183 (ustez azkenengoz)
Hor genbiltzan, frankismopean 183 eguneko gartzelaldia pairatu zuen eibartarraren erreklamazioarekin.
Gogora dezagun Gizarte Gaietako Sailak lehenengo kalteordaina ukatu egin ziola, ez zituelako sei hilabete preso eman, nahiz eta 183 egun bete. Eskaera 2005eko apirilean gaitzetsi zioten. Arartekoarengana jo genuen (ez ziguten hark egindako tramiteen berririk bat ere eman), eta 2005eko maiatzean, Administrazioak, bere kabuz, egintzak ofizioz berrikusteko duen ahalmena balioarazi egingo zuela jakinerazi zigun. Pasa ziren hilabeteak, eta berrikuspena ez zetorren. Auzitegietara jotzeko epea galtzeko eta beraz inolako defentsarik barik geratzeko arriskuan, auzitegi kontentzioso-administratibora jo genuen.
Bitartean, Sailean ziozkuten ez zekitela ezer, ez zegoela dirurik, ez zela ezer mugitzen ari.
Orain, 2006ko otsailean, halako batean, inolako aurrerapenik gabe, Sailaren erabaki berri bat etorri da. Aurreko agindua errebokatzen duena, eta ondorioz, 183 egun sei hilabete baino gehiago direnez, preso ohiaren alargunari kalteordaina jasotzeko eskubidea aitortzen diona.
Berandu baina seguru! Aitortu dute azkenean biktimaren eskubidea. Oraindik ebazteke zegoen auzibidea itxi eta ordaindu (ez zeukan Administrazioak ganoraz eta azkarrago jokatzerik eta alargunak auzibidean ordaindu beharrekoa sahiestea?)
Zer dela eta Sailaren itxuraz halako bateko aldaketa? Kontsignazio berriak? Aurrekontu berriak? Dekretu berriari lotutako propaganda kanpaina berria? Administrazioaren bidezidorrak beti ezezagunak jentilondako.
Bi bider hogei
Lehenengoa Garbiñe izan zen, San Blas egunean. Gero Iñaki, Santa Agedan. Egun gutxiko aldearekin, denak hil berean, tokatu zitzaien Maite, Kontxi, Belen eta beste Garbiñeri. Otsaileko txanda nik bukatuko dut, 23an. Etorriko dira gero apirilekoak, ekainekoak, abuztuan Iñigo bera, Arrate egunean Bea, Blanca, Mitxel, Jon Ander, Tere, Maria, Ernesto.
Guztiak 1966an jaioak, aurten 40 urte betetzen ditugu. Hogei urte hogei urte geneuzkala. Borobil.
Ematen digu zer esana, bai guri bai berrogeitik goitik eta behetik gertu dabiltzan lagunei: balantzeak, atzera begiradak, aurrerako prebisioak, nola gauden, zer nahi genuen, non gauden, nola gauden, zergaitik gauden, zer egiten dugun, nola sentitzen garen, zer daukagun egiteko, zer laga dugun egiteke, berrogeiak mugarri diren ala ez.
Erantzunak, denetarako. Badago inporta ez zaionik, beste edozein urtehurrentzat duenik, halako batean presa sartu zaionik, bizi-nekea sentitzen duenik, erabat ilusionatuta dagoenik, bere buruarekin konforme bizi denik, guztiarekin kritiko agertzen denik, nahi zuen tokian dagoela-eta pozik dagoenik, frustrazio puntu bat duenik, heldutasunean dagoela uste duenik, hogei urteetako inseguritate berak dituela uste duenik, gorputzaren hasierako deklibeaz kezkatuta dagoenik.
Eta badaude ezaugarri hauek guztiak eta oraindik gehiago, guztiak batera, betetzen dituztenik. Ez dakit esan ote daiteken ezaugarri komunik dugunik. Ni behintzat ez naiz ausartzen horrelakorik esaten, behar bada kanpotik begiratuta beste konklusio bat atera daiteke. Bakoitzak bere bidea egin du, nahi zuen bezala, ahal zuen bezala, laga dioten bezala, tokatu zaionarekin. Eta horren guztiaren ondorio dira lehen berrogei urteak gutaz jabetu direnean aurkitu gaituzten lekuak.
Nire kasuan, berrogei urteek harrapatu nauten leku horietako bat, beste askoren artean, blog apal eta kasu-gehiegirik-eginbako hau da. Seguruasko berrogei urteko (edo gehiagoko) neska batek euskal blogosferan egiten duen bakarra. Horrexegaitik bada ere.
Gosetearen argazkia
"Nigerreko gosetea urteko argazki onena. Reuters agentziako Finbarr O´Reilly argazkilaria saritu dute World Press Photo argazki lehiaketan, Tahouako elikagaiak lortzeko zentroan (Niger) ama-ume hauei egindako erretratuagatik". Berria, 06-2-11.
Domekako nagiak aspaldi astindu dituzu, gaur astelehen buruzuria. Asteburukoak honez gero burutik aldenduta, gehienez ere Realaren partida duzu mintzagai. Orain buruan darabilkizuna astean zehar egin beharrekoak dira: lana, enkarguak, familiako horrena Eta hara non datorkizun zorroztailea lehenaldiaren ganbaran gordetako kontu bat ateratzera berriro.
Gosetearen argazkia, sariaren argazkia. Gogoan daukazu nola herenegun, zapatuan, egunkaria hartu zenuenean, asaldatuta sentitu zinen emakume beltz haren begiak ikustean. Gogoratzen duzu lehenengo bistako kolpean ez zenuela ondo ulertu esku txiki, ximel hura berari ala nori zegokion. Bigarren segunduan konturatu zinen: emakume bat ume txikia besoetan zuela, umetxoari eskua baino ez zaio ikusten amaren ahoaren parean.
Erretratuak sabeletik heldu zizun, begiak desbideratzeko gogoa ematen zuen, baina hala ere ezin begiratzeari laga. Obatuta zeunden. Argazkiak obatuta, begi haiek obatuta, esku txiki, ximur hark obatuta.
Izugarrikeria sabelean instalatuta, bururatu zitzaizun guraso zarenetik beste guraso batzuei gertatutakoek minberago aurkitzen zaituztela, gehiago sufritzen duzula inoren umeen arazoekin. Eta gogoratzen duzu argazkiari begira zeundela dardara batek astindu zizula bularra zure umeei zer jaten eman ez izatea pentsatze hutsarekin.
Egunkariak baina berri asko ditu, zure buruak arazo pila. Astelehen honetan etsipen beltza adierazten zuten bi begi disdiratsu haiek buruko atzeko ganbaran dauzkazu. Nola bizi bestela.
Eibarko auzoak
Eibar aldizkariko hurrengo alean argitaratuko den idatzia.
Eibar rebistaren 50. urtehurrena ospatzeko erakusketa txukunean izan nintzen. Eskerrik asko bide batez erakusketa antolatzeko eta prestatzeko lana hartu zutenei. Horri esker ikusi ahal izan genuen Eibar nola aldatu zaigun azkenengo mende erdian. Erakusketako argazkietan agertzen da nola ziharduten auzoak eraikitzen. Artikuluetan nabarmentzen da 50-60 hamarkadako etxebizitza eskasia zegoela, kanpotik zetozen biztanleak zenbat ziren, eta hauen jatorria.
Idatzi eta erretratu horietatik atera daitekenez, orduko eibartarrek harrituta eta kezkatuta begiratzen zioten herriaren hazkunde azkarrari, eraikinei eta biztanle berrien uholdeari. Baserriak eta mendia baino ez zegozen tokian **Amaña, Urki, San Cristobal auzoak** eraiki zituzten. Orduan Eibarko kanpokaldea zen inguruetan, Ipurua eta Barrena. Eta auzo hauek, ehundaka etxez josita, berehala bete ziren etorkinez.
Orduko eibartar peto-petoek ez zituzten auzo hauek ezagutu. Bertako biztanleak, beste erremediorik izan ez zutenean ezagutu zituzten. Urtehurreneko erakusketan eraikitzen ari diren argazkiak daude, udan Espainiako herrietara joaten ziren autobusen zerrenda. Ostera, gogoratzen dudanez, ez nuen inongo erretratoetan ikusi jende gaztez osatutako auzo horiei buruzko erreportairik, argazkirik, testurik. Ez zegoen, antza, inongo kurisotaterik.
Ni Urkin hazi nintzen. Han ez zen Eibarko euskararik hitz egiten. Auzo guztia Eibartik kanpotik etorritakoekin bete zen. Etxe bakoitzen bi, hiru ume. Baten batek lau, ez gehiago. Andaluziatik, Galiziatik eta Gaztelatik etorrita ziren gehienak. Etorkin euskaldunak ere bai: Azpeitia, Mutriku, Markina, Durango... Euskaldunen artean, bakoitza bere euskalkian. Aitek tailerretan egiten zuten lana: Orbea, GAC, Agirre y Aranzabal... Ez dut gogoraten inor Alfan aritzen zenik, etorkin-etorkinen auzoa zen gurea.
Ume asko ibiltzen ginen kalean, 60-70 hamarkadetan oraindik errepidean baloiarekin jolastea bazegoen. Kalean eta bertan geneukan mendian jolastu ginen. Gurasoen diruarekin eta lanarekin egin zen elizan korriketan ibili ginen. Leiho eta kolore argietako habeak zituen lokala zen eliza. Nahiz eta parkerik egon ez, beti topatzen genuen jolaserako tokiren bat.
Lehenengo auzoan egin ginen gu eibartar, artean eibartar-eibartarrik ezagutzen ez genuela. Gero eskoletan eta Txantxa zelai baino beheragoko kaleetan. Gure artekoekin eta eibartarrekin nahastu ginen, eibartar peto-petoak iritxitako lekuetara ailegatu ginen. Eibarko euskera ikasi eta estimatu genuen. Eibartartasuna hartu genuen eta gure mestizaiaren aberastasuna ekarri genion herriari.
Gaur egun badago eibartar peto-petorik Polonia Etxeberria edo Wenceslao Orbea kaleak non dauden ez dakitela.
Elkarrekin elkartzen
Milaka lagun elkartu dira BECeko atarian oztopoak gainditzeko gertu. ( ) Barakadora joan ziren eragileen artean, beraz, elkaralnerako gogoa antzematen zen. Bai hitzetan, bai elkarrekin jokatzeko moduan. BEC kanpoko zelaian jarritako 1.500 jesarlekuetako lehen lerroak bete zituzten eragileek. Berria,06-1-22
Jakina da Europako bazter honetan bizi garenok (bazterrarena noizean behin gogora ekartzea neurri profilaktikoa da zilborkeriak sahiesteko) elkartzeko joera dugula, alegia, animalia elkarzaleak garela.
Elkartzen gara sagardotegietan, mendira joateko, soziedadeetan, enpresak sustatzeko, biribilketetan, derbiak antolatzeko, danborradak jotzeko, txikiteatzeko, herri ekimenak bideratzeko .Euskaldun bakoitza euri tanta bat da, gainerako tantekin elkartuta horren euskalduna dugun zirimiria egiteko gertu.
Eta gure agintariek, beti prestuak, ondo igarri hori. Euskaldunon elkartzeko grina ase-ezina gauzatu ahal izateko, horretarako, BEC erraldoi, garesti, modernoa eraiki digute bazter honetako bazter batean. Bejondeiela, erabilera ederra ematen ari gatzaio-eta!
Frogatuta geratu delako, herritarron elkarreratzeak, oztopoak oztopo (eta kasu batzuetan oztopoak mendizalerik abilena uzkurtzeko modukoak izan dira) BECen,horren izen ez-euskalduna duen errezinto berrian, arrakastatsuak direla erabat. Berdin in-BEC edo out-BEC, barruan edo kanpoan modalitatean.
Ikus bestela: Bertsolaritza Txapelketarako elkarreratzea, marka jarri duen arrakasta borobila. Ezker abertzalea eta gainerako eragileen arteko elkarreratzea, habe-jartze arrakastatsua.
Apal-apalik proposatzen dut beraz, alardea, Kontituzio plazako bandera igoera, derbia, politikarien sukalde-lana, Legebiltzarra BECean egin daitezela. Badaezpada BECeko izpiritua, euskaldunen berezko elkarzaletasunarekin irabiatuta bazter honetako sukaldaritzaren platerrik preziatuena bihurtzen oten den.
Laga bakean erosten
Administrazioak, haragitzen duten agintarien bitartez, herritar soilon alde dihardu lanean eten gabe. Horrela dio behintzat autopublizitateak eta horrela izan behar du nonbait. Urte berrian ere, jo eta ke: guregatik erabakitzen du non erre daiteken eta non ez, erabakitzen du non semaforoak ipini eta non ez, eta urtero demaseko amorrua ematen didana: erabakitzen du noiz eros daiteken modu konpultsiboan eta noiz ez. Badirudi batzuetan Administrazioak, haragitzen duten agintarien bitartez, buruarintzat edo adingabetzat hartzen gaituela. Hala ere, urtero urtarrileko beherapenak hasten direnean, zuzenean tontotzat gauzkala konbentzituta nago.
Gogoan izan dezagula beherapenetan ez dela modu konpultsiboan erosi behar, dioskue. Egin dezagula zerrenda bat, bakarrik behar ditugun gauzak, fija gaitezela ondo, ez gaitzatela engaina... Gora gu! Eta duela hamabost egun? Duela hamabost egun, Gabon bezperan, Olentzeroren bezperan, dendak lepo eginda zeudenean, guztiok, datak aginduta, zoroen pare erosi behar batean genbiltzanean, erosgaiak gaur baino %30 garestiago zirela, zergaitik ez zitzaion bururatu Administrazio buru argiren bati gogoraraztea ez dela modu konpultsiboan erosi behar?
Jakina, Gabon bezperak erosteko direlako, Gabonetako soldata gastatu egin behar delako, bide batez gastu horren %16a edo %7a Administraziora sartuz BEZaren bitartez. Horretarako ematen dira hiper-mega-erraldoiak ipintzeko lizentziak eta horretarako ipintzen zaizkie hauei sarbide-scalextric hiper-mega erosoak.
Administrazioaren administratu, bezero eta kontsumitzaile garen neurrian, Administrazioak zaindu egin behar gaitu, baina gero eta gehiago dugu artaldearen itxura. Zer jan, zer edan, zer erre, noiz lan egin, noiz jai, zenbat ordaindu agintzen digute. Tira. Ostera, erostea ala ez erostea zergapeko gaixoari geratzen zaion askatasun apurretariko bat da artaldetutako gizarte honetan. Utz dieizaigutela aukeratzen noiz erosi, batez ere merkeago denean erostea aukeratzen badugu, eta batez ere, utz diezaigutela ez erosten, hori bada gure aukera. Hiru hitzetan: laga bakean erosten!
Feriaren alde eta kontra
*Durangoko azoka.- Jorge Gimenez Alberdaniako editore eta Euskal Editoreen Elkarteko presidenteari zer pentsatua eman zion atzoko jende urritasunak. ( ) Jende asko etortzen denean, gehiago saltzen da, hori matematikoa da. ( ) Egilea bertan egoteak irakurle asko erakartzen duela gauza ziurra da, eta are gehiago egilea Bernardo Atxaga denean*. Berria, 05-12-11
Durangoko azokan ibiltzeak sortu zidan inpresioa bi gezurrez osatuta dago: zelako herri handian bizi garen! Zenbat euskalduni pizten dizkien interesa liburuek! Lehenengoa objetiboki da gezurra: seiehun mila hiztuneko hizkuntza bat gara, gutxi. Baina horren beste jende pasiloetan, horren beste lagun postuetara iritxi nahian, eta, kasualitatea, horren ezagun gutxirekin egin nuen topo, ezen iruditu zitzaidan euskaldunak asko ginela, horren beste elkarrekiko arrotz ere izatera ailegatu gintezkeela. Bigarrena ere gezurra da, hots, euskaldunak gure ondoan bizi diren hiztun espainiarren edo frantsezen antzerakoak garelako: liburuetan interesa, tira, batzuk besterik ez, normala bestalde. Gertatzen da hizkuntza txiki eta diglosiko bateko hiztun izateak egoera bitxi samarretara garamatzala sarritan. Esan daigun argi: euskarazko liburu gutxi irakurtzen ditugu. Galdetu liburudenda eta liburutegi publikoetan. Ez zait, baina, harrigarria iruditzen. Jendeak nahiago du futbola ikusi, korrika egin, txikiteoan ibili. Normala. Euskal Herrian bizi diren seiehun mila espainolezko hiztunek zenbat irakurtzen dute gazteleraz? Antzerako-parecidotik urruti ez. Baina feria, feria da. Joan beharrekoa, egon garela esan beharrekoa, eta, zer arraio, ondo pasatzen da. Horregaitik bada ere, merezi du feriak. Eta joaten denak erosten badu, ba egin du gastua, eta horrezaz gain, irakurriko balu, orduan borobil. Irakurri eta ez irakurtzearen arteko muga Atxaga standean egon ala ez baldin bada, zerbaitek huts egin du ordea. Alegia, hizkuntza normaletako teleberrietan Harry Potteren azken liburuaren argitalpena albiste da, beraz gure hizkuntza txikiak Durango behar du.
Amama Carmeni gertatutakoa
Lehenengo Gabonak aurten amama Carmen ez dagoela. Kontatzen zituen gauzetatik, hemengo pasartetxeo hau asko gustatzen zait, kasualitatezko pasarte bat baino, miraria ematen duelako. Interneten, jasota gera dadin.
Larogeigarren hamarkadaren hasieran argentinar batzuk ibili ziren Antzuola eta Bergara aldean arbaso bila. Antzuolako Arrieta familiaren berri nahi zuten. Ez zuten familiko inor topatu, baina alde egin zutenean, Carmen Jauregi Insaustik (nire ezkon-amamak) bilaketa honen berri izan zuen eta argentinarrei idatzi egin zien, bere gizon Joxe Larrañaga Arrieta zenaren osaba bat Argentinara joana zelako mende hasieran, eta bazitekeelako haren ondorengoak izatea.
Horrela hasi zuen harremana Argentinako Arrieta Antzuolarren ondorengoekin. Postaz hasitakoari jarraitzeko, 1985 urtean, hirurogeitamar urte inguru eta primerako osasuna zuela, Carmen Buenos Airesa joan zen, senideak ezagutzera. Senideak lagun eginda, denboralditxo bat geratu zen Buenos Airesen.
Egun batean, Buenos Airesen bakarrik paseatzen zebilela, semaforodun zebrabide bat pasatzera joan zen. Ez zen konturatu semaforoa gorri zeukala, eta ibiltzen hasi orduko, atzera salto egin behar izan zuen, abiadan zetorren kotxe batek harrapa ez zezan. Saltoa egiterakoan oihu egin zuen :
-Ai ama!
Bidea pasatzeko zain zeuden pertsonen artetik emakume bat gerturatu zitzaion:
-Usted ha dicho ai ama! Usted será vasca? (Ez dago argi usted ala vos esan zion)
-Sí, soy de Gipuzkoa.
-De Gipuzkoa, de qué pueblo?
-De Bergara.
Buenos Airesko emakumeak orduan:
-Yo también soy de Bergara.
Amama Carmen begira geratu zitzaion bere edade inguruko emakume hari, eta halako batean bota zion:
-Tú eres Isabel la de Zurraderokua.
Emakumea harri eta zur:
-Sí, cómo lo ha sabido?
Amama Carmenek azaldu zion bera Carmen Monzongua zela, Isabel ez zen oso ondo gogoratzen. Carmen bai, gogoratzen zen Isabel gaztetan joan zela Argentinara, eta berrogeitamar urte baino gehiago izango zirela ikusten ez zuela.
Orduan Carmenek karteran zeraman jaunartzeko argazkia erakutsi zion Isabeli. Han agertzen zen Carmen neska koskorra, gurutze bat eskuan zeukala, jaunartzeko soinekoarekin. Isabeli adierazi zion gurutze hura berea, Isabelena, zela, erretratua ateratzera joan zenean, Isabel zegoela aurretik, eta argazkilariari iruditu zitzaiola argazkiak hobe emango zuela Isabelen gurutzearekin, horrexegaitik eskatu ziola lagatzeko.
Isabel ez zen akordatzen. Baina haren etxera joan ziren, Buenos Airesen bertan, eta jaunartze argazkia atera. Hantxe zegoen Isabel neskatila, jaunartzeko soinekoarekin eta gurutzearekin. Carmenen argazkian agertzen zen gurutze berbera.
Zurraderokua baserria ez da jadanik esistitzen Bergaran. Bai hura egon zen tokian Zurradero kalea.
Bizitza kasualitate bat da.
Txakurrak, blogak eta Scarlet.
Lagun batekin kafea hartzen, esan dit blogak txakurrak bezalakoak direla. Jendeak ez daki oso ondo txakur bat erosterakoan edo etxera ekartzerakoan zertarako behar duen txakurra. Uste du txakurrak gustatzen zaizkiola, pentsatzen du txakur batekin gustora ibiliko dela. Baina zehatz-mehatz galdetuta zertarako nahi duen, ez du jakiten, oro har, zer erantzun.
Hori bai, behin txakurra etxean, ondo zaindu behar da. Ondo elikatu, albaitaria, paseora atera... Eta behin txakurrarekin ohituta, jabeak ez daki nola bizi zitekeen lehen txakur barik. Ez du bere bizitza txakur barik imajinatzen. Eta nahiz eta utilidade handirik izan ez, bere bizitza diferentea da txakurra duenetik. Ez hobea, ez txarragoa, desberdina. Txakurra kenduta, hutsune itzela norberaren bizitzan.
Nire lagun honen irudipenerako, horrelakoxea da bloga. Zertarako oso ondo jakin ez, baina behin blogaren jabe, bat behartuta dago zaintzera eta elikatzera. Eta behin blogera ohituta, ez du bere bizitza blogik gabe pentsatzen.
Konturatu nintzen gero roilo guzti honek helburu bakarra zuela: bloga ez omen dut behar bezala elikatzen, bota zidan. Alegia, txakur-jabe eskasa naizela. Bloga baldin badut, hobeto zaindu behar dudala, hau da, idatzi, eguneratu, bazka eman.
Alperrik nire argudioak: denbora, ideiak eta ordenagailua parean, hiru planeten konfluentzia ez dela eguneroko gauza. Aitzakia hutsak, zioztan honez gero hain laguntzat ez nuen lagunak, ez zidan ba erantzukizuna aipatu? Izan lagunak!
Gabonen atarian beraz, jakiteke oso ondo blogean Argiñano edo Stajanov izan behar dudan, hona hemen konpromisoa:
Jainkoa lekuko, zin dagit nire blogak sekula gehiago ez duela goserik pasako. (Ideiak) lapurtu behar baditut ere, (testuak) fusilatu behar baditut ere, (balizko irakurleak) engainatu behar baditut ere, Jainkoa lekuko, zin dagit nire blogak sekula gehiago ez duela goserik izango.
Konforme, lagun-ohi?
Antigoailak blogetan
Denborak ez dira horren beste aldatu. Edo bai. Ez dakit.
Blog batean idazten dut, ordenagailu bitartez interneten zabaltzen den testu batean. Nire amamak ez zuen horrelakorik egiten. Bale, hori aldaketa da.
Egun hauetan sortu zaizkidan bi arazotxo aipatuko ditut blogean. Hauetan denborak ez dira aldatu. Amaren amak ere, Carmen Torrecilla Riojak, hamaika aldiz egingo zeban topo bi zertzeladotxookin. Berarendako baina, seguru zertzelada. Niretako arazotxo. Horra hor aldaketa.
Hain beste blog, internet eta teknologia berri, eta geruza moderno honen azpian apurtxo bat urratuz gero, barruan daramadan antigoaleko emakumea baino ez da azaleratzen.
Ikus bestela nire arazotxoak: ospelak atera zaizkit hatzamarretan eta umeari zorriak burutik ezin kenduta nabil.
Gerra osteko erretratu zuri-beltza ematen dut, amari kasu eginda, bi ajeok erasotzen nabilenean.
Ospelen kontra, berakatza igurtzi.
Zorrien kontra, ozpina eta orratzi estua eta toaila zuria.
Luistxo ondo dabil dionean blogariak ez direla elitista modernoak. Ikusten denez, edozer eta edozein antigoailak du tokia blogetan.