Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Blokeoa

Blokeoa

Elena Laka 2009/10/17 23:45
Asteleheneko Goienkaria

"Gatazkari irtenbide demokratikoa" bilatu behar zaiola aldarrikatu dute manifestazio nazional erraldoian.- Jende uholdea izan da (...). Sindikatu deitzaileek manifestazioaren balorazio "positiboa" egin dute eta gizarteak "erantzun paregabea" eman duela nabarmendu. Parte-hartze jendetsuarekin, "gizarteak blokeo egoera honetan subjektu pasibo izateko prest ez" dagoela argi utzi du, ELAko eta LABeko idazkari nagusiaren ustez. "Mota honetako ekimenak dira gizarteak eskatzen dituenak". Berria, 09-10-18.

 

Ostiralean konturatu nintzen aste osoan Kiss FM izan nuela ipinita autoko irratian. Kezkatu egin nintzen. Albistegiz albistegi, tertuliaz tertulia dialean saltoka gogoratzen dut nire burua automobila daukadanetik. Ni bakarrik kotxean albistegiak komentatzen, tertuliakideei erantzuten. Azkenaldian baina igartzen nuen aktualitatearekin aspertzen hasita nengoela, irratigileen komentarioekin bete samar somatzen nuela nire burua. Eta Kiss FM herriaren opiora aldatu nuen. Eta astebete iraun 80. hamarkadako disko-musika entzuten, berriekin kezkatu barik. Jabetu naizenean ostera kezkatuta geratu naiz, nirbana hori desiatzera zerk eraman ote nauen asmatu ezinik.

 

Zapatuko manifestazioan aipatzen zenaren kontra, blokeo egoerak subjetu pasibo izatera eraman al nau? Diagnosia ez legoke, ziur asko, hortik urruti. Gertuko zaizkit gizartearen kezka politiko nahiz sozialak. Herrian egoera normal bizi  nahi dut, zeinetan pertsona guztiek pentsatzen dutena adierazi baitezaketen, zeinetan herritar guztiek ekimen politikoa izan baitezaketen. Gauza publikoan parte hartu, eztabaidatu, erreibindikatu, iritzia eman. Jardun politikoa oinarrizko eskubide moduan. Zentzubakotasunaren indarrak zapaldu barikoa, ez gartzela dakarten legeen bitartez, ez herriaren izena alperrik hartuta sasi-babesle armatuen mehatxuen bitartez. Auzolanean jardungo duen gizarte bat nahi dut, ez poltsiko beteko alderdikeriatan, ez azaleko ongikeriatan, ezta ere odolezko morrontzatan. Izateko modua erabakitzeko eta eztabaidatzeko oinarrizko eskubidea izango duen gizarte bat.

 

Larunbateko manifestazioa izan daiteke gizartearen ukabilkada mahai gainean, “mota honetako ekimenak dira gizarteak eskatzen dituenak” zioten. Bukatutakoan halere norbera bere elkartera, eta lehengo lepotik burua.

 

Zerbait egin beharra daukat, zeren eta gero eta joera handiagoa ikusten dut lozorroan geratzeko. Garbi ez daukadana da zergaitik murgildu nintzen apatian:  azken albistegiak entzuten nituelako, ala entzuteari utzi niolako. Larri nago, ez baitakit hurrengoa Disney Channelera engantxatzea izango den, ala zuzenean kalera irten eta Disney herrian nagoela irudituko ote zaidan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.