Txakurrak, blogak eta Scarlet.
Lagun batekin kafea hartzen, esan dit blogak txakurrak bezalakoak direla. Jendeak ez daki oso ondo txakur bat erosterakoan edo etxera ekartzerakoan zertarako behar duen txakurra. Uste du txakurrak gustatzen zaizkiola, pentsatzen du txakur batekin gustora ibiliko dela. Baina zehatz-mehatz galdetuta zertarako nahi duen, ez du jakiten, oro har, zer erantzun.
Hori bai, behin txakurra etxean, ondo zaindu behar da. Ondo elikatu, albaitaria, paseora atera... Eta behin txakurrarekin ohituta, jabeak ez daki nola bizi zitekeen lehen txakur barik. Ez du bere bizitza txakur barik imajinatzen. Eta nahiz eta utilidade handirik izan ez, bere bizitza diferentea da txakurra duenetik. Ez hobea, ez txarragoa, desberdina. Txakurra kenduta, hutsune itzela norberaren bizitzan.
Nire lagun honen irudipenerako, horrelakoxea da bloga. Zertarako oso ondo jakin ez, baina behin blogaren jabe, bat behartuta dago zaintzera eta elikatzera. Eta behin blogera ohituta, ez du bere bizitza blogik gabe pentsatzen.
Konturatu nintzen gero roilo guzti honek helburu bakarra zuela: bloga ez omen dut behar bezala elikatzen, bota zidan. Alegia, txakur-jabe eskasa naizela. Bloga baldin badut, hobeto zaindu behar dudala, hau da, idatzi, eguneratu, bazka eman.
Alperrik nire argudioak: denbora, ideiak eta ordenagailua parean, hiru planeten konfluentzia ez dela eguneroko gauza. Aitzakia hutsak, zioztan honez gero hain laguntzat ez nuen lagunak, ez zidan ba erantzukizuna aipatu? Izan lagunak!
Gabonen atarian beraz, jakiteke oso ondo blogean Argiñano edo Stajanov izan behar dudan, hona hemen konpromisoa:
Jainkoa lekuko, zin dagit nire blogak sekula gehiago ez duela goserik pasako. (Ideiak) lapurtu behar baditut ere, (testuak) fusilatu behar baditut ere, (balizko irakurleak) engainatu behar baditut ere, Jainkoa lekuko, zin dagit nire blogak sekula gehiago ez duela goserik izango.
Konforme, lagun-ohi?
Ba ni ez nago batere ados zure lagun horrekin. Teknosexuak ere horrelako ardura bat jarrita zion bere buruari, eta azkenean ardurak gainezka egin dionean ez du esan ba utzi egiten duela?
Pellokeriak dira horiek. Anaiari esan diodana copy-pasteatuko dut nik hemen: *Blogen ezaugarrietako bat da ez dutela maiztasun finkorik, ezta obligaziorik ere (norberak bere buruari jarritakoa ez bada). Dagoenean blogon, eta ez dagoenean bloglines. Prentsak, irratiak edo telebistak behartu egiten ditu igorleak maiztasun jakin batzuetan komunikatzera, modu horretan lortzen baitute hartzailea fidelizatzea. Baina blogariok bloglines dugu. Niri ez zait ardura nire gustuko blogariak egun batean zazpi mezu idaztea eta hurrengo zazpi asteetan bakar bat ere ez argitaratzea. Zerbait esateko duenean eta astia hartzen duenean ni hor izango naiz zain eta estimatuko diot emana. Oso gutxitan idazten dutenak ez ditut borratzen nire bloglines zerrendatik, traba ere gutxi egiten baitute.*