Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan

Giristiano izateko manerak

Elena Laka 2009/06/12 11:05
Ronaldoren kamiseta geurean

 

Joan zen Aste Santuko oporretan Oierrek sekulako matraka eman zigun Ronaldoren kamiseta bat erosteko. "Zer Ronaldo?", esaten nion nik, "hori ez da aspaldikoa, Ronaldiño ala zer?" "Ez ama, Ronaldo Manchesterrekoa, Cristiano Ronaldo".

Oporretako herri osoa miatu genuen kamiseta bila. Ni ez nengoen gertu 40 euro ordaintzeko etxean sartzen den futboleko enegarren kamisetarengaitik. Bueltak ematen aspertuta, azkenean, txinodenda batean topatu genuen guretako moduko bat: Manchesterreko kamiseta bat atzean Cristiano Ronaldoren izenarekin, frakak eta galtzerdiak, dena prezio majo baten truke.

Umea poz-pozik egunak pasa zituen Ronaldo jantzita, nahiz eta konturatu zen eskudoan ez zuela jartzen Manchester United, Manchester Sporting baino. Gurasoek garrantzia kendu genion: gure garaian ere eraman arazten ziguten Levisa frakak.

Atzo badatorkit mutikoa esanez Ronaldo Real Madridera doala. Atentzioa ipini albistean eta fitxajearen kopuruari erreparatu nion lehen aldiz: 93 milioi euro. “Hori diru asko da”, esan nion umeari, nahiz eta nik zehatz-mehatz ere ez jakin zenbat. “Ama, zenbat? Zenbat txokolatina erosi leizke diru horrekin?”. Esan nion nik 300 urtetan lan eginda ere ez nuela hori irabaziko (segituan konturatu nintzen, beste behin, zelako txarra naizen bapateko kalkulu matematikoan). Umeak orduan begiratu zidan bere ama langile txiro miserable bat baino izango ez balitz bezala, baina ezer ez esateko tentu ona izan zuen.

Segundu batzuetara baina erantzun zuen: “orain ezingo dut Manchesterreko kamiseta erabili, ze Ronaldo ya Madriden dago”. Ez da zaila hurrengo zer etorriko den asmatzen: Ronaldoren Madrideko kamiseta erosteko kaparrada.

 

Igande goizean

Elena Laka 2009/05/24 23:56
Domeka, goizeko hamaikak inguruan. 74 urteko senar-emazteak Eibartik Bergarara doaz ilobaren jaunartze nagusira. Okasiorako jantzita, kotxe apal dizdiratsua, abiadura eta gidatzeko modu zuhurra. Maleteroan bi kazuela bakailao pil-pil erara.

 

Soraluze eta Bergara arteko punturen batean (gerora zehaztu ezingo dutena, urduritasunaren urduritasunaz) Ertzaintzak alkoholemia kontrola kokatu du. Autoa gerarazten dute eta paperak eskatzen dizkiote gidariari.

Gidariak audifono bat darama eta berriki katarata operazio bat izan du. Hala ere pozik dago karneta berritu ahal izan duelako duela oso gutxi. Hain denbora gutxi, ezen karnet berria ez daukan oraindik, eta berriaren frogagiriarekin dabil. Hala ere, urduri ipini da, gizon urduria delako eta poliziak, botereak, beti sortu diolako ezinegona. Karnetaren erresguardoa nahikoa izango ote den zalantza sortu zaio.

Hasi zaizkio paperak eskatzen: NANa, aseguru-agiria, gidatzeko karneta, zirkulazio-baimena. Gidariak badaki dena guanterako karpetatxoan daukala, sekula ez litzaioke bururatuko beharrezko diren agiririk barik errepideratzea. Hala ere, banan-banan eskatu dizkiotenean, nahastu egin da, eta, esan dugu urduri dagoela, ez du ezer ikusten. Ertzainari esaten dio berak ez duela zirkulazio-baimena topatzen, eta ertzainak berak bila dezala. Karpeta osoa luzatu dio ertzainari.

Poliziakoa baina, itxura denez, irainduta sentitu da gidariaren jarrerarekin, karpeta emateko moduak mindu egin du antza, eta autotik ateratzeko agintzen dio gidariari, alkohol froga egiteko. Andreak esaten dio gizonak ez duela alkoholik probatzen, eta ilobaren jaunartzera doazela Bergarara. Ertzainak andrearei isiltzeko agintzen dio, “cállese señora”, eta esaten hasten zaio, andreari modu txarra iruditzen zaion era batean, ertzainak grisak moduan tratatzetik hasten direla arazo guztiak, eta horregaitik doazela gauzak hain gaizki. Andrea urduri dago, kotxean bakarrik, ertzain bana lehiatilatik burua sartuta, pentsatzen gizona urduri egongo dela alkohol froga egiten. Ertzainak modu zakarrean segitzen du, gehituz nola ibili daitezken zirkulazio-baimenik gabe, eta horrelako jarrerarekin, gazteagoak izan balira, honez gero komisaldegira eraman zituztela. Andreak ezin du gehiago, erasotua sentitzen da, eta negarrari ekin dio. Ertzainak hori ikusita, isiltzeko agintzen dio, ez diola penarik emango.

Bueltatu da gidaria alkoholimetroan goizeko kafesnearen hondarra baino ez lagatzetik, eta ikusi du andrea negarrez, eta ertzainek bere paper guztiak topatu dituztela. Izan ere, berak badaki karpetan araututako agiri guztiak dauzkala beti.

Utzi diete joaten. Biak urduri, kilometro gutxi barru iritxi dira Bergarara. Alabaren etxean, eseri eta lehenengo gauza baso bat ur hartu behar izan du amak.

Zorionez ertzaintzaren  tratuak ez die iloba nagusiaren ospakizuna zapuztu. Gertaerak baina, eurengan beste hazi bat landatu du: gu horrela tratatu bagaituzte, zer ez ote dute egingo beste batzurekin.

Domeka goizetan nire gurasoak moduko jubilatuak kikiltzen diharduen ertzaina, harro etxeratuko ote zen lana bukatzean, beharra ondo burutu izanak ematen duen lasaitasun horrekin.

 

Festa etxean

Elena Laka 2009/05/24 23:01
Astelehenek Goienkaria

 

"Mundumira: kulturen jaia asteburuan Eskoriatzan. Mundumira jaialdiaren bosgarren ekitaldia ospatuko da aste bukaeran Eskoriatzan. Aurten ere, natura, kultura eta bidaiak izango dira jaialdiaren ardatz nagusiak". Goienkaria 09-5-22

 Asteburu osoan festa eta kultura izan ditugu Mundumirari esker. Azken bost urteetan, urtean behin, Debagoiena erreferente bihurtzen da festa bat dela-eta, eta lortzen dugu jendea geurera ondo pasatzeko erakartzea. Ez dira bestela ugariak Debagoiena festarekin lotzen duten ekimen ohiartzundunak, ez behintzat bailaratik kanpo. Izan ere geure ibarra lanagaitik, jendearen lanzaletasunagaitik da ezaguna bai Euskal Herrian bai kanpoan, ez aisiarako edo parrandarako gune izateagaitik. Gogoan daukat nola Iban Zalduaren ipuin batean, ez galdetu zeinetan, baina uste dut Itzalak liburuan agertzen dela, “debagoiendar kalbinistak” esaten den. Kalbinistentzako, badakizue, lana arazo moral bat zen, zalantza erlijiosoari aurre egiteko modu bat.

 Hori esportatu du Debagoienak eta horrexegaitik da ezaguna: lanerako grina, kooperatibismoa eta Jose Mª Arizmendiarrietaren kanonizazioa. Merituzkoak denak, zalantza barik. Baina garaiak aldatu egiten dituk/n, konpai. Orain gizarte postindustrial batean bizi omen gara. Zerbitzuek duela mende bat baino indar handiagoa dute. Herritarrentzako lana ez da balore nagusia (nahiz eta garrantzi handia hartzen duen enplegua ondasun urri bihurtzen denean). Aisia, dibertsioa, plazerra baloreak dira gaurko gizartean, eta debagoiendarrok, lana bailaran egin ondoren, kanpora jotzen dugu geurean topatzen ez dugun dibertsio horren bila. Ibarra lan egiteko, autopista ondo pasatzeko.

 Horregaitik begitantzen zaizkit interesgarriak Mundumira bezalako ekimenak, piskanaka-piskanaka herrietan garatzen diharduten beste kultur eta aisia iniziatiba batzurekin batera. Aukera eman diotelako bailaran lanean geratu den herritarrari bailaran bertan disfrutatzeko, aisiaren inguruan azpiegitura bat sortzeko. Eta kanpoan bizi denari, Debagoiena esistitzen dela frogatzeko.

 Zeren horrelakoak mimatu ezean, inauguratu berri duten autopista, ekarri duen txikizioa eta guzti, norabide bakarrekoa izango da: bailaratik irtetekoa.

 

 

Derrigortutako aurrejubilatuak

Elena Laka 2009/05/21 15:24
Oraingoa baino lehen ezagutu genuen beste krisi bat, joan zen mendeko 80. hamarkadaren bukaera eta 90. hamarkadaren hasierakoa, birmoldaketa industriala ekarri zuena.

 

aurrejubilatuen manifestazioa

 Euskal Herrian ehundaka industria itxi ziren, langile mordoa geratu zen lanik gabe. Nagusienak, lan merkatuan epe labur edo ertainean txertatzeko bat ere aukerarik gabe, aurrejubilatzera derrigortu zituzten.

56-60 urte bitarteko langileak ziren, ia denak gizonak. Lanetik botata, bi urteko langabezi-saria jaso, eta lanik ezin topatatu, jubilatu beste erremediorik ez zutenak. Zorte piska bat izan zutenak, euren enpresan ERE bat egin zuten (orduan erregulazioa esaten zitzaion) eta konpentsazioren bat jaso zuten kalera egoera horretan joateagaitik. Beste batzuk hori ere ez, enpresak itxi zizkieten eta espedientearen zortea ere ez zuten gozatu.

Kontua da Espainian 65 urte dela jubilatzeko adin ofiziala, nahiz eta aukera badagoen 60 urtetik aurrera jubilatzeko. Kontua da jubilazioa aurreratzen den urte bakoitzeko pentsioaren %8a galtzen zela. 2007an lege-erreforma baten ondorioz, urte bakoitzeko galera hori kotizatutako urteen araberakoa jarri zuten, %6 eta % 7,5aren bitartean.

Derrigorrezko aurrejubilatuek hirurogei urterekin jubilatuta, pentsioaren %40 galdu zuten, betiko, erretiro osorako. Nahiz eta horietako askok 40 urte kotizatu zuten Gizarte Segurantzan.

Lan mundutik adinagaitik modu horretan kanporatuak izateak lotsa eragin zien askori, frustrazioa, euren lan bizitzak ezertarako balio izan ez zuela sentiarazi. Hala ere izan zuten gaitasuna sentimendu indibidualaren gainetik taldearen babesa topatzeko, konturatu ziren asko zirela egoera injustu hartan zeudenak 35 urte, 40 urte kotizatu arren, pentsio murritza kobratzen zutenak.

Antolatu ziren, egin zuten elkartea, eta urteetan pentsio duin bat erreibindikatzen dihardute. Gobernu eta sindikatuen aldetik ez dute erantzun handirik jaso, ez Gizarte Segurantzak afiliazio errekorrak gainditzen zituen urteetan, are gutxiago bonbonkeriak bukatu diren hauetan. Lortu zuten legearen erreforma txiki bat, 2007koa, 30 eta 40 urte kotizatuta zutenentzako, baina bestela euren arazoak konpontzeke jarraitzen du.

Atzo manifestazioa egin zuten Bilbon. Gaurko langileen zaratarekin, lausotuta geratuko da euren protesta.

 

Jaimitoren txisteak bezala

Elena Laka 2009/05/08 23:46
Txikitako zalantza bat: nondik sortzen ote dira Jaimitoren txisteak? Errealitatea izango ote dute abiapuntu?

 

Badaude bi anaia goizean ikastolara joateko janzten. Adin horretan urte gehiago izateak ematen duen harrotasun puntu horrekin, nagusia txikiari adarra jotzen dabilkio, berak gehiago dakiela eta txikiak ostera ez dakiela ezer.

- Zuk erderaz be ez dakizu ondo-ta.

- Baaaai, badakit erderaz!- txikia pipertuta.

- Badakizula? Ia ba, esan esaldi bat erderaz.

-Fuego!- bota du txikiak segundu laurdena pentsatzeke.

- Eeeez, baina esaldi oso bat, sujetuakin eta predikatuakin.

Erantzunak ia galderaren azken hitza zapaldu du, hain izan da azkarra:

- Sujetador!

Algarak.

Asteburu ona pasa.

 

Bitartean heldu eskutik

Elena Laka 2009/05/07 22:24
Badirudi López lehendakaria Kirmen Uriberen poemen zale dela

 

Sarritan detaileak dira gertakizun inportanteetan garrantzitsuenak. Detaileei erreparatuta gustatu dakizuke gauza bat ala ez.

 

Patxi Lopez-engan deigarri iruditzen zaidan detaile bat da da agerraldi publiko inportanteetara emaztearekin eta honi eskua emanda joaten dela. Horrela ikusi genuen Euskadiko Auzitegi Goreneko epaiketara sartu zenean, Legebiltzarrean Lehendakari aukeratzeko sartzerakoan, edo gaur Gernikako Batzarretxean zina egitera joan denean.

 

Ezingo nuke esan zergaitik, baina zerbaitek karranka egiten dit pertsona publiko batek bere lanari lotutako aurkezpen publiko batean, arlo pribatua agertzen duenean, alegia bere bizitza pribatuko kide bat erakusten duenean edo harekiko maitasun agerraldi publiko bat egiten duenean. Maitearen babesa, honeganako atxekimendua, gudariaren atsedena... Ez dakit oso ondo zer adierzi edo antzeztu nahi den horrelako erakustaldiekin, zergaitik nahasten diren arlo pribatua eta publikoa. Are gehiago horretarako tradiziorik edo ohiturarik ez dagoen herri honetan.

 

Ez naiz sartuko bikotekideek agintarien irudietan duten eragineko ur sakonak aztertzen: Carla Bruni Sarkozyri harrapakin ederra ehizatu duenaren harrotasuna ematen dio. Michelle Obamak estabilitatea, zentzua eta egunerokotasuna munduko gizonik boteretsuari.  Horrelakoak ikustean, beti datorkit burura herritarrek pertsona bat hautatu dutela, ez haren bikotekidea.

 

Esango nuke politikarien artean bakarrik gertatzen dela bikotekidearen babes publiko agertze hau. Ez dut uste Athletic-eko jokalariak futbol zelaira bikoitekideari eskua emanda sartzen agertuko direnik hurrengo finalean.

 

López-ena izan daiteke keinu xalo bat, beste barik pentsatu gabea. Izan daiteke ezer berezirik ez izatea, ala erabat pentsatutako estrategia bat ahaltsuago emateko, ez dakit. Baina niri behintzat ez dit bat ere ondo ematen.

 

Halako batean

Elena Laka 2009/05/06 23:14
Udaberrian badago egun bat negu eta udaren arteko mugarri dena

Ezin da aurrez jakin zein izango den, ez da egun zehatza, eguraldiaren araberakoa baizik. Baina egun horretan, halako batean, inolako aurre-abisurik barik, lanetik irten eta jende gehiena mauka motzetan ikusten duzu kalean, umeak praka motz edo soinekoekin, eta zuk (bai, zu beti kontran) zeure neguko jantziekin, bero sapa sentitzen duzu. Egun horretatik aurrera, ia denok ados, udako arropak erabiltzen hasten gara. Aurten, gaur izan da eguna.

Negua bukatu dela jabetzen garen egun honetan, ni ere, orijinal, konturatu naiz udako oinetakoak erosi behar nituela. Sandaliak umeentzako eta niretzako. Etxeratu aurretik, Bergarako Lonbide oinetako dendara joan naiz. Denda jendez lepo zegoen, guztiak udako zapatak erosten. Aurre-abisurik barik,  denok izan dugu ideia bera.

Gauza batzuk halako batean iristen direla ematen du. Egun batean ume txiki bat atera eta besoetan ipintzen dizute, eta halako batean, zeurearen pareko oinetakoak erosi behar  dizkiozu.

Hemen Paulorentzat eta niretzat erosi ditudan oinetakoak.

oinetakoak

 

Lehendakaritarako ikasten

Elena Laka 2009/04/25 22:44
Asteleheneko Goienkaria

"Patxi lehendakaria oratoria ikasten Polonian.- Polonian, TV3 telebista kate Katalaneko umore programan, alegia. Handik hartutakoa duzue esketx hau. Patxi Lopezek José Montilla, Kataluniako presidentearengana jotzen du laguntza eske, Euskaraz diskurtsoak egiten ikasteko. Maiatzaren 5ean Lehendakari izendatuko dutela kontuan hartuta, hamar egun besterik ez ditu gure Patxik". http://zuzeu.com/2009/04/25/patxi-lehendakaria-oratoria-ikasten-polonian/

 

Txantxa bat da, Kataluniako telebista programa bateko txantxa bat. Zeren Patxi Lopez, Euskadin bizi garen bi milioi luze biztanleon kargu gorena izango denak, guk dakigula ez da ezer ikasten ari. Tira bai, lehendakari izateko botuak lotuta dauzkala jakin zuenetik, astean behin euskarazko klaseak hartzen omen ditu. Baina nire lagun Elik esaten duena: bera ere astean behin joaten da gimnasiara, eta horregatik ez du lortu tripa jaisterik.

 

Baina zer estudiatu behar du batek lehendakari izateko? Bistan da ikasketa aldetik, jakintza erakutsi aldetik, eskatzen den maila ez dela altua. Lehendakari izateko nahikoa da hauteskundeak irabaztea. Batzuetan, zeren beste batzuetan nahikoa da arerio politikoarekin hitzartzea lehendakari izango zarela. Hori bai, horrek behar du barrenak jateko gaitasuna izan dezazula aurkari politikoarekin argazkia ateratzen duzun bitartean, ikusten duzunean berak harro eta ironia arpegia duela, eta zu, bigarren planoan, ardi-irribarrearekin euri-jasari eusten zabiltzala, horixe, barrenak jaten. Baina argazkia unetxo bat da, eta lehendakari lau urtetan izan zaitezke, prezioa txikia da. Bestalde, konpentsazioak ez dira makalak, ala ez al da sari itzela Athletic kopa finalean palkotik animatzea, Erkidegoko Lehena zarela jakinda? Pentsatze hutsak listuz betetzen du ahoa.

 

Gatozen baina ikasketetara. Lehendakari izateko ez da ikasi behar. Futbolari izateko ere ez, baina behintzat futbolean ona izan behar duzu. Lehendakari izateko, ez da hori ere. Izan zaitezke sekula lanbiderik izan ez duzuna, ikasketa barikoa, hizkuntz eskakizunik gabekoa,  hizkuntza bakarrean diskurtso bat tajuz lotzeko laguntza behar duzuna. Hitz batean, tipo mediokre bat zeure kabuz lan duin bat nekez topatuko zenukeena. Berdin dio. Alderdia daukazu, aholkulariak dauzkazu, eta inportanteena, zeren kontra egin nahi duzun argi daukazu. Zertarako gehiago. Lehendakaritza izan daiteke berez karrera. Ibarretxeri behintzat, EGA ateratzeko balio izan dio.

 

 

Oimbéa

Elena Laka 2009/03/29 17:25
Asteleheneko Goienkaria

 

“Euskaditik Kongora. Bernardo Atxagak mapa berri bat marraztu du Zazpi etxe Frantzian nobelan. (...) Oraingoan euskal idazleak abentura eleberrien atzealdea islatu nahi izan du.  (...) Nobelak mundu izugarri baten alde bat kontatzen du, literatura mota honetan kontatu ohi den estaldura ideologikoaren eta poetikoaren atzean dagoena”. El País, 09-3-28.

 

Kontatzen du Atxagak nobela honetan Kongoko twa jendeak argitasun bat sumatzen zuela batzuetan gorputzaren inguruan, oimbé deitzen zena, eta haren kolorea aldatu egiten zela aldartearen arabera. Oimbéa morea zen pertsona triste sentitzen zenean, urdina pozik zegoenean, eta gorria edo beltza larritutakoan. Nobelaren protagonistetako bati, Kongon kokatuta dagoen militar buru belgiarrari, kolonizatzaile denez sarraskigilea ofizioz, poeta sentibera bihotzez, atentzioa ematen dio oimbéaren kontuak, eta adiskidetasunezko formula moduan erabiltzen du bertako beltzarengana gerturatzeko, bere izugarrikerien lekuko mutu den horrengana gerturatzeko. Kolonizatzaile europar kultoari bitxikeria begitantzen zaio Afrikako beltzen mundu-ikuskera, morroiek argitasuna sumatzea gorputzaren inguruan, kolore ezberdinekoa pertsonaren egoeraren arabera.

 

Mende bat beranduago, Afrika erdialdetik gero eta gertuago dagoen Europako bazter honetan, argi-kutsadura larregi daukagu norberaren oimbéan erreparatu ahal izateko. Hala ere ez dago aztia izan beharrik egoeraren arabera, pertsona bakoitzaren aldartearen kolorea igartzeko, koloreak kolore eta tradizioak tradizio.

 

Egin beharreko hausnarketa txikia da asmatzeko Atxaga beraren oimbéa une honetan lasaitasunezkoa izango dela (horia?). Patxi Lopez-ena garaipenezkoa: urdina izan daiteke, nahiz eta euskaldunen artean, Patziku Perurenaren arabera, urdina kolore nahasia izan. EAJko kideek oimbé beltza dute, momentuz, Diputazioetako lubakietan. Euskaldunona oro har, kolorea edozein dela, iluna. Eta krisiak eragindako langile guztiena, duda barik, gorria. Izaskun Jimenez berriz, oimbérik gabe geratu da dagoeneko. Morea baina berak guri utzitakoa: amorruarena, emakume zapalduekiko elkartasunezkoa.

 

 

Besarkada apurtuak

Elena Laka 2009/03/22 20:20
Bi ordu libre, Callao zine-aretoa parean, eta bost minututan hasten zen pelikula bakarra. Patuak Almodovarren azkena ikus nezala nahi zuen, "Los abrazos rotos".

Onartzen dut ez naizela bereziki Almodovar zalea. Berandu deskubritu nuen, “Mujeres al borde de un ataque de nervios” Donostiako Astorian estrenatu zutenean, eta ikaragarri gustatu zitzaidan. Ondoren, intermitente: “Atame” ez, “Tacones lejanos” bai. “Kika” ez, “La flor de mi secreto” bai. “Carne trémula” bai, “Todo sobre mi madre” inondik inora. Eta hortik aurrera zinera joatea luxu txikia bihurtu zenez, ez nuen denbora gehiago galdu Almodovarrekin.

 

Baina bi ordu libre, Callao zine-aretoa parean, eta bost minututan hasten zen pelikula bakarra. Patuak Almodovarren azkena ikus nezala nahi zuen.

 

Sartu zinera, hasi pelikula eta itxaron zerbait gertatu arte. Gertatuko da, gertatuko da… ezer ez. Filmea aurrera doa, Almodovarrek berezko duen estetika guztia zabaltzen du: pareta urdindun etxeak, titi ederreko neskak, istorio bat beste baten gainean geruzaka eta katramilatuta, beltzezko fundidoak, flashback-ak, detaileetan geratzen den kamara. Ikustekoa, baina funtsik ez. Penelope zuzendariari gustatzen zaion estetikarekin, soineko gorriak, takoidun zapatak, 90 hamarkadako belarritako horiak, eta iragan latza eta bizitza bikoitza. Baina gatzik ez.

 

Bukaerarte itxaron behar da sekretu gordinaren berri jakiteko, nahiz eta ikusleak sekretuaren erdia Blanca Portillo handia eszenan sartzen denetik igarri duen, eta ordurako asper samar eginda dagoen.

 

Salbatzeko bakarra, azkenerako uzten dutena, Penelope eta Carmen Machi aktore direla pelikularen barruan errodatutako beste pelikula baten sekuentzia. “Mujeres al borde de un ataque de nervios”i omenaldia. Hortik laburmetrai bat atera omen du Almodovarrek, “La concejala antropófaga”. Behar bada hari horrek bilbe hobea eman dezake. Besarkadekin behintzat, ohial eskasa.

 

Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.