Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Argitalpen kontratu eredu berriak idazle kataluniarrentzat (I)

Argitalpen kontratu eredu berriak idazle kataluniarrentzat (I)

Elena Laka 2009/07/07 14:48
Kataluniako Idazle Elkarteek (AEC eta ACEC) eta Argitaratzaileen Elkarteak argitalpen kontratu eredu berriak adostu dituzte duela gutxi. Uztailaren 4ean eman ziguten hauen berri Bartzelonako Ateneun, Euskal Idazleen Elkarteko eta Galiziako Idazle Elkarteko ordezkarioi.

 

Kataluniako Idazle Elkarteek (AEC eta ACECArgitaratzaileen Elkarteak argitalpen kontratu eredu berriak adostu dituzte duela gutxi. Uztailaren 4ean eman ziguten hauen berri Bartzelonako Ateneun Euskal Idazleen Elkarteko eta Galiziako Idazleen Elkarteko ordezkarioi.

 

Hogei urte baino gehiago  dira bi aldeek ordezkatzen dituzten erakundeok orain arte indarrean iraun duten ereduak adostu zituztela. Denbora honetan, argitalpen kontratu eredu hauek erreferentzia izan dira Espainiako argitalpen munduan. Hala ere, kontratu ereduak finkatuta egonik, arazoak batez ere kontratuak bete ez direlako etorri dira. Euskal Herriari dagokionez, ez betetzetik baino gehiago, sarritan kontratua ez sinatzetik.

 

         Katalunian ikusi zuten hogei urte geroago bazela garaia ereduak berrikusteko, besteak beste denbora honetan sortutako garai digitalari egokitzeko. Duela hogei urte inongo kontratutan ezin zitekeen aurreikusi mundu digitala izango genuenik, idazleen lanak paper barik argitaratuko zirenik. Hogei urte beranduago, internet finkatuta dago, baina oraindik ez erabat argitaletxeek internet nola baliatuko duten idazleen lanak argitaratzeko eta hortik negozioa ateratzeko. Liburu digitala ere etortzear dago, baina oraindik ez dago argi zein zabalkunde eta zein harrera izango duen merkatuan.

 

 

I. ORAIN ARTEKO EGOERA

 

Kontratu eredu berriak adosteko orduan, idazle eta argitaletxeen artean sinatuta zeuden kontratuetatik abiatu ziren egoeraren diagnosi bat egiteko. Idazle Elkarteek topatu zutena honako egoera hau izan zen:

 

         1. Kontratuak berak baino, kontratuen betetzeak sortzen ditu hikamikak argitaletxe eta idazleen artean. Dena den, adostutako eredu berriek kontratuari egingo diote jaramon, ez betetzeari. Betetzea ikuskatzeko orduan, argitaratzaile eta idazleen arteko bitariko batzorde bat sortzea aurreikusi da.

 

         2. Kontratu gehienak berdintsuak dira, argitaletxe guztien ereduak berdintsuak direlako. Beraz, ikusten da idazleek tarte txikia izan dutela kontratua negoziatzeko. Hau da, esan daiteke atxekimenduzko kontratuak direla.

 

         3. Kontratuek legearen artikulu asko erreproduzitzen dituzte, bete-betean.

 

         4. Kontratuon bitartez egileek eskubide guztiak lagatzen dizkiote argitaratzaileari, bai momentu horretan argitaratzaileak ustiatzeko behar dituenak, bai gainerakoak ere, nahiz eta ziurrena izan gainerako eskubide horiek ez dituela erabiliko. Honen ondorioa da uzten baina erabiltzen ez diren eskubideak hilik geratzen direla argitaratzailearen eskuetan, idazleak eskubide horiek erabiltzeko, edo berreskuratzeko aukerarik gabe.

 

         5. Kontratu gehienak praktikan denbora mugarik gabeko lagapena jasotzen dute, oso ohikoa baita hamabost urteko eskubide lagapena egitea automatikoki berritzeko klausularekin.

 

         6. Eskubideak mundu osorako utzi ohi dira.

 

         7. Oro har argitalpen eta ale kopuru mugagabeak egiteko uzten dira eskubideak.

 

         8. Eskubideak modalitate guztietarako eta modu esklusiboan lagatzen dira.

 

         9. Ahalik eta gutxien ordaindu ohi da: idazleari ez zaio aurreordainketarik egiten. Itzultzaileari bai, eta askotan aurreordainketa horrekin ale bakoitzeko salmentaren gaineko saria kentzea esan nahi du.

 

 

         II. IDAZLE ELKARTEEN HELBURUA

           

         Indarrean zirauten ereduetatik abiatuta, Idazle Elkarteek honakook zituzten helburu ereduak berritzerakoan:

         1.  Eskubideak lagatzeko epea mugatzea

         2. Eskubideak uzten diren lurraldea, lanaren ustiapen lurralde eremua, mugatzea.

         3. Eskubideen lagapena ez zedila modu esklusiboan egin.

         4. Ordainsari handiagoa eskuratzea.

         5. Argitaratzaileak ez zezala beregana beste hirugarren batzuei eskubideak uzteko aukera.

        

         Idazle Elkarteen helburua zen, funtsean, lanaren ustiapen jarraia bermatzea, horretarako liburua argitaratzeko beharrezko ziren eskubideak utziz, ez gehiago. Hau da, alde batetik euskarri analogikoan argitaratu ahal izateko eskubideen lagapen zabal bat egitea, une honetan hori baita idazleen helburua. Eta beste aldetik, lana teknologia berrien bitartez erabiltzeko behar diren eskubideen lagapena mugatzea. Horren ondorioz, eskubide digitalak utzi egiten dira kontratu eredu berrian, baina argitaratzaileak epe jakin batean erabiltzen ez baditu, idazleak atzera eskubide ditigal horiek berreskura ditzake.  

 

 

III. KONTRATU EREDU BERRIAREN GABEZIA

 

Kataluniako idazle eta argitaratzaileek ezin izan dituzte ordainsariak adostu. Kontratu eredua elkarrekin finkatu dutela, kasuan kasu kontratu bakoitzerako negoziatuko dituzte idazle bakoitzaren ordainsariak.

 

 

IV. KONTRATU EREDU BERRIEN EZAUGARRIAK

1. Kontratu ereduak ez dira arau juridiko, ezingo dira epaitegi baten aurrean arau juridikotzat alegatu. Era berean ez daukate lotesletasunik ez argitaletxeentzako ez idazleentzako.

 

2. Hala ere, Kataluniako argitaratzaileek eta idazleek eredu hauek indarrean jartzeko erabateko borondatea agertu dute. Elkarte batek zein besteak euren webguneetan ipini dituzte, aplikatzeko borondate honen seinale.

 

3. Kontratu eredua bezain garrantzitsuagoa, edo are garrantzitsuagoa da bi alderdiek adostu duten bitariko batzorde parekide bat eratzea kontratuen betetzearen jarraipena egiteko. Batzorde honen egitekoa dira:

         - ereduen interpretazioa

         - bi alderdi sinatzaileen artean sor daitezken arazoen arbitraia egitea, bi alderdiek horrela eskatzen dutenean.

         - bi alderdien artean bitartekari lanak egitea sor daitezken arazoetan

         - kontratu ereduak eguneratzea.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.