Feriaren alde eta kontra
*Durangoko azoka.- Jorge Gimenez Alberdaniako editore eta Euskal Editoreen Elkarteko presidenteari zer pentsatua eman zion atzoko jende urritasunak. ( ) Jende asko etortzen denean, gehiago saltzen da, hori matematikoa da. ( ) Egilea bertan egoteak irakurle asko erakartzen duela gauza ziurra da, eta are gehiago egilea Bernardo Atxaga denean*. Berria, 05-12-11
Durangoko azokan ibiltzeak sortu zidan inpresioa bi gezurrez osatuta dago: zelako herri handian bizi garen! Zenbat euskalduni pizten dizkien interesa liburuek! Lehenengoa objetiboki da gezurra: seiehun mila hiztuneko hizkuntza bat gara, gutxi. Baina horren beste jende pasiloetan, horren beste lagun postuetara iritxi nahian, eta, kasualitatea, horren ezagun gutxirekin egin nuen topo, ezen iruditu zitzaidan euskaldunak asko ginela, horren beste elkarrekiko arrotz ere izatera ailegatu gintezkeela. Bigarrena ere gezurra da, hots, euskaldunak gure ondoan bizi diren hiztun espainiarren edo frantsezen antzerakoak garelako: liburuetan interesa, tira, batzuk besterik ez, normala bestalde. Gertatzen da hizkuntza txiki eta diglosiko bateko hiztun izateak egoera bitxi samarretara garamatzala sarritan. Esan daigun argi: euskarazko liburu gutxi irakurtzen ditugu. Galdetu liburudenda eta liburutegi publikoetan. Ez zait, baina, harrigarria iruditzen. Jendeak nahiago du futbola ikusi, korrika egin, txikiteoan ibili. Normala. Euskal Herrian bizi diren seiehun mila espainolezko hiztunek zenbat irakurtzen dute gazteleraz? Antzerako-parecidotik urruti ez. Baina feria, feria da. Joan beharrekoa, egon garela esan beharrekoa, eta, zer arraio, ondo pasatzen da. Horregaitik bada ere, merezi du feriak. Eta joaten denak erosten badu, ba egin du gastua, eta horrezaz gain, irakurriko balu, orduan borobil. Irakurri eta ez irakurtzearen arteko muga Atxaga standean egon ala ez baldin bada, zerbaitek huts egin du ordea. Alegia, hizkuntza normaletako teleberrietan Harry Potteren azken liburuaren argitalpena albiste da, beraz gure hizkuntza txikiak Durango behar du.
Aurten ez naiz izan Durangoko azokan. Ez naiz urtero joaten, gustatzen zait, baina aurten ez naiz animatu. Joatekotan atzo baizik ez nuen aukera (Iparraldean ez dugulako ez 6a ez 8a ospatzen eta larunbatean lana ), eta Durangoraino joateko gogorik ez nuen. Durangora joatea gustuko dut urteroko hitzordu behartua ez baldin bada. Ez dut ene burua behartu nahi erromesen gisan joatera. Urtean zehar erosten ditut nahi ditudan liburuak, lasai-lasai, jendetza ikaragarriaren erditik pasatu gabe. Gure kulturak Durango behar du, eta ekitaldi gustukoa dut. Baina duda gehiago sortzen didate Durangora, agenda kolektiboan markatua delako, "militantziz" joanez, urteko ekintza litarario bakarra egiten dutenek.