarraipena egiteko. Batzorde honen egitekoa dira:

         - ereduen interpretazioa

         - bi alderdi sinatzaileen artean sor daitezken arazoen arbitraia egitea, bi alderdiek horrela eskatzen dutenean.

         - bi alderdien artean bitartekari lanak egitea sor daitezken arazoetan

         - kontratu ereduak eguneratzea.

 

Zapatu ingelesetik lau asteetara

Elena Laka 2009/06/22 09:56
Asteleheneko Goienkaria

 

Aitatasun-baja hilabetekoa izango da 2011an.- Diputatuen Kongresuak aitatasun-baja bi astetik lau astetara luzatzea onartu du. Eitb.com, 09-6-19.

 

Ni jaio nintzenean langileek zapatu ingelesa zeukaten. Pedagogia piska bat, gazteek ulertze aldera: zapatu ingelesa joan zen mendearen erdialdeko konkista sozial bat izan zen. Hau da, langileek zapatuan egun erdia baino lan ez egitea lortu zutenekoa. Bost egun t’erdiko astea.

 

Esan nahi dut honekin ni jaio nintzenean, eta gero ere ume nintzen bitartean, gure aitak, langile guztien moduan, astean berrogeitamar ordu egiten zituela tailerrean (fabrikan, esaten duzue Debagoienean. Eibarren, tallarrian). Nire jaiotzagaitik egunen bat ere emango zioten, maternitateko itxaron gelan egon zelako (pentsatu ere ez erditze-gelara sartzerik!). Amak etxean lanean full time aritzen ziren sasoia zen.

 

Garai horretxek bizi izatea tokatuta ere, aita garaiz kanpoko gizona izan genuen. Lanak lagatzen zion denbora guztia nebarekin eta biokin pasa zituen. Egunero oheratu gintuen, jaiero atera gintuen kalera, ni oinez, neba lepoan eramanda. Eta hitz egin zigun, ipuinak kontatu eta mundua esplikatu zigun, umeei gauzak azaldu behar zaizkien bezala, behin eta berriro, ikaragarrizko pazientziarekin. Hori guztia aitak umeekin kalean bakarrik ikusten ez ziren garaian.

 

Ostera, garaiak aldatu egiten dira, baita hobera ere. Ohitura ez zelako gure aitarekin kalean ibili ez ziren gizon haiek, lagunartea edo taberna-zuloa hobetsi zutenak, orain txora-txora dabiltza iloben orgatxoei bultzaka. Bestalde, 2006an aitek bi asteko lan baimena eskuratu zuten umea jaiotzean; bi urte barru lau astekoa izango dute. Baimen berriko aitak gureak zapatu ingelesaren garaian egindakoaren parera iristen badira, konkista sozial berria ez da alperrikoa izango.

 

Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.