Emakumeen aurkako indarkeria. Legedia.
Hori gertatzen da gaur egun emakumeeren aurkako indarkeria arautzen duten legeekin. Indarkeria mota hau bai dela benetan betidanikoa, behintzat bai guretzat, beti ezagutu izan baitugu. Baina etxe barruetan ikusi dugu edo, kasurik larrienak, “El Caso” egunkarian, Maria Ospittal denda zaharreko ateko kristaletan eskegita oroitzen ditugu.
Emakumearen aurkako indarkeria arazoa zaharra izanik, kalera atera da, bozgorailua ipini zaio, eta legeek oraintsu eman diote babes berezia, Espainiako estatuan, 2003. urtetik aurrera. Lehen ere zigortzen ziren jarrera jakin batzuk, beste edozein partikularren artekoak zigortzen ziren bezala (jotzea eta lesioak eragitea edo heriotza eragitea...). Ostera, gehienetan salaketak ez ziren epaitegietara iristen (indarkeria etxe barruan, etxera ogia ekartzen zuenak eta ohekidea zenak egina), iristen zirenean nekeza zen frogatzea, indarkeria psikologikoa ez zen kontutan hartzen... Esan daiteke gizarteak neurri batean onartu egiten zuela emakumeen kontrako indarkeria hori: “egingo zuen zerbait”, “probokatuko zuen”, “sekula ez dio gustoko afaria ipintzen” moduko komentarioak hitzetik hortzera zebiltzan, sarritan irrifarretxo errukitsu batekin. Ondorioa zen indarkeria jasaten zuten emakumeek etxezuloan jarraitu beharra zutela, isilean, jazartzailearekin ohe berean. Ez ziren gutxi alkoholean eta botiketan babesa bilatzen zutenak, gizartearen aurrean oraindik errudunago bihurtuz.
Zerbait aldatu zen baina 90. hamarkadako bukaeran, emakumeen aurkako indarkeria gai zuten albisteak gero eta gehiago zabaltzen joan zirenean. Indarkeria jasaten zuten emakumeak, batipat, bikotekideari banatzeko edo dibortziatzeko erabakia hartu zutela adierazi ziotenak ziren. Askotan bikotekide ohia.
Lehen lege-erreforma garrantzitsua 2003an eman zen (11/2003 Lege Organikoa, irailaren 29koa), besteak beste Kode Penaleko bi artikuluetan erreforma garrantzitsu bat sartu zenean, eta ondorioz familia indarkeria tipo bereziak sartu zirenean Kode Penalean. Honek esan nahi du artkulu hauek modu berezian hartzen dituztela kontutan bikotekidearen edo bikotekide izandakoaren erabilitako indarkeriak, fisikoak zein psikologikoak, eta hortaz modu berezian zigortzen dituztela. Bikotekidea kasu honetan, gizona zein emakumea izan zitekeen.
Urte berean, 2003an, lege bitartez, orain horren ezaguna egiten zaigun biktimaren aldeko babes agindua sartu zen indarrean, kalean urruntze agindua izenez ezagutzen dugun hori. Urruntze agindua instrukzio epaileak eman dezake etxeko indarkeriren biktimak babesteko, ikusten duenean oinarritutako zantzuak daudela pentsatzeko pertsona horrek bere bizitzaren, gorputzaren ala sexu askatasunaren aurkako delitu edo falta bat jasan duela, eta biktima hori arrisku egoera objetiboan egon daitekela. Ohikoena izaten da ustezko erasotzaileari biktimaregandik tarte jakin batera gerturatzea debekatzea.
Genero indarkeriaren aurkako babes neurri orokorrak abenduaren 28ko 1/2004ko Lege Organikoaren eskutik etorri ziren. Lege honen helburua da erantzun orokor bat ematea emakumeen aurka egiten den indarkeriari, eta alor guztiak hartzen ditu bere baitan: prebentziozkoa, hezkuntzazkoa, gizarte zerbitzuetakoa, laguntzazkoa eta biktimaren arretazkoa. Baita ere Kode Penalaren aldaketa ekarri zuen, lehen aipatutako 153. artikuluan. Hemen lehen aldiz aurreikusten da tipo penala betetzen dela erasotua emakumea denean, eta erasotzaileentzako penak larriagotu egiten ditu. Era berean lege honek beste aldaketa esanguratsu bat ezarru zuen: emakumearen indarkeriaz arduratzen diren epaitegi bereziak. Hiriburuetan berariazko epaitegiak sortu zituzten. Herrietan berriz, Eibarren kasu, epaitegi jakin bati egokitzen zaio emakumearen indarkeriarekin zerikusia duen gai oro, 2 zenbakidun Instrukzio Epaitegiari.