Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Gosetearen argazkia

Gosetearen argazkia

Elena Laka 2006/02/12 21:38

"Nigerreko gosetea urteko argazki onena. Reuters agentziako Finbarr O´Reilly argazkilaria saritu dute World Press Photo argazki lehiaketan, Tahouako elikagaiak lortzeko zentroan (Niger) ama-ume hauei egindako erretratuagatik". Berria, 06-2-11.

Domekako nagiak aspaldi astindu dituzu, gaur astelehen buruzuria. Asteburukoak honez gero burutik aldenduta, gehienez ere Realaren partida duzu mintzagai. Orain buruan darabilkizuna astean zehar egin beharrekoak dira: lana, enkarguak, familiako horrena… Eta hara non datorkizun zorroztailea lehenaldiaren ganbaran gordetako kontu bat ateratzera berriro.

Gosetearen argazkia, sariaren argazkia. Gogoan daukazu nola herenegun, zapatuan, egunkaria hartu zenuenean, asaldatuta sentitu zinen emakume beltz haren begiak ikustean. Gogoratzen duzu lehenengo bistako kolpean ez zenuela ondo ulertu esku txiki, ximel hura berari ala nori zegokion. Bigarren segunduan konturatu zinen: emakume bat ume txikia besoetan zuela, umetxoari eskua baino ez zaio ikusten amaren ahoaren parean.

Erretratuak sabeletik heldu zizun, begiak desbideratzeko gogoa ematen zuen, baina hala ere ezin begiratzeari laga. Obatuta zeunden. Argazkiak obatuta, begi haiek obatuta, esku txiki, ximur hark obatuta.

Izugarrikeria sabelean instalatuta, bururatu zitzaizun guraso zarenetik beste guraso batzuei gertatutakoek minberago aurkitzen zaituztela, gehiago sufritzen duzula inoren umeen arazoekin. Eta gogoratzen duzu argazkiari begira zeundela dardara batek astindu zizula bularra zure umeei zer jaten eman ez izatea pentsatze hutsarekin.

Egunkariak baina berri asko ditu, zure buruak arazo pila. Astelehen honetan etsipen beltza adierazten zuten bi begi disdiratsu haiek buruko atzeko ganbaran dauzkazu. Nola bizi bestela.

etiketak: stormy monday
Patxi
Patxi dio:
2006/02/13 03:39

Hemen ispilatu dezun zure buruaren nahigabeko erretratua, saria irabazi duen hori bezain ederra da ba.

Oso ederra, mezua.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.