Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Presoen argazkiekin bueltaka

Presoen argazkiekin bueltaka

Elena Laka 2009/09/21 01:13
... eta Kitto! aldizkarikoak honako galdera honi erantzuteko eskatu didate: Asteroko manifestazio edo elkarretaratzetan ateratzen dudan presoaren irudia ateratzeak terrorismoa goratzea ekarri dezakeke, Zigor Kodia aldatu ez bada ere?

Kode Penalaren 578. artikuluak, terrorismo delituak deskribatzen eta zigortzen dituen sekzioaren barruan, terrorismo delitu hauei gorazarre egitea zigortzen du. Dio zigortu egingo dutela terrorismoko delituen edo bertan parte hartu dutenen gorazarrea edo jusfikazioa egiten duen pertsona oro, edozein komunikabide edo hedabideren bitartez, edo terrorismoko delituen biktimen edo senideen gutxiespen edo iraina dakarten ekintzak egiten dituen pertsona oro. Zigorra, urte bete eta bi urte arteko espetxealdia.

 

Beraz hori da Kode Penalak zigortzen duen ekintza, eta gero kasuz-kasu aztertu beharko da gertakizun jakin bat gorazarrea edo biktimekiko gutxiespen edo iraina den, eta beraz zigortzeko modukoa den, ala ez.

 

ETArekin zerikusia duten presoen argazkiak erakustea manifestazio batean edo kalean pankarta baten bitartez orain arte ez da delitutzat hartu. Alegia, nik dakidala, egun ez dago argazkien erakuste hutsa delitutzat hartu duen auzitegi baten epairik. Uda aurretik hona ostera egitate hauengaitik prozedura penalak zabaltzen hasi dira, Ministeritza Fiskalak eta Barne Sailak bultzatuta. Oraindik ez dago bat ere epaitua. Ikusi egin beharko da kasu bakoitzean zer ebazten den eta horrexegaitik epaitzeko orduan kontutan izan beharko da argazki hori zein testuingurutan erakutsi den, zein hitzekin, zein helbururekin, nork erakutsi duen, zein asmorekin etab

           

Bestalde, Barne Sailak  beste lege bat ere aipatzen du debekuak argudiatzeko: Terrorismoen Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko 4/2008 Legea, Eusko Legebiltzarrarena. Honen 4. artikuluak xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoek biktimen eskubideak errespetuz tratatu ditzaten zainduko dutela. Horretarako neurri egokiak hartuko dituztela jendaurreko zenbait ekitaldi prebenitzeko eta ekiditeko, hala nola, biktimen eta haien familiakoen mespretxua, umiliazioa edo izena galtzea dakarten ekitaldiak, terrorismoa goresten dutenak edo terroristei omenaldia egiteko edo jendaurreko sariak emateko antolatzen direnak, eta zehazki aurka egingo diete ezaugarri horiek dituzten pintaketei eta kartelei. Baina Lege honek ez du esaten berez manifestazio batean preso baten argazkia erakustea manifestazio batean delitua denik. Bestelako adibide bat ipiniko dugu lege honek ezartzen duen debekuaren izaera ulertzeko: Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako 4/2005Legeak ezartzen du bere 27. artikuluan  Eusko Jaurlaritzak publizitatea kontrolatzeko organo bat ezarriko duela, sexuan oinarritzen den pertsonen bereizkeria-mota oro erauzteko. Horrek ez du esan nahi sexuan oinarritutako bereizkeriazko publizitatea erakustea (adibidez prostituzioa) delitua denik.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.