Zapatu ingelesetik lau asteetara
Aitatasun-baja hilabetekoa izango da 2011an.- Diputatuen Kongresuak aitatasun-baja bi astetik lau astetara luzatzea onartu du. Eitb.com, 09-6-19.
Ni jaio nintzenean langileek zapatu ingelesa zeukaten. Pedagogia piska bat, gazteek ulertze aldera: zapatu ingelesa joan zen mendearen erdialdeko konkista sozial bat izan zen. Hau da, langileek zapatuan egun erdia baino lan ez egitea lortu zutenekoa. Bost egun t’erdiko astea.
Esan nahi dut honekin ni jaio nintzenean, eta gero ere ume nintzen bitartean, gure aitak, langile guztien moduan, astean berrogeitamar ordu egiten zituela tailerrean (fabrikan, esaten duzue Debagoienean. Eibarren, tallarrian). Nire jaiotzagaitik egunen bat ere emango zioten, maternitateko itxaron gelan egon zelako (pentsatu ere ez erditze-gelara sartzerik!). Amak etxean lanean full time aritzen ziren sasoia zen.
Garai horretxek bizi izatea tokatuta ere, aita garaiz kanpoko gizona izan genuen. Lanak lagatzen zion denbora guztia nebarekin eta biokin pasa zituen. Egunero oheratu gintuen, jaiero atera gintuen kalera, ni oinez, neba lepoan eramanda. Eta hitz egin zigun, ipuinak kontatu eta mundua esplikatu zigun, umeei gauzak azaldu behar zaizkien bezala, behin eta berriro, ikaragarrizko pazientziarekin. Hori guztia aitak umeekin kalean bakarrik ikusten ez ziren garaian.
Ostera, garaiak aldatu egiten dira, baita hobera ere. Ohitura ez zelako gure aitarekin kalean ibili ez ziren gizon haiek, lagunartea edo taberna-zuloa hobetsi zutenak, orain txora-txora dabiltza iloben orgatxoei bultzaka. Bestalde, 2006an aitek bi asteko lan baimena eskuratu zuten umea jaiotzean; bi urte barru lau astekoa izango dute. Baimen berriko aitak gureak zapatu ingelesaren garaian egindakoaren parera iristen badira, konkista sozial berria ez da alperrikoa izango.